Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

39. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Eman zure laguntza kongregazioko arrebei

Eman zure laguntza kongregazioko arrebei

«Gudaroste handia dira berri onak aldarrikatzen dituzten emakumeak» (SAL 68:11NW ).

sjj 137. KANTA Emakume leial eta baliotsuak

ZER AZTERTUKO DUGU? *

Oso lanpetuta dauden gure arreba sutsuek bileretan, predikatze-lanean eta bilera-aretoen mantentzean parte hartzen dute. Gainera, euren anai-arrebez asko arduratzen dira (Ikusi 1. paragrafoa)

1. Zer egiten dute arrebek erakundearen alde eta zer zailtasunei egin behar diete aurre? (Ikusi azaleko irudia)

OSO pozik gaude kongregazioan gogor lan egiten duten hainbeste arreba izateaz! Esaterako, bileretan eta predikatze-lanean parte hartzen dute. Batzuek bilera-aretoak mantentzen laguntzen dute eta anai-arrebez arduratzen dira. Noski, zailtasunak ere badituzte. Batzuek zahartutako gurasoak zaintzen dituzte. Beste batzuek senideen oposizioa dute. Beste askok ezkontiderik gabe hezi behar dituzte haurrak eta horretarako gogor egin behar dute lan.

2. Zergatik saiatu behar dugu gure arrebei laguntzen?

2 Zergatik lagundu behar ditugu arrebak? Munduak askotan emakumeei ez dielako merezi duten errespetua ematen. Gainera, Bibliak beraiei laguntzeko esaten digu. Adibidez, Paulok erromatarrei Feberi ongietorria emateko esan zien. Hau egiteko ere esan zien: «Edozertan zuen beharrik balu, lagun iezaiozue» (Erm 16:1, 2). Paulo fariseu zenean, emakumeak gutxiesten zituen kulturan murgilduta zegoen. Baina kristau egin zenean, Jesus imitatu eta emakumeekin duintasunez eta goxotasunez jokatu zuen (1 Ko 11:1).

3. Nola jokatu zuen Jesusek emakumeekin eta zer pentsatzen zuen Jainkoaren nahia egiten zuten emakumeei buruz?

3 Jesusek errespetuz jokatu zuen emakume guztiekin (Jn 4:27). Ez zituen emakumeak garai hartako erlijioburu juduek bezala ikusten. Izan ere, biblia-entziklopedia batek dio: «Jesusek ez zuen sekula emakumeak gutxiesten zituen ezer esan». Gainera, Jesusek errespetu berezia zien bere Aitaren nahia egiten zuten emakumeei. Nabarmena da bere familia espirituala nork osatzen zuen esan zuenean, bai gizonak, baita emakumeak ere, aipatu zituela (Mt 12:50).

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Jesus beti zegoen bere arreba espiritualak laguntzeko prest. Estimatu eta defendatu egin zituen. Aztertu dezagun nola imitatu dezakegun Jesus gure arrebak kontuan edukitzeko.

KONTUAN EDUKI GURE ARREBA MAITEAK

5. Zergatik izan daiteke arreba batzuentzako zaila lagunarte jatorraz gozatzea?

5 Guztiok, bai anaiek, baita arrebek ere, lagunarte jatorra behar dugu. Batzuetan, hala ere, arrebentzako zaila izan daiteke behar hau asetzea. Zergatik? Hara zer esaten duten arreba batzuek. Jordan-ek * dio: «Ezkongabea naizelako, batzuetan ez dakit zein den nire lekua, ez naiz kongregazioaren parte sentitzen». Kristen-ek, predikatze-lanean gehiago egiteko beste leku batera joandako aitzindariak, dio: «Kongregazioan berria zarenean, bakarrik sentitu zaitezke». Anaia batzuk ere berdin sentitu daitezke. Lekukoak ez diren senideekin bizi direnak euren familiarengandik urrun eta, era berean, anai-arreba espiritualengandik isolaturik sentitu daitezke. Gaixo egoteagatik ezin dutelako etxetik atera edo gaixo dauden senideak zaindu behar dituztelako ere batzuk bakarrik sentitu daitezke. Annette-k dio: «Ezin nituen anai-arreben gonbidapenak onartu ni bainintzen ama zaintzeko ardura gehiena zuena».

Jesusek bezala, gure arreba leialak kontuan hartzen ditugula erakutsi dezakegu (Ikusi 6-9 paragrafoak) *

6. ⁠Lukas 10:38-42⁠ pasartearen arabera, nola lagundu zien Jesusek Marta eta Mariari?

6 Jesusek bere arreba espiritualekin denbora igaro zuen eta benetako laguna izan zen beraientzat. Maria eta Martarekin zuen adiskidetasunean pentsatu. Dirudienez biak ezkongabeak ziren (Irakurri Lukas 10:38-42). Jesusek eroso sentiarazten zituen bere hitz eta ekintzekin. Adibidez, Maria Jesusen oinetan jarrita oso gustura sentitu zen bere jarraitzaile gisa. * Eta Martak, bere ahizpak etxeko zereginetan lagundu ez ziolako haserretu zenean, Jesusi lasai esan zion barruan zuena. Bisita hartan, bi emakumeei ikasgai baliotsuak irakatsi zizkien Jesusek. Beste aldi batzuetan bisitatuz ere beraietaz eta euren anaia Lazaroz arduratzen zela erakutsi zuen (Jn 12:1-3). Ez da harritzekoa, beraz, Lazaro larriki gaixotu zenean, Maria eta Martak Jesusengana laguntza bila jotzeko konfiantza izatea (Jn 11:3, 5).

7. Zein da arrebak animatzeko moduetako bat?

7 Arreba batzuentzako bilerak dira beste kristauekin egoteko aukera nagusia. Beraz, ongietorri beroa emateko, beraiekin hitz egiteko eta beraietaz zenbat arduratzen garen erakusteko erabili nahi ditugu bilerak. Lehen aipatutako Jordan-ek dio: «Oso animatuta sentitzen naiz nire iruzkinengatik zoriontzen nautenean, nirekin predikatzeko gelditzen direnean edo nitaz arduratzen direla beste modu batzuetan erakusten didatenean». Arrebei zenbat inporta zaizkigun erakutsi behar diegu. Kia-k dio: «Bilera batera joaten ez banaiz, badakit ondo nagoen jakiteko mezu bat jasoko dudala. Honek anai-arrebak nitaz kezkatzen direla erakusten dit».

8. Zer beste modutan imitatu dezakegu Jesus?

8 Jesusek bezala, guk ere arrebekin denbora pasatzeko ahalegina egin behar dugu. Agian etxera gonbidatu ditzakegu otordu bat egiteko edo elkarrekin denbora pasatzeko. Horrelakoetan, elkarrizketa animagarriak izan nahi ditugu (Erm 1:11, 12). Jesusek bazekien batzuentzat ezkongabe izatea zaila izango zela. Baina argi utzi zuen ezkontzea edo seme-alabak izatea ez dela zoriontsu irautearen gakoa (Lk 11:27, 28). Zein da gakoa orduan? Jehobaren zerbitzuari lehentasuna ematea (Mt 19:12). Arduradunek Jesusen jarrera bera izan behar dute.

9. Zer egin dezakete arduradunek arrebei laguntzeko?

9 Arduradunak dira, batez ere, kristau emakumeak beraien arreba eta amak bezala tratatu behar dituztenak (1 Tm 5:1, 2). Bileren aurretik edo ondoren arrebekin hitz egiteko denbora hartu behar dute. Kristen-ek dio: «Arduradun batek zein lanpetuta nengoen ikustean, egunean nituen eginkizunei buruz interesa agertu zuen. Asko eskertu nuen bere ardura». Arduradunek arrebekin hitz egiteko denbora hartu ohi dutenean, beraietaz kezkatzen direla erakusten dute. * Annette-k arduradunekin hitz egiteko ohitura izatea zergatik den ona esaten du: «Hobeto ezagutzen ditut eta beraiek ere hobeto ezagutzen naute. Horrela, arazo bat dudanean, errazagoa egiten zait beraiengana laguntza eske joatea».

ESTIMATU ARREBAK

10. Zerk laguntzen die gure arrebei pozik egoten?

10 Guztiok, gizon nahiz emakume, poztu egiten gara besteak gure abileziez konturatzen direnean eta egiten dugun lana estimatzen dutela esaten digutenean. Baina inork ez baditu eskertzen gure lan eta abileziak, desanimatu egiten gara. Abigail aitzindari ezkongabea da eta batzuetan alde batera utzia sentitzen da: «Jendeak honen edo haren alaba edo arreba naizela besterik ez daki. Batzuetan ikusezina naizela sentitzen dut». Bestalde, Pam izeneko arreba ezkongabea, urte asko misiolari lanean ibili ondoren, etxera itzuli zen gurasoak zaintzeko. Orain, 70 urte baino gehiagorekin, aitzindari izaten jarraitzen du. Hau dio: «Gehien laguntzen didana besteek estimatzen nautela esatea da».

11. Nola erakutsi zuen Jesusek bera zerbitzatzen zuten emakumeak estimatzen zituela?

11 Jesus zerbitzatzen zuten emakume leialek «beren ondasunez laguntzen» zioten eta Jesus oso eskertuta zegoen horregatik (Lk 8:1-3). Bera zerbitzatzeko ohorea izaten uzteaz gain, Jainkoaren nahiari buruzko egia garrantzitsuak irakatsi zizkien. Adibidez, hil eta berpiztu egingo zela esan zien (Lk 24:5-8). Apostoluekin egin zuen bezalaxe, zailtasunei aurre egiteko prestatu zituen emakume hauek (Mk 9:30-32; 10:32-34). Eta, nahiz eta apostoluek Jesus atxilotua izan zenean ihes egin, azpimarratzekoa da emakume hauetako batzuk Jesus hiltzen ari zen bitartean han egon zirela (Mt 26:56; Mk 15:40, 41).

12. Zer eginkizun eman zien Jesusek emakumeei?

12 Jesusek eginkizun garrantzitsuak eman zizkien emakumeei. Adibidez, emakume leialak izan ziren bere berpizkundearen lehen lekukoak. Apostoluei berpiztua izan zela esateko eginkizuna beraiei eman zien (Mt 28:5, 9, 10). 33. urteko Mendekoste egunean espiritu santua isuria izan zenean, agian emakumeak egongo ziren han. Hala bada, arreba gantzutu berri haiek hizkuntza arrotzetan hitz egiteko gaitasuna jasoko zuten eta besteei «Jainkoaren egintza miragarriak» aipatu ahal izango zizkieten (Eg 1:14; 2:2-4, 11).

13. Zer eginkizun dituzte emakume kristauek gaur egun eta nola erakutsi dezakegu egiten dutena estimatzen dugula?

13 Gure arrebek zorionduak izatea merezi dute Jehobaren zerbitzuan egiten duten guztiarengatik. Euren zerbitzuaren barne eraikuntza eta mantentze lana egitea, atzerriko hizkuntzetako taldeetan laguntzea eta Beteletako instalazioetan lan egitea daude. Hondamendietarako laguntza-lanetan eta gure argitalpenak itzultzen laguntzen dute, eta aitzindari eta misiolariak dira. Anaiak bezala, arrebak ere aitzindari-eskolara, Erreinuaren berri-emaileen eskolara eta Galaadeko eskolara joaten dira. Gainera, kongregazioan eta erakundean dituzten ardura guztiak bete ditzaten, emazteek euren senarrak laguntzen dituzte. Anaia hauek «dohainak» dira eta besteen alde gauza asko egiten dituzte. Hala ere, beraien emazteen laguntzarik gabe zailagoa izango litzaieke hau dena egitea (Ef 4:8). Beraz, pentsatu al dezakezu arreba hauek zer modutan lagundu ditzakezun?

14. Zer egiten dute arduradun zuhurrek 68. Salmoa 11⁠ren arabera?

14 Arduradun zuhurrek badakite arrebak langile gogotsuz osatutako «gudaroste handia» direla eta, askotan, predikatze-lanean berri emaile onenen artean daudela (Irakurri 68. Salmoa 11NW *). Beraz, arduradunak arrebengandik ikasten saiatzen dira. Lehen aipatutako Abigailek asko estimatzen du predikatzean elkarrizketak hasteko modurik onenak zeintzuk diren anaiek galdetzea. Honakoa dio: «Honek Jehobak bere erakundean niretzako leku bat duela ikusten laguntzen dit». Gainera, arreba heldu eta leial hauek arreba gazteagoak arazoei aurre egiten laguntzen dituzte eta arduradunek honetan lan bikaina egiten dutela onartzen dute (Tt 2:3-5). Dudarik gabe, arrebek gure maitasuna eta esker ona merezi dute!

DEFENDATU ARREBAK

15. Noiz beharko dute agian arrebek norbaiten laguntza?

15 Batzuetan arrebek, zailtasun berezien aurrean, norbaitek defendatzea beharko dute agian (Is 1:17). Adibidez, arreba alargun edo dibortziatu batek, beharbada, norbaiten beharra izango du bere alde mintzatzeko edota senarrak egin ohi zituen zereginetan laguntzeko. Adineko arreba batek medikuekin hitz egiteko laguntza behar lezake. Batzuetan, aitzindari diren arrebek Jehobaren erakundean beste lanen bat egiten dute eta ez dute beste aitzindariek bezainbeste denbora predikatzen. Arrebaren batek horregatik kritikak jasotzen baditu, agian norbaitek defenda dezan beharko du. Lagundu al ditzakegu beste moduren batean? Ikusi dezagun berriro Jesusen eredua.

16. ⁠Markos 14:3-9⁠ pasartearen arabera, nola defendatu zuen Jesusek Maria?

16 Jesusek berehala defendatu zituen bere arreba espiritualak ulertuak ez zirenean izan. Adibidez, Maria defendatu zuen Martak kritikatu zuenean (Lk 10:38-42). Beste behin, batzuen ustez erabaki txar bat hartu zuelako Mariaren aurka gaizki esaka hasi zirenean, Jesusek defendatu egin zuen (Irakurri Markos 14:3-9). Jesusek Mariaren arrazoiak ulertu eta zoriondu egin zuen honakoa esanez: «Egintza ona egin du nirekin. [...] Ahal zuena egin du». Bere ekintza ona «mundu guztian barrena, berri ona hots egingo den edonon» aipatuko zela aurresan zuen. Eta hori da artikulu hau egiten ari dena. Nabarmentzekoa da Jesusek mundu osoan egingo zen predikatze-lana emakume honen ekintza eskuzabalarekin lotu izana. Kritikatua izan ondoren, zenbat lasaituko zuten Maria Jesusen hitz horiek!

17. Noiz defendatu dezakegu arreba bat? Aipatu adibide bat.

17 Defendatzen al dituzu zure arreba espiritualak beharra dutenean? Pentsatu adibide honetan. Senarra Lekukoa ez duen arreba bat askotan berandu iristen da bilerara eta amaitu bezain laster joan egiten da. Haurrak gutxitan eramaten ditu. Berri-emaile batzuk, hau ikustean, kritikatu egiten dute seme-alabak bilerara eramateko senarrari aurre egin behar liokeela esanez. Baina ez dira konturatzen arrebak ahal duen guztia egiten duela. Den-dena ez dago bere esku eta bera ez da haurrei buruzko azken erabakiak hartzen dituena. Zer egin dezakezu kritikak entzuten badituzu? Arreba zoriondu eta besteei ondo egiten ari dena aipatzen badiezu, agian komentario negatiboak geldiaraziko dituzu.

18. Zer beste modutan lagundu ditzakegu arrebak?

18 Gure arrebei laguntza praktikoa eskainiz beraietaz zenbat arduratzen garen erakusten diegu (1 Jn 3:18). Ama zaintzeko ardura zuen Annette-k dio: «Anai-arreba batzuk etxera etortzen ziren ama zaintzera eta bitartean nik beste gauza batzuk egiten nituen. Beste batzuetan janaria ekartzen zidaten. Asko maite nindutela eta kongregazioaren parte nintzela sentitu nuen». Jordan-i ere lagundu zioten. Anaia batek autoa mantentzeko ideiak eman zizkion. Hau dio: «Polita da anai-arrebak nire segurtasunaz arduratzen direla jakitea».

19. Zer beste modutan lagundu ditzakete arduradunek arrebak?

19 Arduradunak ere arreben beharrez arduratzen dira. Badakite Jehobarentzat oso inportantea dela arrebak ondo tratatuak izatea (St 1:27). Beraz, arduradunek Jesus imitatzen dute eta zentzuzkoak dira, hau da, ez dituzte arauak jartzen salbuespenak egitea hobea denean (Mt 15:22-28). Arduradunek laguntzeko ahalegina egiten dutenean, arrebek Jehobak eta bere erakundeak maite dituztela sentitzen dute. Kia-ren predikatze-taldeko arduradunak etxez aldatzera zihoala jakin zuenean, segituan laguntza antolatu zuen. Kia-k dio: «Asko murriztu zidan estresa. Hitz animagarriei eta laguntza praktikoari esker, arduradunek argi eta garbi erakutsi zidaten kongregazioaren parte garrantzitsua naizela eta egoera zailetan bakarrik ez nagoela».

KONGREGAZIOKO ARREBA GUZTIEK GURE LAGUNTZA BEHAR DUTE

20, 21. Nola erakutsi dezakegu gure arreba guztiak maite ditugula?

20 Gure kongregazioei begiratzean, gure laguntza merezi duten arreba langile asko ikusten ditugu. Zer ikasi dugu Jesusen eredutik? Gure arrebak beraiekin denbora pasatuz eta ezagutuz lagundu ditzakegula, Jehobaren zerbitzuan egiten dutenagatik estimua erakutsi dezakegula eta behar dutenean defendatu ditzakegula.

21 Erromatarrei idatzitako gutunaren amaieran, Paulo apostoluak bederatzi emakume kristau aipatzen ditu (Erm 16:1, 3, 6, 12, 13, 15). Pauloren goraintziak entzutean eta beraien ekintzengatik zorionduak izatean, dudarik gabe, emakume hauek oso animatuta sentituko ziren. Guk ere kongregazioko arrebak lagundu behar ditugu. Hala egiten dugunean, maite ditugula eta gure familiaren parte direla erakusten diegu.

sn 26. KANTA Ibili Jainkoarekin

^ § 5 Kongregazioko arrebek arazo askori egin behar diote aurre. Jesusek emakumeekin denbora igaro zuen eta estimatu eta defendatu egin zituen. Artikulu honetan bere eredua jarraituz gure arrebak nola lagundu ditzakegun aztertuko dugu.

^ § 5 Izen batzuk aldatu egin dira.

^ § 6 Biblia-entziklopedia batek dio: «Ikasleak maisuen oinetan esertzen ziren maisu izateko prestatzen zirenean. Baina emakumeek ez zuten maisu izateko baimenik. [...] Beraz, gizon judutar gehienak harrituta geldituko ziren [...] Maria Jesusen oinetan ikasteko prest zegoela ikustean».

^ § 9 Arduradunek kontuz ibili behar dute arrebak laguntzean. Adibidez, ez lukete bakarrik joan behar arrebaren bat bisitatzera.

^ § 14 68. Salmoa 11NW: «Jehobak agindua ematen du; gudaroste handia dira berri onak aldarrikatzen dituzten emakumeak».

^ § 66 IRUDIAREN AZALPENA: Jesus emakume leialez arduratu zen. Bera imitatuz, anaia batek bi arrebei laguntzen die autoko gurpila aldatzen, beste batek gaixo dagoen arreba bisitatzen du, eta hirugarren bat bere emaztearekin batera beste arreba batengana eta honen alabarengana joaten da familia-gurtza izatera.