Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

48. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Begiratu zuzen etorkizunera

Begiratu zuzen etorkizunera

«So egin bezate [...] zure begi-niniek zuzen aitzinera» (ES 4:25).

sjj 77. KANTA Distira mundu ilunean

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Nola jarraitu dezakegu Esaera Zaharrak 4:25⁠eko aholkua? Aipatu adibide bat.

PENTSATU hurrengo hiru kasuetan. Adineko arreba batek iraganeko garai onak oroitzen ditu. Bere bizitza orain zailagoa izan arren, Jehobaren alde ahal duen guztia egiten jarraitzen du (1 Ko 15:58). Bere senide eta lagunekin promestutako paradisuan izango duen bizitzan pentsatzen du egunero-egunero. Beste arreba batek kongregazioko norbaitek mindu duela gogoratzen du. Baina erresuminik ez izatea aukeratzen du (Kol 3:13). Anaia bat egindako akatsez oroitzen da, baina aurrerantzean Jehobari leial izatean jartzen du arreta (Sal 51:12 [51:10, NW ]).

2 Zertan dira antzekoak hiru anai-arreba hauek? Iraganean gertatutakoa gogoratzen dute denek, baina ez dira iraganean bizi. Honen ordez, «zuzen aitzinera», hau da, aurrera begiratzen dute, etorkizunera (Irakurri Esaera Zaharrak 4:25).

3. Zergatik begiratu behar dugu «zuzen» etorkizunera?

3 Zergatik da garrantzitsua «zuzen» etorkizunera begiratzea? Denbora guztian atzera begiratzen duenak ezin duelako zuzen ibili. Beraz, guk ere ezingo dugu Jehobaren zerbitzuan aurrera egin denbora guztia iraganera begira baldin bagaude (Lk 9:62).

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Artikulu honetan, iraganean bizitzera * eraman gaitzaketen hiru tranpa aztertuko ditugu: 1) nostalgia, 2) erresumina eta 3) gehiegizko erru sentimenduak. Kasu bakoitzean, biblia-printzipioek «atzean gelditu denaz ahazturik, aurrera jotzen» nola laguntzen diguten ikusiko dugu (Flp 3:13).

NOSTALGIAREN TRANPA

Zerk oztopatu dezake etorkizunera zuzen begiratu dezagun? (Ikusi 5, 9 eta 13 paragrafoak) *

5. ⁠Kohelet 7:10⁠aren arabera, zer ez genuke egin behar?

5 Irakurri Kohelet 7:10Bertset honek ez du esaten aldi joanak zergatik ote ziren onak galdetzea gaizki dagoenik. Oroitzapen onak Jehobaren opariak dira. Honen ordez, bertsetak dio: «Ez galdegin zergatik ote ziren hobeak aldi joanak oraingoak baino». Beraz, ez dugu iraganean genuen bizitza orain dugunarekin konparatu behar, orain guztia txarragoa dela pentsatuz.

Egiptotik irten ondoren, zer akats egin zuten israeldarrek? (Ikusi 6. paragrafoa)

6. Zergatik ez da zuhurra iraganean gure bizitza hobea zela pentsatzen egotea? Jarri adibide bat.

6 Zergatik ez da zuhurra iraganean gure bizitza hobea zela pentsatzen egotea? Nostalgiak gure iraganeko gauza onak bakarrik ekarri ditzake gogora. Edo izan genituen zailtasunak txikiagotu ditzake. Azter dezagun, adibidez, israeldarrei gertatutakoa. Egiptotik atera ondoren, laster ahaztu zuten han zuten bizimodu gogorra. Horren ordez, Egipton gozatzen zuten janari goxoan pentsatu zuten behin eta berriz. Hau zioten: «Gogoan dugu Egipton doan jaten genuen arraina, baita hango pepino, meloi, porru, tipula eta baratxuriak ere!» (Zen 11:5). Baina, egia al da «doan» jaten zutela? Ez. Israeldarrek larrutik ordaindu zuten; Egipton esklaboak ziren eta zapalduta bizi ziren (Ir 1:13, 14; 3:6-9). Hala ere, gero zailtasun guzti horiek ahaztu eta nostalgiaz iraganari begiratu zioten. Jehobak beraien alde egindako gauza on guztietan arreta jarri beharrean, iraganeko «garai onak» behin eta berriz gogoratzea erabaki zuten. Jehobak ez zuen atsegin jarrera hura (Zen 11:10).

7. Zerk lagundu zion arreba bati nostalgiaren tranpatik ihes egiten?

7 Nola egin dezakegu ihes nostalgiaren tranpatik? Ikus dezagun 1945⁠ean Brooklyn-eko Betelen zerbitzatzen hasi zen arreba bati gertatutakoa. Urte batzuk beranduago, Beteleko anaia batekin ezkondu zen eta elkarrekin urte askoz zerbitzatu zuten han. Baina 1976⁠an senarra gaixotu egin zen. Laster hilko zela konturatu zenean, emazteari bere heriotzaren ondoren lagunduko zioten aholku batzuk eman zizkion. Esan zion: «Ezkon-bizitza zoriontsua izan dugu. Askok ezin dute berdina esan». Hurrengoa eskatu zion: «Nahiz eta elkarrekin egin ditugun gauza politak inoiz ez ahaztu, ez bizi iraganean. Denborak zauriak sendatzen lagunduko dizu. Ez samindu eta ez sentitu zeure buruaz penarik. Pozik egon Jehobaren zerbitzuan elkarrekin izan ditugun garai ederrengatik. [...] Oroitzapenak Jainkoak ematen dizkigun opariak dira». Ez al dira hauek aholku bikainak?

8. Nola lagundu zion gure arrebari iraganean ez bizitzeak?

8 Gure arrebak gogoan hartu zituen hitz hauek. Jehoba leial zerbitzatu zuen 92 urterekin hil zen arte. Urte batzuk lehenago esan zuen: «Denbora osoko zerbitzuan 63 urte pasa ondoren, bizitza benetan zoriontsua izan dudala esan dezaket». Zergatik? «Benetan zoriontsu egiten gaituena gure anaiarte zoragarriaren parte izatea eta elkarrekin lurrean paradisuan bizitzeko esperantza da. Bertan Jehoba, gure Sortzaile eta Jainko bakarra, betiko zerbitzatuko dugu». * Zer eredu polita jartzen digun etorkizunera zuzen begiratu zuen gure arrebak!

ERRESUMINAREN TRANPA

9. ⁠Lebitarrena 19:18 kontuan hartuta, noiz izan daiteke bereziki zaila erresumina atzean uztea?

9 Irakurri Lebitarrena 19:18Kongregazioko lagun edo senide batek gurekin gaizki jokatzean, zaila izaten da erresumina atzean uztea. Pentsatu kasu honetan. Kongregazioko arreba batek beste bat dirua lapurtzeaz salatu zuen. Baina ez ziola dirurik lapurtu konturatzean, barkamena eskatu zion. Hala ere, salaketa jaso zuen arreba oso haserre zegoen eta gertatutakoan pentsatzen jarraitzen zuen. Sentitu al zara noizbait horrela? Agian ez dugu inoiz horrelakorik bizi izan. Baina gehienok sentitu gara noizbait suminduta eta, agian, erresumina ezingo dugula atzean utzi pentsatu dugu.

10. Zerk lagundu gaitzake erresumina sentitzen dugunean?

10 Zerk lagundu gaitzake erresumina sentitzen dugunean? Alde batetik, gogoratu Jehobak dena ikusten duela. Gertatzen zaigun guztiaz konturatzen da, baita sufritzen dugun edozein injustiziaz ere (Heb 4:13). Sufritzen dugunean, berak ere sufritu egiten du (Za 2:12 [2:8, NW ]). Denborarekin, injustiziek eragin diguten min guztia sendatuko duela promesten digu (Ap 21:3, 4).

11. Nola laguntzen digu erresumina atzean uzteak?

11 Bestalde, erresumina atzean uzten dugunean hobeto sentitzen garela ere gogoratu behar dugu. Honetaz konturatu zen salaketa faltsua jaso zuen arreba. Denborarekin, erresumina atzean uzteko gai izan zen. Besteei barkatzen diegunean, Jehobak guri barkatzen digula onartu zuen (Mt 6:14). Beste arrebak egin zuena oker zegoela jakin arren, erresumina atzean uztea erabaki zuen. Ondorioz, zoriontsuagoa izan zen eta arreta Jehobaren zerbitzuan jarri ahal izan zuen.

GEHIEGIZKO ERRU SENTIMENDUAK IZATEAREN TRANPA

12. Zer irakasten digu 1 Joan 3:19, 20⁠ak?

12 Irakurri 1 Joan 3:19, 20Erru sentimenduak izatea ez da arraroa. Adibidez, batzuk errudun sentitzen dira egia ikasi baino lehen egin zutenagatik. Beste batzuk, berriz, bataiatu ondoren egindako akatsengatik sentitzen dira errudun. Horrela sentitzea normala da (Erm 3:23). Dudarik gabe, zuzena dena egin nahi dugu. Baina, «askotan huts egiten» dugu denok (St 3:2; Erm 7:21-23). Errudun sentitzea ez gustatu arren, gure onerako izan daiteke. Zergatik? Erru sentimenduek gure bizitzan aldaketak egitera eta akatsak ez errepikatzera bultzatu gaitzaketelako (Heb 12:12, 13).

13. Zergatik ez ginateke gehiegizko erru sentimenduak izatearen tranpan erori behar?

13 Halere, gehiegizko erru sentimenduak izan ditzakegu, hau da, damutu ondoren eta Jehobak barkatu digula erakutsi eta gero, errudun sentitzen jarraitu dezakegu. Honelako erru sentimenduak kaltegarriak izan daitezke (Sal 31:11; 38:4, 5 [31:10; 38:3, 4, NW ]). Zergatik? Ikus dezagun iraganeko bekatuengatik errudun sentitzen jarraitzen zuen arreba baten kasua. Esan zuen: «Jehobaren zerbitzuan gogor lan egitea alferrikakoa zela sentitzen nuen, ez nintzela salbatuko uste bainuen». Gutako asko horrela sentitu gaitezke. Ezinbestekoa da gehiegizko erru sentimenduen tranpan ez erortzea. Izan ere, Satanas oso pozik egongo litzateke Jehoba zerbitzatzeari utziko bagenio, nahiz eta Jehobak guri barkatu izan! (Konparatu 2 Korintoarrei 2:5-7, 11).

14. Nola izan gaitezke ziur Jehobak barkatu nahi digula?

14 Baina, nola izan gaitezke ziur Jehobak barkatu nahi digula? Geure buruari galdera hau egiteak Jehobaren barkamena izan dezakegula erakusten du. Duela urte asko, aldizkari honek esan zuen: «Agian akats bera behin eta berriz egin dezakegu. Zergatik? Beharbada, Jehoba zerbitzatzen hasi baino lehen genuen ahuleziaren bat ezin izan dugulako gainditu. [...] Ez etsi. Ez pentsatu Jehobak inoiz barkatu ezingo duen bekatua egin duzunik. Hori da Satanasek zuk pentsatzea nahi duena. Triste eta lur jota sentitzeak pertsona txarra ez zarela eta Jehobak barkatu zaitzakeela erakusten du. Izan apala eta jarraitu Jehobari otoitz egiten. Eskaiozu barkatzeko, baita kontzientzia garbia izaten eta akatsa berriz ez errepikatzen laguntzeko ere. Nahiz eta haurtxo txiki batek arazo berdina askotan izan, beti joaten da aitarengana laguntza eske. Modu berean, guk ere Jehobari laguntza eskatzen jarraitu behar dugu eta berak lagundu egingo digu merezigabeko onginahia azalduz». *

15, 16. Zer sentitu dute batzuek Jehoba beraiei barkatzeko prest dagoela ulertu dutenean?

15 Anai-arreba askorentzat Jehobak barkatu nahi diela jakitea oso kontsolagarria izan da. Adibidez, duela urte batzuk anaia bat oso animatuta sentitu zen «Bibliak biziak aldatzen ditu» saileko bizipen bat irakurtzean. Artikuluan arreba batek bizitzan gauza txar asko gertatu zitzaizkiola esaten zuen. Horregatik, zaila egiten zitzaion Jehobak maitatu zezakeela sinestea. Bataiatu ondoren ere, urte askoz berdin sentitu zen. Baina erreskatean hausnartzeak Jehobak maite zuela sinesten lagundu zion. *

16 Nola lagundu zion anaiari arrebaren bizipenak? Hau idatzi zuen: «Gaztea nintzenean, pornografiaren menpe nengoenez, borroka latza izan nuen. Duela gutxi, arazo horretan erori nintzen berriz. Kongregazioko adindunei laguntza eskatu nien eta arazoa gainditzen hasi nintzen. Adindunek Jainkoak maite ninduela eta barkatzeko prest zegoela ziurtatu zidaten. Hala ere, batzuetan, baliogabea sentitzen naiz eta Jehobak ezin nauela maitatu pentsatzen dut. [Arreba honen] bizipena irakurtzeak asko lagundu dit. Honakoa ulertzen dut orain: Jainkoak ezin didala barkatu pentsatzean, bere Semearen eskaintza nire bekatuak barkatzeko nahikoa ez dela esaten ari naiz. Artikulua gorde egin dut. Horrela Jehobak ez nauela maite sentitzen dudan bakoitzean, irakurri eta bizipenean hausnartu ahal izango dut».

17. Zer egin zuen Paulok gehiegizko erru sentimenduak izatearen tranpan ez erortzeko?

17 Honelako bizipenek Paulo apostoluari gertatutakoa gogorarazten digute. Kristaua izan aurretik, bekatu larri batzuk egin zituen. Egindakoa gogoratzen zuen, baina ez zen iraganean bizi izan (1 Tm 1:12-15). Erreskatea Jehobak berari egindako oparia zela ikusi zuen (Ga 2:20). Paulo ez zen gehiegizko erru sentimenduak izatearen tranpan erori. Honen ordez, handik aurrera Jehobari bere onena ematen buru-belarri aritu zen.

BIZI ETORKIZUNERA BEGIRA

Bizi gaitezen etorkizunera begira (Ikusi 18 eta 19 paragrafoak) *

18. Zer ikasi dugu artikulu honetan?

18 Zer ikasi dugu artikulu honetan aipatutako tranpak aztertzean? 1) Oroitzapen onak Jehobak ematen dizkigun opariak dira. Baina, iraganean gure bizitza oso ona izan bada ere, mundu berrian izango dugun bizitza hobea izango da. 2) Norbaitek mintzen bagaitu ere, aurrera egingo dugu barkatzea aukeratzen badugu. 3) Gehiegizko erru sentimenduek Jehoba pozez zerbitzatzea oztopatuko digute. Beraz, Paulok bezala, Jehobak barkatu digula sinetsi behar dugu.

19. Nola dakigu mundu berrian ez ditugula triste jartzen gaituzten gauzak gogoratuko?

19 Betiko bizitzeko esperantza dugu. Mundu berrian ez ditugu triste jartzen gaituzten gauzak gogoratuko. Garai honi buruz Bibliak dio: «Lehengoaz ez da inor oroituko» (Is 65:17). Pentsatu honetan: Batzuok urte asko eman ditugu Jehoba zerbitzatzen eta zahartu egin gara. Baina mundu berrian, berriz ere gazte izango gara (Jb 33:25). Beraz, ez gaitezen iraganean bizi. Horren ordez, begira dezagun zuzen aurrera eta egin dezagun ahal dugun guztia mundu berrian egoteko!

sjj 142. KANTA Eutsi aurrean dugun esperantzari

^ § 5 Gure iragana oroitzea ona izan daiteke. Baina pasatako gauzetan gehiegi pentsatzen badugu, Jehobaren alde ahal dugun guztia egiteaz ahaztu gaitezke edo, agian, bere promes ederretan pentsatzeari utziko diogu. Artikulu honetan iraganean bizitzera eraman gaitzaketen hiru tranpa aztertuko ditugu. Tranpa hauetan ez erortzen lagunduko diguten biblia-printzipioak eta gure anai-arreben bizipenak ikusiko ditugu.

^ § 4 ZER ESAN NAHI DU? Artikulu honetan, «iraganean bizitzea» gure iraganean pentsatzen egotea da, denbora guztian horri buruz hitz eginez, gogora ekarriz edo gure bizitza orduan hobea zela pentsatuz.

^ § 14 Ikusi 1954⁠ko La Atalayaren uztailaren 1⁠eko alea, 410 orrialdea (1954⁠ko La Tour de Garderen ekainaren 15⁠eko alea, 185 orrialdea).

^ § 59 IRUDIAREN AZALPENA: Nostalgia, erresumina eta gehiegizko errua sentitzea arrastaka eraman behar dugun zama bezalakoa da eta bizirako bidean aurrera egitea zailtzen digu.

^ § 66 IRUDIAREN AZALPENA: Sentimendu pisutsu hauek atzean uzten ditugunean lasai, zoriontsu eta indarberrituta sentitzen gara. Orduan, aurrera begiratzeko gai izango gara.