Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Joseph F. Rutherford eta beste anaia batzuk Europara egindako bisitan

Duela ehun urte: 1920

Duela ehun urte: 1920

1920. urtearen hasieratik, Jehobaren herria aurrean zuen lana egiteko irrikan zegoen. Urteko aipua honakoa izan zen: «Jauna da nere sendotasuna eta nere alabantza» (Sal 117:14, BJU [118:14, NW ]).

Jehobak berri emaile gogotsu hauek indartu zituen. Urte horretan, aitzindarien kopurua 225⁠etik 350⁠era handitu zen. Eta historian lehen aldiz, 8.000 berri-emaile baino gehiagok predikatze-txostenak bidali zituzten egoitza nagusira. Jehobak izugarrizko emaitzekin bedeinkatu zituen.

APARTEKO GOGO BIZIA ZUTEN

1920⁠ko martxoaren 21⁠ean, Joseph F. Rutherford-ek, denbora hartan Bibliaren Ikasleen lana antolatzen zuenak, honako gaiari buruz hitz egin zuen: «Orain bizi diren milioika lagun ez dira inoiz hilko». Bibliaren Ikasleek bazter guztiak astindu zituzten interesatuak hitzaldira gonbidatzeko. New York hiriko antzoki handienetako bat alokatu zuten eta 320.000 gonbidapen inguru banatu zituzten.

«Orain bizi diren milioika lagun ez dira inoiz hilko» hitzaldiaren egunkari bateko iragarkia

Bibliaren Ikasleek espero baino askoz ere jende gehiago joan zen hitzaldira. Antzokian bakarrik 5.000 lagunentzako tokia zegoenez, 7.000 lagunek ezin izan zuten sartu. Aldizkari honen ingeleseko edizioak «Nazioarteko Bibliaren Ikasleek inoiz izandako bilerarik handiena eta animagarriena» izan zela esan zuen.

Bibliaren Ikasleak ezagunak egin ziren honako mezua zabaltzeagatik: «Orain bizi diren milioika lagun ez dira inoiz hilko». Garai hartan, oraindik ez zuten ulertzen Erreinuaren mezuak askoz ere toki gehiagotan eta denbora luzeagoan zabaldua izan beharko zuenik. Hala ere, aparteko gogo bizia zuten. Ida Olmstead 1902⁠an hasi zen bileretara joaten eta hau gogoratzen du: «Bagenekien bedeinkapen asko zeudela gordeta gizadi osoarentzat. Predikatzean aurkitzen genuen jende guztiari ematen genion berri on hau».

ARGITALPENAK EUREN KABUZ INPRIMATZEN ZITUZTEN

Nahiko janari espiritual izango zutela segurtatzeko, Beteleko anaiak euren kabuz argitalpenak inprimatzen hasi ziren. Tresneria erosi eta Brooklyn-eko Myrtle etorbideko 35⁠ean instalatu zuten, Betel ondoan alokatutako eraikin batean.

Leo Pelle eta Walter Kessler 1920⁠ko urtarrilean Betelen zerbitzatzeko aurkeztu ziren. Walter-ek honakoa gogoratzen du: «Iritsi ginenean inprimategiko arduradunak begiratu eta esan zigun: “Ordu eta erdi duzue bazkal ordura arte”. Eta lanean jarri gintuen sototik liburu kaxak igotzen».

Leo-k hurrengo egunean gertatutakoa aipatzen du: «Eraikinaren beheko solairuaren hormak garbitzea zen gure lana. Inoiz izan nuen lanik zikinena izan zen. Baina Jaunarentzako lanean ari ginenez, merezi zuen».

The Watch Tower aldizkaria inprimatzeko erabili zen prentsa zapala

Aste gutxi batzuetara, anaia sutsu batzuk The Watch Tower aldizkaria (gaur Talaia deitua) inprimatzen ari ziren. 1920⁠ko otsailak 1⁠eko aldizkariaren 60.000 ale inprimatu zituzten lehenengo solairuan zegoen prentsa zapalean. Bitartean, anaiek Gerraontzi deitzen zioten prentsa jarri zuten sotoan. 1920⁠an The Golden Age aldizkaria ere (gaur ¡Despertad! edo Réveillez-vous ! deitua) inprimatzen hasi ziren, apirilak 14⁠ko alea lehena izanik. Zalantzarik gabe, Jehobak langile gogotsu hauen ahaleginak bedeinkatu zituen.

«Jaunarentzako lanean ari ginenez, merezi zuen»

«BIZI GAITEZEN BAKEAN»

Jehobaren zerbitzari leialak berriz ere gogo handiz eta elkarturik predikatzen ari ziren. Hala ere, 1917⁠tik 1919⁠ra arteko garai zailetan Bibliaren Ikasle batzuek erakundea utzi zuten. Zer egin zitekeen beraiei laguntzeko?

1920⁠ko apirilaren 1⁠eko The Watch Tower aldizkariak honako artikulua zuen: «Bizi gaitezen bakean». Hau esaten zuen goxotasunez: «Ziur gaude [...] espiritu santua duen edonor [...] atzean gelditutako gauzak ahazteko prest dagoela, [...] batuta bizitzeko eta gorputz armoniatsu batek bezala lan egiteko».

Askok erantzun zieten hitz goxo hauei. Bikote ezkondu batek idatzi zuen: «Besteek [predikatzeko] lana egiten zuten bitartean, urte bete baino gehiagoz ezer ere egin gabe egon gara. Ziur gaude hori akatsa izan dela. [...] Espero dugu berriz ere ez desbideratzea». Lan ugari zuten beraien aurrean berriro lanean hasitako anai-arreba hauek.

«ZG» BANATU ZUTEN

1920⁠ko ekainaren 21⁠ean, Bibliaren Ikasleek kanpaina handi bat hasi zuten. Kanpaina honetan, «ZG», hau da, The Finished Mystery (Amaitutako misterioa) liburuaren azal biguneko edizioa banatu zuten. * Liburu hau 1918⁠an debekatu zutenean, ale asko gordeak izan ziren.

Kongregazio guztietako berri-emaileak, ez aitzindariak bakarrik, banatze lanean parte hartzera gonbidatuak izan ziren. Argitalpen batek honakoa esan zuen: «Parte hartu dezaketen sagaratu [bataiatu] guztiek gogo onez egin beharko lukete. Izan dadila hau bakoitzaren lema: “Hau egingo dut: ZG banatu”». Edmund Hooper-ek esan zuenez, anai-arreba asko kanpaina honetan joan ziren atez ate lehen aldiz. Honakoa ere esan zuen: «Orduan hasi ginen ulertzen lan hura guk espero baino askoz ere urrutirago helduko zela».

EUROPAKO LANA BERRIZ ANTOLATU ZUTEN

Lehenengo mundu-gerran zehar, beste herrialde batzuetako Bibliaren Ikasleekin komunikatzea zaila izan zen. Horregatik, Rutherford anaiak anai-arreba hauek animatu nahi izan zituen, baita predikatze-lana berriz antolatu ere. Beraz, 1920⁠ko abuztuaren 12⁠an, beste lau anaiarekin batera, bidaia luze bat hasi zuen Britainia Handia, Europa eta Ekialde Hurbila bisitatuz.

Rutherford anaia Egipton

Rutherford anaiak Britainia Handia bisitatu zuenean, Bibliaren Ikasleek hiru biltzar eta 12 bilera publiko antolatu zituzten. 50.000 bat lagun egon zirela kalkulatu zuten. Bisita laburbilduz, The Watch Tower aldizkariak esan zuen: «Denak indarberriturik eta animaturik sentitu ziren. Maitasunean eta zerbitzuan elkartuago zeuden eta bihotz tristeak bihotz alai bihurtu ziren». Parisen, Rutherford anaiak berriz ere «Orain bizi diren milioika lagun ez dira inoiz hilko» gaiari buruz hitz egin zuen. Hitzaldia hasi zenean, aretoa bete-betea zegoen. 300 lagunek informazio gehiago eskatu zuten.

Londreseko Royal Albert Hall antzokian emango zen hitzaldia iragartzen zuen posterra

Hurrengo asteetan, Rutherford anaiak eta bere bidaia-lagunek Atenas, Kairo eta Jerusalem bisitatu zituzten. Leku horietako jendearen interesa handitzeko, Rutherford anaiak argitalpenen biltegi bat ireki zuen Ramallah-n, Jerusalemdik gertu. Orduan, Europara bueltatu zen. Han Erdialdeko Europako bulegoa ezarri eta bertan argitalpenak inprimatzeko antolaketak egin zituen.

BIDEGABEKERIA BAT SALATU ZUTEN

1920⁠ko irailean, Bibliaren Ikasleek The Golden Age aldizkariaren 27. zenbakia argitaratu zuten. Ale berezi honek 1918⁠an Bibliaren Ikasleek jasan zuten pertsekuzioa salatu zuen. Lehen aipatutako prentsak, Gerraontziak, gau eta egun egin zuen lan aldizkari honen lau milioi ale baino gehiago inprimatzeko.

Poliziak Emma Martin arrebari ateratako argazkia

Aldizkari honen irakurleek Emma Martin-en ezohiko kasuari buruz jakin zuten. Martin arreba aitzindaria zen San Bernardino-n (Kalifornia). 1918⁠ko martxoaren 17⁠an, Edward Hamm, Edward Sonnenburg eta Ernest Stevens anaiekin batera, Bibliaren Ikasleen bilera txiki batera joan zen.

Bileran zegoen gizon bat ez zen hara joan Bibliari buruz ikastera. «Gobernuko fiskaltzaren bulegoak bidali ninduen bilerara» aitortu zuen beranduago. «Froga bila joan nintzen bertara». Bila ari zen «froga» aurkitu zuen: The Finished Mystery liburuaren ale bat. Egun batzuk beranduago, Martin arreba eta hiru anaiak atxilotu zituzten. Debekatutako liburuak banatzeagatik espioitzaren legea haustea leporatu zieten.

Emma eta hiru anaiak erruduntzat jo zituzten eta hiru urteko zigorra ezarri zieten. Apelazio asko egin arren, 1920⁠ko maiatzak 17⁠an kartzelara bidali zituzten. Baina laster gauzak hobera egin zuten.

1920⁠ko ekainaren 20⁠an, Rutherford anaiak euren bizipena aipatu zuen San Frantziskoko biltzar batean. Entzuleek, anai-arreba hauei emandako tratuarengatik nahigabetuta, Estatu Batuetako presidenteari telegrama bat bidaltzea adostu zuten. Martin arrebari espioitzaren legearen arabera ezarritako zigorra ez zela zuzena idatzi zioten. Funtzionario federalek euren boterea Martin arrebari tranpa jartzeko erabiltzea eta kartzelara bidaltzeko arrazoia asmatzea guztiz mespretxagarria zela esan zioten.

Hurrengo egunean bertan, Woodrow Wilson presidenteak Martin arrebari eta Hamm, Sonnenburg, eta Stevens anaiei zigorra barkatu egin zien. Kartzelaratze bidegabe hura amaitu zen.

1920. urtearen amaierarako, Bibliaren Ikasleek pozik sentitzeko arrazoi asko zituzten. Egoitza nagusiko lanak handitzen jarraitzen zuen eta benetako kristauak inoiz ez bezala ari ziren aldarrikatzen Jainkoaren Erreinua gizakien arazoen konponbide bakarra zela (Mt 24:14). Hurrengo urtea, 1921, oraindik eta urte hobea izango zen Erreinuaren egia zabaltzeko.

^ § 18 The Finished Mystery liburua Studies in the Scriptures (Idazkien ikasketak) bildumaren zazpigarren liburukia edo tomoa zen. «ZG» azal biguneko edizioa zen eta The Watch Tower aldizkariaren 1918⁠ko martxoaren 1⁠eko ale moduan inprimatu zen. «Z» letrak Zion’s Watch Tower-i egiten zion erreferentzia eta «G» letrak, alfabetoaren zazpigarren letrak, zazpigarren liburukiari.