Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

40. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zaindu Jainkoak zure esku utzi duena

Zaindu Jainkoak zure esku utzi duena

«Ene Timoteo, zaindu Jainkoak zure esku utzi duen[a]» (1 TM 6:20).

sn 34. KANTA Gure izenarekin bat bizi

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. ⁠1 Timoteori 6:20⁠aren arabera, zer jaso zuen Timoteok?

ASKOTAN uzten ditugu gauza baliotsuak besteen esku. Esaterako, gure dirua bankuan gordetzen dugu seguru egon dadin eta inork lapurtu ez dezan. Beraz, ondo ulertzen dugu zer esan nahi duen guretzako baliotsua den zerbait beste pertsona baten esku uzteak.

2 Irakurri 1 Timoteori 6:20Paulo apostoluak Timoteori baliotsua den zerbait jaso zuela gogorarazi zion: Jainkoak gizadiarentzako duen helburuari buruzko ezaguera zehatza. Jehobak bere Hitza eta berri ona zabaltzeko ohorea ere eman zion Timoteori (2 Tm 4:2, 5). Paulok Timoteori bere esku utzitakoa gordetzeko eskatu zion. Timoteoren antzera, gure esku ere gauzak baliotsuak utzi zaizkigu. Zer dira gauza hauek? Zergatik gorde behar dugu Jehobak eman digun altxorra?

EGIA BALIOTSUAK DITUGU GURE ESKU

3, 4. Zergatik dira Bibliako egiak hain baliotsuak?

3 Jehobak Bibliako egia baliotsuen ezagutza zehatza eman digu eskuzabaltasunez. Zergatik dira baliotsuak egia hauek? Jehobarekin adiskidetasuna nola izan dezakegun irakasten digutelako eta zoriontsu izateko zer egin behar dugun azaltzen dutelako. Egia hauek onartu eta hauen arabera bizitzean, irakaspen faltsuetatik eta jarduera moralgabeetatik askatzen gara (1 Ko 6:9-11).

4 Zein da Bibliako egiak hain baliotsuak izatearen beste arrazoi bat? Jehobak «jarrera egokia» duten pertsona apalei bakarrik erakusten dizkiela (Eg 13:48NW ). Apalak direnek Jehobak morroi leial eta zentzudunaren bidez Bibliari buruz irakasten digula onartzen dute (Mt 11:25; 24:45). Ezin dugu Biblia ulertu laguntzarik gabe eta ulermen baliotsu honek ez du parekorik (Es 3:13, 15).

5. Zer gehiago utzi du Jehobak gure esku?

5 Jehobak beste ohore bat ere utzi du gure esku: besteei berari eta bere helburuei buruzko egia irakastea (Mt 24:14). Zabaltzen dugun mezua balio handikoa da. Izan ere, Jehobaren familiaren parte izateko eta betiko bizitza lortzeko aukera ematen dio jendeari (1 Tm 4:16). Predikatze-lanean gutako bakoitzak zenbat egin dezakeen axola gabe, gaur egun dagoen lanik garrantzitsuenean laguntzen ari gara (1 Tm 2:3, 4). Zer-nolako ohorea den Jainkoaren lankideak izatea! (1 Ko 3:9).

EUTSI TINKO JEHOBAK EMANDAKOARI

Timoteok egiari tinko eutsi behar izan zion beste batzuk Jehobarengandik aldentzen ziren bitartean (Ikusi 6. paragrafoa)

6. Zer gertatu zitzaien adi egon ez ziren batzuei?

6 Timoteoren garaian, kristau batzuek ez zuten Jainkoaren lankide izateko ohorea estimatu. Demasek, mundu hau maitatu zuelako, Paulorekin batera zerbitzatzeari utzi zion (2 Tm 4:10). Dirudienez, Figelo eta Hermogenes Paulok jasandako pertsekuzio berdina izatearen beldur ziren. Horregatik predikatzeari utzi zioten (2 Tm 1:15). Himeneo, Alexandro eta Fileto apostasian erori eta egia utzi zuten (1 Tm 1:19, 20; 2 Tm 2:16-18). Pertsona hauek Jehoba maite ohi zuten, baina berak emandakoa baliotsua zela pentsatzeari utzi zioten.

7. Zer taktika erabiltzen ditu Satanasek gure aurka?

7 Jehobak gure eskuetan altxorrak utzi ditu eta Satanas hauek alde batera utzi ditzagun saiatzen da. Nola? Ikus ditzagun Satanasen taktika batzuk. Telebista, filmak, Internet, egunkariak, liburuak eta horrelakoak erabiltzen ditu bere ideia, pentsaera eta jokaera bultzatzeko. Zer lortu nahi du honekin? Egiarekin dugun lotura haustea. Jendearen presioaren edo pertsekuzioaren bidez gu beldurtzen saiatzen da predikatzeari utzi diezaiogun. Guk egia uzteko, apostaten gezurrak entzun ditzagun saiatzen da (1 Tm 6:20, 21).

8. Zer ikasten duzu Daniel izeneko anaiaren bizipenetik?

8 Kontuz ibiltzen ez bagara, pixkanaka-pixkanaka egiarekin dugun lotura hautsi daiteke. Ikus dezagun Danieli * gertatutakoa. Bideojokoak izugarri maite zituen. Honakoa dio: «Hamar bat urterekin hasi nintzen bideojokoekin jolasten. Hasieran kalterik egiten ez zuten jokoekin aritzen nintzen. Baina, poliki-poliki indarkeria eta deabrukeria zuten jokoekin hasi nintzen jolasean». Denborarekin, egunean 15 bat ordu igarotzen zituen jolasten. «Nire barruan banekien bideojoko mota horien eta jolasean ematen nuen denboraren ondorioz, Jehobarengandik urruntzen ari nintzela. Baina, bihotza gogortu nuen biblia-printzipioak niretzako ez zirela pentsatuz». Adi ez bagaude, entretenimenduaren eraginak egiatik erraz urrundu gaitzake. Hau gertatzen bada, Jehobak gure esku utzi dituen gauza baliotsuak galdu ditzakegu.

NOLA EUTSIKO DIOGU TINKO EGIARI?

9. 1 Timoteori 1:18, 19⁠a kontuan hartuta, norekin konparatu zuen Timoteo Paulok?

9 Irakurri 1 Timoteori 1:18, 19Paulok Timoteo soldadu batekin konparatu zuen (2 Tm 2:3). Eta «borroka eder» batean parte hartzeko esan zion. Borroka hura ez zen giza borroka, espirituala baizik. Zein modutan dira kristauak borrokan ari diren soldaduak bezalakoak? Zer ezaugarri garatu behar ditugu Jesu Kristoren soldaduok? Ikus ditzagun Pauloren adibideko bost ikasgai. Hauek egiari tinko eusten lagunduko digute.

10. Zer da jainkozaletasuna eta zergatik behar dugu?

10 Garatu jainkozaletasuna. Soldadu ona leiala da. Gogor egiten du borroka maite duen norbait edo berarentzako baliotsua den zerbait babesteko. Paulok Timoteori jainkozaletasuna garatzeko, hau da, Jainkoari leialki lotuta egoteko esan zion (1 Tm 4:7). Jainkoa gero eta gehiago maitatu, orduan eta handiagoa izango dugu egiari tinko eusteko gogoa (1 Tm 4:8-10).

Egun luze baten ondoren, agian geure burua behartu beharko dugu bilerara joateko. Hau eginez gero, bedeinkapen asko jasoko ditugu! (Ikusi 11. paragrafoa)

11. Zergatik izan behar dugu diziplinatuak?

11 Trebatu diziplinatua izateko. Soldadu batek gogor egin behar du lan borrokarako beti sasoian egoteko. Timoteo ere espiritualki sasoian mantendu zen Pauloren aholkua jarraituz. Desira txarretatik ihes egiteko, ezaugarri ederrak garatzeko eta anai-arrebekin elkartzeko aholkatu zion (2 Tm 2:22). Gauza hauek diziplinatua izatea eskatzen zuten. Guk ere diziplinatuak izan behar dugu grina txarren aurkako borroka irabazteko (Erm 7:21-25). Izaera zaharra erantzi eta berria janzten jarraitzeko ere diziplinatuak izan behar dugu (Ef 4:22, 24). Egun luze baten ondoren nekatuta gaudenean, agian geure burua behartu beharko dugu bilerara joateko (Heb 10:24, 25).

12. Nola izan gaitezke trebeagoak Biblia erabiltzean?

12 Soldadu batek bere armak erabiltzeko trebetasuna garatzeko, praktikatzeko ohitura izan behar du. Era berean, guk ere trebeak izan behar dugu Jainkoaren Hitza erabiltzean (2 Tm 2:15). Gure bileretan Bibliaren erabileran trebeak izaten ikasi dezakegu. Baina norbait Bibliako egiak baliotsuak direla konbentzitu nahi badugu, guk geuk Biblia aztertzeko ohitura izan behar dugu. Jainkoaren Hitza erabili behar dugu gure fedea sendotzeko. Honetarako, Biblia irakurri baino gehiago egin behar dugu. Zer egin behar dugu biblia-bertsetak ondo ulertu eta azaltzeko? Irakurtzen duguna «gogoan erabili» edo hausnartu eta gure argitalpenetan ikertu (1 Tm 4:13-15, BJU). Orduan, besteei irakastean, Jainkoaren Hitza erabiltzeko gai izango gara. Baina, berriz ere, biblia-aipua irakurri baino gehiago egin beharko dugu. Gure entzuleei aipua ulertzen eta aplikatzen lagundu nahi diegu. Beraz, Biblia ikasteko ohitura dugunean, irakasle hobeak izan gaitezke (2 Tm 3:16, 17).

13. ⁠Hebrearrei 5:14⁠a kontuan izanda, zergatik izan behar dugu ona eta txarra bereizteko gai?

13 Ona eta txarra bereizteko gai izan. Soldadu batek arriskua aurrez ikusi eta saihesteko gai izan behar du. Guk ere kaltetu gaitzaketen egoerak antzematen ikasi eta, gero, arriskuetatik aldentzeko pausoak eman behar ditugu (Es 22:3; irakurri Hebrearrei 5:14). Esaterako, gure aisialdi eta entretenimendua ondo aukeratu behar dugu. Telebistako saioek eta pelikulek askotan jokabide moralgabea erakusten dute. Jokabide honek Jainkoa mindu eta kaltea ekartzen du nahitanahiez. Beraz, Jehobari diogun maitasuna pixkanaka ahuldu dezakeen entretenimendua baztertzen dugu (Ef 5:5, 6).

14. Nola lagundu zion Danieli ona eta txarra bereizteko gaitasunak?

14 Lehen aipatutako anaia, Daniel, indarkeria eta deabrukeria zuten bideo jokoekin jolastea arazo bat zela ikusten hasi zen. Watchtower Library-n arazo honi aurre egiteko informazioa bilatu zuen. Zer eragin izan zuen berarengan? Bideo joko txarrekin jolasteari utzi zion. Online jolasteko harpidetzak bertan behera utzi eta beste jokalariekin jolasteari ere utzi zion. Danielek dio: «Bideo jokotan ibili ordez, etxetik kanpo gauzak egiten eta kongregazioko lagunekin denbora pasatzen hasi nintzen». Daniel orain aitzindaria eta arduraduna da.

15. Zergatik dira kontu faltsuak arriskutsuak?

15 Timoteok bezala, apostatek zabaltzen duten informazio faltsuaren arriskua bereizi edo antzeman behar dugu (1 Tm 4:1, 7; 2 Tm 2:16). Adibidez, gure anai-arrebei buruzko kontu faltsuak zabaltzen edo Jehobaren erakundeari buruzko zalantzak sortzen saiatu daitezke. Honelako gauzek gure fedea ahuldu dezakete. Ez gaitzala beraien propagandak engainatu. Izan ere, horrelako istorioak zabaltzen dituztenak «burua galdutako [edo usteldutako] jendea da, egiaren axolarik gabea». Beraien helburua «eztabaida eta hitz-liskar» etengabeak sortzea da (1 Tm 6:4, 5). Beraien gezurrak sinetsi ditzagun nahi dute, baita gure anai-arrebengan dugun konfiantza hautsi ere.

16. Zerk ez liguke arreta kendu behar?

16 Arreta ez galdu. «Kristo Jesusen soldadu onari dagokion» bezala, Timoteok bere zerbitzuan buru-belarri aritu behar zuen. Ez zion ondasunak edo beste helburu batzuk lortzeari arreta gehiegirik eman behar (2 Tm 2:3, 4). Timoteoren antzera, ezin dugu arreta galdu gauza materialak nahi izateagatik. «Diru-goseak» Jehobari diogun maitasuna, Jainkoaren Hitzari diogun estimua eta besteei mezua zabaltzeko dugun desioa ito ditzake (Mt 13:22). Bizimodu sinplea izan behar dugu eta gure denbora eta indarrak Jainkoaren Erreinua lehendabizi bilatzeko erabili behar ditugu (Mt 6:22-25, 33).

17, 18. Zer egin dezakegu Jehobarekin dugun adiskidetasuna babesteko?

17 Berehala erantzuteko aurrez prestatu. Soldadu batek bere burua babesteko aurrez egin behar ditu prestaketak. Jehobak gure esku utzi dituen gauzak babesteko, arrisku baten aurrean berehala erantzun behar dugu. Zerk lagunduko digu hau egiten? Mehatxu baten aurrean zer egingo dugun aurrez pentsatzeak.

18 Adibidez, ekitaldi bat hasi baino lehen gertuen dagoen irteera non dagoen ikusteko eskatzen digute. Zergatik? Larrialdiren bat gertatzen bada, ahalik eta azkarren atera ahal izateko. Modu berean, aldez aurretik erabaki dezakegu zer «irteera» hartuko dugun bat-batean Interneten, telebistan edo pelikularen batean irudi moralgabeak, biolentzia krudela edo apostaten informazioa topatzen badugu. Egoera hauetarako aurrez prestatzen bagara, berehala erantzun ahal izango dugu Jehobarekin dugun adiskidetasuna babesteko (Sal 101:3; 1 Tm 4:12).

19. Zer bedeinkapen izango ditugu Jehobak gure esku utzi dituen gauza baliotsuak zaintzen baditugu?

19 Jehobak gure esku gauza baliotsuak utzi ditu: Bibliako egia ederrak eta hauek besteei irakasteko ohorea. Behar-beharrezkoa dugu gauza hauek zaintzea. Hau egitean kontzientzia garbia eta bizitza esanguratsua izango ditugu. Gainera, besteei Jehoba ezagutzen laguntzen badiegu, poz handia sentituko dugu. Jehobaren laguntzarekin gure esku utzi duena zaintzeko gai izango gara (1 Tm 6:12, 19).

sjj 127. KANTA Zer-nolakoa izan behar dut?

^ § 5 Egia ezagutzeko eta besteei irakasteko ohore paregabea dugu. Artikulu honek ohore honi tinko eusten eta inoiz ez askatzen lagunduko digu.

^ § 8 Izena aldatu egin da.