Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

14. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jarraitu arretaz Jesusen urratsak

Jarraitu arretaz Jesusen urratsak

«Kristok, zuengatik sufrituz, ikasbide eman zizuen, zuek ere haren urratsei jarraituz joka dezazuen» (1 P 2:21).

sn 5. KANTA Jesu Kristo, gure eredua

ZER AZTERTUKO DUGU? *

Jesusek bere urratsen aztarnak utzi ditu arretaz jarrai ditzagun (Ikusi 1 eta 2 paragrafoak)

1, 2. Nolatan jarraitu ditzakegu Jesusen urratsak? Adibide bat jarri.

IMAJINATU mendizale talde baten kide zarela eta elurrez estalitako baso itxi bat zeharkatu behar duzuela. Esperientzia handiko mendi-gidari bat zuen aurretik doa. Ibiltzean, elurretan, bere urratsen aztarnak uzten doa. Une batean gidaria ez duzula ikusten konturatzen zara! Baina ez zara beldurtzen. Horren ordez, zuk eta taldeko beste kideek gidariak utzi dituen urratsen arrastoak arretaz jarraitzen dituzue.

2 Gaur egungo mundu gaiztoa baso itxi arriskutsu bat bezalakoa da eta benetako kristauak mendizale taldea bezalakoak. Zorionez, Jehobak gidari perfektua eman digu honen urratsak arretaz jarrai ditzagun: bere Semea, Jesu Kristo (1 P 2:21). Bibliari buruzko kontsulta liburu baten arabera, Pedro Jesus gidari batekin konparatzen ari da hemen. Mendi-gidariak atzean arrastoak uzten dituen bezala, Jesusek bere urratsen aztarnak utzi ditu guk jarraitzeko. Aztertu ditzagun honako galderak: Zer esan nahi du Jesusen urratsak jarraitzeak? Zergatik egin behar dugu hau? Eta, nola egin dezakegu?

ZER ESAN NAHI DU JESUSEN URRATSAK JARRAITZEAK?

3. Zer esan nahi du norbaiten urratsak jarraitzeak?

3 Zer esan nahi du norbaiten urratsak jarraitzeak? Biblian «ibili» eta «oinak» hitzek, batzuetan, norbaitek bere bizitzan egindakoa adierazten dute (Has 6:9, BJU; Es 4:26). Pertsona baten bizimodua ibiltzerakoan atzean uzten diren urratsen aztarnekin konparatu daiteke. Beraz, norbaiten urratsak jarraitzeak bere eredua jarraitzea, hau da, bera imitatzea esan nahi du.

4. Zer esan nahi du Jesusen urratsak jarraitzeak?

4 Orduan, zer esan nahi du Jesusen urratsak jarraitzeak? Hitz gutxitan, bere eredua imitatzea. Artikuluko aipu nagusian, Pedro apostolua Jesusek sufrimendua jasatean ezarri zuen eredu bikainaz hitz egiten ari zen. Hala ere, beste modu askotan imitatu dezakegu Jesus (1 P 2:18-25). Izan ere, Jesusen bizitza osoa, hau da, egin eta esan zuen guztia da guk jarraitu behar dugun eredua.

5. Jarraitu al dezakete gizaki inperfektuek Jesu Kristoren eredu perfektua? Azaldu.

5 Baina, gizaki inperfektuak izanik, jarraitu al dezakegu Jesusen eredua? Horixe baietz. Noski, ezingo ditugu Jesusen urratsak modu perfektuan jarraitu. Hala ere, bere urratsak arreta handiz jarraitzen baditugu ahal dugun guztia eginez, Joan apostoluaren honako hitzak obeditzen ariko gara: «Ibili Jesu Kristo ibili izan den bezala» (1 Jn 2:6, ES).

ZERGATIK JARRAITU BEHAR DITUGU JESUSEN URRATSAK?

6, 7. Zergatik esan dezakegu Jesusen urratsak jarraitzeak Jehobarengana hurbiltzen gaituela?

6 Jesusen urratsak jarraitzen baditugu, Jehobarengandik hurbilago egongo gara. Zergatik? Lehenik, Jainkoa poztuko duen bizimodua eramateko eredu paregabea ezarri zigulako Jesusek. Beraz, bere urratsak jarraitzen baditugu, Jehoba poztuko dugu (Jn 8:29). Eta ziur gaude gure zeruko Aita bere lagunak izaten gogor saiatzen direnengana hurbilduko dela (St 4:8).

7 Bigarrenik, Jesusek Aita modu perfektuan imitatu zuelako. Horregatik, Jesusek honakoa esan ahal izan zuen: «Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du» (Jn 14:9). Adibidez, Jesusek lepradun bati errukia erakutsi zion, gaixotasun larri bat zuen emakume batengatik enpatia sentitu zuen eta doluan zeudenez errukitu zen (Mk 1:40, 41; 5:25-34; Jn 11:33-35). Jesusen ezaugarriak eta besteekin tratatu zuen modua imitatzen ditugunean, Jehoba ere imitatzen ari gara. Jehoba zenbat eta gehiago imitatu, berarengandik orduan eta hurbilago egongo gara.

8. Zergatik lagunduko digu Jesusen urratsak jarraitzeak mundua garaitzen? Azaldu.

8 Jesusen urratsak jarraitzen baditugu, mundu gaizto honek ezingo digu arreta kendu. Lurrean bizi izan zen azken gauean, Jesus hau esateko gai izan zen: «Nik garaitua dut mundua» (Jn 16:33). Zer esan nahi zuen honekin? Ez ziela utzi mundu honetako pentsaera, helburu eta ekintzei berarengan eragina izaten. Jesusek ez zuen inoiz ahaztu bera lurrera etortzearen arrazoia: Jehobaren izena santu egitea. Eta zer esan dezakegu guri buruz? Mundu honetan arreta kendu ahal diguten gauza asko daude. Baina, Jesusek bezala, arreta Jehobaren nahia egitean jartzen badugu, guk ere mundua garaituko dugu (1 Jn 5:5).

9. Zer egin behar dugu betiko bizira daraman bidean egoteko?

9 Jesusen urratsak jarraitzen baditugu, betiko bizia eduki ahal izango dugu. Gazte aberats batek betiko bizia eskuratzeko zer egin behar zuen galdetzerakoan, Jesusek esan zion: «Zatoz eta jarraitu niri» (Mt 19:16-21). Kristo zela sinesten ez zuten judu batzuei esan zien: «Nire ardiek [...] atzetik jarraitzen didate, eta nik betiko bizia ematen diet» (Jn 10:24-29). Jesusen irakaspenetan interes handia zuen Sanedrineko kide bati, Nikodemori, Jesusek berarengan sinesten zuenak «betiko bizia» izango zuela esan zion (Jn 3:16). Eta nola erakutsi dezakegu Jesusengan fedea dugula? Berak hitzez eta ekintzez irakatsi zuena imitatuz. Hau egiten badugu, betiko bizira daraman bidean egongo gara (Mt 7:14).

NOLA JARRAITU DITZAKEGU ARRETAZ JESUSEN URRATSAK?

10. Zer egin behar dugu Jesus hobeto ezagutzeko? (Joan 17:3)

10 Jesusen urratsak arretaz jarraitu baino lehen, Jesus bera ezagutu behar dugu (Irakurri Joan 17:3). Jesus «ezagutzea» amaitzen ez den prozesua da. Berari buruz gero eta gehiago ikasi behar dugu, bere ezaugarri, pentsaera eta printzipio moralak ezagutuz. Egian zenbat denbora igaro dugun axola gabe, Jehoba eta bere Semea ezagutzen jarraitu behar dugu.

11. Zer aurkitzen dugu lau Ebanjelioetan?

11 Bere Semea ezagutzen laguntzeko, Jehobak maitasunez bere Hitzean dauden lau Ebanjelioak eman dizkigu. Hauek Jesusen bizitza eta zerbitzua kontatzen digute, zer esan, egin eta sentitu zuen erakutsiz. Lau liburu hauek Jesusen eredua «arretaz» aztertzen laguntzen digute (Heb 12:3, BJU). Hain zuzen ere, hauetan Jesusen urratsen arrastoak aurkitu ditzakegu. Beraz, Ebanjelioak aztertuz, Jesus gero eta hobeto ezagutu ahal izango dugu. Eta, ondorioz, bere urratsak arretaz jarraituko ditugu.

12. Zer egin dezakegu Ebanjelioei etekinik handiena ateratzeko?

12 Ebanjelioei etekinik handiena ateratzeko, irakurri baino gehiago egin behar dugu. Hauek arretaz aztertzeko eta sakonki hausnartzeko denbora hartu behar dugu (Konparatu Josue 1:8). Ikus ditzagun Ebanjelioetan hausnartzeko eta bertan irakurtzen duguna praktikan jartzeko bi proposamen.

13. Zer egin dezakezu Ebanjelioetako pasarteei bizia emateko?

13 Lehenik, eman bizia Ebanjelioetako pasarteei. Erabili zeure imajinazioa gertatzen ari dena ikusi, entzun eta sentitzeko. Horretarako, Jehobaren erakundearen ikerketarako tresnak erabili. Testuingurua begiratu, hau da, aztertzen ari zaren pasartean aurretik eta ondoren gertatutakoa. Pasartean agertzen diren pertsona edo lekuei buruzko informazio gehiago bilatu. Irakurri gertakizun berdina beste Ebanjelioetan. Izan ere, idazle batek beste batek aipatzen ez duen xehetasun interesgarri bat aipatu dezake.

14, 15. Zer egin dezakegu Ebanjelioetan ikasten duguna gure bizitzan praktikan jartzeko?

14 Bigarrenik, Ebanjelioetan ikasi duzuna praktikan jarri zure bizitzan (Jn 13:17). Ebanjelioetako pasarte bat arretaz aztertu ondoren, galdetu zeure buruari: «Ba al dago gertakari honetan nire bizitzan praktikan jarri dezakedan ikasgairen bat? Nola erabili dezaket beste bati laguntzeko?». Ezagutzen duzun norbaitengan pentsatu eta, egokia den garaian, maitasunez eta errespetuz ikasitakoa aipatu.

15 Azter dezagun adibide bat bi proposamen hauek praktikan nola jarri ditzakegun ikusteko. Jesusek tenpluan ikusi zuen alargun behartsuaren pasartea aztertuko dugu.

TENPLUKO ALARGUN BEHARTSUA

16. Deskribatu Markos 12:41⁠ean gertatzen ari dena.

16 Pasarteari bizia eman (Irakurri Markos 12:41). Imajinatu gertatzen ari dena: 33. urteko Nisanaren 11 da eta Jesus eraila izateko astebete baino gutxiago gelditzen da. Jesusek ia egun guztia tenpluan irakasten pasa du. Erlijioburuak berari aurka egiten aritu dira, batzuek bere agintea zalantzan jarriz eta beste batzuek galdera zailekin estutuz (Mk 11:27-33; 12:13-34). Jesus, orain, tenpluko beste alde batera joaten da. Handik diru kaxak ikusten dituenez, seguruenik Emakumeen atarian dago. Eseri eta kutxetan dohaintzak botatzen ari den jendeari begira hasten da. Aberats asko ikusten ditu txanpon ugari botatzen. Agian, dagoen tokitik txanponek erortzean egiten duten zarata entzuteko gai da.

17. Zer egin zuen Markos 12:42⁠an aipatzen den alargun behartsuak?

17 Irakurri Markos 12:42Denboratxo bat pasa ondoren, Jesusek emakume batengan jartzen du arreta. «Alargun behartsu bat» da (Lk 21:2). Bere bizitza oso zaila da; oinarrizko gauzak lortzeko ere zailtasun ugari ditu. Hala ere, kutxa batetara gerturatu eta, nabarmenegi izan gabe, bi txanpon txiki botatzen ditu. Agian ez dute ia zaratarik egin erortzean. Jesusek badaki zer bota duen: bi lepton, garai hartan erabiltzen zen txanponik txikiena. Horrekin ezin zen pareta-txori bakar bat ere erosi, nahiz eta jateko zegoen txoririk merkeena izan.

18. ⁠Markos 12:43, 44⁠aren arabera, zer esan zuen Jesusek alargunak emandakoari buruz?

18 Irakurri Markos 12:43, 44Alargun honek zeharo hunkitzen du Jesus. Beraz, bere ikasleei deitu eta alargunarengan arreta jarriz, esaten die: «Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du». Orduan, honakoa azaltzen du: «Beste guztiek [bereziki aberatsek] sobera dutenetik eman dute; honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du». Egun hartan bere azkeneko bi sosak ematean, alargun leial hau bere bizitza Jehobaren eskuetan jartzen ari zen (Sal 26:3).

Jesusek bezala, zoriondu Jehobari onena ematen ari direnak (Ikusi 19 eta 20 paragrafoak) *

19. Zer ikasi dezakegu Jesusek alargun behartsuari buruz esandakotik?

19 Ikasitakoa praktikan jarri zure bizitzan. Galdetu zeure buruari: «Zer ikasi dezaket Jesusek alargun behartsuari buruz esandakotik?». Pentsatu alargunarengan. Zalantzarik gabe, Jehobari gehiago eman nahiko zion. Hala ere, ahal zuen guztia egin zuen. Jehobari zeukan onena eman zion. Jesusek bazekien emakumeak emandakoa oso baliotsua zela bere Aitarentzat. Hona hemen guretzako ikasgai garrantzitsu bat: Jehobak asko atsegin du berari daukagun onena ematea, hau da, bihotz-bihotzez eta gogo osoz zerbitzatzea (Mt 22:37; Kol 3:23). Jehoba asko pozten da ahal dugun guztia egiten dugula ikustean! Printzipio hau Jehobaren adorazioan, esaterako, predikatze-lanean eta bileretan eskaini dezakegun denbora eta indarrarekin lotuta dago.

20. Nola jarri dezakezu praktikan alargun behartsuaren pasartetik ikasitakoa? Adibide bat jarri.

20 Nola jarri dezakezu praktikan alargunaren pasartetik ikasitakoa? Pentsatu zure ezagunengan. Ba al dago adorea behar duen norbait? Ez al luke animatuko Jehoba bere ahaleginekin pozten dela jakiteak? Adibidez, adineko arreba batek osasun kaxkarragatik edo indar gutxi izateagatik ezin du lehen bezainbeste egin predikatze-lanean eta, horregatik, errudun sentitzen da eta ez dela ezertarako gauza pentsatzen du. Edo agian, anaia batek gaixotasun kroniko mingarri batengatik ezin du bilera guztietan aretoan egon eta, horregatik, desanimatuta sentitzen da. Animatu itzazu «ona eta egokia» dena esanez (Ef 4:29). Partekatu ezazu beraiekin alargun behartsuaren pasartetik ikasi dugun ikasgai hunkigarri hau. Zure hitz animagarriek honakoa gogoraraziko die: bere zerbitzuan ahal dugun guztia egiten dugunean, Jehoba gurekin pozik dago (Es 15:23; 1 Ts 5:11). Jehobari onena emateagatik besteak zoriontzen dituzunean, nahiz eta beraiei egiten dutena gutxi dela iruditu, Jesusen urratsak arretaz jarraitzen ari zara.

21.  Zer helburu jarri duzu zure aurrean?

21 Zenbat eskertzen dugun Ebanjelioak edukitzea! Izan ere, Jesusen bizitzako hainbeste xehetasun dituztenez, bera imitatzen eta bere urratsak arretaz jarraitzen laguntzen digute. Zergatik ez duzu ikasketa pertsonalean edo familia adorazioan Ebanjelioetan oinarritzen den proiekturen bat egiten? Gogoratu, proiektu horri etekinik handiena ateratzeko, pasarteari bizia eman eta gure bizitzan praktikan jarri behar dugula. Gainera, Jesusek egin zuena imitatzeaz gain, esan zuena ere entzun behar dugu. Hurrengo artikuluan, Jesusek hil baino lehen esan zituen azkeneko hitzetatik zer ikasten dugun aztertuko dugu.

sjj 15. KANTA Goretsi Jehobaren Lehen Semea!

^ § 5 Benetako kristauok Jesusen «urratsei» arretaz jarraitu behar diegu. Zer «urrats» utzi zituen Jesusek guk jarraitu ditzagun? Artikulu honek galdera hau erantzungo du. Arretaz zergatik jarraitu behar ditugun eta nola egin dezakegun ere ikusiko dugu.

^ § 60 IRUDIAREN AZALPENA: Jesusek alargun behartsuari buruz esandakoan hausnartu ondoren, arreba batek adineko beste arreba bat zoriontzen du gogo osoz Jehobari ematen dion zerbitzuarengatik.