Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

45. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Lagundu ditzagun besteak Jesusen aginduak betetzen

Lagundu ditzagun besteak Jesusen aginduak betetzen

«Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, [...] nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz» (MT 28:19, 20).

sjj 89. KANTA Entzun, obeditu eta bedeinkapenak jaso

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. ⁠Mateo 28:18-20⁠ bertseten arabera, zer agindu zien Jesusek bere jarraitzaileei?

BERPIZTU ondoren, Jesus Galilean elkarturik zeuden bere jarraitzaileei agertu zitzaien. Garrantzitsua zen zerbait esan behar zien. Zer zen? Bere hitzak Mateo 28:18-20 pasartean aurkitzen ditugu (Irakurri).

2. Zer galdera erantzungo ditugu?

2 Ikasleak egiteko Jesusen agindua gaur egungo Jainkoaren zerbitzari bakoitzarentzat ere zuzendua dago. Beraz, erantzun ditzagun Jesusek eman digun eginkizunari buruzko hiru galdera: 1) Ikasle berriei Jainkoaren aginduak irakasteaz gain, zer gehiago egin behar genuke? 2) Zer egin dezakegu kongregazioko berri-emaile guztiok biblia-ikasleei espiritualki aurrera egiten laguntzeko? 3) Nola lagundu ditzakegu inaktiboak * diren anai-arrebak berriz ere ikasleak egiten hasi daitezen?

IRAKATSI JESUSEN AGINDUAK BETETZEN

3. Zer jarraibide zehatz ditu Jesusen aginduak?

3 Jesusen jarraibideak argiak dira. Jendeari berak agindutako gauzak irakatsi behar dizkiogu. Hala ere, ez dugu ideia garrantzitsu bat ahaztu behar. Jesusek ez zuen esan «agindu dizuedan guztia irakatsi». Horren ordez, «agindu dizuedan guztia betetzen irakatsi» esan zuen. Jesusen jarraibidea obeditzeko, gure biblia-ikasleari zer egin behar duen irakasteaz gain, nola egin behar duen irakatsi behar diogu (Eg 8:31).

4. Nola irakatsi ahal diogu biblia-ikasle bati Jesusek emandako agindua betetzen? Adibide baten bidez azaldu.

4 Norbaiti Jesusek emandako agindua betetzen nola irakatsi ahal diogun ikusteko, pentsatu hurrengo adibidean. Nola irakasten dio autoeskolako irakasleak bere ikasleari trafiko legeak betetzen? Lehenik eta behin, irakasleak trafiko arauak irakasten dizkio ikasgelan. Hala ere, arau horiek nola obeditu irakasteko, beste zerbait ere egin behar du. Ikaslearekin gidatze-praktikak egin behar ditu eta aholkuak eman behar dizkio ikasitakoa praktikan jartzen duen bitartean. Zer ikasi dezakegu adibide honetatik?

5. a) Joan 14:15 eta 1 Joan 2:3⁠aren arabera, zer egiten irakatsi behar diegu gure biblia-ikasleei? b) Nola lagundu ditzakegu ikasleak biblia-printzipioak aplikatzen?

5 Besteekin Biblia aztertzen dugunean, Jainkoak gutaz zer eskatzen duen irakasten diegu. Baina hori ez da nahikoa. Eguneroko bizitzan ikasitakoa praktikan jartzen ere irakatsi behar diegu (Irakurri Joan 14:15; 1 Joan 2:3). Bibliako oinarrizko printzipioak eskolan, lanean eta aisialdian praktikan nola jarri ditzaketen erakutsi behar diegu gure ereduaren bidez. Guri gertatutako zerbait aipatu dezakegu, esaterako, Bibliako gida jarraitzeak erabaki on bat hartzen nola lagundu digun edo nola babestu gaituen. Gure ikaslearekin gaudenean, Jehobari otoitz egin ahal diogu ikaslea espiritu santuaren bidez gidatzeko eskatuz (Jn 16:13).

6. Zer gehiago egin behar dugu ikasleei Jesusen aginduak betetzen irakastean?

6 Zer gehiago egin behar dugu ikasleei Jesusen aginduak betetzen irakastean? Ikasle berriak egiteko gogoa izaten lagundu behar diegu. Beharbada predikatzeak beldurra ematen die ikasle batzuei. Beraz, fedea sendotzeko Bibliako egiak hobeto ulertzen dituzten bitartean, pazientzia izan behar dugu. Orduan egia bihotzera heldu eta predikatzera bultzatuta sentituko dira. Zer egin dezakegu ikasleek berri onak zabaltzeko nahia izan dezaten?

7. Nola lagundu dezakegu gure ikaslea berri onak zabaltzeko nahia izan dezan?

7 Egin zure biblia-ikasleari honelako galderak: «Nola hobetu da zure bizitza Biblian ikasi duzuna praktikan ipini duzulako? Besteek ere mezu hau entzun behar dutela pentsatzen al duzu? Zer egin dezakezu beraiei laguntzeko?» (Es 3:27; Mt 9:37, 38). Erakutsi ikasleari Irakasteko tresna-sortan ditugun esku-orriak. Utziozu bere senide, lagun edo lankideentzat erakargarriak izan daitezkeenak aukeratzen eta eman hauetariko batzuk. Praktikatu berarekin modu atseginean nola eskaini ditzakeen. Noski, bataiatu gabeko berri-emaile izendatu ondoren ere, bere ondoan egon behar dugu predikatzean laguntzeko (Koh 4:9, 10; Lk 6:40).

NOLA LAGUNDU DITZAKE KONGREGAZIOAK BIBLIA-IKASLEAK?

8. Zergatik da garrantzitsua ikasleak Jainkoari eta lagun hurkoari maitasun handia izatea? (Ikusi « Lagundu ikasleari Jainkoari dion maitasuna handitzen» taula ere)

8 Kontuan hartu Jesusek honakoa esan zuela: berak agindutako «guztia betetzen» irakatsi behar dugu. Dudarik gabe, honen barne bi agindurik garrantzitsuenak daude: Jainkoa maitatzea eta lagun hurkoa maitatzea (Mt 22:37-39). Gure ikasleari agindu hauek betetzen irakasten diogunean, predikatzen laguntzen diogu. Zergatik? Jainkoari eta besteei maitasun handia badie, predikatu nahi izango duelako. Ulertzekoa da ikasle askori predikatzeak beldurra sortzea. Horregatik, Jehobaren laguntzarekin poliki-poliki gizakiari dioten beldurra gainditzeko gai izango direla ziurtatu behar diegu (Sal 18:2-4 [18:1-3, NW ]; Es 29:25). Noski, biblia-ikasleak Jainkoa gero eta gehiago maitatzeko laguntza behar du. Artikulu honekin batera dugun taulak guk zer egin dezakegun azaltzen du. Baina, honetaz gain, zer egin dezake kongregazioak?

9. Autoeskolako adibidean, nola ikasten ditu ikasleak gauza praktikoak?

9 Pentsa dezagun berriro autoeskolako adibidean. Ikasleak irakaslea ondoan duela gidatzen duenean, nola ikasten du? Irakasleak esaten duena entzunez eta errepidean gidari onek egiten dutena ikusiz. Esaterako, gidari jator batek beste bati errepidean sartzen nola utzi dion azpimarratu dezake irakasleak. Edo agian, gidari batek beste gidariek ondo ikusteko argiak luzetik motzera aldatzen dituela nabarmendu dezake. Horrelako adibideek gidatzean jarraitu ditzakeen ikasgai praktikoak irakasten dizkiote ikasleari.

10. Zerk lagunduko dio biblia-ikasleari espiritualki aurrera egiten?

10 Era berean, Jehoba zerbitzatzen hasi den ikasleak ez du irakaslearengandik bakarrik ikasten. Jehobaren beste zerbitzarien eredu bikainetatik ere ikasten du. Orduan, non jaso dezake espiritualki aurrera egiteko laguntza handia? Kongregazioko bileretan. Zergatik? Bileretan entzuten duenak gehiago ikasten, fedea indartzen eta Jainkoari dion maitasuna handitzen lagunduko diolako (Eg 15:30-32). Gainera, bileretan irakasleak antzeko egoerak bizi izan dituzten anai-arrebak aurkeztu ahal izango dizkio. Zer maitasun eredu ikusi ditzake ikasleak kongregazioan?

11. Zer egoera ikusi ditzake ikasle batek kongregazioan eta zer eragin izan dezakete berarengan?

11 Pentsatu hurrengo egoeretan. Bere haurra bakarrik hezten ari den biblia-ikasleak egoera berdina duen arreba bat ikusten du. Arrebak bere haur txikiak bilerara eramateko izugarrizko ahaleginak egiten ditu eta biblia-ikasleari hau ikusteak bihotza ukitzen dio. Erretzeari uzten saiatzen ari den ikasleak antzeko arazoa gainditu zuen berri-emaile bat ezagutzen du. Jehobari zion maitasuna handitu zenean, bere aginduak betetzera bultzatuta sentitu zela esaten dio anaiak (2 Ko 4:7; 7:1). Bere bizipena kontatu ondoren, «zuk ere lortu dezakezu» esaten dio eta ikaslearen konfiantza handitu egiten da. Biblia ikasten ari den neskatxak arreba gazte batek kristau bizimoduaz gozatzen duela nabaritzen du. Ikasleak arreba zein zoriontsua den ikustean, bere zorionaren arrazoia zein den jakin nahi du.

12. Zergatik esan dezakegu kongregazioko anai-arreba bakoitzak biblia-ikasleak hainbat modutan lagundu ditzakeela?

12 Biblia-ikasleek berri-emaile desberdinak ezagutu eta euren eredua ikustean, Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeko Jesusen agindua nola bete daitekeen ikasten dute (Jn 13:35; 1 Tm 4:12). Eta, lehen esan bezala, ikasleek antzeko erronkak izan dituzten berri-emaileengandik ikasi dezakete. Honi esker, Jesu Kristoren jarraitzaile izateko beharrezko aldaketak egin ditzaketela konturatuko dira (Dt 30:11). Kongregazioko anai-arreba bakoitzak ikasleek espiritualki aurrera egiteko hainbat modutan lagundu dezake (Mt 5:16). Zer ahalegin egiten dituzu zuk bileretara etortzen diren biblia-ikasleak animatzeko?

LAGUNDU INAKTIBOEI BERRIZ ERE PREDIKATZEN

13, 14. Nola jokatu zuen Jesusek atsekabeturik zeuden apostoluekin?

13 Anai-arreba inaktiboei berriz ere predikatzen eta ikasleak egiten lagundu nahi diegu. Jesusek atsekabeturik zeuden apostoluekin nola jokatu zuen aztertzeak, gaur egun zer egin behar dugun erakutsiko digu.

14 Jesus eraila izan baino lehentxeago, apostoluek «Jesus utzi eta ihes egin zuten» (Mk 14:50; Jn 16:32). Honen ondoren atsekabeturik sentitu ziren. Baina nola jokatu zuen Jesusek beraiekin? Berpiztua izan eta gutxira, bere jarraitzaile batzuei esan zien: «Ez beldurtu! Zoazte eta esan nire senideei [berpiztua izan naizela]» (Mt 28:10a). Jesusek ez zituen bere apostoluak baztertu. Nahiz eta beraiek utzi egin zuten, «nire senide» deitu zien. Jehoba bezala, Jesus errukitsua eta barkabera zen (2 Erg 13:23).

15. Zer sentitzen dugu predikatzeari utzi dioten anai-arrebez?

15 Gu ere asko arduratzen gara predikatzeari utzi dioten kristauez. Gure anai-arrebak dira eta maite ditugu! Gogoan dugu anai-arreba hauek Jehobaren alde egin duten lan guztia. Orain inaktiboak diren batzuek urtetan egin dute gogor lan (Heb 6:10). Faltan botatzen ditugu bene-benetan! (Lk 15:4-7). Jesus imitatuz, nola adierazi dezakegu beraietaz arduratzen garela?

16. Nola adierazi dezakegu gure anai-arreba inaktiboez arduratzen garela?

16 Luzatu gonbidapen goxoa. Jesusek apostolu atsekabetuak animatzeko erabili zuen modu bat bilera batera gonbidatzea izan zen (Mt 28:10b; 1 Ko 15:6). Gaur egun ere, inaktiboak oraindik ez badira kongregazioko bileretara joaten, hori egitera animatu ditzakegu. Badakigu agian behin baino gehiagotan gonbidatu beharko ditugula etorri baino lehen. Zalantzarik gabe, Jesus oso pozik egongo zen ikasleek bere gonbidapena onartu zutelako. Eta guk ere, poz handia sentituko dugu! (Konparatu Mateo 28:16 eta Lukas 15:6).

17. Nola jokatu beharko genuke inaktibo bat bilera-aretora etortzean?

17 Eman ongietorri beroa. Jesusek ikasleei ongietorriak zirela sentiarazi zien beraiekin elkartu zenean; beraiekin hitz egiteko lehen pausoa eman zuen (Mt 28:18). Nola jokatuko dugu inaktibo bat bilera-aretora etortzean? Lehen pausoa eman beharko genuke ongietorri beroa emanez. Hasieran zer esan ez jakiteak kezkatu gaitzake. Baina ikusteaz oso pozik gaudela esan ahal diogu deseroso sentiarazi gabe.

18. Nola animatu ditzakegu berri-emaile inaktiboak?

18 Animatu bihotz-bihotzez. Jesusen ikasleek seguruenik mundu osoan predikatzeko gai ez zirela izango pentsatu zuten. Baina Jesusek animatu egin zituen honakoa esanez: «Ni zeuekin izango nauzue egunero» (Mt 28:20). Lagundu al zien esandakoak? Bai. Handik gutxira, «etengabe irakasten eta hots egiten zuten [...] berri ona» (Eg 5:42). Inaktiboak diren berri-emaileek ere animoa behar dute. Predikatzen hasteko beldurra izan dezakete agian. Baina bakarrik ez dutela egingo ziurtatu behar diegu. Berriro predikatzen hasten direnean, beraiekin joan gaitezke. Dudarik gabe asko eskertuko dute gure laguntza berriz ere berri onak zabaltzen hasten direnean. Gure anai-arrebak direla erakusten diegunean, agian berriz predikatzen hasiko dira eta kongregazio osoa asko poztuko da.

GURE ESKU UTZI DEN LANA BURUTU NAHI DUGU

19. Zer da bihotz-bihotzez nahi duguna eta zergatik?

19 Noiz arte jarraitu behar dugu predikatzen eta ikasleak egiten? Munduaren azkena arte (Mt 28:20; ikusi NW-ko Glosario, «Conclusión del sistema de cosas» edo Lexique, «Période finale du monde»). Gai izango ote gara agindu hau azkena arte betetzeko? Bai horixe, hori egiteko prest gaude! Pozik ematen dugu gure denbora, indarra eta dirua «betiko bizirako» jarrera dutenak bilatzeko (Eg 13:48NW ). Hau eginez, Jesusen eredua jarraitzen dugu. Berak esan zuen: «Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte» (Jn 4:34; 17:4). Hau da guk ere bihotz-bihotzez nahi duguna. Gure esku utzi den lan hau burutzeko desira dugu (Jn 20:21). Eta besteek, inaktiboak barne, gurekin lan honetan irautea nahi dugu (Mt 24:13).

20. 2 Korintoarrei 4:7⁠aren arabera, zergatik bete dezakegu Jesusek emandako agindua?

20 Ez da erraza Jesusek agindu ziguna betetzea. Baina lan honetan ez gaude bakarrik. Jesusek gurekin egongo zela hitzeman zuen. Ikasleak egitean «Jainkoaren obrako lankideak gara» eta «Kristorekin bat eginik» gaude (1 Ko 3:9; 2 Ko 2:17, EABLB). Beraz, agindua bete dezakegu. Ohore eta plazer handia da lan hau burutzea eta besteei ere eginkizun hau betetzen laguntzea! (Irakurri 2 Korintoarrei 4:7).

sjj 79. KANTA Ardiei tinko irauten irakatsi

^ § 5 Jesusek berak agindutako guztia betetzen irakasteko esan zien bere ikasleei. Artikulu honek Jesusen argibideak nola jarraitu ditzakegun aztertzen du.

^ § 2 ZER ESAN NAHI DU? Inaktiboak azken sei hilabetetan predikatze eta irakaspen lanean txostenik eman ez duten berri-emaileak dira. Hala ere, oraindik gure anai-arrebak dira eta maite ditugu.

^ § 67 IRUDIAREN AZALPENA: Biblia-ikastaroa zuzentzen ari den arrebak ikasleari Jainkoari dion maitasuna handitzeko zer egin behar duen azaltzen dio. Gero, ikasleak irakasleak eman dizkion hiru aholkuak praktikan jartzen ditu.