Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

42. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Lagundu biblia-ikasleei bataioraino aurrera egiten (2. atala)

Lagundu biblia-ikasleei bataioraino aurrera egiten (2. atala)

«Egin kontu zeure buruari eta irakasten duzunari» (1 TM 4:16).

sjj 77. KANTA Distira mundu ilunean

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Nola dakigu ikasleak egiteko lanak biziak salbatzen dituela?

IKASLEAK egiteko lanak biziak salbatzen ditu! Nola dakigu hau? Jesusek Mateo 28:19, 20⁠an aurkitzen dugun agindua eman zuenean, hau esan zuen: «Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, [...] bataiatuz». Zer garrantzi du bataiatzeak? Salbamena lortzeko ezinbestekoa da. Bataiatu nahi duenak honakoa sinetsi behar du: Jesus gugatik hil eta berpiztua izan zelako soilik izan dezakegula salbamena. Horregatik esan zien Pedro apostoluak kristauei: «Bataioak [...] Jesu Kristoren piztueraren bidez salbatzen gaitu» (1 P 3:21). Beraz, ikasle bat bataiatzen denean, salbamen-bidean jartzen da.

2. Zer-nolako irakasleak izan behar dugu 2 Timoteori 4:1, 2⁠aren arabera?

2 Ikasleak egiteko, «irakasteko gaitasuna» landu behar dugu (Irakurri 2 Timoteori 4:1, 2). Zergatik? Jesusek honakoa agindu zigulako: «Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, [...] irakatsiz». Paulo apostoluak lan honi buruz esan zuen: «Eutsi tinko, hori eginez, bai zeure burua, bai entzuleak salbatuko baitituzu». Horregatik, hau esan zuen: «Egin kontu [...] irakasten duzunari» (1 Tm 4:16). Irakastea eta ikasleak egitea lotuta daudenez, gure irakasteko modua onena izatea nahi dugu.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan biblia-ikastaroak zuzentzeari buruz?

3 Milioika biblia-ikastaro zuzentzen ari gara munduan zehar. Baina aurreko artikuluak esan bezala, ikasle gehiago bataioraino zuzentzeko zer egin dezakegun jakin nahi dugu. Honetarako, artikulu honetan irakasleak egin ditzakeen beste bost gauza aztertuko ditugu.

UTZI BIBLIAK IRAKATSI DEZAN

Eskatu esperientzia duen irakasle bati Biblia hobeto erabiltzen laguntzeko (Ikusi 4-6 paragrafoak) *

4. Zergatik izan behar dugu neurritsu biblia-ikastaroak zuzentzean? (Ikusi oharra ere)

4 Jainkoaren Hitzetik irakasten duguna maite dugu. Horregatik, agian luze eta zabal hitz egin nahiko dugu honi buruz. Hala ere, Talaiaren ikasketa, kongregazioko biblia-ikasketa edo biblia-ikastaroren bat zuzentzen duenak ez luke gehiegi hitz egin behar. Bibliak irakatsi dezan, irakasleak neurritsu izan behar du. Ez du biblia-bertset edo gai bati buruz dakien guztia azaldu beharrik (Jn 16:12). * Pentsatu zenbat zenekien Bibliari buruz bataiatu zinenean eta zenbat dakizun orain. Garai hartan, seguruenik oinarrizko biblia-irakaspenak bakarrik ulertuko zenituen (Heb 6:1). Urteak behar izan dituzu orain dakizuna jakiteko. Beraz, ez saiatu ikasle berriari dena batera irakasten.

5. a) 1 Tesalonikarrei 2:13⁠aren arabera, zer nahi dugu gure ikasleak ulertzea? b) Nola animatu dezakegu ikaslea ikasten ari denari buruz hitz egitera?

5 Gure ikasleak ikasten dituen gauzak Bibliatik datozela ulertzea nahi dugu (Irakurri 1 Tesalonikarrei 2:13). Nola egin dezakegu hau? Ikasten ari denari buruz gurekin hitz egitera animatuz. Bibliako bertsetak beti zuk azaldu beharrean, eskaiozu batzuk azaldu ditzan. Lagundu ikasleari Jainkoaren Hitza bere bizitzan nola aplikatu dezakeen ikusten. Irakurritako aipuei buruz zer pentsatzen eta sentitzen duen adierazten lagunduko dioten galderak egin (Lk 10:25-28). Adibidez, honelako galderak egin: «Nola lagundu zaitu aipu honek Jehobaren ezaugarriren bat ikusten? Nola lagundu dizu biblia-irakaspen honek? Nola sentitzen zara hau ikasi ondoren?» (Es 20:5). Garrantzitsuena ez da ikasleak zenbat dakien, baizik eta dakiena zenbat maitatzen duen eta zenbateraino jarraitzen duen.

6. Zergatik izan daiteke ona esperientzia duen berri-emaile bat biblia-ikastarora gonbidatzea?

6 Biblia-ikastaroa zuzentzen duzunean, gonbidatzen al duzu irakasten esperientzia duen berri-emailerik? Hala egitean, galdetu ikastaroa zuzendu duzun moduari buruz zer pentsatzen duen eta Biblia ondo erabiltzen ari al zaren. Irakasle hobea izan nahi baduzu, apala izan behar duzu (Konparatu Eginak 18:24-26). Gero, galdegiozu bere iritzia. Ikaslea Bibliako egia ulertzen ari ote da? Era berean, astebete edo gehiago kanpoan egon behar baldin baduzu, eskaiozu ikastaroa zuzentzeko. Horrela ikastaroa erregularra izango da eta ikasleari ikastaroaren garrantzia azpimarratuko diozu. Ez pentsatu inoiz «zure» ikastaroa denik eta ezin duela beste inork zuzendu. Azken finean, ikaslearentzat hoberena nahi duzu egia ikasten jarraitu dezan.

ERAKUTSI IRAKASTEN DUZUNA SINETSI ETA MAITE DUZULA

Aipatu zure ikasleari bizimodua aldatu duten beste batzuen bizipenak. Horrela, biblia-printzipioak nola aplikatu ditzakeen ikusiko du (Ikusi 7-9 paragrafoak) *

7. Zerk lagunduko dio biblia-ikasleari ikasten duena maitatzen?

7 Biblia-irakaspenak sinetsi eta maitatzen dituzula ikusi behar du ikasleak (1 Ts 1:5NW ). Orduan, errazagoa izango da berak ere ikasten duena maitatzea. Egokia bada, kontaiozu biblia-printzipioen arabera bizitzeak nola lagundu dizun. Horrela, Biblia berarentzat ere lagungarria dela ikusiko du.

8. Zer gehiago egin dezakezu zure biblia-ikasleari laguntzeko? Zergatik?

8 Biblia-ikastaroan zehar, ikasleak dituen antzeko arazoak jasan eta gainditu dituzten anai-arrebei buruz hitz egin. Ba al dago kongregazioan ikasleari lagunduko dion eredurik? Gonbidatu ezazu berri-emaile hori ikastarora. Edo bilatu itzazu jw.org-n «Bibliak biziak aldatzen ditu» ataleko bizipen animagarriak. * Artikulu eta bideo hauek Bibliari esker bere bizitza nola hobetu dezakeen ikusten lagunduko diote.

9. Nola animatu dezakezu zure ikaslea bere familia eta lagunekin ikasitakoa partekatzera?

9 Ikaslea ezkonduta baldin badago edo bikotea badu, hau ere ikasten ari al da? Hala ez bada, gonbidatu ezazu ikastarora. Anima ezazu zure ikaslea bere familia eta lagunekin ikasitakoa partekatzera (Jn 1:40-45). Nola? Agian honakoa esanez: «Nola azalduko zenioke irakaspen hau senide bati?» edo «Zer aipu erabiliko zenuke lagun bati ideia hau frogatzeko?». Modu honetan, ikaslea irakasle izateko prestatzen ariko zara. Orduan, baldintzak betetzen dituenean, kongregazioarekin batera predikatzen hasi daiteke. Galdetu ikasleari Biblia ikasi nahiko lukeen norbait ezagutzen duen. Hala bada, agian pertsona horrekin harremanetan jartzeko antolaketak egin ditzake. Horrela Nolakoak dira biblia-ikastaroak? bideoa erakutsi ahal izango diozu. *

IKASLEA KONGREGAZIOAN LAGUNAK EGITERA ANIMATU

Animatu ikaslea kongregazioan lagunak egitera (Ikusi 10 eta 11 paragrafoak) *

10. 1 Tesalonikarrei 2:7, 8⁠aren arabera, nola imita dezake irakasleak Pauloren eredua?

10 Irakasleak ikasleaz arduratu behar du. Izan ere, kongregazioko anaia edo arreba izan daiteke laster (Irakurri 1 Tesalonikarrei 2:7, 8). Ez da erraza munduko lagunak alde batera uztea eta Jehoba zerbitzatzeko beharrezkoak diren aldaketa guztiak egitea. Kongregazioan benetako lagunak egiten lagundu behar diogu. Egin zaitez zure ikaslearen laguna elkarrekin denbora pasaz, ez biblia-ikastaroan bakarrik, baita beste momentu batzuetan ere. Asteko beste egunen batean telefono dei, mezu edo bisita labur baten bidez, zure ikasleaz benetan arduratzen zarela erakutsiko duzu.

11. Gure ikasleek kongregazioan zer edukitzea nahi dugu eta zergatik?

11 Esaera afrikar batek dio: «Haur bat heztea herrixka osoaren lana da». Era berean, honakoa esan dezakegu: «Jesusen ikasle bat egitea kongregazio osoaren lana da». Horregatik, irakasle onak ikasleari kongregazioko anai-arrebak aurkezten dizkio. Horrela, hauek eragin ona izan dezakete ikaslearengan. Orduan, ikasleak anai-arrebekin egoteaz gozatu dezake eta hauek espiritualki eta emozionalki lagunduko diote. Gure nahia ikasle bakoitzak kongregazioaren parte dela nabaritzea da. Gainera, gure anaiarte goxo eta maitekorrera erakarria sentitzea nahi dugu. Ondorioz, Jehoba maitatzen lagunduko ez diotenekin harremana haustea errazagoa egingo zaio (Es 13:20). Lehengo lagunek baztertzen badute, Jehobaren erakundean benetako lagunak izan ditzakeela jakingo du (Mk 10:29, 30; 1 P 4:4).

ESKAINTZA ETA BATAIOAREN GARRANTZIA AZPIMARRATU

Pausoz pauso, bihotzez ikasten duen biblia- ikaslea bataioraino heldu daiteke! (Ikusi 12 eta 13 paragrafoak)

12. Zergatik hitz egin behar dugu gure ikaslearekin eskaintza eta bataioaren garrantziari buruz?

12 Hitz egin askotan eskaintza eta bataioaren garrantziari buruz. Izan ere, biblia-ikastaro bat zuzentzen dugunean gure helburua ikasleari bataioraino heltzen laguntzea da. Ikastaroa erregularki egiten hasi eta hilabete batzuetara, bereziki bileretara joaten hasi ondoren, ikasleak argi ulertu behar luke ikastaroaren helburua bera Jehobaren lekuko izaten laguntzea dela.

13. Zer pauso ematen ditu ikasleak bataiatzeko?

13 Bataiatu nahi duen ikasleak hainbat pauso ematen ditu bere helburua betetzeko. Lehenengo, ikasleak Jehoba ezagutu, maitatu eta berarengan fedea ipintzen du (Jn 3:16; 17:3). Orduan, Jehobaren eta kongregazioko anai-arreben laguna egiten da (Heb 10:24, 25; St 4:8). Gero, ikasleak jokabide txarrak baztertu eta bere bekatuengatik damutzen da (Eg 3:19). Gainera, besteei orain sinesten duenaz hitz egiten die (2 Ko 4:13). Azkenean, bere burua Jehobari eskaini eta hau bataioaren bidez erakusten du (1 P 3:21; 4:2). Hau bai dela egun pozgarria denontzako! Ikasleak bere helburua lortzeko pausoak eman ahala, zoriontzen jarraitu eta animatu aurrera egiten segi dezan.

AZTERTU SARRITAN IKASLEAREN AURRERAPENA

14. Nola neurtu dezake irakasleak ikaslearen aurrerapena?

14 Pazientzia izan behar dugu ikaslea eskaintza eta bataioraino heltzen laguntzean. Baina, nolabait, Jehoba zerbitzatu nahi duen jakin behar dugu. Erakusten al du Jesusen aginduak obeditzen saiatzen ari dela? Edo Bibliako gauza interesgarriak bakarrik ezagutu nahi ditu?

15. Nola ikusiko du irakasleak ikaslea aurrera egiten ari den?

15 Aztertu sarritan ikaslearen aurrerapena. Adibidez, adierazten al du Jehobari buruz sentitzen duena? Egiten al dio otoitz? (Sal 116:1, 2). Gustatzen al zaio Biblia irakurtzea? (Sal 119:97). Bileretara joateko ohitura al du? (Sal 22:23 [22:22, NW ]). Beharrezkoa den aldaketaren bat egin al du bere bizimoduan? (Sal 119:112). Hasi al da ikasten ari denaz senide eta lagunekin hitz egiten? (Sal 9:2 [9:1, NW ]). Eta guztiaren gainetik, izan nahi al du Jehobaren lekuko? (Sal 40:8, 9 [40:7, 8, NW ]). Ikasleak ez badu hauetako arlo bakar batean aurrerapenik egiten, saiatu kontu handiz arrazoia zein ote den jakiten eta, ondoren, hitz egin horri buruz goxotasunez baina argi. *

16. Zerk erakutsi dezake ikastaroa bertan behera utzi behar duzula?

16 Noizbehinka galdetu zeure buruari ikaslearekin ikasten jarraitu behar al zenukeen. Galdetu honakoa: «Prestatzen al da ikastarorako? Joan nahi al du bileretara? Utzi al ditu ohitura txarrak? Utzi al dio erlijio faltsuaren parte izateari?». Erantzuna ezetz bada, berarekin ikasten jarraitzea busti nahi ez duen norbaiti igeri egiten irakasten saiatzea bezalakoa izango litzateke! Ikasleak ez badu ikasten ari dena benetan estimatzen eta aldaketak egiteko prest ez badago, zertarako ikasten jarraitu?

17. 1 Timoteori 4:16⁠aren arabera, zer egin behar dute biblia-irakasle guztiek?

17 Ikasleak egiteko ardura dugu. Hau betetzea oso garrantzitsua da. Gainera, gure biblia-ikasleei bataioraino aurrera egiten lagundu nahi diegu. Horregatik Bibliak irakatsi dezan uzten dugu. Irakasten duguna sinetsi eta maite dugula ere erakusten dugu. Ikasleak kongregazioan lagunak egitera animatzen ditugu. Eta eskaintza eta bataioaren garrantzia azpimarratzen dugu ikaslearen aurrerapena sarritan aztertuz (Ikusi « Zer egin behar du irakasleak ikasleak bataioraino aurrera egiteko?» taula). Zoriontsu egiten gaitu biziak salbatzen dituen lan honetan parte hartzeak! Ahal dugun guztia egin nahi dugu gure biblia-ikasleei bataioraino heltzen laguntzeko.

sjj 79. KANTA Ardiei tinko irauten irakatsi

^ § 5 Biblia-ikastaroak zuzentzen ditugunean, jendeari Jehobak nahi duen moduan pentsatzen, sentitzen eta jokatzen laguntzen diogu. Hau ohore handia da. Artikulu honek irakasle hobeak nola izan gaitezkeen aztertzen jarraituko du.

^ § 4 Ikusi 2016⁠ko Kristauon zerbitzu eta bizimodua lan-koadernoaren iraileko alearen «Baztertu hurrengo eragozpenak biblia-ikastaroa egitean» artikulua.

^ § 8 Jo GURI BURUZ > BIZIPENAK atalera.

^ § 9 JW Library® aplikazioan, jo MULTIMEDIA > BILERAK ETA PREDIKATZE-LANA > PREDIKATZEKO TRESNAK atalera.

^ § 77 IRUDIAREN AZALPENA: Biblia-ikastaroaren ondoren, esperientziadun arrebak ikastaroa zuzendu duen arrebari gehiegi ez hitz egiteko nola egin dezakeen azaltzen dio.

^ § 79 IRUDIAREN AZALPENA: Ikastaroan zehar, ikasleak emazte hobea izaten ikasten du. Beranduago, ikasi duena bere senarrari kontatzen dio.

^ § 81 IRUDIAREN AZALPENA: Ikasleak bilera-aretoan laguna egiten du eta beste momentu batean, bere senarrarekin batera, lagun berriaren etxean besteekin denbora pasatzeaz gozatzen du.