Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIZIPENA

Jehoba ez da nitaz ahaztu

Jehoba ez da nitaz ahaztu

OREALLAN bizi naiz, 2.000 bat biztanle dituen Guyanako (Hego Amerika) amerindiar herrixkan. Orealla isolatuta dago eta hona iristeko modu bakarra hegazkin txiki edo txalupaz da.

1983⁠an jaio nintzen. Txikitan haur osasuntsua nintzen. Baina hamar urte nituenean, gorputz osoan izugarrizko mina sentitzen hasi nintzen. Bi urte beranduago, goizean esnatu nintzenean, ezin nintzen mugitu. Nahiz eta gogor saiatu, ezin nituen hankak mugitu. Egun hartatik aurrera ezin izan dut inoiz ibili. Gainera nire gaixotasunaren ondorioz, ez nintzen gehiago hazi. Gaur egun, haur bat bezain txikia naiz.

Hilabete batzuk etxetik atera gabe egon ondoren, bi Jehobaren lekuko etorri ziren. Bisitariak izaten genituenean, ezkutatzen saiatzen nintzen. Baina egun hartan bi emakume haiekin hitz egin nuen. Paradisuari buruz hitz egin zidatenean, bost bat urterekin entzun nuena gogoratu nuen. Garai hartan, Surinamen bizi zen Jethro izeneko misiolaria gure herrixkara etortzen zen hilean behin eta nire aitarekin Biblia aztertzen zuen. Jethro oso atsegina zen nirekin. Oso jatorra zen. Gainera, aitona-amonek herrixkan egiten ziren Lekukoen bileretara eramaten ninduten batzuetan. Beraz, emakumeetako batek, Florencek, gehiago ikasi nahi ote nuen galdetu zidanean, baietz esan nion.

Florence bere senarrarekin, Justusekin, itzuli zen eta nirekin Biblia aztertzen hasi ziren. Irakurtzen ez nekiela konturatzean, lagundu egin zidaten. Handik denbora batera nire kabuz irakurri nezakeen. Behin, Justus eta Florencek Surinamera predikatzera bidali zituztela esan zidaten. Tamalez, Oreallan ez zegoen nirekin Biblia aztertzen jarraitu zezakeen inor. Baina, zorionez, Jehoba ez zen nitaz ahaztu.

Handik gutxira, Floyd izeneko aitzindaria Oreallara iritsi zen eta etxolaz etxola predikatzen ari zenean elkar ezagutu genuen. Biblia aztertzeari buruz hitz egin zidanean, irribarre egin nuen. «Zergatik egiten duzu irribarre?» galdetu zidan. Ordurako, ¿Qué exige Dios de nosotros? (Ce que Dieu attend de nous) liburuxka ikasia nuela eta El conocimiento que lleva a vida eterna (La connaissance qui mène à la vie éternelle) * liburuarekin hasia nengoela esan nion. Ikastaroa zergatik eten zen ere azaldu nion. Floydekin liburua aztertzen amaitu nuen. Baina, orduan, bera ere beste toki batera predikatzera bidali zuten. Berriz ere, biblia-irakaslerik gabe gelditu nintzen.

2004⁠an bi aitzindari berezi, Granville eta Joshua, Oreallara bidali zituzten. Etxolaz etxola predikatzen ari ziren batean aurkitu ninduten. Ikasi nahi al nuen galdetu zidatenean, irribarre egin nuen. Liburua nirekin hasieratik aztertzeko eskatu nien. Aurreko irakasleek irakatsi zizkidaten gauza berak irakatsiko ote zizkidaten jakin nahi nuen. Granvillek herrixkan bilerak egiten zirela esan zidan. Nahiz eta ia hamar urtez etxetik atera gabe egon nintzen, bilerara joan nahi nuen. Beraz Granville etxera etorri zen, gurpil-aulkian eseri ninduen eta, aulkia bultzatuz, bilera-aretoraino eraman ninduen.

Denborarekin, Granvillek Predikatzeko biblia-eskolan izena ematera animatu ninduen. Honakoa esan zidan: «Elbarri zaude, baina hitz egin dezakezu. Egunen batean hitzaldi publikoa emango duzu. Ez izan zalantzarik». Bere hitz animagarriek konfiantza eman zidaten.

Granvillekin predikatzen hasi nintzen. Baina herrixkako bide gehienak zuloz josita zeuden. Beraz, gurpil-aulkian eraman beharrean, karretilan eramateko eskatu nion. Primeran ibiltzen ginen horrela. 2005⁠eko apirilean bataiatu nintzen. Handik gutxira, anaiek kongregazioko argitalpenez arduratzeko eta bilera-aretoko soinu sistema erabiltzeko prestatu ninduten.

Tamalez, 2007⁠an nire aita txalupa istripu batean hil zen. Gure familia lur jota zegoen. Granvillek gurekin otoitz egin eta biblia-pasarte kontsolagarriak irakurri zizkigun. Bi urte beranduago, beste zoritxar bat gertatu zitzaigun: Granville beste txalupa istripu batean hil zen.

Doluan zegoen gure kongregazio txikia adindunik gabe eta laguntzaile bakarrarekin geratu zen. Granvillen heriotza oso mingarria izan zen niretzat, nire lagun kuttuna baitzen. Nire behar espiritual eta fisikoak zaintzen lagundu zidan lagun leiala zen. Bere heriotzaren ondorengo bileran, Talaiaren ikasketako paragrafoen irakurketa nuen. Lehen bi paragrafoak irakurtzea lortu nuen, baina gero ezin izan nion negarrari eutsi. Mintzalekutik jaitsi behar izan nuen.

Hobeto sentitzen hasi nintzen beste kongregazioko anaiak Oreallara laguntzera etorri zirenean. Gainera, sukurtsalak Kojo izeneko aitzindari berezi bat bidali zuen. Nire zorionerako, ama eta anaia gazteenetako bat ikasten hasi eta bataiatu egin ziren. Orduan, 2015⁠eko martxoan, kongregazioko laguntzaile izendatu ninduten. Handik denboratxo batera, nire lehen hitzaldi publikoa eman nuen. Egun hartan, irribarre batekin eta esker oneko malkoekin, Granvillek esan zidana gogoratu nuen: «Egunen batean hitzaldi publikoa emango duzu. Ez izan zalantzarik».

JW Broadcasting® programei esker, nire antzeko egoerak dituzten anai-arreben berri izan dut. Nahiz eta gaixo egon, gauza asko egiteko gai dira eta bizitza zoriontsuak dituzte. Nik ere gauza batzuk egin ditzaket oraindik. Jehobari ahal nuen guztia eman nahi nion. Horregatik, aitzindari erregularra egin nintzen. Eta 2019⁠ko irailean, a zer sorpresa jaso nuen! 40 berri-emaileko gure kongregazioan adindun izendatu ninduten.

Nirekin ikasi duten eta Jehobaren zerbitzuan lagundu didaten anai-arreba maiteei oso eskertuta nago. Eta, batez ere, Jehoba ez delako nitaz ahaztu nago eskertuta.

^ § 8 Jehobaren lekukoek argitaratutakoa da, baina orain ez da inprimatzen.