Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

30. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Egiaren arabera bizi

Egiaren arabera bizi

«Ezerk ez dit poz handiagorik ematen, nire seme-alabak egiaren arabera bizi direla entzuteak baino» (3 JN 4).

sjj 54. KANTA «Hona hemen bidea»

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zerk ematen digu poz handia 3 Joan 3, 4⁠aren arabera?

JOAN apostoluarekin egia ikasi zutenek Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzen zuten. Imajinatzen al duzu zer-nolako poza izango zuen Joanek hori jakitean? Arazo asko izan zituzten eta Joan gogor ari zen lanean kristau leial hauen fedea sendotzeko. Izan ere, berarentzat seme-alabak bezalakoak ziren. Era berean, guk ere poz handia dugu gure seme-alabek edota biblia-ikasleek euren buruak Jehobari eskaini eta bera zerbitzatzen jarraitzen dutenean (Irakurri 3 Joan 3, 4).

2. Zein zen Joanek idatzi zituen gutunen helburua?

Joan K.o. 98. urtean seguruenik Efeson edo inguruan bizi zen. Agian Patmos irlako espetxetik atera ondoren joan zen hara. Garai hartan, Jehobaren espiritu santuak hiru gutun idaztera bultzatu zuen. Gutun hauek Jesusengan zuten fedea mantentzera eta egiaren arabera bizitzen jarraitzera animatu nahi zituzten kristau leialak.

3. Zer galdera erantzungo ditugu?

Joan bizirik zegoen azkeneko apostolua zen. Kongregazioan maisu faltsuek zuten eragin txarraz kezkatuta zegoen (1 Jn 2:18, 19, 26). * Apostata haiek Jainkoa ezagutzen zutela esaten zuten, baina ez zituzten Jehobaren aginduak betetzen. Aztertu dezagun Joanek emandako aholku inspiratua. Artikulu honetan hiru galdera erantzungo ditugu: Zer esan nahi du egiaren arabera bizitzeak? Zer oztopo ditugu? Eta zer egin dezakegu bata besteari egian irauten laguntzeko?

ZER ESAN NAHI DU EGIAREN ARABERA BIZITZEAK?

4. Egiaren arabera bizitzeko zer egin behar dugula esaten dute 1 Joan 2:3-6 eta 2 Joan 4, 6 aipuek?

4 Egiaren arabera bizitzeko, Jainkoaren Hitzean dauden egiak ezagutzea beharrezkoa dugu. Honetaz gain, «Jainkoaren aginduak bete» behar ditugu (Irakurri 1 Joan 2:3-6; 2 Joan 4, 6). Jesus da Jehoba obeditzearen eredu perfektua. Beraz, Jehoba obeditzeko modu garrantzitsu bat Jesusen urratsak ahalik eta hobekien jarraitzea da (Jn 8:29; 1 P 2:21).

5. Zertaz egon behar dugu ziur?

5 Egiaren arabera bizitzeko, ziur egon behar dugu Jehoba egiaren Jainkoa dela eta bere Hitzean, Biblian, aurkitzen dugun guztia egia dela. Gainera, Jesus promestutako Mesias dela sinetsi behar dugu. Gaur egun, askok zalantzan jartzen dute Jesus Jainkoaren Erreinuko errege izateko aukeratua izan dela. Joanek «engainatzaile asko» izango zirela ohartarazi zuen. Jehoba eta Jesusi buruzko egia defendatzeko prestaturik ez zeudenak engainatu zitzaketen hauek (2 Jn 7-11). Joanek honakoa idatzi zuen: «Nor da gezurtia Jesus Mesias dela ukatzen duena baizik?» (1 Jn 2:22). Engainatuak ez izateko modu bakarra Biblia aztertzea da. Orduan bakarrik iritsiko gara Jehoba eta Jesus ezagutzera (Jn 17:3). Eta horrela bakarrik egongo gara ziur egia dugula.

ZER OZTOPO DITUGU?

6. Zer oztopo dituzte kristau gazteek?

6 Kristau guztiok egon behar dugu erne giza filosofiak engainatu ez gaitzan (1 Jn 2:26). Kristau gazteak batez ere egon behar dute arrisku horri adi. Alexiak *, 25 urteko arreba frantsesak, dio: «Eskolan nintzenean eboluzioa eta beste giza filosofia batzuk ikasi nituen eta ideia hauek egia zalantzan jartzea eragin zidaten. Batzuetan, irakaspen horiek erakargarriak egiten zitzaizkidan. Baina, biblia-irakaskuntza baztertzea eta irakasleek esaten zidaten guztia sinestea ez zela bidezkoa iruditzen zitzaidan». Alexia eboluzioa eta kreazioa aztertzen duen liburu bat irakurtzen hasi zen. * Aste batzuk pasa ondoren, bere zalantzak desagertu egin ziren. Alexiak dio: «Neure buruari frogatu nion Bibliak dioena egia dela. Eta egiaren arabera bizitzeak bakea eta zoriontasuna emango zidala konturatu nintzen».

7. Zer presiori egin behar diogu aurre eta zergatik?

7 Kristau guztiok, gazte nahiz heldu, aurpegi-biko bizitza izateko presioari aurre egin behar diogu. Joanek egiaren arabera bizitzea eta, era berean, bizimodu moralgabea izatea ezinezkoa dela esan zuen (1 Jn 1:6). Jainkoaren onespena nahi badugu, egiten dugun guztia Jehobak ikusten duela gogoratu behar dugu. Berez, ez dago isilpeko bekaturik (Heb 4:13).

8. Zer baztertu behar dugu?

8 Bekatuari buruzko munduaren ikuspuntua baztertu behar dugu. Joan apostoluak idatzi zuen: «Bekaturik ez dugula esaten badugu, geure burua engainatzen dugu» (1 Jn 1:8). Joanen garaiko apostaten arabera, norbait nahita bekatu egiten ibili arren, Jainkoaren laguna izan zitekeen. Gaur egun, ikuspuntu bera duen jendez inguratuta bizi gara. Askok Jainkoarengan sinesten dutela esan arren, ez datoz bat bekatuari buruzko Jehobaren ikuspuntuarekin, batez ere, sexuari dagokionean. Jehobarentzat bekatua dena norberaren askatasuna edo bizimodu alternatiboa dela esaten dute.

Gazteok, ikertu Jehobak zergatik esaten duen zerbait ongi edo gaizki dagoen. Orduan gaizki dagoena ez egitea zergatik erabaki duzuen azaldu ahal izango duzue. (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak) *

9. Zergatik da gazteentzako ona biblia-sinesmenen arabera bizitzea?

9 Kristau gazteek, batez ere, gelakideen edo lankideen ikuspuntu moralgabea izateko presioa sentitu dezakete. Hauxe gertatu zitzaion Alexanderri. Honakoa dio: «Eskolako neska batzuek beraiekin sexu-harremanak izatera bultzatzen ninduten. Baztertu egiten nituenez eta neska-lagunik ez nuenez, homosexuala izan behar nuela esaten zuten». Aurre egin behar izan al diozu horrelako probaren bati? Hala bada, gogoratu ezazu biblia-sinesmenen arabera bizi bazara, zure autoestimua, osasun fisiko eta emozionala, eta Jehobarekin duzun adiskidetasuna babestuko dituzula. Tentazioei aurre egiten diezun heinean, geroz eta errazago izango zaizu ongi dagoena egitea. Oroitu, gainera, sexuari buruz mundu honek duen ikuspuntu okerra Satanasengandik datorrela. Beraz, munduaren pentsaera izatea baztertzen duzunean «gaiztoa» garaitzen duzu (1 Jn 2:14).

10. Nola laguntzen digu 1 Joan 1:9⁠ak Jehoba kontzientzia garbiarekin zerbitzatzen?

10 Jehobak bekatua zer den esateko eskubide osoa duela onartzen dugu. Gainera, bekaturik ez egiteko ahal dugun guztia egiten dugu. Baina bekatu egiten dugunean, Jehobari otoitzean gure akatsa aitortzen diogu (Irakurri 1 Joan 1:9). Bekatu larriren bat egiten badugu, Jehobak gu zaintzeko izendatu dituen arduradunen laguntza bilatzen dugu (St 5:14-16). Baina ez genuke errudun sentitzen jarraitu behar iraganean egindako bekatuengatik. Zergatik ez? Gure Aita maitekorrak bere Semea eskaini zuelako gure bekatuak barkatuak izateko. Jehoba, damututako bekatariei barkatuko diela esaten duenean, benetan ari da. Beraz, ez dago Jehoba kontzientzia garbiarekin zerbitzatzea oztopa dezakeen ezer (1 Jn 2:1, 2, 12; 3:19, 20).

11. Zer egin dezakegu gure fedea kaltetu dezaketen ideietatik babesteko?

11 Apostaten ideiak baztertu behar ditugu. Kristau kongregazioaren hasieratik, Deabrua engainatzaile ugari erabiltzen ibili da Jainkoaren zerbitzariengan zalantzak sortzeko. Ondorioz, egia eta gezurra nola bereizi jakin behar dugu. * Gure etsaiek, Internet edo sare sozialak erabiliz, gezurrak zabaldu ditzakete Jehobarengan dugun konfiantza eta anai-arrebei diegun maitasuna ahultzeko. Gogoratu nor dagoen gezur horien atzean eta baztertu itzazu (1 Jn 4:1, 6; Ap 12:9).

12. Zergatik sendotu behar genuke biblia-irakaspenetan dugun fedea?

12 Satanasen erasoei aurre egiteko, Jesusengan eta Jainkoak bere nahia betetzeko bere Semea erabiltzen duen moduan fedea sendotu behar dugu. Gainera, Jehobak bere erakundea zuzentzeko erabiltzen dituenengan konfiantza izan behar dugu (Mt 24:45-47). Jainkoaren Hitza aztertzeko ohitura izanez indartzen dugu gure fedea. Horrela lurrean sakon errotutako sustraiak dituen zuhaitza bezalakoa izango da. Paulok antzekoa esan zuen Kolosako kongregazioari idaztean: «Kristo Jesus Jauna onartu duzuenez gero, jarraitu berari dagokionez bizitzen. Harengan errotuak eta oinarrituak, iraun sendo sinesmenean» (Kol 2:6, 7). Gure fedea sendotzeko gogor egiten badugu lan, egiaren arabera bizitzen jarraituko dugu. Ezinezkoa izango zaie Satanasi eta bere alde daudenei gu geldiaraztea (2 Jn 8, 9).

13. Zer gertatzea espero behar dugu eta zergatik?

13 Munduak gu gorrotatzea espero behar dugu (1 Jn 3:13). Joanek «mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela» gogorarazten digu (1 Jn 5:19). Satanas gero eta amorratuago dago mundu honen amaiera gerturatzen den heinean (Ap 12:12). Badaki denbora gutxi duela gure predikatze-lana gelditzeko eta gure fedea suntsitzeko. Horregatik batzuetan agerikoak ez diren erasoez baliatzen da, esaterako, moralgabekeria eta apostaten gezurrak. Beste batzuetan, berriz, pertsekuzioaren moduko eraso zuzenak erabiltzen ditu. Ez da harritzekoa, hortaz, hainbat herrialdetan gure lana mugatuta edo debekatuta egotea. Hala ere, herrialde horietako anai-arrebek aurrera egiten dute. Satanasek Jehobaren herriari zer egiten dion axola gabe, leial iraun dezakegula erakusten dute.

LAGUNDU BATA BESTEARI EGIAN IRAUTEN

14. Zein da anai-arrebei egian irauten laguntzeko modu bat?

14 Gure anai-arrebei egian irauten laguntzeko, errukia erakutsi behar dugu (1 Jn 3:10, 11, 16-18). Ez dugu elkar maitatu behar gauzak ondo doazenean bakarrik; arazoak sortzen direnean ere bata bestea maitatu behar dugu. Adibidez, ezagutzen al duzu senide ala lagunen bat hil zaion anaia edo arrebarik? Behar al du kontsolatua izatea edo beste moduren bateko laguntzarik? Edo entzun al duzu gure anai-arrebek hondamendi naturalen bat sufritu dutela? Behar al dute laguntzarik bilera-aretoa edo beraien etxeak konpontzeko? Gure anai-arrebei diegun erruki eta maitasun handia hitzez erakusteaz gain, gure ekintzez erakutsi behar diegu batez ere.

15. Zer egin behar dugu 1 Joan 4:7, 8⁠aren arabera?

15 Elkar maitatzen dugunean gure Aita maitekorra imitatzen dugu (Irakurri 1 Joan 4:7, 8). Maitasuna erakusteko modu garrantzitsu bat bata besteari barkatzea da. Adibidez, norbaitek gu mindu ondoren barkamena eskatzen digunean, barkatuz eta egin diguna ahaztuz erakusten dugu maitasuna (Kol 3:13). Aldo izeneko anaia minduta sentitu zen berak errespetatzen zuen anaia batek bere kulturari buruzko komentario itsusia egin zuenean. Aldok dio: «Etengabe otoitz egiten nion Jehobari anaia horren aurkako pentsamendu negatiborik ez izateko». Baina Aldok hau baino gehiago egin zuen. Anaiari elkarrekin predikatzera joateko eskatu zion. Predikatze-lanean zebiltzala, anaiari bere komentarioak zenbat mindu zuen azaldu zion. Aldok dio: «Anaiak minduta nengoela jakitean, barkamena eskatu zidan. Eskatzeko moduagatik zein damututa zegoen ikusi ahal izan nuen. Arazoa atzean utzi eta lagun onak izaten jarraitu genuen».

16, 17. Zer egin behar dugu zalantzarik gabe?

16 Joan apostoluak asko maite zituen bere anai-arrebak eta hauek fede sendoa izatea nahi zuen. Bere maitasun eta ardura argi eta garbi ikusten dira bere hiru gutunetan idatzi zizkien aholkuetan. Jesusekin zeruan agintzeko «gantzudura» jaso duten gizon-emakumeek Joanek zuen maitasun eta ardura bera dute (1 Jn 2:27, BS). Zein animagarria den hori jakitea!

17 Hartu ditzagun gogoan aztertutako aholkuak. Bizi gaitezen egiaren arabera, hau da, obeditu dezagun Jehoba egiten dugun guztian. Aztertu bere Hitza eta bertan aurkitzen duguna egia dela sinetsi. Izan Jesusengan fede sendoa. Baztertu giza filosofiak eta apostaten ideiak. Aurre egin aurpegi-biko bizitza izateko eta bekatu egiteko presioari. Bizi Jehobaren arau moral ezin hobeen arabera. Eta lagundu anai-arrebei egian sendo egoten mintzen gaituztenei barkatuz eta beharrean daudenei lagunduz. Orduan, zein zailtasun dugun axola gabe, egiaren arabera bizitzen jarraituko dugu.

sn 11. KANTA Poztu Jehobaren bihotza

^ § 5 Satanas gezurraren aita da eta bere agindupean dagoen munduan bizi gara. Horregatik, egiaren arabera bizitzea oso zaila izan daiteke guretzako. Lehen mendearen amaieran bizi ziren kristauek ere arazo berdina izan zuten. Beraiei eta guri laguntzeko, Jehobak Joan apostolua inspiratu zuen hiru gutun idazteko. Gutun horiek ditugun oztopoak zeintzuk diren eta hauek nola gainditu ditzakegun jakiten lagunduko digute.

^ § 6 Artikulu honetako izen batzuk aldatu egin dira.

^ § 6 Liburu honen izenburua La vida... ¿cómo se presentó aquí? ¿Por evolución, o por creación? edo La vie: comment est- elle apparue ? Évolution ou création ? da, Jehobaren lekukoek argitaratua.

^ § 11 Ikusi ezazu 2018⁠ko abuztuko aldizkari honen «¿Tenemos todos los datos?» edo «As-tu vraiment tous les faits ?» artikulua.

^ § 60 IRUDIAREN AZALPENA: Arreba gazte baten eskola propaganda homosexualaz josita dago [Kultura batzuetan ortzadarraren koloreak homosexualitatearekin lotzen dira]. Gero, kristau-sinesmenak sendotzeko ikerketa egiten du. Honek egoera zail bati aurre egiten laguntzen dio.