Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

32. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Izan apala Jainkoaren aurrean

Izan apala Jainkoaren aurrean

«Jainkoarekin apaltasunez bizi» (MI 6:8).

sn 26. KANTA Ibili Jainkoarekin

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer esan zuen Dabidek Jehobaren apaltasunari buruz?

BA AL dugu Jehoba apala dela esateko arrazoirik? Bai. Dabidek idatzi zuen: «Zure salbamen babeskia eman didazu, eta zure apaltasunak goratzen nau» (2 Sm 22:36NW ). Dabidek hau idatzi zuenean, Samuelek Israelgo hurrengo erregea aukeratzeko bere aitaren etxera egin zuen bisitan pentsatzen ari zen agian. Dabid zortzi anaien artean gazteena zen. Hala ere, bera izan zen Saul Erregea ordezkatzeko Jehobak aukeratu zuena (1 Sm 16:1, 10-13).

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Dabidek, dudarik gabe, Jehobari buruz salmogileak esan zuenarekin bat egingo zuen: «Makurtu egiten da, zerutik lurrera begiratzeko. Gizagaixoa hautsetatik altxatzen du, behartsua [...] handikien artean, bere herriko nagusien artean, jartzen» (Sal 113:6-8). Artikulu honetan, lehenik ikasgai garrantzitsuak aterako ditugu Jehobak apaltasuna nola erakutsi zuen aztertuz. Gero, Saul Erregea, Daniel profeta eta Jesusen bizipenetatik gehiago ikasiko dugu apaltasunari buruz.

ZER IKASI DEZAKEGU JEHOBAREN EREDUTIK?

3. Nola jokatzen du Jehobak gurekin eta zer erakusten du honek?

3 Jehobak gizaki inperfektuekin jokatzen duen moduarekin apala dela erakusten du. Gure adorazioa onartzeaz gain, bere adiskide izatea eskaintzen digu (Sal 25:14). Berarekin adiskidetasuna posible egiteko, Jehobak lehen pausua eman zuen bere Semea gure bekatuen alde sakrifizio gisa eskainiz. Zer-nolako errukia erakutsi digun!

4. Zer eman digu Jehobak eta zergatik?

4 Ikusi dezagun Jehobaren apaltasunaren beste adierazpen bat. Gure sortzailea denez, nola bizi aukeratzeko gaitasunik gabe sortu gintzakeen. Baina ez zuen hori egin. Bere irudira egin gintuen eta aukeratzeko askatasuna eman zigun. Nahiz eta Jehobaren aldean txikiak eta ahulak izan, aukeratzen duguna garrantzitsua da berarentzat. Horregatik, bihotzez zerbitzatu dezagun nahi du. Zeintzuk izan behar dute hau egiteko arrazoiak? Berari diogun maitasuna eta bera obeditzeak mesede egiten digula onartzea (Dt 10:12; Is 48:17, 18). Ez al gaude eskertuta Jehoba hain apala izateagatik?

Jesus zeruan irudikatuta dago. Ondoan, berarekin batera agintzen duten batzuk daude eta aingeru talde handi bati begira ari dira. Aingeru batzuk lurrerantz doaz beraien eginkizunak betetzera. Jehobak irudian ikusten diren guztien eskuetan utzi du agintaritza (Ikusi 5. orrialdean)

5. Nola irakasten digu Jehobak apalak izaten? (Ikusi azaleko irudia)

5 Jehobak gurekin jokatzen duen moduarekin apalak izaten irakasten digu. Unibertsoko izaki jakintsuena da. Hala ere, besteen proposamenak onartzeko prest dago. Adibidez, gauza guztiak sortu zituenean bere Semeari laguntzen utzi zion (Es 8:27-30; Kol 1:15, 16). Eta Jehoba ahalguztiduna izan arren, agintea besteen eskuetan ere uzten du. Esaterako, Erreinuaren Errege izateko Jesus izendatu zuen eta neurri bateko agintea emango die Jesusekin batera aginduko duten 144.000 gizakiei (Lk 12:32). Noski, Jesus Errege eta Apaiz Nagusi izateko trebatu zuen Jehobak (Heb 5:8, 9). Eta Jesusekin batera aginduko dutenak ere trebatzen ditu, baina ez da saiatzen egiten duten lanaren xehetasun guztiak kontrolatzen. Horren ordez, bere nahia beteko dutenaren konfiantza du (Ap 5:10).

Besteak trebatzean eta lana beraien esku uztean Jehoba imitatzen dugu (Ikusi 6 eta 7 paragrafoak) *

6, 7. Zer ikasi dezakegu Jehobaren eredutik agintea besteen esku uzteari buruz?

6 Gure zeruko Aitak ez du inoren laguntzarik behar. Hala ere, agintea besteen esku ere uzten du. Nola ez dugu guk berdina egingo! Esaterako, familiaburua edo kongregazioko arduraduna al zara? Jarraitu Jehobaren eredua. Lanak besteen esku utzi eta ez saiatu egiten duten guztia kontrolatzen. Jehoba imitatzen duzunean, lana aurrera ateratzeaz gain, besteak trebatu eta Jehobarengan duten konfiantza indartuko duzu (Is 41:10). Zer gehiago ikasi dezakete Jehobaren eredutik neurri bateko agintea dutenek?

7 Bibliaren arabera, Jehobarentzat bere zeruko semeen, hau da, aingeruen iritzia garrantzitsua da (1 Erg 22:19-22). Gurasook, nola imitatu dezakezue Jehobaren eredua? Egokia denean, galdetu zuen seme-alabei zereginen bat nola burutuko luketen. Eta aproposa bada, segi beraien proposamena.

8. Nola jokatu zuen pazientziaz Jehobak Abraham eta Sararekin?

8 Jehobaren apaltasunaren beste adierazpen bat bere pazientzia da. Adibidez, bere zerbitzariren batek errespetuz bere erabakia zalantzan jartzen badu, pazientzia erakusten du. Jehobak Sodoma eta Gomorra suntsitzea erabaki zuenean, Abrahamen kezkak entzun zituen (Has 18:22-33). Gogora dezagun Abrahamen emaztearekin ere nola jokatu zuen. Jehobak zahartzaroan haurdun geratuko zela promestu zionean, Sarak irri egin zuen. Baina Jehoba ez zen horregatik mindu edo haserretu (Has 18:10-14). Horren ordez, Sararekin errespetuz jokatu zuen.

9. Zer ikasi dezakete guraso eta arduradunek Jehobaren eredutik?

9 Guraso eta arduradunok, zer ikasi dezakezue Jehobaren eredutik? Pentsa ezazu zure seme edo alabaren bat edo kongregazioko norbait hartu duzun erabakiarekin ados ez dagoela. Segituan esaten al diozu oker dagoela? Edo bere ikuspuntua ulertzen saiatzen al zara? Zalantzarik gabe, agintea dutenek Jehoba imitatzea mesedegarria da familia eta kongregazioarentzat. Orain arte, Jehobaren eredutik apaltasunari buruz zer ikasi dezakegun aztertu dugu. Ezaugarri honi buruz gehiago ikasteko, ikus ditzagun orain Bibliako beste eredu batzuk.

ZER IKASI DEZAKEGU BESTEEN EREDUTIK?

10. Nola erabiltzen du Jehobak besteen eredua guri irakasteko?

10 Jehoba gure irakasle bikaina denez, Bibliako hainbat pertsonaien bizipenen bidez irakasten digu (Is 30:20, 21). Ikasteko, pertsonaia hauen pasarteetan hausnartu behar dugu. Batzuek Jainkoak atsegin dituen ezaugarriak, hauen artean apaltasuna, erakutsi zituzten; beste batzuek ordea, ez. Ikus dezagun zer ikasi dezakegun beraiengandik (Sal 37:37; 1 Ko 10:11).

11. Zer ikasi dezakegu Saulen eredu txarretik?

11 Pentsa ezazu zer gertatu zitzaion Saul Erregeari. Gizon gazte apala zen hasieran. Bere mugak zeintzuk ziren bazekien eta ardura gehiago hartzeko zalantza ere egin zuen (1 Sm 9:21; 10:20-22). Baina denborarekin harroputz bihurtu eta egiteko eskubiderik ez zuena egin zuen. Errege bihurtu eta gutxira hasi zen horrela jokatzen. Behin, Samuel profeta ez zetorrela ikustean, pazientzia galdu eta erre-oparia eskaini zuen nahiz eta hori egiteko eskubiderik ez izan. Ez zuen Jehobak bere herriaren alde egingo zuenaren konfiantza izan. Ondorioz, Jehobaren onespena eta, denborarekin, bere erregetza galdu zituen (1 Sm 13:8-14). Zuhurtasunez jokatuko dugu eredu txar honetatik ikasten badugu. Beraz, zerbait egiteko eskubiderik ez badugu, ez dezagun egin.

12. Nola erakutsi zuen Danielek apaltasuna?

12 Saulen eredu txarra Daniel profetaren eredu onarekin kontrajarrian dago. Daniel bere bizitza osoan apal mantendu zen eta Jehobari gida eskatu zion beti. Esaterako, Jehobak Nabukodonosorren ametsa azaltzeko erabili zuenean, ez zuen esan azalpena berea zenik. Horren ordez, ohore eta meritu guztia Jehobari eman zion apaltasunez (Dn 2:26-28). Zer ikasten dugu? Anai-arrebei gure hitzaldiak gustatzen bazaizkie edota predikatze-lanean bizipen politak baditugu, gogoratu dezagun ohore guztia Jehobari ematea. Jehobaren laguntzarik gabe gauza hauek ezingo genituzkeela egin aitortu behar dugu apaltasunez (Is 12:2). Jarrera honekin Jesus imitatzen ari gara. Nola?

13. Zer ikasten dugu Jesusi buruz Joan 5:19, 30 bertseten arabera?

13 Nahiz eta Jainkoaren Seme perfektua izan, Jesusek Jehobaren beharra zuela zekien (Irakurri Joan 5:19, 30). Ez zen sekula bere Aitaren agintea lortzen saiatu. Bibliaren arabera, Jesus ez zen «gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari» (Flp 2:6, EABLB). Bere mugak ondo ulertzen zituen eta bere Aitaren agintea errespetatzen zuen.

Jesusek bere agintaritzaren mugak ezagutu eta errespetatzen zituen (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Emateko eskubiderik ez zuen zerbait eskatu ziotenean, zer egin zuen Jesusek?

14 Behin, Santiago, Joan eta hauen ama Jesusengana gerturatu eta ohore berezi bat eskatu zioten. Jesusek ez zuen hori emateko eskubiderik. Zer egin zuen? Segituan, Erreinuan bere eskuin-ezkerretan nor eseriko zen bere zeruko Aitak bakarrik erabaki zezakeela esan zien (Mt 20:20-23). Jesusek bere mugak errespetatzen zituela erakutsi zuen. Apala zen. Inoiz ez zuen egin Jehobak agindu ez zion ezer (Jn 12:49). Nola imitatu dezakegu Jesusen eredu bikaina?

Nola imitatu dezakegu Jesusen apaltasun eredua? (Ikusi 15 eta 16 paragrafoak) *

15, 16. Nola jarraitu dezakegu 1 Korintoarrei 4:6⁠ko aholkua?

15 Jesusen eredua imitatzen dugu 1 Korintoarrei 4:6⁠ko aholkua jarraitzen dugunean. «Idatzirik dagoena baino harantzago ez joaten» ikasi behar dugula esaten digu bertan. Aholkuren bat eskatzen digutenean, ez genuke inor gure ideiak onartzera derrigortu behar, ezta burura etortzen zaigun lehen gauza esan behar ere. Horren ordez, Biblian eta gure argitalpenetan aurkitzen ditugun aholkuetara zuzendu behar dugu arreta. Honela gure mugak aitortzen ditugu. Hau egitean apalak izango gara, Jehobaren aholkuak beti gureak baino hobeak direla onartzen dugula erakusten baitugu (Ap 15:3, 4).

16 Jehobari ohore emateaz gain, baditugu apalak izateko arrazoi on gehiago. Nola lagunduko digu apaltasunak poza edukitzen eta besteekin eraman onekoak izaten? Hau da orain aztertuko duguna.

NOLA LAGUNTZEN DIGU APALA IZATEAK?

17. Zergatik dute poza pertsona apalek?

17 Apalak garenean, pozik egoteko aukera gehiago ditugu. Zergatik? Gure mugez jabetzen bagara, besteen laguntza jasotzean eskerturik eta pozik sentituko garelako. Pentsa ezazu adibide honetan. Jesusek hamar lepradun sendatu zituen batean, bat bakarrik itzuli zen eskerrak emateko. Gaixotasun hura izugarria zen eta gizon hark bazekien Jesusen laguntzarik gabe ezin izango zela sendatu. Oso eskerturik zegoen jaso zuen laguntzagatik eta, ondorioz, Jainkoa goratu zuen (Lk 17:11-19).

18. Nola laguntzen digu apaltasunak besteekin ondo konpontzen? (Erromatarrei 12:10)

18 Apalak direnak besteekin ondo konpondu ohi dira eta lagun minak edukitzeko aukera gehiago dituzte. Zergatik? Besteek ezaugarri onak dituztela onartzeko eta besteengan konfiantza izateko prest daudelako. Besteek beraien eginkizunetan lan ona burutzen dutenean, apalak direnak pozik daude eta berehala zoriontzen eta goraipatzen dituzte (Irakurri Erromatarrei 12:10).

19. Zergatik ez dugu harroak izan behar?

19 Harroei, ordea, zaila egiten zaie besteak zoriontzea; nahiago dute ohorea eurek jasotzea. Normalean besteekin konparaketan aritzen dira eta, lehia bizian, besteak baino hobeak izaten saiatzen dira. Besteak trebatu eta hauei agintea eman beharrean, honakoa esaten diote euren buruari: «Zerbait behar bezala egina nahi badut, hobe da nik neuk egitea». Harroa dena handizalea eta jeloskorra da (Ga 5:26). Horrelakoek nekez mantentzen dituzte lagunak. Harrokeriarekin arazoak ditugula ikusten badugu, pentsaera aldatzeko Jehobaren laguntza otoitzean erregutu behar dugu. Horrela harrokeria ez da gure izaeran errotuko (Erm 12:2).

20. Zergatik izan behar dugu apalak?

20 Zein eskertuta gauden Jehobak jartzen digun ereduagatik! Bere zerbitzariekin jokatzen duen moduan ikusten dugu bere apaltasuna eta imitatu egin nahi dugu. Gainera, Jehoba apaltasunez zerbitzatu zutenak imitatu nahi ditugu. Eman diezaiogun beti Jehobari merezi duen ohore eta aintza! (Ap 4:11). Hau guztia egiten badugu, Jehobaren lagunak izan gaitezke betiko, berak apalak direnak maite baititu.

sn 43. KANTA Erne, sendo eta indartsu

^ § 5 Apala dena errukitsua da. Beraz, Jehoba apala dela esan dezakegu zalantzarik gabe. Artikulu honetan apalagoak izaten ikasiko dugu Jehobaren eredua aztertuz. Gainera, Saul Erregea, Daniel profeta eta Jesusen bizipenetatik apaltasunari buruz gehiago ikasiko dugu.

^ § 58 IRUDIEN AZALPENAK: Arduradun batek denbora hartzen du anaia gazte bat kongregazioko eremuen antolaketan trebatzeko. Gero, ez du anaia gaztearen lana zehatz-mehatz kontrolatzen. Horren ordez, eginkizuna bere kabuz betetzen uzten dio.

^ § 62 IRUDIEN AZALPENAK: Arreba batek arduradun bati elizan ospatuko den ezkontza batera joatea egokia den galdetzen dio. Arduradunak bere iritzia eman beharrean, arrebarekin biblia-printzipio batzuk irakurtzen ditu.