Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

28. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Ziur egon egia duzula

Ziur egon egia duzula

«Jarraitu ezazu ikasi eta sinestera konbentzitua izan zinen gauzetan» (2 TM 3:14NW ).

sjj 56. KANTA Bizi egia

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer esan nahi dugu «egia» hitzarekin?

«NOLA ezagutu zenuen egia? Egian hazi al zara? Zenbat urte daramazu egian?». Seguruenik noizbait horrelako galderak egin dizkizute eta agian zuk ere egin dituzu. Zer esan nahi dugu «egia» hitzarekin? Orokorrean, gure sinesmen, gurtza eta bizimodua deskribatzeko erabiltzen dugu. «Egian» daudenak Bibliak irakasten duena ezagutzen dute eta honen printzipioen arabera bizi dira. Ondorioz, erlijio faltsuaren irakaskuntzatik aske daude eta gizaki inperfektuek izan dezaketen bizimodurik hoberena dute (Jn 8:32).

2. ⁠Joan 13:34, 35⁠aren arabera, zerk erakarri dezake hasieran norbait egiara?

2 Zerk erakarri zintuen hasieran egiara? Agian Jehobaren zerbitzarien jokabide onak edo, beharbada, erakusten duten maitasunak (1 P 2:12). Bilerara lehen aldiz joatean, askok maitasun hori nabaritu izan dute. Maitasun horrek han esandakoak baino eragin handiagoa izaten du askotan. Hau ez da harritzekoa, Jesusek bere ikasleen ezaugarri nagusia bata bestearen arteko maitasuna izango zela esan baitzuen (Irakurri Joan 13:34, 35). Baina hau baino gehiago behar dugu fede sendoa izateko.

3. Zer gertatu daiteke gure fedea Jainkoaren herriak azaltzen duen maitasunean bakarrik oinarritzen bada?

3 Gure fedea ez da Jainkoaren herriak azaltzen duen maitasunean bakarrik oinarritu behar. Zergatik? Pentsa ezazu adibide hauetan: kristau batek, agian arduradun edo aitzindari batek, bekatu larriren bat egin du; anaia edo arreba batek nolabait min egin dizu; norbait apostata bihurtu da egia ez dugula ziurtatuz. Horrelakorik gertatzen bada, estropezu egin eta Jehoba zerbitzatzeari utziko al diozu? Hau da gakoa: gure fedea Jehobarekin dugun adiskidetasunean oinarritu beharrean, besteek egiten dituzten gauzetan oinarritzen bada, ez da sendoa izango. Gure fedea sendoa izatea nahi badugu, sentimendu eta emozioez gain, frogak eta logika sendoa behar ditugu. Bibliak dioena Jehobari buruzko egia dela frogatu behar diogu geure buruari (Ef 5:10).

4. ⁠Mateo 13:3-6, 20, 21⁠aren arabera, zer gertatzen zaie batzuei arazoak iristean?

4 Batzuek egia «pozik» onartu arren, arazoak iristean beraien fedea ahuldu egingo zela esan zuen Jesusek (Irakurri Mateo 13:3-6, 20, 21). Agian ez zuten ulertu Jesusen jarraitzaileek arazoak izango zituztela (Mt 16:24). Beharbada kristauen bizitza erraza izango zela eta Jainkoak zailtasunak kendu egingo zizkiela uste zuten. Baina bizi garen mundu honetan beti izango ditugu erronkak. Gure egoera aldatu egin daiteke dugun poza denbora batez murriztuz (Sal 6:7 [6:6, NW ]; Koh 9:11, 12).

5. Nola erakusten dute gure anai-arreba gehienek egia dutenaren ziurtasuna?

5 Gure anai-arreba gehienak ziur daude egia dutela. Nola erakusten dute ziurtasun hau? Anaia edo arreba bat kristaua ez den jokabideren batean nahasten denean edota beste batek mintzen dituenean, ez dute zalantzan jartzen egia dutela (Sal 119:165). Arazoak dituzten bakoitzean, beraien fedea ahuldu beharrean, sendotu egiten da (St 1:2-4). Zer egin dezakegu gure fedeak horrelako oinarri sendoa izateko?

«JAUNGOIKOAREN EZAGUERA» LORTU

6. Zein izan zen lehen mendeko kristauen fedearen oinarria?

6 Lehen mendeko kristauen fedearen oinarria honakoa zen: Idazki Santuetan zuten ezagutza eta Jesu Kristoren irakaspenak, hau da, «berri onaren egiak» (Ga 2:5). Egia horiek kristauok sinesten ditugun irakaspen guztiak dira, hauen artean, Jesusen erreskatea eta bere berpizkundea. Paulo apostolua ziur zegoen irakaspen horiek egia zirela. Zergatik? Idazki Santuak erabiliz «Mesiasek sufritu eta hildakoen artetik piztu egin behar zuela azaltzen eta frogatzen» zuelako (Eg 17:2, 3). Lehen mendeko ikasleek irakaspen horiek onartu zituzten eta Jainkoaren Hitza ulertzeko espiritu santuaren gida jarraitu zuten. Ikerketa sakona egin zuten irakaspen horiek Idazkietan oinarritzen zirela ziurtatzeko (Eg 17:11, 12; Heb 5:14). Beraien fedearen oinarria ez ziren sentimendu eta emozioak bakarrik. Gainera, ez zuten Jehoba zerbitzatzen kongregazioko anai-arrebekin zeudenean zoriontsu zirelako soilik. Horren ordez, «Jaungoikoaren ezagueran» oinarritu zuten beraien fedea (Kol 1:9, 10, EB).

7. Zertan lagunduko digu Bibliako egietan daukagun fedeak?

7 Bibliako egiak iraunkorrak dira (Is 40:8). Adibidez, ez dira aldatzen anaia edo arreba batek mintzen gaituenean edo bekatu larriren bat egiten duenean, ezta zailtasunei aurre egin behar diegunean ere. Beraz, biblia-irakaspenak ondo ezagutu behar ditugu eta ziur egon behar dugu egiazkoak direla. Bibliako egian oinarritutako fede sendoa aingura bezalakoa da; itsasontziari ekaitz zakarrean tinko irauten laguntzen dio. Modu berean, fede honek tinko irauten lagunduko digu arazoak etortzean. Ziur gaude egia dugula, baina nola indartu dezakegu ziurtasun hau?

«SINESTERA KONBENTZITUA IZAN»

8. 2 Timoteori 3:14, 15⁠aren arabera, zergatik zegoen Timoteo ziur egia zuela?

8 Timoteo ziur zegoen egia zuela. Nola zekien hori? (Irakurri 2 Timoteori 3:14, 15NW *). Bere ama eta amonak irakatsi zizkioten «idazki santuak». Baina, zalantzarik gabe, berak ere denbora pasa zuen eta ahaleginak egin zituen idazki horiek aztertzen. Horren ondorioz, idazki santuek egia zutela «sinestera konbentzitua izan» zen. Aurrerago, Timoteok, bere amak eta amonak kristau irakaskuntza ezagutu zuten. Dudarik gabe, Jesusen jarraitzaileen maitasunak Timoteo hunkitu zuen, eta kongregazioko anai-arrebekin egoteko eta hauei laguntzeko irrika izan zuen (Flp 2:19, 20). Hala ere, bere fedearen oinarria ez zen anai-arrebei zien maitasuna, Jehobarengana gerturatzen lagundu zion irakaskuntza baizik. Guk ere Biblia irakurtzean Jehobari buruz ikasi dugunaz arrazoitu behar dugu.

9. Oinarrizko zer hiru egia frogatu behar dizkiogu geure buruari?

9 Hasteko, oinarrizko hiru egia hauek behintzat frogatu behar dizkiogu geure buruari. Lehenik, ziur egon behar dugu Jehoba gauza guztien Sortzailea dela (Ir 3:14, 15, oharra; Heb 3:4; Ap 4:11). Bigarrenik, Biblia Jainkoak gizakiei emandako mezua dela frogatu behar diogu geure buruari (2 Tm 3:16, 17). Eta azkenik, ziur egon behar dugu Jehobak antolatutako herri bat duela, Jesu Kristoren gidaritzapean Jainkoa gurtzen duela eta Jehobaren lekukoek osatzen dutela (Is 43:10-12; Jn 14:6; Eg 15:14). Oinarrizko egia hauek geure buruari frogatzeko ez dugu zertan Bibliari buruz dena jakin behar. Zein da helburua orduan? Arrazoitzeko gaitasuna erabiltzea egia dugunaren konfiantza indartzeko (Es 2:11).

PRESTATU BESTEAK KONBENTZITZEKO

10. Egia ezagutzeaz gain, zer gehiago egiteko gai izan behar dugu?

10 Jainkoa, Biblia eta Jainkoaren herriari buruz lehen esandakoa egia dela ziurtatu ondoren, Biblia erabiliz besteei egia hauek frogatzeko gai izan behar dugu. Zergatik? Ikasi duguna besteei irakasteko ardura dugulako kristauok (1 Tm 4:16). * Bibliak dioena egia dela besteak konbentzitzen saiatzen garen heinean, egia horietan guk geuk dugun fedea ere sendotu egingo da.

11. Zer eredu ezarri zuen Paulok jendeari irakastean?

11 Paulo apostoluak jendeari irakastean, «Moisesen legea eta profetak oinarri hartuz, Jesusen mezua sinestarazten ahalegindu zen» (Eg 28:23). Nola imitatu dezakegu Paulo gure biblia-ikasleei egia irakastean? Bibliak dioena esatea ez da nahikoa. Jehobarengana hurbiltzeko, Jainkoaren Hitzean arrazoitzen lagundu behar diegu. Beraiek egia onartzea nahi dugu. Baina ez gu miresten gaituztelako, baizik eta ikasten ari direna Jainkoari buruzko egia dela euren buruari frogatu diotelako.

Gurasook, lagundu zuen seme-alabei «Jainkoaren barne-sakona» irakatsiz fedea izan dezaten (Ikusi 12 eta 13 paragrafoak) *

12, 13. Zer egin dezakete gurasoek seme-alabak egian irauteko?

12 Gurasook, dudarik gabe zuen seme-alabak egian irautea nahi duzue. Kongregazioan lagun onak badituzte, fede sendoa garatuko dutela pentsatuko duzue agian. Baina zuen seme-alabek Bibliak esaten duena egia dela sinestea nahi baduzue, lagun onak baino gehiago behar dituzte. Ezinbestekoa dute Jainkoarekin adiskidetasun estua edukitzea eta Bibliak dioena egia dela ziurtatzea.

13 Zuen seme-alabei Jainkoari buruzko egia irakatsi nahi badiezue, zuek jarri behar duzue eredua Bibliaren ikasle onak izaten. Ikasitakoan hausnartzeko denbora hartu behar duzue. Horrela zuen seme-alabei berdina egiten irakasteko gai izango zarete. Biblia aztertzeko ditugun tresnak erabiltzen irakatsi behar diezue, zuen biblia-ikasle bati irakatsiko zenioketen bezala. Hau egitean, zuen seme-alabei Jehoba maitatzen lagunduko diezue. Gainera, Jehobak «morroi leial eta zentzuduna» guk Biblia ulertzeko erabiltzen duela ikusiko dute (Mt 24:45-47). Ez irakatsi zuen seme-alabei oinarrizko Bibliako egiak soilik. Beraien adin eta gaitasunaren arabera, irakatsi iezaiezue «Jainkoaren barne-sakona ere». Horrela fede sendoa garatzen lagunduko diezue (1 Ko 2:10).

BIBLIA-PROFEZIAK AZTERTU

14. Zergatik aztertu beharko genituzke biblia-profeziak? (Ikusi « Azaldu al ditzakezu profezia hauek?» taula ere)

14 Biblia-profeziak Jainkoaren Hitzaren atal garrantzitsuak dira eta Jehobarengan fede sendoa izaten laguntzen digute. Zer profeziak sendotu dute zure fedea? Agian «azken egunetan» betetzen ari diren profeziak etortzen zaizkizu burura (2 Tm 3:1-5; Mt 24:3, 7). Baina bete diren zer beste profeziak sendotu dezakete zure fedea? Adibidez, azaldu al dezakezu Daniel 2 eta 11⁠ko profeziak nola bete ziren? Eta nola betetzen ari diren? * Zure fedea Biblian sendo oinarrituta badago, hautsiezina izango da. Pentsa dezagun Bigarren Mundu Gerran Alemaniako gure anai-arrebek ipini zuten ereduan. Pertsekuzio izugarria jasan zuten. Baina, nahiz eta azken egunei buruzko biblia-profeziak guztiz ez ulertu, Jainkoaren Hitzean fede sendoa zuten.

 

Biblia eta bere profeziak aztertzeak proba latzen aurrean Jehobari leial mantentzen lagunduko digu (Ikusi 15-17 paragrafoak) *

15-17. Nola lagundu zien Biblia aztertzeak Naziek pertsegitutako gure anai-arrebei?

15 Naziek Alemanian gobernatzen zuten garaian, milaka anai-arreba kontzentrazio esparruetara bidali zituzten. Hitler-ek eta SS erakundeko nagusiak, Heinrich Himmler-ek, Jehobaren lekukoak gorrotatzen zituzten. Arreba baten arabera, Himmler-ek honakoa esan zion kontzentrazio esparru batean zegoen arreba talde bati: «Zuen Jehobak zeruan aginduko du, baina hemen lurrean gu gara agintzen dugunak! Ikusiko dugu nork irauten duen gehiago, zuek edo guk!». Zerk lagundu zien Jehobaren zerbitzariei leial mantentzen?

16 Bibliaren Ikasleek bazekiten Jainkoaren Erreinua 1914⁠an agintzen hasi zela. Ez zituen harritu jaso zuten pertsekuzio zorrotzak. Hala ere, ziur zeuden giza gobernuek ezingo zutela oztopatu Jehobak bere helburua bete zezan. Hitler-ek ezin izango zuen benetako gurtza desagerrarazi, ezta Jainkoaren Erreinua baino boteretsuagoa izango zen gobernurik ezarri ere. Gure anai-arrebak ziur zeuden era batera edo bestera Hitler-en agintea bukatuko zela.

17 Gure anai-arrebek sinesten zutena egia zen. Urte batzuk geroago, Nazi gobernua desagertu egin zen eta Heinrich Himmler-ek, «hemen lurrean gu gara agintzen dugunak» esan zuenak, ihes egin behar izan zuen bizia salbatzeko. Bere ihesean preso egondako Lübke anaiarekin aurkitu zen. Himmler-ek bazekien Lübke anaia Jehobaren lekukoa zela eta lur jota galdetu zion: «Beno, Bibliaren Ikasle, zer gertatuko da orain?». Zer erantzun zion Lübke anaiak? Jehobaren lekukoak inoiz ez zutela zalantzan ipini Nazi gobernuak porrot egingo zuela eta beraiek aske aterako zirela. Himmler, Jehobaren lekukoen aurka hainbeste gauza esan zituen gizona, hitzik gabe geratu zen. Handik gutxira bere burua hil zuen. Zer ikasten dugu? Biblia eta bere profeziak aztertzeak Jainkoarengan fede sendoa edukitzen eta proba latzen aurrean tinko irauten lagunduko digula (2 P 1:19-21).

18. ⁠Joan 6:67, 68⁠aren arabera, zergatik behar dugu ezaguera eta zentzu guztia?

18 Maitasuna erakutsi behar dugu benetako kristauak garela frogatzeko. Baina «ezagueran eta zentzu guztian» ere hazi behar dugu (Flp 1:9, BJU). Bestela «uste okerretan erorarazteko trebe den jende maltzurrak engainatu» egin gaitzake, apostatek barne (Ef 4:14). Lehen mendean Jesusen ikasle askok bera jarraitzeari utzi ziotenean, Pedro apostoluak Jesusen irakaspenek «betiko bizia» zutela esan zuen ziurtasunez (Irakurri Joan 6:67, 68). Nahiz eta Pedrok garai hartan ez zituen irakaspen horien xehetasun guztiak ulertzen, leial mantendu zen Kristori buruzko egia ulertzen zuelako. Guk ere Bibliaren irakaspenetan dugun konfiantza indartu dezakegu. Hala eginez gero, zer gertatzen den axola gabe, gure fedea sendo mantenduko da eta besteena sendotzen lagunduko dugu (2 Jn 1, 2).

sjj 72. KANTA Egin ezaguna Erreinuaren egia

^ § 5 Artikulu honek Jainkoaren Hitzeko egiazko irakaspenak estimatzen lagunduko digu. Ziur gaude sinesten duguna egia dela. Ziurtasun hori nola indartu dezakegun aztertuko dugu.

^ § 8 2 Timoteori 3:14, 15NW: «Zuk, hala ere, jarraitu ezazu ikasi eta sinestera konbentzitua izan zinen gauzetan, norengandik ikasi dituzun eta umetandik idazki santuak ezagutu dituzula baitakizu. Idazki hauek Jesu Kristorengan ipinitako fedearen bidez salbamenera daraman jakinduria emateko gai dira».

^ § 10 Bibliako oinarrizko irakaspenetan besteekin nola arrazoitu dezakezun ikusteko, jo 2010​etik 2015​era aldizkari honetan agertutako «Conversaciones con un Testigo de Jehová» edo «Conversation avec un Témoin de Jéhovah» sailera. Gaien artean Jesus Jainkoa ote den, Jainkoaren Erreinua noiz hasi zen agintzen eta Jainkoak jendea infernuan zigortzen ote duen daude.

^ § 14 Profezia hauek aztertzeko, ikusi aldizkari honen 2012ko ekainak 15eko 7-11, 12-13 eta 14-18 orrialdeetako artikuluak eta 2020ko maiatzeko 2-7, 8-11, 12-16 orrialdeetako artikuluak.

^ § 61 IRUDIAREN AZALPENA: Familia-adorazioan, gurasoek seme-alabekin larrialdi handiari buruzko biblia-profeziak aztertzen dituzte.

^ § 63 IRUDIAREN AZALPENA: Larrialdi handian zehar, familia bera ez da gertatzen ari denaz harritzen.