BIZIPENA
Egin behar nuena besterik ez dut egin
Donald Ridley 30 urte baino gehiagoz Jehobaren lekukoak auzitegietan defendatu zituen abokatua izan zen. Odol-transfusioak baztertzeko pazienteen eskubideak defendatzen eginkizun garrantzitsua izan zuen. Bere lanari esker Estatu Batuetako auzitegi gorenetan garaipen asko lortu ziren. Bere lagunek Don deitzen zioten eta langilea, apala eta sakrifikatua zen.
2019an Don-i sendabiderik ez zuen gaixotasun neurologiko arraro bat zuela esan zioten. Gaixotasuna segituan zabaldu zen eta 2019ko abuztuaren 16an hil zen. Hau da bere bizipena.
1954an jaio nintzen St. Paul-en (Minnesota, AEB), erdi-mailako familia katoliko batean. Bost anai-arrebetako bigarrena naiz. Eskola katoliko batean ikasten nuen eta eliz-mutila nintzen. Hala ere, ez nekien asko Bibliari buruz. Nahiz eta dena sortu duen Jainko bat egon behar duela sinetsi, elizan fedea galdu nuen.
EGIA EZAGUTU NUEN
William Mitchell zuzenbide-eskolan ikasten ari nintzen lehen urtean, Jehobaren lekukoek bisitatu ninduten. Arropa garbitzen lanpetuta nenbilenez, bikoteak beste batean itzuliko zela esan zidan. Itzuli zirenean, bi galdera nituen beraientzako. Batetik, zergatik duen arrakasta handiagoa jende gaiztoak onak baino eta, bestetik, nola izan gaitezken benetan zoriontsu. La verdad que lleva a vida eterna (La vérité qui conduit à la vie éternelle) liburua eta azal berde distiratsua zuen Biblia onartu nituen, baita biblia-ikastaroa ere. Honek begiak ireki zizkidan. Asko poztu ninduen Jainkoaren Erreinua lurrean aginduko duen gobernua dela
jakiteak. Giza gobernuek huts egin eta mundua oinaze, sufrimendu, injustizia eta ezbeharrez bete dutela ikusi nuen.1982an neure burua Jehobari eskaini nion eta, beranduago, urte horretan bertan, St. Paul-eko eraikin handi batean egin zen biltzarrean bataiatu nintzen. Hurrengo astean eraikin horretara itzuli nintzen abokatu izateko azken azterketa egiteko. Urriaren hasieran azterketa gainditu nuela jakin nuen. Abokatu gisa lanean hasi nintekeen.
Biltzar hartan Brooklyn-eko Betelen zerbitzatzen zuen Mike Richardson anaia ezagutu nuen. Egoitza nagusian bulego legal bat martxan jarri zela azaldu zidan. Eginak 8:36an etiopiar irenak esandako hitzak gogoratu nituen eta neure buruari galdetu nion: «Zerk eragozten dit Bulego Legalean lan egiteko neure burua eskaintzea?». Beraz, Betelen zerbitzatzeko eskaera bete nuen.
Nire gurasoak ez zeuden pozik Jehobaren lekuko egin nintzelako. Aitak Betelen egiten nuen lanak nire abokatu karrerari nola lagunduko zion galdetu zidan. Lan boluntarioa egingo nuela azaldu nion. Hilero Betelen zerbitzatzen zutenei ematen zizkieten 75 dolar emango zizkidatela esan nion.
Auzitegian lan egiteko hitz emana nuenez, ezin izan nuen berehala Betelera joan. 1984an hasi nuen Beteleko zerbitzua Brooklyn-en (New York). Bulego Legalean hasi nintzen lanean. Auzitegian eman nuen denborak etorriko zenari aurre egiteko prestatu ninduen.
STANLEY ANTZOKIAREN BERRITZEA
1983ko azaroan, Jersey hiriko (New Jersey) Stanley Antzokia erosi zuen erakundeak. Anaiek eraikineko elektrizitate eta iturgin sistemak berritzeko eskaera egin zuten. Hiriko funtzionarioekin elkartu zirenean, Stanley Antzokia Jehobaren lekukoen biltzar-areto izateko erabili nahi zutela azaldu zieten. Honek arazo bat eragin zuen. Jersey hiriko legeen arabera, gurtzarako erabiltzen ziren eraikinak etxebizitzak zeuden tokietan bakarrik egon zitezkeen. Antzokia merkataritza eremuan eraikia zegoenez, funtzionarioek ez zuten berritzeko baimenik eman. Anaiek errekurtsoa ipini zuten, baina honi ere ezezkoa eman zitzaion.
Beteleko nire lehen astean, erakundeak gaia auzitegi federalera eraman zuen, baimenen ezezkoari aurre eginez. St. Paul-eko
auzitegi federalean bi urtez lan egin nuenez, horrelako kasuak ondo ezagutzen nituen. Gure abokatuetako batek Stanley Antzokia hainbat ekitalditarako erabilia izan zela argudiatu zuen. Film eta rock kontzertuetarako erabili izan bazen, nolatan izan zitekeen legez kanpokoa erlijio-ekitaldi bat egitea? Auzitegiak gaia aztertu ondoren, Jersey hiriak erlijio-askatasuna hautsi zuela erabaki zuen. Auzitegiak beharrezko baimenak emateko agindu zion hiriari. Jehobaren erakundea lege baliabideak erabiltzen ari zen Erreinuaren interesen alde egiteko. Jehobak ahalegin horiek nola bedeinkatzen zituen ikusi nuen eta poz-pozik nengoen horren parte izateagatik.Anai-arrebek izugarrizko berritze proiektu bat hasi zuten. Urte bete pasa baino lehenago, 1985eko irailaren 8an, Galaad-eko 79. ikastaldearen graduazioa ospatu zen Jersey hiriko biltzar-aretoan. Oso zoriontsu egin ninduen Jehobaren aldeko lan honetan laguntzeak. Lehen abokatu gisa egin nuen lanak baino poz handiagoa eman zidan. Garai hartan ezin nuen imajinatu ere egin Jehobak niretzako zenbat eginkizun garrantzitsu zituen gordeta.
ODOLIK GABEKO TRATAMENDUA AUZITEGIETAN
80. hamarkadan ohikoa zen mediku eta ospitaleek odolaren erabilerari buruzko Lekuko helduen erabakia ez onartzea. Haurdun zeuden emakumeek oztopo handiagoak izaten zituzten, epaileek transfusioak baztertzeko eskubiderik ez zutela pentsatzen baitzuten askotan. Amak transfusiorik onartzen ez bazuen, hil egingo zela eta haurrak amarik gabe hazi beharko zuela esaten zuten.
1988ko abenduaren 29an Denise Nicoleau arrebak hemorragia larria izan zuen bere semea erditu ondoren. Hemoglobina 5etik behera jaitsi eta medikuak odol-transfusioa egiteko baimena eskatu zion. Nicoleau arrebak ezetz esan zion. Hurrengo goizean, ospitaleak bere ustez beharrezkoak ziren odol-transfusioak egiteko baimena eskatu zion epaile bati. Epaileak ez zion Nicoleau arrebari, ezta bere senarrari ere, beraien ikuspuntua azaltzeko aukerarik eman. Ospitaleari transfusioak egiteko baimena eman zionik ere ez zien esan.
Ostiralean, abenduaren 30ean, ospitaleko langileek odol-transfusioa egin zioten Nicoleau arrebari, nahiz eta senarra eta senideak guztiz aurka egon. Arratsalde hartan, hainbat senide eta arduradun atxilotu zituzten odol-transfusioa eragozteko ohearen inguruan jartzeagatik. Larunbat goizean, abenduaren 31n, New York hiriko
eta Long Island-eko komunikabideek gertatutakoaren berri eman zuten.Astelehen goizean, Auzitegi Goreneko Milton Mollen epailearekin hitz egin nuen. Kasua azaldu nion eta argi esan nion beste epaileak azalpenak entzun gabe baimendu zuela odol-transfusioa. Mollen-ek arratsaldean bere bulegora joateko eskatu zidan gertatutakoa eta kasuari zegozkion legeak aztertzeko. Nire arduraduna, Philip Brumley anaia, nirekin etorri zen arratsalde horretan Mollen epailearen bulegora. Epaileak ospitaleko abokatua ere gonbidatu zuen. Eztabaida bizia izan genuen. Momentu batean, Brumley anaiak «lasaitu» idatzi zidan bere koadernoan. Atzera begira, aholku ona izan zen, ospitaleko abokatua oker zegoela frogatu nahian asko haserretzen ari bainintzen.
Ordubete pasa ondoren, Mollen epaileak kasua hurrengo egunean epaituko zen lehenengoa izango zela esan zuen. Bulegotik ateratzen ari ginenean, ospitaleko abokatuak hurrengo egunean «lan zaila» izango zuela esan zuen Mollen epaileak. Abokatuarentzat ospitalearen jarrera defendatzea ez zela batere erraza izango esan nahi zuen honek. Jehoba irabazteko aukera asko genituela adierazten ari zitzaidala sentitu nuen. Harrigarria zen Jehobak bere nahia betetzeko gu nola erabiltzen gintuen ikustea.
Berandu arte egon ginen lanean hurrengo egunean esango genuena prestatzen. Epaitegia Brooklyn-eko Beteletik oso gertu dago. Beraz, gure Bulego Legal txikiko gehientsuenak joan giren bertara. Epaimahaiko lau epaileek gure argudioak entzun ondoren, odol-transfusioa egiteko agindua indargabetu zuten. Auzitegi Gorenak Nicoleau arrebaren alde egin zuen. Honekin batera, pazientearen ikuspuntua entzun gabe agindu bat ematea giza eskubideen aurka dagoela erabaki zuen.
Handik gutxira, New York estatuko Auzitegi Gorenak Nicoleau arrebak odolik gabeko tratamendua jasotzeko eskubidea zuela esan zuen. Ohore handia izan zen niretzat odolarekin lotutako kasu honetan lan egitea. Estatu Batuetako hiru estatuko beste hiru kasutan ere parte hartu nuen (Ikusi « Auzitegi Gorenetako garaipenak» taula). Beteleko beste abokatu batzuekin batera eraikin eta lurren erabilerari, haurren zaintzari eta dibortzioari buruzko kasuetan parte hartu dut.
NIRE EZKON-BIZITZA
Nire emaztea, Dawn, ezagutu nuenean, dibortziatuta zegoen eta hiru seme-alaba hezten ari zen. Lan egiteaz gain, aitzindaria zen. Bizitza zaila izan zuen eta Jehoba zerbitzatzeko zuen gogo biziak hunkitu egin ninduen. 1992an New York hirian egin zen lurralde-biltzarrean elkarrekin ateratzeko eskatu nion. Urtebete ondoren ezkondu ginen. Jehobaren oparia izan da umore oneko emazte espirituala izatea. Dawn-ek zoriona ekarri dit gure bizitzako egun guztietan (Es 31:12).
Ezkondu ginenean, haurrek 11, 13 eta 16 urte zituzten. Aita ona izan nahi nuen. Beraz, gure argitalpenetan aitaordeko izateari buruz aurkitu nuen guztia arretaz irakurri eta praktikan jarri nuen. Erronkak izan genituen denboran zehar. Baina haurrek lagun min eta aita maitekor gisa onartu naute eta horrek izugarrizko poza ematen dit. Gure seme-alaben lagunak beti izan ziren ongietorriak gure etxean eta asko gustatzen zitzaigun gazte alaiez inguratuta egotea.
2013an zahartutako gurasoak zaintzeko Wisconsin-era joan ginen bizitzera. Baina Beteleko zerbitzuarekin jarraitu ahal izan nuen. Hau bai ezustekoa! Erakundeari laguntzeko hainbat proiektu legaletan parte hartzera gonbidatu ninduten denboraldi baterako boluntario bezala.
BAT-BATEKO ALDAKETA
2018ko irailean, eztarria askotan garbitzen nuela konturatu nintzen. Gure medikuak aztertu ninduen, baina ez zuen jakin zerk sortzen zuen arazoa. Beranduago, beste mediku batek neurologo batengana joateko esan zidan. 2019ko urtarrilean neurologoak gaixotasun neurologiko arraro bat izan nezakeela esan zidan, paralisi supranuklear progresiboa.
Hiru egun pasa ondoren, izotzean patinatzen ari nintzela, eskumuturra hautsi nuen. Beti patinatu izan dut eta ondo gainera. Mugimenduen kontrola galtzen ari nintzela konturatu nintzen. Ez nuen espero gaixotasunak okerrera hain azkar egingo zuenik. Gero eta zailagoa zen niretzat hitz egitea, mugitzea eta irenstea.
Ohore handia izan da Jehobaren erakundeari nire abokatu lanarekin laguntzea. Medikuek, abokatuek eta epaileek irakurtzen dituzten aldizkarietan artikuluak idazteko aukera izan dut. Gainera, Jehobaren herriak odolik gabeko tratamendu eta ebakuntzak izateko duen eskubidea defendatu dut mundu osoan zehar hitzaldiak emanez. Guzti honek izugarri poztu nau. Hala ere, Lukas 17:10arekin bat nator: Morroi gizagaixo bat naiz; egin behar nuena besterik ez dut egin.