Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

30. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Estimatu Jehobaren familian duzun tokia

Estimatu Jehobaren familian duzun tokia

«Aingeruak baino apur bat beherago ezarri duzu; ospezko eta ohorezko koro bat egin diozu» (SAL 8:6, BS [8:5, NWT]).

sjj 123. KANTA Leialki obeditu Jainkoaren antolaketa

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer galdera egin ditzakegu Jehobak sortu duen guztia ikustean?

 JEHOBAK sortu duen unibertso erraldoian hausnartzen dugunean, Dabid salmogilea bezala sentitu gaitezke. Berak Jehobari otoitzean esan zion: «Zeure behatzez eratu duzun ortzia eta ezarri dituzun ilargi-izarrak ikusita, zer da gizona, zu hartaz oroitzeko? Zer gizakia, zu hartaz arduratzeko?» (Sal 8:4, 5 [8:3, 4, NWT]). Dabidek bezala, geure burua unibertsoarekin konparatzen badugu, zein txikiak garen konturatuko gara eta Jehoba gutaz oroitzeak harrituko gaitu. Hala ere, ikusiko dugun moduan, sortu zituen lehen gizakiez arduratzeaz gain, Jehobak bere familiaren parte ere egin zituen.

2. Zer nahi zuen Jehobak Adam eta Ebak egitea?

2 Adam eta Eba Jehobaren lurreko lehen seme-alabak izan ziren eta Jehoba euren zeruko Aita maitekorra zen. Jehobak bere familiaren kide langileak izatea espero zuen. Honakoa esan zien: «Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi» (Has 1:28). Adam eta Ebak seme-alabak edukitzea eta lurra ondo zaintzea nahi zuen. Jainkoa obedituz berak eskatutakoa egin izan balute, Adam, Eba eta euren ondorengoek Jehobaren familiaren parte izaten jarraituko zuten betirako.

3. Zergatik esan dezakegu Adam eta Ebak Jehobaren familian ohorezko tokia zutela?

3 Adam eta Ebak ohorezko tokia zuten Jehobaren familian. 8. Salmoa 6⁠an (BS), Dabidek Jehobak sortu zuen gizakiari buruz honakoa esan zuen: «Aingeruak baino apur bat beherago ezarri duzu; ospezko eta ohorezko koro bat egin diozu». Egia da, Jehobak gizakiei ez zien eman aingeruei eman zien bezainbesteko indar, jakinduria eta gaitasunik (Sal 103:20). Hala ere, aingeru indartsuak baino «apur bat beherago» soilik ezarri zituen. Pentsa zer esan nahi duen horrek! Jehobak gure lehen gurasoei hasiera zoragarria eman zien.

4. Zer gertatu zitzaien Adam eta Ebari Jehoba desobeditzeagatik eta zer aztertuko dugu artikulu honetan?

 4 Tamalez, Adam eta Ebak Jehobaren familian zuten lekua galdu zuten. Artikulu honetan ikusiko dugun moduan, honek sekulako ondorio txarrak ekarri zizkien beraien ondorengoei. Baina Jehobaren helburua ez da aldatu. Esanekoak diren gizakiak betirako bere seme-alabak izatea nahi du. Lehenik, aztertu dezagun Jehobak nola ohoratu gaituen. Ondoren, Jehobaren familiaren parte izan nahi dugula erakusteko, orain zer egin behar dugun aztertuko dugu. Azkenik, Jehobaren lurreko seme-alabek betirako gozatuko dituzten bedeinkapenak ikusiko ditugu.

NOLA OHORATU GAITU JEHOBAK?

Zer modutan ohoratu gaitu Jehobak? (Ikusi 5-11 paragrafoak) b

5. Nola ohoratu dezakegu Jehoba gu bere irudira egiteagatik?

5 Gu bere irudira eginez (Has 1:26, 27). Jehobaren irudira eginak gaudenez, bere ezaugarri zoragarriak imitatzen ikasi dezakegu. Adibidez, maitasuna, errukia, leialtasuna eta justizia erakutsi ditzakegu (Sal 86:15; 145:17). Ezaugarri hauek landu ahala, Jehoba ohoratzen dugu eta esker ona erakusten diogu (1 P 1:14-16). Gure zeruko Aitari atsegin zaion moduan jokatzen dugunean, pozik sentitzen gara. Jehobak bere irudira egin gaituenez, bere familian egotea nahi duen pertsona mota bihurtzeko gaitasuna dugu.

6. Nola ohoratu zituen Jehobak gizakiak lurra prestatu zuenean?

6 Guretzat etxe berezi bat prestatuz. Lehen gizakia sortu baino askoz ere lehenago, Jehobak lurra prestatu zuen guretzat (Jb 38:4-6; Jr 10:12). Ona eta eskuzabala denez, gauza on ugari sortu zituen gu zoriontsu izateko (Sal 104:14, 15, 24). Noizean behin, sortutakoan hausnartu eta «ona zela» ikusten zuen (Has 1:10, 12, 31). Lurrean egin zituen gauza eder «guztien buru» eginez, gizakiak ohoratu zituen (Sal 8:7 [8:6, NWT]). Jainkoaren helburua gizaki perfektuek bere sorkuntza betiko zaintzeaz gozatzea da. Ba al duzu promesa zoragarri hau Jehobari eskertzeko ohiturarik?

7. Nola adierazten du Josue 24:15⁠ak aukeratzeko askatasuna dugula?

7 Aukeratzeko askatasuna emanez. Bizitzan zein bide hartuko dugun erabaki dezakegu (Irakurri Josue 24:15). Gure Jainko maitekorra asko pozten da bera zerbitzatzea aukeratzen dugunean (Sal 84:12 [84:11, NWT]; Es 27:11). Aukeratzeko askatasuna gure bizitzako arlo askotan erabili dezakegu. Aztertu dezagun Jesusen eredua.

8. Nola erabili zuen Jesusek aukeratzeko askatasuna? Eman adibide bat.

8 Jesusen eredua jarraituz, besteen interesak geureen aurretik jartzea erabaki dezakegu. Jesus eta bere apostoluak neka-neka eginda zeuden egun batean, atseden hartzeko leku lasai batera joan ziren. Baina ez zuten atseden hartzeko aukerarik eduki. Izan ere, Jesusen irakaspenak entzuteko irrikan zegoen jendetza batek aurkitu zituen. Baina, Jesus ez zen beraiekin haserretu. Horren ordez, errukia sentitu zuen. Eta, zer egin zuen? «Irakasten hasi zitzaien luze eta zabal» (Mk 6:30-34). Besteak laguntzeko gure denbora eta indarrak erabiltzean Jesus imitatzen badugu, gure zeruko Aita goretsiko dugu (Mt 5:14-16). Gainera, Jehobari bere familiaren parte izan nahi dugula erakutsiko diogu.

9. Zer opari berezi eman die Jehobak gizakiei?

9 Haurrak izateko gaitasuna emanez, baita gurasoei euren seme-alabei Jehoba maitatzen eta zerbitzatzen irakasteko ardura emanez ere. Aita edo ama baldin bazara, eskertzen al duzu opari berezi hori? Nahiz eta Jehobak aingeruak asko bedeinkatu, ez zien pribilegio hau eman. Beraz, guraso bazarete, seme-alabak hezteko aukera eskertu ezazue. Jehobak ardura handia eman dizue: zuen haurrak heztea «Jaunari dagokion bezala irakatsiz eta zentzaraziz» (Ef 6:4; Dt 6:5-7; Sal 127:3). Gurasoak laguntzeko, Jainkoaren erakundeak Biblian oinarritutako tresna asko jarri ditu eskuragarri, adibidez, argitalpenak, bideoak, musika eta online edukiak. Argi dago, beraz, gure zeruko Aitak eta bere Semeak gure gazteak maite dituztela (Lk 18:15-17). Gurasoek Jehobarengan konfiantza dutenean eta euren seme-alaba maiteak zaintzeko ahal duten guztia egiten dutenean, Jehoba poztu egiten da. Horrelako gurasoek euren seme-alabei betirako Jehobaren familiaren parte izateko aukera ematen diete!

10, 11. Zer egin du Jehobak gure alde erreskateari esker?

10 Gu berriro ere bere familiaren parte izateko bere Seme kuttunena emanez.  4. paragrafoan aipatu dugun bezala, Adam eta Ebak Jehobaren familian zuten lekua galdu zuten eta berdin gertatu zen euren seme-alabekin (Erm 5:12). Adam eta Ebak nahita desobeditu zutenez, Jehobaren familiatik kanpo gelditzea merezi zuten. Baina zer esan dezakegu beraien ondorengoez? Jehobak gizakiak maite ditu, beraz, bere familian adoptatuak izateko aukera zabaldu zuen. Hori, bere Seme bakarraren, Jesu Kristoren sakrifizioaren bidez egin zuen (Jn 3:16; Erm 5:19). Sakrifizio honi esker, Jehobak 144.000 gizaki leial adoptatu ditu bere seme-alaba izateko (Erm 8:15-17; Ap 14:1).

11 Hauetaz gain, milioika lagun ari dira Jainkoa leialtasunez zerbitzatzen eta bere nahia betetzen. Mila urteen amaierako azken proba pasa ondoren, Jehobaren familiaren parte izatea espero dute (Sal 25:14; Erm 8:20, 21). Etorkizun hori begi aurrean dutenez, orain ere Jehobari, euren Sortzaileari, «Aita» deitzen diote (Mt 6:9). Berpiztuak izango direnek ere, Jehobak beraiez zer espero duen ikasteko aukera izango dute. Bere esana jarraitzea erabakitzen dutenak denborarekin bere familiaren parte ere izango dira.

12. Zer galdera erantzungo dugu orain?

12 Ikusi dugunez, dagoeneko Jehobak gauza asko egin ditu gizakiak ohoratzeko. Gantzutuak bere seme-alaba izateko adoptatu ditu, eta gizatalde handikoei mundu berrian bere seme-alaba bihurtzeko esperantza eman die (Ap 7:9). Nola erakutsi ahal diogu Jehobari bere familiaren parte betirako izan nahi dugula?

ERAKUTSI JEHOBARI BERE FAMILIAREN PARTE IZAN NAHI DUZULA

13. Zer egin behar dugu Jehobaren familiaren parte izateko? (Markos 12:30)

13 Erakutsi Jehoba maite duzula bera bihotz-bihotzez zerbitzatuz (Irakurri Markos 12:30). Jainkoak eman dizkigun oparietatik agian handienetako bat bera adoratzeko gaitasuna da. Bere aginduak betetzean, Jehoba maite dugula erakusten dugu (1 Jn 5:3). Jesusek, bere Aitaren izenean hitz eginez, ikasleak egitea eta hauek bataiatzea agindu zigun (Mt 28:19). Gainera, elkar maitatzeko agindua ere eman zigun (Jn 13:35). Jehobak bere adoratzaileen mundu-mailako familiaren parte egingo ditu bere esaneko direnak (Sal 15:1, 2).

14. Nola erakutsi ahal diegu maitasuna besteei? (Mateo 9:36-38; Erromatarrei 12:10)

14 Besteak maite dituzula erakutsi. Maitasuna Jehobaren ezaugarririk nabarmenena da (1 Jn 4:8). Guk bera ezagutu baino lehen ere maitasuna erakutsi zigun (1 Jn 4:9, 10). Besteak maite ditugula erakustean Jehoba imitatzen dugu (Ef 5:1). Maitasun hau erakusteko modurik onenetariko bat, denbora dagoen bitartean, jendeari Jehobari buruz irakastea da (Irakurri Mateo 9:36-38). Honela laguntzean, Jehobaren familiaren parte izateko aukera emango diegu. Hauetakoren bat bataiatzen denean ere, bera maitatzen eta errespetatzen jarraitu behar dugu (1 Jn 4:20, 21). Nola egin dezakegu hau? Ulertzen ez dugun zerbait egiten duenean, ez dugu pentsatu behar motibazio txarrarekin edota arrazoi berekoiengatik egin duenik. Horren ordez, ohorea erakutsi behar diogu gu baino hobea dela pentsatuz (Irakurri Erromatarrei 12:10; Flp 2:3).

15. Norekin izan behar dugu errukitsuak eta atseginak?

15 Jende guztiarekin errukitsuak eta atseginak izan. Jehobari Aita betirako deitzeko eskubidea izan nahi badugu, Jainkoaren Hitza gure bizitzan praktikan jarri behar dugu. Adibidez, Jesusek pertsona guztiekin errukitsuak eta atseginak izan behar dugula irakatsi zigun, baita gure etsaiekin ere (Lk 6:32-36). Hau egitea batzuetan zaila izan daitekeenez, Jesusek bezala pentsatzen eta jokatzen ikasi behar dugu. Jehoba obeditzeko eta Jesus imitatzeko ahal dugun guztia egiten dugunean, gure zeruko Aitari betirako bere familiaren parte izan nahi dugula erakusten diogu.

16. Nola babestu dezakegu Jehobaren familiaren izen ona?

16 Jehobaren familiaren izen ona babestu. Familietan ohikoa da anaia gazteenak anaia zaharrena imitatzea. Zaharrenak Bibliako printzipioak jarraitzen baditu, eredu ona izango da bere anaia gaztearentzat. Baina gauzak gaizki egiten baditu, anaia gazteenak bere eredu txarra jarraitu dezake. Jehobaren familian gauza bera gertatzen da. Garai batean leiala izan den kristau bat pentsamendu apostatak izaten edo bizimodu moralgabe edo ustela izaten hasten bada, besteak bera imitatzen eta gauza txarrak egiten hasi daitezke. Hau egiten dutenek Jehobaren familiaren izen ona kaltetzen dute (1 Ts 4:3-8). Ez genituzke eredu txar horiek jarraitu behar. Ez gaitzala ezerk gure Aita maitekorrarengandik aldendu.

17. Zer pentsaera baztertu beharko genuke eta zergatik?

17 Gure konfiantza ondasunetan jarri ordez Jehobarengan ipini. Erreinuari lehentasuna ematen badiogu eta bere arauen arabera bizi bagara, Jehobak janaria, arropa eta bizitzeko leku bat emango digula promesten digu (Sal 55:22; Mt 6:33). Promesa honetan konfiantza baldin badugu, ez dugu pentsatuko gauza materialek segurtasuna eta zoriontasuna emango digutenik. Badakigu barne bakea lortzeko modu bakarra Jehobaren nahia egitea dela (Flp 4:6, 7). Nahiz eta gauza asko erosteko nahiko diru izan ere, gauza horiek erabiltzeko eta zaintzeko nahiko denbora eta energia izango dugun pentsatu behar dugu. Galdetu zeure buruari: «Gehiegi maite ote ditut nire ondasunak?». Gogoratu Jainkoak gu bere familiaren kide langileak izatea espero duela. Beraz, ez ginateke distraitu behar. Ez genuke Jesus ez jarraitzea erabaki zuen gazte aberatsa bezalakoak izan nahi. Bere ondasunak gehiegi maite zituenez, Jehoba zerbitzatzeko eta bere semeetako bat izateko aukera galdu zuen (Mk 10:17-22).

JEHOBAREN SEME-ALABEK BETIKO GOZATUKO DUTENA

18. Zer ohore eta bedeinkapen izango dituzte betirako esaneko diren gizakiek?

18 Esanekoak diren gizakiek egon daitekeen ohorerik handiena izango dute: Jehoba betirako maitatzea eta adoratzea! Lurreko esperantza dutenak lurra zaintzeaz pozik egongo dira. Izan ere, Jehobak beraien etxe perfektua izateko diseinatu zuen planeta. Laster Jainkoaren Erreinuak lurra eta bertan dagoen guztia ederra egingo dugu berriro. Adam eta Ebak Jehobaren familia uzteko erabakia hartu zuten. Baina Jesusek erabaki horrek ekarri zituen ondorioak desegingo ditu. Jehobak milioika lagun berpiztuko ditu eta paradisu bihurtutako lurrean betirako bizitzeko eta osasun perfektua izateko aukera emango die (Lk 23:42, 43). Jehoba zerbitzatzen duten gizakiak perfektu bihurtzen direnean, denek Dabidek idatzitako «ohorea eta ospea» izango dituzte (Sal 8:6, BS [8:5, NWT]).

19. Zer gogoratu behar dugu?

19 «Gizatalde handiaren» parte baldin bazara, etorkizun zoragarria duzu. Jehobak maite zaitu eta bere familiaren kide izatea nahi du. Beraz, bera pozteko ahal duzun guztia egin. Bizi egunero Jainkoaren promesak zure buru-bihotzetan izanez. Gure zeruko Aita maitea adoratzeko ohorea estimatu eta bera betirako goratzeko aukera eskertu dezagun!

sn 50. KANTA Jehoba, maitasunaren eredua

a Familiak ondo funtzionatzeko, kide bakoitzak berarengandik espero dena jakin behar du eta beste kideekin elkarlanean aritu behar du. Aitak maitasunez aurrea eramaten du, amak lagundu egiten dio eta seme-alabek gurasoei obeditzen diete. Berdina gertatzen da Jehobaren familian. Jainkoak helburu bat du guretzat, eta helburu horren alde elkarlanean aritzen bagara, betirako bere familiaren parte izango gara.

b IRUDIAREN AZALPENA: Jehobak gizakiak bere ezaugarriak imitatzeko gaitasunarekin sortu zituen. Guraso batzuek Jehobaren ezaugarriak imitatzen dituzte bata besteari eta euren semeei maitasuna eta errukia erakutsiz. Jehoba maite dute, eta haurrak izateko oparia eskertzen dutela erakusten dute euren semeei Jehoba maitatzen eta zerbitzatzen irakatsiz. Jehobak Jesus erreskate moduan zergatik eman zuen azaltzeko bideo bat erabiltzen dute. Paradisuan lurra eta animaliak betiko zainduko ditugula ere erakusten diete.