Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

37. IKASKETARAKO ARTIKULUA

«Ez bedi gelditu zure eskua»

«Ez bedi gelditu zure eskua»

«Goizean erein ezazu zure hazia, eta arratsaldean ez bedi gelditu zure eskua» (KOH 11:6, BJU).

sn 44. KANTA Parte hartu pozik uztan

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer lotura du Kohelet 11:6⁠ak predikatze-lanarekin?

HERRIALDE batzuetan jendeak berri onak entzutean gogo onez erantzuten du. Horixe da itxaroten ari zirena! Beste herrialde batzuetan, aldiz, jendeak oso interes gutxi azaltzen du Jainkoarengan edo Biblian. Bizi zaren tokian, nola erantzuten du jendeak normalean? Erantzuna zein den axola gabe, Jehobak predikatze-lanean jarraitu dezagun nahi du berak lana amaitu dela esan arte.

2 Jehobak ezarritako garaian predikatze-lana amaituko da eta «orduan etorriko da azkena» (Mt 24:14, 36). Bitartean, nola obeditu ditzakegu «ez bedi gelditu zure eskua» hitzak? * (Irakurri Kohelet 11:6, BJU *).

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Aurreko artikuluan «giza arrantzale» onak izateko egin behar ditugun lau gauza aztertu genituen (Mt 4:19). Artikulu honetan, edozer arazo dugula ere, predikatzen jarraitzeko hartuta dugun erabakia indartzeko hiru modu aztertuko ditugu. Zergatik da garrantzitsua 1) predikatze-lanari lehentasuna ematea, 2) pazientzia izatea eta 3) fedea sendo mantentzea? Ikus dezagun.

PREDIKATZE-LANARI LEHENTASUNA EMAN

4. Zergatik eman behar diogu lehentasuna Jehobak eman digun lanari?

4 Jesusek azken egunetan jendea nolakoa izango zen eta zer gertatuko zen aurresan zuen. Bazekien gauza hauen ondorioz bere jarraitzaileek agian ez ziotela predikatze-lanari lehentasuna emango. Beraz, adi egoteko esan zien (Mt 24:42). Noeren garaian, jendeak ez zuen Noeren abisua entzun distrakzio askoren erruz. Gaur egun gauza bera gerta daiteke (Mt 24:37-39; 2 P 2:5). Horregatik eman nahi diogu lehentasuna Jehobak agindu digun lanari.

5. Nola erakusten du Eginak 1:6-8 pasarteak predikatze-lanaren zabalkuntza?

5 Gaur egun Erreinuaren berri onak zabaltzeari lehentasuna ematea behar-beharrezkoa da. Jesusek bere heriotzaren ondoren lan horrek jarraitu egingo zuela eta zabaldu egingo zela aurresan zuen (Jn 14:12). Jesus hil ondoren, bere jarraitzaileetako batzuk arrantzara bueltatu ziren. Berpiztua izan ondoren, Jesusek mirari bat eginez, bere jarraitzaileei arrain mordo bat harrapatzen lagundu zien. Gertakizun honekin giza arrantzale izateak beste edozein lanek baino garrantzi handiagoa zuela erakutsi zuen (Jn 21:15-17). Zerura igo baino lehentxeago, berak hasi zuen predikatze-lana Israeletik hasi eta lurraren bazterreraino zabalduko zela esan zien (Irakurri Eginak 1:6-8). Urte batzuk beranduago, Jesusek ikuskari baten bidez «Jaunaren egunean» * gertatuko zena erakutsi zion Joan apostoluari. Besteak beste, gertakizun txundigarri bat ikusi zuen: Aingeruek zuzenduta, «betiko balio duen mezua» zabaldua izaten ari zen «nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei» (Ap 1:10; 14:6). Argi dago Jehobak mundu-mailako predikatze-lan honetan parte hartu dezagun nahi duela lan hau amaitu arte.

6. Zerk lagunduko digu predikatze-lanari lehentasuna ematen?

6 Jehobak guri laguntzeko egiten duen guztian pentsatzen badugu, predikatze-lanari lehentasuna emango diogu. Esaterako, elikagai espiritual asko ematen digu argitalpen inprimatuen eta digitalen, audio eta bideo grabaketen, eta Interneteko saioen bidez. Pentsa ezazu: gure webgune ofizialean 1.000 hizkuntza baino gehiagotan dugu informazioa! (Mt 24:45-47). Mundu hau ideia politiko eta erlijiotsuek, eta ekonomia maila desberdinek zatitzen dute. Jainkoaren zortzi milioi zerbitzari baino gehiagok, aldiz, benetan elkartuta dagoen mundu-mailako anaiartea osatzen dute. Adibidez, 2019⁠ko apirilaren 19⁠an, mundu osoko Lekukoak elkartuta egon ziren eguneko aipua aztertzen zuen bideoa ikusiz. Arratsean, 20.919.041 lagunek Jesusen heriotzaren oroitzapena ospatu zuten. Mirari hau ikustea eta honen parte izatea ohore handia da guretzat. Honetan pentsatzeak predikatze-lanari lehentasuna ematera bultzatuko gaitu.

Jesusek ez zuen utzi predikatzean jarrita zuen arreta ezerk desbideratu zezan (Ikusi 7. paragrafoa)

7. Nola laguntzen digu Jesusen ereduak predikatze-lanari lehentasuna ematen?

7 Predikatze-lanari lehentasuna emateko beste modu bat Jesusen eredua jarraitzea da. Ez zuen utzi predikatzean jarrita zuen arreta ezerk desbideratu zezan (Jn 18:37). Ez zen erakarrita sentitu Satanasek «munduko erreinu guztiak beren handi-ederrean» erakutsi zizkionean, ezta jendeak errege egin nahi izan zuenean ere (Mt 4:8, 9; Jn 6:15). Aberastasunak lortzeko nahiak ez zuen berarengan eraginik eduki eta oposizio latzak ez zuen beldurtu (Lk 9:58; Jn 8:59). Gure fedea probapean ipintzen denean ere, predikatze-lanari lehentasuna ematea posible da. Nola? Gogoratu dezagun Paulo apostoluak kristauei emandako aholkua. Jesusen eredua jarraitzeko esan zien «adorea galdu eta etsi» ez zezaten (Heb 12:3).

PAZIENTZIA IZAN

8. Zer da pazientzia eta zergatik da bereziki beharrezkoa orain?

8 Pazientzia egoera bat aldatu bitartean patxadaz itxaroteko gaitasuna da. Askotan izan behar dugu pazientzia, agian egoera txar bat amaitzea nahi dugunean edo denbora luzez ona den zerbait itxaroten gaudenean. Habakuk profeta Judako biolentzia amaitzeko irrikan egon zen (Hab 1:2). Jesusen jarraitzaileek Erreinua «une batetik bestera azalduko zela» eta erromatarren zapalkuntzatik askatuko zituela espero zuten (Lk 19:11). Eta gu, Jainkoaren Erreinuak gaiztakeria kendu eta mundu berri zuzena ezarriko duen eguna iristeko irrikan gaude (2 P 3:13). Hala ere, Jehobak jarri duen egun hori pazientziaz itxaron behar dugu. Aztertu ditzagun pazientzia erakusteko Jehobak irakasten dizkigun modu batzuk.

9. Zerk erakusten du Jehobak pazientzia duela?

9 Jehoba pazientzia erakustearen eredu perfektua da. Noeri nahiko denbora eman zion arka eraikitzeko eta «justiziaren predikatzaile» izateko (2 P 2:5, BJU; 1 P 3:20). Jehobak Sodoma eta Gomorra hiri gaiztoetako biztanleak suntsitzea erabaki zuenean, Abrahamek behin eta berriz galdetu zion Jehobari bere erabakiari buruz eta honek entzun egin zion (Has 18:20-33). Mendeetan zehar, Jehobak izugarrizko pazientzia erakutsi zion Israelgo nazio desleialari (Ne 9:30, 31). Gaur egun ere, Jehobaren pazientzia ikusten dugu. Izan ere, bere lagunak izateko erakartzen dituenei damutzeko denbora ematen die (2 P 3:9; Jn 6:44; 1 Tm 2:3, 4). Beraz, predikatzen eta irakasten jarraitzen dugun heinean, Jehobak pazientzia erakusteko arrazoi onak ematen dizkigu. Bere Hitzean aurkitzen dugun adibide baten bidez ere pazientzia izaten irakasten digu.

Pazientzia duen nekazari langilearen antzera, guk ere gure ahaleginen emaitzak espero ditugu (Ikusi 10 eta 11 paragrafoak)

10. Zer irakasten digu Santiago 5:7, 8⁠ko nekazariaren adibideak?

10 Irakurri Santiago 5:7, 8Nekazariaren adibideak pazientzia nola izan dezakegun irakasten digu. Egia da landare batzuk azkar hazten direla. Hala ere, landare gehienek, batez ere fruitua dutenek, denbora gehiago behar dute heltzeko. Israelen, erein eta fruitua jasotzeko garaiaren artean sei bat hilabete zeuden. Nekazariak udazkeneko lehenengo euriekin ereiten zituen haziak eta udaberriko azkeneko euriekin jasotzen zuen uzta (Mk 4:28). Nekazariaren pazientzia imitatzen badugu, zuhurrak izango gara. Baina hau egitea zaila izan daiteke.

11. Nola laguntzen digu pazientziak predikatze-lanean?

11 Normalean, gizaki inperfektuek berehala ikusi nahi izaten dituzte beraien ahaleginen emaitzak. Hala ere, baratzak fruitua ematea nahi badugu, denbora guztian zaindu egin beharko dugu aitzurtuz, landatuz, belar txarrak kenduz eta ureztatuz. Era berean, Jesusen jarraitzaileak egin nahi baditugu, guk ere gogor egin behar dugu lan. Belar txarren antzera, gure biblia-ikasleen aurreiritziak eta indiferentzia errotik kentzeko denbora beharko dugu. Jendeak ez digunean entzuten, pazientziak ez desanimatzen lagunduko digu. Bestalde, norbaitek entzun eta ikasi nahi badu ere, pazientzia izan beharko dugu. Ezin dugu biblia-ikasle bat fedea izatera behartu. Batzuetan, Jesusen ikasleei ere kosta egiten zitzaien Jesusek irakasten ziena ulertzea (Jn 14:9). Gogoratu dezagun guk landatu eta ureztatu egin dezakegula, baina Jainkoak hazarazten duela (1 Ko 3:6).

12. Nola erakutsi dezakegu pazientzia Lekukoak ez diren senideei predikatzean?

12 Zaila izan daiteke Lekukoak ez diren senideei predikatzean pazientzia erakustea. Kohelet 3:1, 7⁠an aurkitzen dugun biblia-printzipioak lagundu gaitzake: «Denak du bere sasoia, [...] isiltzeko garaia eta mintzatzeko garaia». Gure jokabide ona testigantza bikaina izan daiteke gure senideentzat. Hala ere, beti egon behar dugu prest hauei Jehobari buruz hitz egiteko (1 P 3:1, 2). Gogo biziz predikatu eta irakatsi behar dugu. Baina beti erakutsi behar diogu pazientzia jende guztiari, baita gure senideei ere.

13, 14. Zeintzuk dira imitatu ditzakegun pazientzia eredu batzuk?

13 Pazientzia erakusten ikasi dezakegu bai biblia-garaiko, bai gaur egungo zerbitzari leialen eredua aztertuz. Habakukek gaiztakeria amaitzea nahi zuen, baina pazientzia erakutsi zuen honakoa esanez: «Neure guardia-postuan egongo naiz» (Hab 2:1). Paulo apostoluak bere egitekoa «burutu» nahi zuela esan zuen. Hala ere, «berri onaren lekuko» izaten jarraitu zuen pazientziaz (Eg 20:24).

14 Ikus dezagun Galaadeko eskolan izandako bikote ezkondu bati gertatutakoa. Lekuko gutxi zeuden eta kristau-erlijioa nagusia ez zen herrialde batera bidali zituzten. Oso gutxik nahi zuten Biblia ikasi. Beste herrialde batzuetan zerbitzatzen ari ziren Galaadeko ikaskideek, ordea, aurrerapausoak ematen zituzten biblia-ikastaro ugari zituztela esan zieten. Hala ere, bikoteak pazientziaz predikatzen jarraitu zuen. Oso jende gutxik entzuten zuen eremuan zortzi urtez predikatu ondoren, oso pozik sentitu ziren azkenean beraien biblia-ikasle bat bataiatu zenean. Zer irakasten digute iraganeko eta gaur eguneko adibide hauek? Zerbitzari leial hauek sutsuak izaten jarraitu zuten eta ez zuten beraien eskua gelditu. Horregatik, Jehobak beraien pazientziarengatik saritu zituen. Beraz, jarraitu dezagun «fedez eta pazientziaz promesak heredatzen dituztenen imitatzaile» izaten (Heb 6:10-12, TB).

MANTENDU SENDO ZURE FEDEA

15. Nola indartzen du Biblian dugun fedeak predikatzeko hartu dugun erabakia?

15 Predikatzen dugun mezuan fedea dugunez, mezu hau ahalik eta jende gehienarekin partekatzeko irrikan gaude. Jainkoaren Hitzean dauden promesetan konfiantza dugu (Sal 119:42; Is 40:8). Gure egunetan biblia-profezien betetzea ikusi dugu. Gainera, biblia-aholkuak jarraitzeak jendearen bizimodua nola hobetu duen ikusi dugu. Guzti honen ondorioz, gero eta ziurrago gaude jendeak Erreinuaren berri onen mezua entzutea behar duela.

16. 46. Salmoa 2-4 bertsetak kontuan hartuta, nola indartzen du Jehoba eta Jesusengan dugun fedeak predikatzeko hartu dugun erabakia?

16 Gure mezuaren Iturrian, hau da, Jehobarengan fedea dugu, baita Erreinuaren Errege egin duen Jesusengan ere (Jn 14:1). Zer egoerari aurre egin behar diogun axola gabe, Jehoba beti izango da gure babeslekua eta indarra (Irakurri 46. Salmoa 2-4 [1-3, NW ]). Gainera, Jehobak emandako botere eta agintea erabiliz, ziur gaude Jesus predikatze-lana zerutik gidatzen ari dela (Mt 28:18-20).

17. Aipatu predikatzen zergatik jarraitu behar dugun erakusten digun bizipen bat.

17 Jehobak gure ahaleginak bedeinkatzen ditu, batzuetan espero ez dugun moduan. Fedeak honetan dugun konfiantza indartzen digu (Koh 11:6). Adibidez, egunero milaka pertsonak ikusten ditu gure argitalpen-erakusgailuak. Emaitza onak al ditu predikatzeko modu honek? Bai, noski! Jainkoaren Erreinua Zerbitzatzen argitalpenaren 2014⁠ko azaroko alean erakusgailuekin lotutako bizipen bat aurkitzen dugu. Unibertsitateko ikasle batek Jehobaren lekukoei buruz idazlan bat idatzi nahi zuen, baina ez zuen bilera-aretorik aurkitu. Unibertsitatean gure erakusgailu bat ikusi eta idazlana egiteko informazioa lortu zuen. Azkenean, Jehobaren lekuko egin eta, orain, aitzindari erregularra da. Argi dago oraindik Erreinuaren mezua entzun nahi duen jendea badagoela. Honelako bizipenek predikatzen jarraitzera bultzatzen gaituzte.

EZ DEZAGUN GURE ESKUA GELDITU

18. Zergatik gaude ziur predikatze-lana Jehobak nahi bezala beteko dela?

18 Ziur egon gaitezke predikatze-lana atzerapenik gabe burutuko dela. Ikus dezagun zer gertatu zen Noeren garaian. Jehobak gauzak beti garairik hoberenean egiten dituela frogatu zuen. Adibidez, Jehobak 120 urteko aurrerapenarekin uholdea hasiko zen eguna ezarri zuen. Urte asko pasata, Jehobak arka eraikitzeko esan zion Noeri. Uholdea iritsi aurretik, Noek 40 edo 50 urte inguru eman zituen gogor lanean. Nahiz eta jendeak ez entzun, predikatzen jarraitu zuen Jehobak animaliak arkan sartzeko garaia iritsi zela esan arte. Orduan, ezarritako egunean, Jehobak «ontziko atea itxi zuen» (Has 6:3; 7:1, 2, 16).

19. Zer itxaron dezakegu ez badugu gure eskua gelditzen?

19 Laster, Jehobak predikatze-lana amaitu dela jakinaraziko digu. Orduan, Satanasen mundua suntsitu eta mundu berri zuzena ekarriko du. Bien bitartean, imita ditzagun Noe, Habakuk eta eskua gelditu ez zuten besteak. Eman predikatze-lanari lehentasuna, izan pazientzia eta mantendu sendo Jehobarengan eta bere promesetan dugun fedea.

sn 10. KANTA Ni prest nauzu! Neu bidali!

^ § 5 Aurreko artikuluak bizitzan aldaketak egiten ari diren biblia-ikasleak giza arrantzale izateko gonbidapena onartzera animatu ditu. Berri-emaile guztiek, berriek eta esperientzia handiagokoek, Jehobak predikatze-lana burutu dela esan arte lanean jarraitzeko erabakia hartu dute. Artikulu honetan, erabaki hau indartzeko hiru modu aztertuko ditugu.

^ § 2 ZER ESAN NAHI DU? Artikulu honetan, «ez bedi gelditu zure eskua» esaldiak Jehobak predikatze-lana amaitu dela esan arte berri onak zabaltzen jarraitzeko asmo sendoa izan behar dugula esan nahi du.

^ § 2 Kohelet 11:6, BJU: «Goizean erein ezazu zure hazia, eta arratsaldean ez bedi gelditu zure eskua, zeren ez dakizu zein erneko den lehenago, hau ala hura; eta bata eta bestea batean, hobeago izango ote den».

^ § 5 «Jaunaren eguna» 1914⁠an Jesus Errege bihurtu zenean hasi eta mila urteko erregetzaren amaiera arte jarraituko du.