Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

34. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Dastatu dezagun zein ona den Jehoba

Dastatu dezagun zein ona den Jehoba

«Dasta eta ikus zein ona den Jauna: zorionekoa berarengan babesa duena!» (SAL 34:9 [34:8, NWT]).

sjj 117. KANTA Zein ona den Jainkoa!

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. ⁠34. Salmoa 9⁠a kontuan hartuta, zer egin dezakegu Jehoba zein ona den ikusteko?

 IMAJINATU norbaitek inoiz probatu ez duzun janari bat eskaintzen dizula. Nolakoa den jakiteko, zer itxura duen ikusi, usaindu, errezeta lortu edo beste norbaiti gustatzen al zaion galdetu ahal diozu. Hala ere, gustatzen zaizun jakiteko modu bakarra zuk zeuk dastatzea da.

2 Modu askotan ikusi dezakegu Jehoba zein ona den, adibidez, Biblia eta gure argitalpenak irakurriz, baita Jehobak nola bedeinkatu dituen besteei entzunez ere. Baina, Jehoba zein ona den bene-benetan ulertzeko, guk geuk dastatu behar dugu bere ontasuna (Irakurri 34. Salmoa 9 [34:8, NWT]). Jarri dezagun adibide bat. Demagun denbora osoko zerbitzuan parte hartu nahi dugula. Baina, helburu hori lortzeko, beharrezkoa dugu gure bizimodua sinpletzea. Seguruenik, askotan irakurri dugu Jesusen promes hau: Erreinuari lehentasuna ematen badiogu, Jehobak behar ditugun gauza guztiak emango dizkigula. Baina ez dugu inoiz promesa hori gure larruan betetzen ikusi (Mt 6:33). Hala ere, Jesusen promesean fedea dugunez, gastuak eta lana murrizten ditugu, predikatzean ahal dugun guztia eginez. Hau egin ahala, guk geuk ikusten dugu Jehoba benetan gure beharrez arduratzen dela; guk geuk dastatzen dugu zein ona den Jehoba.

3. ⁠16. Salmoa 1, 2⁠aren arabera, nork jasotzen du Jehobaren ontasuna?

3 Jehoba ona da guztientzat, baita ezagutzen ez dutenentzat ere (Sal 145:9; Mt 5:45). Baina bera maitatzen eta bihotzez zerbitzatzen dutenei bereziki ematen dizkie bedeinkapen ugari (Irakurri 16. Salmoa 1, 2, NWT b). Ikus ditzagun Jehobak gure alde egin dituen gauza on batzuk.

4. Nola erakusten die Jehobak ona dela berarengana hurbiltzen hasten direnei?

4 Jehobarengandik ikasten duguna praktikan jartzen dugun bakoitzean, nola laguntzen digun ikusten dugu. Adibidez, bera ezagutzen eta maitatzen hasi ahala, berarengandik urruntzen gintuzten pentsaera eta jokaerak baztertzen lagundu zigun (Kol 1:21). Eta geure burua Jehobari eskaini eta bataiatu ginenean, gauza on gehiago eman zizkigun, esaterako, kontzientzia garbia eta berarekin adiskidetasun estua (1 P 3:21).

5. Nola dastatzen dugu predikatzean zein ona den Jehoba?

5 Predikatzean ere Jehoba zein ona den dastatzen jarraitzen dugu. Lotsatia al zara? Jehobaren zerbitzari asko hala dira. Lekuko izan aurretik, agian, ez zenuen inoiz imajinatuko ezezagun baten atean jendeak atsegin ez duen mezu bati buruz hitz egiten egongo zinenik. Baina gaur egun horixe da egin ohi duzuna. Are gehiago, Jehobaren laguntzarekin predikazioaz gozatzen ikasi duzu! Laguntza hori hainbat modutan ikusi duzu. Adibidez, zakarra izan den norbaiten aurrean lasai egoten lagundu dizu, baita interesa agertu duen norbaitentzat aipu aproposa gogoratzen ere. Eta gure mezua entzun nahi ez duten eremuetan ere predikatzen jarraitzeko indarra eman dizu (Jr 20:7-9).

6. Nola erakusten du trebatzen gaituen moduak Jehoba ona dela?

6 Predikaziorako trebatuz ere Jehobak zein ona den erakutsi digu (Jn 6:45). Aste barruko bileran predikazioan erabili ditzakegun ongi pentsatutako elkarrizketa ereduak entzuten ditugu. Hasiera batean, berria den zerbait erabiltzearekin urduri egon gaitezke, baina erabiltzen dugunean, gure eremuko jendearentzat erakargarria dela ikusiko dugu agian. Bilera eta biltzarretan ere, inoiz probatu ez ditugun predikatzeko moduak erabiltzera animatzen gaituzte. Berriz ere, erosotasun zonatik atera beharko dugu; baina, horrela, bedeinkatu dezakeen zerbait emango diogu Jehobari. Gure egoera zein den axola gabe, Jehobari onena emateko modu berriak erabiltzen ditugunean, bedeinkatu egiten gaitu. Ikusi ditzagun hauetariko bedeinkapen batzuk. Gero, Jehobaren zerbitzuan gehiago nola egin dezakegun ere aztertuko dugu.

JEHOBAREN BEDEINKAPENAK

7. Zer bedeinkapen jasoko dugu Jehobaren zerbitzuan gehiago egiten badugu?

7 Jehobarengana gehiago hurbiltzen gara. Ikus dezagun Kolonbian bere emaztearekin batera bizi den Samuel c izeneko adindunari gertatutakoa. Beraien kongregazioan pozik zeuden aitzindari izanez. Baina gehiago egin nahi zuten behar handiagoa zegoen kongregazio batean lagunduz. Helburu hori lortzeko sakrifizio batzuk egin behar zituzten. «Mateo 6:33 praktikan jarri eta behar ez genituen gauzak erosteari utzi genion», dio Samuelek. «Gauzarik zailena gure pisua uztea izan zen. Gure gustura zegoen diseinatuta eta, gainera, ez genuen hipotekarik». Joan ziren tokian lehen irabazten zutena baino sei aldiz gutxiagorekin bizi zitezkeela ikusi zuten. «Jehobak gure pausoak nola gidatzen dituen eta otoitzak nola erantzuten dizkigun ikusi dugu», dio Samuelek. «Ez dugu inoiz orain bezala sentitu Jehobaren maitasuna eta gurekin pozik dagoela». Egin al dezakezu gehiago Jehobaren zerbitzuan? Hala bada, ziur egon Jehobarengana gehiago hurbilduko zarela eta berak behar duzuna emango dizula (Sal 18:26 [18:25, NWT]).

8. Zer ikasten dugu Ivan eta Viktoriak esandakotik?

8 Gure zerbitzuak poza ematen digu. Ivan eta Viktoria Kirgizistanen zerbitzatzen duten aitzindariak dira. Bikote honek bizimodu sinplea mantendu zuen edozein eginkizunetarako, baita eraikuntza proiektuetarako ere, boluntario izateko. Ivanek dio: «Gogor saiatu ginen proiektu bakoitzean. Egunaren bukaeran neka-neka eginda amaitzen genuen. Baina Erreinuaren alde energia guztiak agortu genituela jakinda, bakea eta poza sentitzen genuen. Gainera, lagun berriak eta oroitzapen politak lortu genituenez, oso zoriontsu ginen» (Mk 10:29, 30).

9. Zer egin du egoera zaila duen arreba batek Jehobaren alde gehiago egiteko eta zer ondoriorekin?

9 Jehobaren zerbitzuak egoera zailetan ere poza ematen digu. Adibidez, Mirreh Mendebaldeko Afrikako adineko alargun bat da. Mediku izatetik erretiratu zenean, aitzindaritza hartu zuen. Arreba honek ibiltzea zailtzen dion artritisa du eta etxez etxe ordu bat besterik ezin du predikatu. Baina, erakusgailuarekin predikatzen denbora gehiago eman dezake, eta bisita eta biblia-ikastaro asko ditu. Hauetariko batzuekin telefonoz hitz egiten du. Zergatik nahi izan zuen Mirreh-k Jehobaren alde gehiago egin? «Nire bihotza Jehobari eta Jesu Kristori dieten maitasunez gainezka dago. Sarri eskatzen diot Jehobari otoitzean bere zerbitzuan ahal dudan guztia egiten laguntzeko» (Mt 22:36, 37).

10. ⁠1 Pedro 5:10⁠ak erakusten duen bezala, zer jasotzen dute Jehobaren alde gehiago egiten dutenek?

10 Jehobak modu askotan trebatzen gaitu. Maurizion zerbitzatzen duen Kenny izeneko aitzindariak hau hala dela ikusi zuen. Egia ezagutu zuenean, unibertsitatea utzi, bataiatu eta aitzindaritza erregularra hasi zuen. Honakoa dio: «Isaias profetaren hitzen arabera bizitzen saiatzen naiz: “Prest nauzu, bidali neu”» (Is 6:8). Anaia honek hainbat eraikuntza proiektutan lan egin du eta, gainera, Biblian oinarritutako argitalpenak bere ama hizkuntzara itzultzen lagundu du. «Nire eginkizunak betetzeko trebakuntza jaso nuen», dio Kennyk. Baina ez zuen lana nola egin soilik ikasi. Berak dio: «Nire mugak eta Jehobaren zerbitzari hobea izateko landu behar nituen ezaugarriak ezagutu nituen» (Irakurri 1 Pedro 5:10NWT d). Zergatik ez duzu zure egoera aztertzen? Agian Jehobaren trebakuntza gehiago jasotzeko eskaini dezakezu zeure burua.

Bikote batek Erreinuaren berri-emaile gehiagoren beharra dagoen eremu batean predikatzen du; arreba gazte batek bilera-areto baten eraikuntzan laguntzen du; adineko bikote batek telefono bidez predikatzen du. Guztiek poz handia sentitzen dute beraien zerbitzuan (Ikusi 11. paragrafoa)

11. Zer ahalegin egin zituzten Hego Koreako arreba batzuek predikazioan gehiago egiteko eta zer lortu zuten? (Ikusi azaleko irudia ere)

11 Urtetan Lekukoak izandako anai-arrebek ere predikatzeko metodo berri batekin saiatzen direnean trebakuntza behar dute. COVID-19 pandemian zehar, Hego Koreako kongregazio bateko adindunek honakoa idatzi zuten: «Osasun arazoengatik lehen predikatze-lanean asko egin ezin zuten berri-emaile batzuek orain bideokonferentziaz predikatzen dute. 80 urte baino gehiago dituzten hiru arrebak ordenagailua erabiltzen ikasi dute eta orain predikazioan ia-ia egunero parte hartzen dute» (Sal 92:15, 16 [92:14, 15, NWT]). Zure zerbitzuan gehiago egin eta Jehoba zein ona den oraindik gehiago dastatu nahi al duzu? Hona hemen helburu hori lortzeko eman ditzakezun zenbait pauso.

GEHIAGO NOLA EGIN

12. Zer promesten die Jehobak berarengan konfiantza dutenei?

12 Jehobarengan konfiantza izaten ikasi. Berarengan konfiantza dugunean eta gure onena ematen diogunean, Jehobak bedeinkapenez josiko gaituela promesten digu (Ml 3:10). Fabiola izeneko Kolonbiako arreba batek Jehobaren promesa berarengan betetzen ikusi zuen. Bataiatu eta segituan, aitzindari erregularra izan nahi zuen. Baina senarrak eta hiru seme-alabek ekonomikoki bere laguntza behar zuten. Beraz, jubilatzeko aukera izan zuenean, bihotz-bihotzez Jehobari otoitz egin zion laguntza eske. Berak dio: «Normalean pentsioa jasotzeko prozesua oso luzea da. Baina nirea eskatu eta hilabete bakar batera iritsi zen. Mirari bat ematen zuen!». Bi hilabete beranduago aitzindaritza hasi zuen. Orain, 70 urte baino gehiago ditu eta 20 urte baino gehiago daramatza aitzindari izaten. Denbora horretan zehar, 8 emakumeri lagundu die bataioraino iristen. Fabiolak dio: «Batzuetan ahul sentitzen naiz. Hala ere, Jehobak egunero laguntzen dit aitzindaritzan jarraitzen».

Nola erakutsi zuten Jehobarengan konfiantza Abraham eta Sarak, Jakobek eta Jordan ibaia gurutzatu zuten apaizek? (Ikusi 13. paragrafoa)

13, 14. Zer ereduk lagundu gaitzakete Jehobarengan konfiantza jartzen eta bere alde gehiago egiten?

13 Ikasi Jehobarengan konfiantza jarri zutenen ereduetatik. Biblia Jehobaren zerbitzuan gogor lan egin zutenen ereduez beteta dago. Askotan, hauek Jehobaren bedeinkapen berezia jaso aurretik, lehen pausoa eman behar izan zuten. Adibidez, Jehobak Abraham bedeinkatu aurretik, honek bere etxea utzi zuen «nora zihoan ez zekiela abiatuz» (Heb 11:8). Jakobek, bedeinkapen berezi bat jaso aurretik ere, aingeru batekin borrokan jardun zuen (Has 32:25-31 [32:24-30, NWT]). Eta Israelgo herria promestutako lurraldean sartzear zegoela, israeldarrek Jordan ibaiko ur biziak zeharkatu aurretik, apaizek oinak ibaian sartu behar izan zituzten (Jos 3:14-16).

14 Jehobaren alde gehiago egin duten eta berarengan konfiantza jarri duten Lekuko asko daude gaur egun ere. Asko ikasi dezakegu beraiengandik. Adibidez, bikote batek, Payton eta Dianak, Jehobaren zerbitzuan gehiago egin duten anai-arreben bizipenak irakurtzeaz asko gozatzen dute, esaterako «Gogo onez eskaini zuten euren burua» artikuluetako bizipenak. e Paytonek dio: «Beraien bizipena irakurtzea norbait bazkari goxo-goxo bat disfrutatzen ikustea bezalakoa zen. Zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta gehiago nahi genuen Jehoba zein ona den dastatu eta ikusi». Denborarekin Payton eta Diana behar handiagoa zegoen toki batera zerbitzatzera joan ziren. Irakurri al dituzu artikulu hauek? Eta ikusi al dituzu jw.org-n argitaratu diren Ez da bizitza hoberik eta Behar handiagoa zegoen lekura joan ginen bideoak? Informazio honek zure zerbitzuan gehiago egiteko aukerak bilatzen lagunduko dizu.

15. Nola lagundu gaitzakete lagun egokiek?

15 Aukeratu lagun egokiak. Errazago egingo zaigu janari berri bat probatzea, hori jaten disfrutatzen dutenekin denbora pasatzen badugu. Era berean, Jehobaren zerbitzuari beraien bizitzan lehentasuna ematen diotenen lagunak egiten bagara, errazago egingo zaigu Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko aukerak bilatzea. Hori bera gertatu zitzaien Kent eta Veronica izeneko bikoteari. «Gure familia eta lagunek zerbitzu mota desberdinak probatzera animatzen gintuzten», dio Kentek. «Erreinuari lehentasuna ematen ziotenekin egoteak, Jehobaren zerbitzuan gauza berriak probatzera animatzen gintuela konturatu ginen». Orain Kent eta Veronica aitzindari bereziak dira Serbian.

16. ⁠Lukas 12:16-21 pasartean aurkitzen den Jesusen adibidearen arabera, zergatik egon beharko genuke sakrifizioak egiteko prest?

16 Jehobaren alde sakrifizioak egin. Jehoba gurekin pozik egoteko, ez ditugu bizitzaren erosotasun guztiak utzi beharrik (Koh 5:18, 19 [5:19, 20, NWT]). Baina zer gertatuko litzateke sakrifiziorik egin nahi ez dugulako Jehobaren zerbitzuan gehiago egingo ez bagenu? Agian Jesusen adibideko gizonak egin zuen akats bera egingo genukeela; bizitza eroso bat izateko lanean gogor aritu zen, baina Jehoba alde batera utzi zuen (Irakurri Lukas 12:16-21). Frantzian bizi den Christian izeneko anaiak dio: «Ez nintzaien Jehoba eta familiari nire denbora eta energiaren onena ematen ari». Emazteak eta biek aitzindari izatea erabaki zuten. Baina, helburu hori lortzeko, beraien lanak utzi behar izan zituzten. Euren buruak mantentzeko garbiketa negozio txiki bat hasi eta gutxiagorekin pozik egoten ikasi zuten. Merezi izan ote zuen egindako sakrifizioak? Christianek dio: «Predikatzean gehiago gozatzen dugu orain, eta bisitek eta biblia-ikasleek Jehobari buruz ikasten dutela ikustean, asko disfrutatzen dugu».

17. Zer oztopo izan dezakegu predikazioan berria den zerbait egiten saiatzeko?

17 Zerbitzu mota berriak probatzeko prest egon (Eg 17:16, 17; 20:20, 21). Estatu Batuetako Shirley izeneko aitzindari batek, COVID-19 pandemian zehar predikazioan aldaketak egin behar izan zituen. Hasieran telefonoz predikatzeko zalantzak zituen. Baina eskualde-arduradunaren bisitan zehar nola egin behar zuen ikasi ondoren, predikazio mota hau ohikoa bihurtu zen berarentzat. Shirley-k dio: «Hasieran beldurra ematen zidan, baina orain pila bat disfrutatzen dut. Etxez etxe predikatzen genuenean baino jende gehiagorengana iristen gara!».

18. Zerk lagundu gaitzake predikazioan gehiago egiteko erronkak baditugu?

18 Helburua jarri eta ekin lanari. Erronkak ditugunean, Jehobari otoitz egin eta kontu handiz zer egingo dugun pentsatzen dugu (Es 3:21). Europan ijitoera talde batean aitzindari erregularra den Soniak dio: «Paper batean nire helburuak idaztea gustatzen zait eta ikusi dezakedan leku batean jartzen dut. Nire gelako tokadorean bidegurutze baten marrazkia dut. Erabaki bat hartu behar dudanean, bidegurutzeari begiratu eta nire erabakiak nora eramango nauen pentsatzen dut». Arazoei buruzko ikuspuntu positiboa izaten saiatzen da Sonia. «Egoera berri bakoitza, nire helburua lortzeko horma edo zubia izan daiteke; nire jarreraren araberakoa da».

19. Zein izan behar luke gure erabakia?

19 Jehobak modu askotan bedeinkatzen gaitu. Berari gorespena emateko ahal dugun guztia egiten dugunean, bedeinkapen horiek zenbat estimatzen ditugun erakusten dugu (Heb 13:15). Gure zerbitzuan gehiago egiteko modu berriak bilatzen baditugu, Jehobak oraindik gehiago bedeinkatuko gaitu. Saiatu gaitezen egunero-egunero Jehoba zein ona den dastatzeko eta ikusteko moduak aurkitzen. Orduan, Jesus bezalakoak izango gara: «Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte» (Jn 4:34).

sjj 80. KANTA Dastatu eta ikustazu zein ona den Jainkoa

a Gauza on guztiak Jehobarengandik datoz eta guztioi ematen dizkigu, baita gaiztoei ere. Baina, bere zerbitzari leialen alde gauza onak egitea bereziki maite du. Artikulu honetan, bere zerbitzariei ontasuna nola erakusten dien ikusiko dugu. Gainera, Jehobak bere zerbitzuan gehiago egiten dutenei gauza onak nola ematen dizkien aztertuko dugu.

b 16. Salmoa 1, 2NWT: «Babes nazazu, o Jainko, zugan babestu bainaiz. Jehobari esan diot: “Zu zara Jehoba, on guztiaren nire iturria”».

c Izen batzuk aldatu egin dira.

d 1 Pedro 5:10NWT: «Eta pixka bat sufritu ondoren, merezigabeko ontasunaren Jainkoak, Kristoren bidez bere betiko aintzara deitu zaituztenak, berak amaituko du zuen trebakuntza. Tinko egingo zaituzte, sendo egingo zaituzte, oinarri sendo batean finkatuko zaituzte».

e Sail hau, lehen aldizkari honetan argitaratua, orain jw.org-n irakurri dezakezu. Jo GURI BURUZ > BIZIPENAK > HELBURU ESPIRITUALAK BETETZEN atalera.