Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

31. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobarengan itxaroteko prest al zaude?

Jehobarengan itxaroteko prest al zaude?

«Itxaroteko jarrera erakutsiko dut» (MI 7:7NWT).

sn 24. KANTA. Eduki bistan saria

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

 NOLA sentitzen zara behar-beharrezkoa duzun pakete bat espero duzun egunean iristen ez bada? Kezkatuta? Esaera Zaharrak 13:12⁠ak dioena sentituko duzu seguraski: «Gauzatzen ez den itxaropenak bihotzean pena sortzen». Baina nola sentituko zinateke espero duzun egunean paketea ez iristeko arrazoiak ezagutuko bazenitu? Kasu horretan, seguruenik pazientzia izango zenuke eta itxaroteko prest egongo zinateke.

2 Artikulu honetan, «itxaroteko jarrera» lantzen lagunduko diguten Bibliako printzipio batzuk ikusiko ditugu (Mi 7:7NWT). Ondoren, Jehobarengan pazientziaz itxarotea beharrezkoa den bi egoera aztertuko ditugu. Azkenik, itxaroteko prest gaudenoi Jehobak promestu dizkigun gauza zoragarriak ikusiko ditugu.

PAZIENTZIA LANTZEKO BIBLIA-PRINTZIPIOAK

3. Zer ikasten dugu Esaera Zaharrak 13:11⁠tik?

3 Esaera Zaharrak 13:11⁠k pazientzia zergatik izan behar dugun erakusten digu. Honakoa dio: «Erraz aberastu, erraz galdu; poliki-poliki bilduz, gehitu» (Es 13:11). Zer ikasten dugu? Pausoz pauso gauzak pazientziaz egiten dituenak emaitza onenak jasoko dituela.

4. Zer azpimarratzen du Esaera Zaharrak 4:18⁠ko printzipioak?

4 Esaera Zaharrak 4:18⁠ak honakoa dio: «Zintzoen bidea egunsentiko argia bezalakoa da, eguna zabaldu ahala, gero eta argiagoa». Bertset honek Jehobak bere herriari bere helburua pixkanaka-pixkanaka ulertarazten laguntzen diola argi eta garbi erakusten du. Hala ere, kristau baten aurrerapen espiritualari ere aplikatu ahal zaio. Izan ere, denbora behar da norbait Jehobarengana gerturatzeko. Jainkoaren Hitzaren eta bere erakundearen bidez jasotzen ditugun aholkuak arreta handiz aztertu eta praktikan jartzen baditugu, pixkanaka-pixkanaka Jesu Kristok dituen ezaugarriak landuko ditugu. Gainera, Jainkoa hobeto ezagutuko dugu. Ikusi dezagun Jesusek hau azaltzeko esandakoa.

Landare bat pixkanaka-pixkanaka hazten den bezala, Erreinuaren mezua entzun eta onartu duen pertsona pixkanaka-pixkanaka espiritualki hazten da (Ikusi 5. paragrafoa)

5. Zer adibide erabili zuen Jesusek norbaitek aldaketak egiteko denbora behar duela azpimarratzeko?

5 Jesusek predikatzen dugun Erreinuaren mezua hazi txiki batekin konparatu zuen. Hazi hau bihotz onekoengan pixkanaka-pixkanaka haziz doa. Jesusek esan zuen: «Hazia erne eta hazi egiten da, hark [hazia ereiten duenak] nola ez dakiela. Lurrak berez ematen du: lehenbizi landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburua betean» (Mk 4:27, 28). Zer esan nahi zuen Jesusek? Landare bat poliki-poliki hazten den bezala, Erreinuaren mezua onartu duena poliki-poliki espiritualki hazten dela. Adibidez, gure biblia-ikasleak Jehobarengana gerturatu ahala, egin dituzten aldaketa asko ikusten hasiko gara (Ef 4:22-24). Baina kontuan hartu dezagun Jehoba dela hazi txikia hazarazten duena (1 Ko 3:7).

6, 7. Zer ikasten dugu Jehobak lurra sortu zuen modutik?

6 Egiten duen guztian, Jehobak pazientziaz behar den denbora hartzen du lana burutzeko. Hori bere izenaren aintzarako eta besteen onerako egiten du. Pentsa dezagun, adibidez, Jehobak gizakiarentzat lurra pausoz pauso nola prestatu zuen.

7 Jehobak lurra nola sortu zuen deskribatzean, Bibliak «neurriak» erabaki, «oinarriak» finkatu eta «giltzarria» ipintzeari buruz hitz egiten du (Jb 38:5, 6). Egindako lana aztertzeko denbora ere hartu zuen (Has 1:10, 12). Imajinatu al dezakezu nola sentitu ote ziren aingeruak Jehobak sortu zuen gauza berri bakoitza ikustean? Zelako emozioa sentituko zuten! Izan ere, uneren batean, guztiak «poz-irrintzika» hasi ziren (Jb 38:7). Zer ikasten dugu? Jehobak lurra, izarrak eta izaki bizidun guztiak sortzeko milaka urte pasa zituen. Baina, arreta handiz egin zuen guztia aztertzean, «oso ona zela» esan zuen (Has 1:31).

8. Zer aztertuko dugu orain?

8 Orain arte azterturiko adibideetan ikusi dugun bezala, pazientzia edukitzeko beharra azpimarratzen duten biblia-printzipio asko daude. Baina aztertu ditzagun Jehobarengan itxaroteko prest egon behar dugun bi egoera.

ZER EGOERATAN ITXARON BEHAR DUGU JEHOBARENGAN?

9. Zer egoeratan itxaron behar dugu Jehobarengan?

9 Agian, itxaron egin behar dugu gure otoitzen erantzuna jasotzeko. Arazo edo ahulezia bat gainditzeko otoitzean indarra eskatzen dugunean, beharbada, erantzuna guk nahi baino beranduago datorrela sentitu dezakegu. Zergatik ez ditu Jehobak gure otoitz guztiak segituan erantzuten?

10. Zergatik behar dugu pazientzia gure otoitzetan?

10 Jehobak arreta osoz entzuten ditu gure otoitzak (Sal 65:3 [65:2, NWT]). Bihotzetik egiten dizkiogun otoitzak gure fedearen froga direla ikusten du (Heb 11:6). Gainera, bera obeditu eta eskatzen diogunaren arabera jokatzeko ahal dugun guztia egin nahi dugun ikusi nahi du (1 Jn 3:22). Beraz, ohitura txar edo ahuleziaren bat gainditzen saiatzen ari garenean, pazientzia eduki eta gure otoitzen arabera jokatu behar dugu. Gure otoitz batzuek agian ez dutela segituan erantzuna jasoko ulertzen lagundu zigun Jesusek. Eskatzen, bilatzen eta atea jotzen segitzeko esan zuen, «zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio» (Mt 7:7, 8). Aholku hau segi eta otoitz egiten jarraitzen dugunean, ziur egon gaitezke gure zeruko Aitak gure otoitzak entzun eta erantzungo dituela (Kol 4:2).

Jehobarengan itxaroten dugun bitartean, fede osoz otoitz egiten jarraitzen dugu (Ikusi 11. paragrafoa) c

11. Nola lagundu gaitzake Hebrearrei 4:16⁠ak egin dugun otoitzaren erantzuna atzeratzen ari dela iruditzen bazaigu?

11 Nahiz eta otoitz baten erantzuna atzeratzen ari dela iruditu, Jehobak gure otoitzak «une egokian» erantzungo dituela promesten du (Irakurri Hebrearrei 4:16NWT b). Beraz, ez diogu inoiz Jehobari errua bota behar zerbait ez bada guk pentsatzen dugun bezain azkar gertatzen. Adibidez, jende askok Jainkoaren Erreinua mundu honi amaiera ematen ikusi nahi du eta urteak daramatza otoitzean hori eskatzen. Jesusek berak ere horixe eskatzeko esan zuen (Mt 6:10). Baina a zer tontakeria izango litzateke Jainkoarengan fedea galtzea amaiera guk espero dugunean iritsi ez delako! (Hab 2:3; Mt 24:44). Beraz, zentzuz jokatuko dugu Jehobarengan itxaroten eta berari konfiantza osoz otoitz egiten jarraitzen badugu. Amaiera une egokian, puntual-puntual iritsiko da, Jehobak dagoeneko «zein egunetan edo ordutan gertatuko den» aukeratu baitu. Eta egun hori izango da denontzat momenturik aproposena (Mt 24:36; 2 P 3:15).

Zer ikasi dezakegu pazientziari buruz Joseren eredutik? (Ikusi 12-14 paragrafoak)

12. Zer egoeratan izan daiteke bereziki zaila pazientzia izatea?

12 Agian, pazientziaz itxaron behar dugu, justizia noiz egingo den zain gauden bitartean. Mundu honetako jendeak genero, arraza, kultura edo nazionalitate desberdinak dituztenekin gaizki jokatzen du. Fisikoki edo psikikoki ezinduak direnak ere gutxiesten ditu. Jehobaren zerbitzari askok beraien biblia-sinesmenengatik injustizia latzak jasan dituzte. Gurekin horrela jokatzen dutenean, Jesusek esandako hitzak gogoratu behar ditugu: «Azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua» (Mt 24:13). Baina zer egin behar dugu kongregazioko norbaitek bekatu larria egin duela jakiten badugu? Adindunak jakinaren gainean badaude, utziko al duzu gaia euren eskuetan, pazientzia edukiz eta gauzak Jehobaren modura egingo dituzten konfiantza izanez? Ikus dezagun norbaitek bekatu larri bat egiten duenean adindunek zer egin behar duten.

13. Zer nahi du Jehobak adindunek egitea norbaitek bekatu larri bat egiten duenean?

13 Adindunek norbaitek kongregazioan bekatu larri bat egin duela jakiten dutenean, otoitzean «goitik datorren jakinduria» eskatzen dute egoera Jehobak ikusten duen bezala ikusteko (St 3:17). Zein da beraien helburua? Ahal baldin bada, «bekatari bat okerreko bidetik» zuzentzea (St 5:19, 20). Gainera, ahal duten guztia egiten dute kongregazioa babesteko eta kaltetuak kontsolatzeko (2 Ko 1:3, 4). Horrelako kasuak gertatzen direnean, adindunak benetan gertatutakoa jakiten saiatzen dira, eta honek denboratxo bat eraman dezake. Orduan, otoitz egin, Bibliako aholkuak eman eta bekataria zuzentzen dute «merezi duen neurrian» (Jr 30:11). Nahiz eta gauzak gerorako ez utzi, ez dituzte erabakiak arin-arin hartzen. Adindunek Jehobaren gida jarraitzen dutenean, kongregazioak guztien onerako izan dela ikusiko du. Hala ere, adindunek gauzak modu egokian egin arren, errugabea den norbait oraindik minduta sentitu daiteke. Zu horrela sentitzen bazara, zer egin dezakezu mina leuntzeko?

14. Beste kristau batek mindu bazaitu, zer biblia-ereduk lagundu zaitzake?

14 Jokatu al du norbaitek, agian anaia edo arrebaren batek, gaizki zurekin? Sentitu al zara erabat minduta? Biblian injustiziak zuzendu arte Jehobarengan itxaron zutenen eredu onak daude. Adibidez, Josek bere anaien eskutik injustizia latzak sufritu arren, ez zuen utzi haserreak menderatu zezan. Horren ordez, Jehoba zerbitzatzeko ahal zuen guztia egiten jarraitu zuen eta Jainkoak bere pazientzia eta iraupenagatik saritu zuen (Has 39:21). Denborarekin, min egin ziotenei barkatzeko gai izan zen eta Jehobak nola bedeinkatu zuen ikusi zuen (Has 45:5). Josek bezala, Jehobaren ondoan gaudenean eta justizia egitea bere esku uzten dugunean, kontsolamendua aurkitzen dugu (Sal 7:18 [7:17, NWT]; 73:28).

15. Zerk lagundu zion arreba bati injustizia baten aurrean pazientziaz irauten?

15 Noski, injustizia guztiak ez dira Josek jasan zituen bezain gogorrak. Baina, hala ere, gurekin gaizki jokatzen dutenean bihotz-minduta sentitu gaitezke. Norbaitekin arazoren bat dugunean, anaia edo arreba bat ez bada ere, Bibliako printzipioak praktikan jartzea lagungarria izango zaigu (Flp 2:3, 4). Pentsa dezagun honako adibidean. Arreba bat oso minduta sentitu zen bere lankide batek besteei berari buruz komentario negatiboak eta gezurrak esaten ari zela jakin zuenean. Baina segituan haserretu beharrean, Jesusen ereduan pentsatzeko denbora hartu zuen; iraintzen zutenean, ez zuen irainez erantzuten (1 P 2:21, 23). Hori kontuan hartuta, ez zuen harri-koskorra mendi bihurtu. Geroago, bere lankidea osasun arazo larri bat sufritzen eta estres handia jasaten ari zela jakin zuen. Arrebak lankideak esandakoa ez zela benetan pentsatzen zuena ondorioztatu zuen. Beraz, arreba oso pozik zegoen injustizia horren aurrean pazientziaz iraun zuelako. Gainera, horrez gain, barne bakea sentitu zuen.

16. Injustizia bat jasaten ari bazara, zerk kontsolatu zaitzake? (1 Pedro 3:12)

16 Injustizia edo mintzen zaituen egoeraren bat jasaten ari bazara, gogora ezazu Jehoba «bihotz-hautsiengandik» hurbil dagoela (Sal 34:19 [34:18, NWT]). Zure pazientziagatik eta duzun zama bere eskuetan uzteagatik asko maite zaitu (Sal 55:23 [55:22, NWT]). Lur osoko Epailea da eta gertatzen den guztia ikusten du (Irakurri 1 Pedro 3:12). Beraz, konpondu ezin ditzakezun arazoen aurrean, prest al zaude berarengan itxaroteko?

BEDEINKAPENAK JEHOBARENGAN ITXAROTEN ARI DIRENENTZAT

17. ⁠Isaias 30:18⁠aren arabera, zer promesten digu Jehobak?

17 Laster gure zeruko Aitak bere Erreinuaren bidez asko bedeinkatuko gaitu. Isaias 30:18⁠ak dio: «Hala ere, zuei barkatzeko begira, errukia agertzeko prest dago Jauna, Jainko zuzena baita. Zoriontsuak harengan itxaron dutenak!». Jehobarengan itxaroten dutenek, orain eta datorren mundu berrian, bedeinkapen ugari jasoko dituzte.

18. Zer bedeinkapen izango ditugu mundu berrian?

18 Mundu berrian sartzen direnean, Jainkoaren zerbitzariek ez dute gaur egun jasaten dituzten kezkak eta erronkak gehiago jasan behar izango. Injustizia izpirik ez da izango, ez minik, ez nekerik (Ap 21:4). Behar duguna lortzeko ez dugu gehiago kezkatu beharrik izango, denontzat soberan egongo baita (Sal 72:16; Is 54:13). Benetan zoragarria izango da!

19. Zertarako ari da Jehoba pixkanaka-pixkanaka gu prestatzen?

19 Bitartean, menderatzen dugun ohitura txar bakoitzarekin eta lantzen dugun ezaugarri on bakoitzarekin, Jehoba gu prestatzen ari da bere agintaritzapean bizi gaitezen. Ez amore eman, eutsi goiari. Onena etortzeko dago! Etorkizun zoragarri hau aurrean izanda, jarraitu dezagun gogo onez Jehobarengan pazientziaz itxaroten, berak bere lana bukatu arte!

sjj 118. KANTA Eman, arren, fedea

a «Ez nuen espero mundu gaizto honek hainbeste iraungo zuenik». Entzun al diozu noizbait Jehoba denbora luzez zerbitzatzen egon den norbaiti hori esaten? Denok gaude Jehobak amaiera ekartzeko irrikan, garai zail hauetan bereziki. Baina pazientzia izaten ikasi behar dugu. Artikulu honetan, itxaroteko jarrera izaten lagunduko diguten Bibliako printzipioak ikusiko ditugu. Gainera, Jehobarengan pazientziaz itxaron behar dugun bi egoera aztertuko ditugu. Azkenik, itxaroteko prest gaudenoi Jehobak promestu dizkigun gauza zoragarriak ikusiko ditugu.

b Hebrearrei 4:16NWT: «Hurbil gaitezen, orduan, konfiantza osoz merezigabeko onginahiaren tronura, errukia jasotzeko eta merezigabeko onginahia aurkitzeko une egokian laguntza izan dezagun».

c IRUDIAREN AZALPENA: Txiki-txikitatik arreba batek Jehobari otoitz egiteko ohitura du. Haurra zenean, bere gurasoek otoitz nola egin irakatsi zioten. Gaztea zenean, aitzindaritza hasi zuen eta Jehobari bere predikazioa bedeinkatzeko askotan eskatzen zion otoitzean. Urteak pasa ondoren, bere senarra larriki gaixotu zenean, Jehobari proba hori jasateko indarra erregutu zion. Gaur egun, alarguna da eta otoitz egiten jarraitzen du. Bere zeruko Aitak bere otoitzak erantzungo dituela ziur dago, bizitza osoan zehar egin duen bezalaxe.