Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Onésime eta Géraldine

Jehobak bedeinkapen ugari ematen dizkie jaioterrira itzultzen direnei

Jehobak bedeinkapen ugari ematen dizkie jaioterrira itzultzen direnei

DUELA urte batzuk hainbat anai-arrebak garapen bidean dauden herrialdeetatik herrialde aberatsagoetara emigratu zuten. Hauetako asko denborarekin beraien herrialdeetara itzuli dira. Jehobari eta jendeari dieten maitasunak bultzatuta, berri-emaile gehiagoren beharra dagoen lekuetara joan dira (Mt 22:37-39). Zer sakrifizio egin eta zer bedeinkapen jaso dituzte? Jakiteko, jo dezagun Kamerunera, Afrika mendebaldera.

«“ARRANTZARAKO” LEKU APROPOSEAN»

1998⁠an Onésime izeneko anaia batek Kamerun utzi eta emigratu egin zuen. 14 urtez kanpoan bizi izan zen. Behin, bileran zela, predikatze-lanari buruzko adibide bat entzun zuen. Hizlariak esan zuen: «Imajinatu bi lagun leku desberdinetan arrantzan daudela eta batek besteak baino arrain gehiago harrapatzen dituela. Ez al litzateke arrain gutxiago harrapatzen ari dena arrantza gehiago dagoen lekura mugituko?».

Adibide hau entzutean, Onésimek Kamerunera itzultzeko aukeran pentsatu zuen. Izan ere, han jende askok Biblia ikasi nahi zuen eta, horrela, bertako berri-emaileei lagundu ahal izango zien. Baina kezkak zituen. Ohituko ote zen berriro Kamerunen bizitzera kanpoan hainbeste urte pasa ondoren? Hau jakiteko, Onésime sei hilabete joan zen Kamerunera. Gero, 2012⁠an, bertan bizitzeko itzuli zen.

Hau dio Onésimek: «Klima berora eta hango bizimodura egokitu behar izan nintzen. Bilera-aretoan banku gogorretan berriro esertzera ohitu behar izan nuen. Baina programan gero eta gehiago kontzentratu», dio irribarre batekin, «orduan eta azkarrago desagertzen ziren eserleku erosoen oroitzapenak».

2013⁠an Onésime Géraldine izeneko arreba batekin ezkondu zen. Géraldine Frantzian bederatzi urte bizi ondoren Kamerunera itzulia zen. Nola bedeinkatu zituen Jehobak bere nahia egiteari lehentasuna emateagatik? Onésimek dio: «Erreinuaren berri-emaileen eskolara joan ginen elkarrekin eta Betelen zerbitzatzen dugu. Iaz gure kongregazioko 20 biblia-ikasle bataiatu ziren. “Arrantzarako” leku aproposean nagoela uste dut» (Mk 1:17, 18). Géraldinek ere dio: «Inoiz imajinatu dudana baino bedeinkapen gehiago jaso ditut».

IKASLEAK EGITEAREN POZA

Judith eta Sam-Castel

Judith izeneko arrebak Estatu Batuetara emigratu zuen, baina Jehobaren alde gehiago egin nahi zuen. Honakoa dio: «Kamerunera familia bisitatzera joaten nintzenean hainbat biblia-ikastaro hasten nituen. Horregatik, Kamerun uzten nuen bakoitzean, negar egiten nuen». Hala ere, Judithek Kamerunera itzultzeko zalantzak zituen. Lanean soldata ona zuen eta Kamerunen bere aitak jasotzen zuen osasun-tratamendua ordaindu zezakeen. Baina, Jehobarengan konfiantza erakutsiz, jaioterrira bizitzera itzuli zen. Kanpoan zituen erosotasun batzuk faltan bota zituela onartzen du. Egokitzeko laguntza eskatu zion Jehobari eta eskualde-arduradunaren eta honen emaztearen laguntza animagarria jaso zuen besteak beste.

Atzera begira Judithek dio: «Hiru urtetan lau ikasleri bataiora iristen laguntzea oso pozgarria izan da». Judith aitzindaritza berezian hasi zen zerbitzatzen. Gaur egun, bere senarra, Sam-Castel, eta biak eskualdeko lanean zerbitzatzen dute. Baina zer gertatu zitzaion Judithen aitari? Berak eta bere familiak aitaren ebakuntza doan egingo zuen ospitale bat aurkitu zuten beste herrialde batean. Zorionez, ebakuntza ondo atera zen.

JEHOBAREN LAGUNTZA SENTITZEN DUTE

Caroline eta Victor

Victor izeneko anaia batek Kanadara emigratu zuen. Goi-mailako hezkuntzari buruzko Talaiako artikulu bat irakurri ondoren, bere ikasketei buruz pentsatu zuen. Unibertsitatera joateri utzi eta lanbide-heziketako ikastaro motzagoari ekin zion. Honakoa dio: «Lana azkarrago topatzen lagundu zidan eta betidanik egin nahi nuen zerbait egiten utzi zidan: aitzindaritza». Gero, Caroline-kin ezkondu zen eta bikoteak Kamerun bisitatu zuen. Sukurtsalera bisita egiten ari zirela, Kamerunen zerbitzatzeko aukeran pentsatzera animatu zituzten. Victorrek dio: «Ez genuen ezetz esateko arrazoirik eta, bizimodu sinplea genuenez, gonbidapena onartu genezakeen». Nahiz eta Carolinek osasun arazoak izan, aurrera egitea erabaki eta Kamerunera bizitzera joan ziren.

Victor eta Caroline aitzindaritza erregularrean hasi ziren Biblian jakin-mina zuen jendeaz arduratzeko. Denbora batez, aurreztuta zuten diruarekin bizi izan ziren. Gero, Kanadan hilabete gutxi batzuetan egin zuten lan eta, horrela, Kamerunera itzuli eta aitzindaritzan jarraitu ahal izan zuten. Zer bedeinkapen jaso zituzten? Erreinuaren berri-emaileen eskolara joan ziren, aitzindari bereziak izan ziren eta orain eraikuntzako zerbitzariak dira. Victorrek dio: «Erosotasun-zonatik ateratzeak Jehobaren laguntza sentitzen lagundu digu».

ESKAINTZA ETA BATAIORAINO LAGUNTZEAREN POZA

Stéphanie eta Alain

2002⁠an, Alain izeneko anaia unibertsitatean ikasten ari zen Alemanian. Gazteen helburuei buruz hitz egiten duen gure erakundearen esku-orria irakurri ondoren, helburu berriak jarri zituen. 2006⁠an, biblia-eskola batera joan eta Kamerunera, bere jaioterrira, bidali zuten.

Kamerunen egun erdiko lana topatu zuen. Beranduago, soldata hobea zuen lan batean hasi zen, baina predikatze-lanerako denbora gutxiago edukitzeak kezkatzen zuen. Beraz, aitzindari berezi izateko gonbidapena jaso zuenean, zalantzarik gabe onartu zuen. Nagusiak soldata handiagoa eskaini zion, baina Alainek bere erabakiari eutsi zion. Gero, Stéphanie izeneko arrebarekin ezkondu zen. Stéphanie urte askotan Frantzian bizi izan zen. Zer zailtasun izan zituen Kamerunera bizitzera joan ondoren?

Stéphaniek dio: «Osasun arazo txiki eta alergia batzuk garatu nituen, baina tratamendua jasotzeko aukera izan nuen eta hobeto sentitu nintzen». Beraien eginkizunean irauteko ahaleginek saria jaso zuten. Alainek dio: «Katé izeneko isolatutako herrixka batera joan ginen predikatzera eta Biblia ikasi nahi zuten hainbat lagun aurkitu genituen. Gero, hauetako batzuekin telefonoz ikasi genuen. Ikasle hauetako bi bataiatu egin ziren eta berri-emaileen taldetxo bat sortu zen». Stéphaniek dio: «Norbaiti eskaintza eta bataioraino laguntzea baino poz handiagorik ez dago. Askotan sentitu dugu poz hori hemen zerbitzatzean». Gaur egun Alain eta Stéphanie eskualdeko lanean zerbitzatzen dute.

EGIN BEHAR GENUENA EGIN GENUEN

Léonce eta Gisèle

Gisèle Italian medikuntza ikasten ari zela bataiatu zen. Biblia irakatsi zion aitzindari bikotearen bizimodu sinplearekin harrituta zegoen eta predikatze-lanean gehiago egin nahi zuen. Beraz, aitzindaritza erregularra egiten hasi zen ikasketak bukatzen zituen bitartean.

Gisèlek Kamerunera itzuli nahi zuen Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko, baina kezka batzuk zituen. Honakoa dio: «Italian bizitzeko baimen legala galduko nuen eta han bizi ziren lagun eta familiarengandik banandu beharko nintzen». Hala ere, 2016⁠ko maiatzean, Gisèle Kamerunera itzuli zen bizitzera. Beranduago, Léonce izeneko anaiarekin ezkondu zen eta Kamerungo sukurtsalak Ayos izeneko herrira joatera gomendatu zien, han berri-emaile gehiagoren beharra baitzegoen.

Nolakoa zen bizitza Ayosen? Gisèlek dio: «Askotan, asteak ematen genituen argindarrik gabe eta ezin genituen gure mugikorrak kargatu. Gehienetan ez zuten funtzionatzen. Egurrarekin egindako suan janaria prestatzen ikasi nuen. Karretila eta linternekin joaten ginen gauean ur bila, iturrian jende gutxiago zegoen momentuan». Zerk lagundu zion bikoteari irauten? Gisèlek erantzuten du: «Jehobaren espirituak lagundu zigun. Gainera, senarrak eta biok elkarri lagundu genion. Eta senide eta lagunek animatu eta, batzuetan, ekonomikoki lagundu ziguten».

Pozik al dago Gisèle bere jaioterrira itzuli izanagatik? «Bai! Zalantza izpirik gabe», dio. «Hasieran zailtasunak izan genituen eta desanimatuta sentitu ginen. Baina hauek gainditu ondoren, senarrak eta biok egin behar genuena egin genuela sentitzen dugu. Jehobarengan konfiantza dugu eta berarengandik gertuago sentitzen gara». Léonce eta Gisèle Erreinuaren berri-emaileen eskolara joan ziren eta orain denboraldi baterako aitzindari bereziak dira.

Arrantzaleek zailtasun desberdinei egiten diete aurre arrainak harrapatzeko. Hauek bezala, anai-arreba asko jaioterrira itzuli eta bihotzonekoei Erreinuari buruz irakasteko sakrifizioak egiteko prest dago. Ez dago dudarik Jehobak berri-emaile langile hauek gogoratuko dituela bere izenari erakutsi dioten maitasunagatik (Ne 5:19; Heb 6:10). Kanpoan bizi bazara eta zure jaioterrian berri-emaile gehiagoren beharra badago, itzuli al zaitezke? Hala egiten baduzu, Jehobak bedeinkapen ugari emango dizkizu (Es 10:22).