Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

15. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zer ikasi dezakegu Jesusen azken hitzetatik?

Zer ikasi dezakegu Jesusen azken hitzetatik?

«Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!» (MT 17:5).

sjj 17. KANTA «Nahi dut»

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer gertatu zen Jesusek bere azken hitzak esan aurretik?

33. URTEKO Nisanaren 14⁠a da. Jesusek salaketa faltsua jaso du eta egin ez duen delituaren erruduntzat jo dute. Iraindua eta krudeltasunez torturatua izan ondoren, habean iltzatu dute. Iltzeekin esku eta oinak zulatzen dizkiote. Arnasa hartzen duen bakoitzean eta hitz egiten duen bakoitzean izugarrizko mina sentitzen du. Baina hitz egin behar du; oraindik gauza garrantzitsuak ditu esateko.

2 Azter ditzagun Jesusek habean hiltzear zegoela esan zituen hitzak eta hauetatik ikasi dezakeguna. Beste hitz batzuetan, «entzun» dezagun Jesus (Mt 17:5).

«AITA, BARKA IEZAIEZU»

3. Nori buruz ari zen Jesus hitz egiten seguruenik «Aita, barka iezaiezu» esan zuenean?

3 Zer esan zuen Jesusek? Habean iltzatua izan ondoren, Jesusek otoitz egin zuen: «Aita, barka iezaiezu». Baina, nori barkatu behar zion Aitak? Bere hurrengo hitzek hau jakiten laguntzen digute: «Ez baitakite zer ari diren» (Lk 23:33, 34). Seguruenik esku eta oinak habean iltzatu zizkioten soldadu erromatarrei buruz hitz egiten ari zen. Izan ere, ez zekiten Jesus Jainkoaren Semea zenik. Agian, bere heriotza eskatu baina, beranduago, berarengan fedea jarriko zutenengan ere pentsatzen ariko zen (Eg 2:36-38). Jesusek ez zuen hiltzea merezi. Hala ere, ez zen pertsegitu zutenekin haserretu edo samindu (1 P 2:23). Are gehiago, bera hiltzen ari zirenei barkatzeko eskatu zion Jehobari.

4. Zer ikasi dezakegu Jesusek barkatzeko eduki zuen jarreratik?

4 Zer ikasi dezakegu Jesusen hitzetatik? Jesus bezala, besteei barkatzeko prest egon behar dugu (Kol 3:13). Batzuk, baita senideak ere, gure aurka jarri daitezke gure sinesmenak edota bizimodua ulertzen ez dituztelako. Guri buruz gezurretan ibili, besteen aurrean umiliatu edo gure argitalpenak suntsitu ditzakete, baita mina egitearekin mehatxatu ere. Baina beraiekin haserre egon ordez, Jehobari gure aurka daudenei egia onartzen laguntzeko eskatu ahal diogu (Mt 5:44, 45). Batzuetan zaila izan daiteke barkatzea, batez ere, gurekin oso gaizki jokatu badute. Baina gure bihotzean haserrea eta erresumina errotzen uzten badugu, geure burua kaltetuko dugu. Arreba batek esan zuen: «Besteei barkatzeak ez du esan nahi egin zutena ondo dagoela pentsatzen dudanik edo nirekin jokatzeko modua onartzen dudanik. Haserrea eta erresumina baztertzen ditudala besterik ez du esan nahi» (Sal 37:8). Barkatzea erabakitzen dugunean, ez diegu bizipen txarrei bizitza garrazten edo mikatza bihurtzen uzten (Ef 4:31, 32).

«NIREKIN IZANGO ZARA PARADISUAN»

5. Zer promestu zion Jesusek bere ondoan zegoen gaizkileari eta zergatik egin zion promes hori?

5 Zer esan zuen Jesusek? Bi gaizkile Jesusekin batera exekutatuak izaten ari ziren. Hasieran biek iraindu zuten Jesus (Mt 27:44). Baina gero, batek bihotzeko jarrera aldatu zuen. Jesusek ez zuela «okerrik egin» konturatu zen (Lk 23:40, 41). Are gehiago, Jesus berpiztua eta noizbait errege izango zela sinesten zuela erakutsi zuen. Hiltzear zegoen Jesusi esan zion: «Oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean» (Lk 23:42). Zer-nolako fedea erakutsi zuen gizon honek! Jesusek erantzun zion: «Benetan esaten dizut gaur: nirekin izango zara Paradisuan», ez Erreinuan (Lk 23:43NW ). «Dizut» eta «nirekin» hitzak erabiltzean, Jesus ez zen promes orokor bat egiten ari, baizik eta gizon hari zuzendutako promesa. Bere Aita errukiorra zela zekienez, Jesusek esperantzaz beteriko hitz horiek esan zizkion hilzorian zegoen gaizkileari (Sal 103:8).

6. Zer ikasten dugu Jesusek gaizkileari esandako hitzetatik?

6 Zer ikasi dezakegu Jesusen hitzetatik? Jesus bere Aita bezalakoxea da (Heb 1:3). Jehoba guri barkatzeko eta errukia erakusteko irrikan dago. Baina, horretarako, egin ditugun gauza txarrez benetan damutu eta Jesu Kristoren eskaintzan fedea izan behar dugu (1 Jn 1:7). Batzuentzat zaila izan daiteke Jehobak beraien iraganeko akatsak barkatuko dituela sinestea. Batzuetan horrela sentitzen bazara, pentsatu honetan: Hil baino lehentxeago, Jesusek errukia erakutsi zion fedea erakusten hasi berri zen gaizkileari. Jehobaren adoratzaile leialok bere aginduak betetzeko ahal dugun guztia egiten dugunez, nola ez digu Jehobak guri ere errukia erakutsiko? (Sal 51:3 [51:1, NW ]; 1 Jn 2:1, 2).

«HORRA HOR ZURE SEMEA [...] HORRA HOR ZURE AMA»

7. ⁠Joan 19:26, 27⁠aren arabera, zer esan zien Jesusek Maria eta Joani eta zergatik?

7 Zer esan zuen Jesusek? (Irakurri Joan 19:26, 27). Maria seguruenik alarguna zenez, Jesus amaz kezkatuta zegoen. Bere anai-arrebek amaren behar fisikoak beteko zituzten, baina nor arduratuko zen bere behar espiritualez? Ezerk ez du Jesusen anaiak ordurako bere jarraitzaile egin zirenik adierazten. Bestalde, Joan bere apostolu leial eta lagun minetako bat zen. Jesusentzat, Jehoba berarekin batera adoratzen zutenak bere familia espirituala ziren (Mt 12:46-50). Beraz, Mariari zion maitasun eta ardurak bultzatuta, Joani ama zaintzeko erantzukizuna eman zion. Izan ere, bazekien Joanekin espiritualki ongi zainduta egongo zela. Bere amari esan zion: «Horra hor zure semea». Eta Joani esan zion: «Horra hor zure ama». Handik aurrera, Joan Mariaren semea bezalakoa bihurtu zen eta Joanek bere ama izango balitz bezala zaindu zuen Maria. Zer-nolako maitasuna erakutsi zion Jesusek bere amari, txikitatik goxo-goxo zaindu eta orain, bere heriotzean, alboan zuen emakume baliotsu hari!

8. Zer ikasi dezakegu Jesusek Maria eta Joani esandako hitzetatik?

8 Zer ikasi dezakegu Jesusen hitzetatik? Gure anai-arreba kristauekin dugun harremana familiarekin duguna baino estuagoa izan daiteke. Senideak gure aurka jarri edo baztertu egin gaitzakete. Baina, Jesusek promestu zuen bezala, Jehobarengandik eta bere erakundetik gertu mantentzen bagara, galdu dugunaren «ehun halako» jasoko ditugu. Anai-arreba asko seme, alaba, ama edo aita maitekorrak bezalakoak izango dira (Mk 10:29, 30). Nola sentitzen zara fedeak eta maitasunak elkartu duen familia espiritualaren parte izateaz? (Kol 3:14; 1 P 2:17).

«ENE JAINKO, ZERGATIK UTZI NAUZU?»

9. Zer dago Mateo 27:46⁠ko Jesusen hitzen atzean?

9 Zer esan zuen Jesusek? Hil baino lehentxeago, Jesusek oihu eginez esan zuen: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?» (Mt 27:46). Bibliak ez du azaltzen Jesusek zergatik esan zituen hitz hauek. Ikus dezagun, hala ere, zer dagoen hauen atzean. Alde batetik, hori esatean, Jesus 22. Salmoa 2 [22:1, NW ] bertseteko profezia betetzen ari zen. * Gainera, hitz hauek argi uzten dute Jehoba ez zela bere Semea hesi batekin «babesten» ari (Jb 1:10). Jesusek honakoa ulertu zuen: bere Aitak etsaien eskuetan utzi zuela bere fedea heriotzaraino frogatua izan zedin. Ez dago Jesusek jasan zuen neurriko proba jasan duen gizakirik. Honetaz gain, hitz hauek errugabea zela eta ez zuela heriotza zigorra merezi zuen deliturik egin baieztatzen dute.

10. Zer ikasi dezakegu Jesusek bere Aitari esandako hitzetatik?

10 Zer ikasi dezakegu Jesusen hitzetatik? Lehenengo ikasgaia hau da: Ez dugu espero behar Jehobak gure fedea proban jartzen duten zailtasunetatik babestea. Jesus amaiera arte probatua izan zen bezala, guk ere, beharrezkoa bada, heriotza arte leial mantentzeko prestatu behar dugu (Mt 16:24, 25). Hala ere, ziur egon gaitezke Jainkoak ez duela utziko gure indarrez jasan ezin dezakegun probarik izan dezagun (1 Ko 10:13). Hau da bigarren ikasgaia: Jesusek bezala, guk ere merezi gabe sufritu dezakegu (1 P 2:19, 20). Gure etsaiek ez digute aurka egiten gauza txarren bat egin dugulako, baizik eta munduaren parte ez garelako eta egiaren testigantza ematen dugulako (Jn 17:14; 1 P 4:15, 16). Jesusek bazekien Jehobak zergatik utzi zion sufritzen. Baina zerbitzari leial batzuek, aldiz, sufritzen ari direnean, Jehobak gauza txarrak gertatzen zergatik uzten duen galdetzen dute (Hab 1:3). Errukia eta pazientzia duen Jainkoak ulertzen du hauek ez dutela fede faltarik; berak bakarrik eman dezakeen kontsolamendua behar dute (2 Ko 1:3, 4).

«EGARRI NAIZ»

11. Zergatik esan zituen Jesusek Joan 19:28⁠ko hitzak?

11 Zer esan zuen Jesusek? (Irakurri Joan 19:28). Zergatik esan zuen Jesusek «egarri naiz»? Liburu santuak esana erabat bete zedin, hau da, 22. Salmoa 16 [22:15, NW ] bertseteko profezia bete zedin. Honakoa dio: «Indargabe nago, teila bezain lehor, ahosabaiari itsatsia dut mihia». Gainera, sufritu zuen guztiarekin eta habean izugarrizko mina jasan ondoren, dudarik gabe, egarri handia izango zuen. Hau asetzeko laguntza behar zuen.

12. Zer ikasi dezakegu Jesusen «egarri naiz» hitzetatik?

12 Zer ikasi dezakegu Jesusen hitzetatik? Jesusentzat zer behar zuen esatea ez zen ahul izatearen seinale, eta guretzat ere ez luke izan behar. Gure bizitzan agian nahiago izan dugu besteei gure beharrei buruz ez hitz egitea. Baina laguntza behar dugun garaia iristen bada, ez genuke zalantzarik izan behar besteei eskatzeko. Adibidez, zahartu egin bagara edo osasun kaxkarra badugu, beharbada lagunen bati dendara edo medikuarengana joateko laguntza eskatu beharko diogu. Eta desanimatuta bagaude, agian, adindun edo heldua den lagun bati guri entzuteko edo animatuko gaituzten «hitz gozoak» esateko eskatu beharko diogu (Es 12:25). Gogora dezagun anai-arrebek maite gaituztela eta «larrialditarako» laguntza eman nahi digutela (Es 17:17). Baina ez dute zer pentsatzen edo sentitzen dugun jakingo guk ez badugu aurrea hartzen eta laguntza behar dugula esaten.

«BETEA DA DENA»

13. Zer lortu zuen Jesusek hil arte integritateari eutsiz?

13 Zer esan zuen Jesusek? Nisanaren 14⁠ko arratsaldeko hirurak aldera, Jesusek ozenki esan zuen: «Betea da dena» (Jn 19:30). Justu hil aurretik, Jehobak berarengandik espero zuen guztia bete zuela konturatu zen. Heriotzaraino integritateari eutsiz, Jesusek hainbat gauza lortu zituen. Lehenenik, Satanas gezurtia dela frogatu zuen. Satanasek zer egiten dion axola gabe, gizaki perfektu batek erabateko integritatea mantendu dezakeela erakutsi zuen Jesusek. Bigarrenik, bizia erreskate gisa eman zuen. Bere eskaintzari esker, gizaki inperfektuek Jainkoarekin adiskidetasun estua eta betiko bizitzeko esperantza izan dezakete. Hirugarrenik, Jehobaren subiranotasuna zuzena dela frogatu zuen eta bere Aitaren izena guztiz garbitu zuen.

14. Zer egin behar dugu egunero-egunero? Azaldu.

14 Zer ikasi dezakegu Jesusen hitzetatik? Egunero-egunero gure integritateari eusteko ahal dugun guztia egin behar dugu. Ikus dezagun Galaadeko Biblia-eskolako irakaslea izandako Maxwell Friend anaiak esandakoa. Nazioarteko biltzar batean, honakoa esan zuen leialtasunari buruzko hitzaldi batean: «Ez utzi biharko gaur egin edo esan dezakezuna. Ziur al zaude bihar bizirik egongo zarela? Bizi egun bakoitza betiko bizitzea merezi duzula erakusteko azkeneko aukera balitz bezala». Bai! Bizi dezagun egun bakoitza gure integritateari eusteko azken aukera balitz bezala! Orduan, heriotzari aurre egin behar badiogu ere, honakoa esateko gai izango gara: «Jehoba, ahal dudan guztia egin dut nire integritateari eusteko, Satanas gezurtia dela frogatzeko eta zure izena eta subiranotasuna aldarrikatzeko!».

«ZURE ESKUETAN JARTZEN DUT BIZIA»

15. ⁠Lukas 23:46⁠aren arabera, zertaz zegoen Jesus ziur?

15 Zer esan zuen Jesusek? (Irakurri Lukas 23:46). Konfiantza osoz Jesusek esan zuen: «Aita, zure eskuetan jartzen dut bizia». Jesusek bazekien bere etorkizuna Jehobaren eskuetan zegoela eta ziur zegoen bere Aita beraz oroituko zela.

16. Zer ikasi dezakegu 15 urteko Lekuko baten eredutik?

16 Zer ikasi dezakegu Jesusen hitzetatik? Arriskuan zaudenean, egon prest zure bizia Jehobaren eskuetan uzteko. Hori egiteko «bihotzez Jaunarengan konfiantza» izan behar dugu (Es 3:5). Ikus dezagun Joshuaren, 15 urteko Lekukoaren eredua. Heriotzara eramango zuen gaixotasuna zuen, baina ez zuen onartu Jainkoaren legea hautsiko zuen medikuntza tratamendu bat. Hil baino lehentxeago honakoa esan zion bere amari: «Ama, Jehobaren eskuetan nago. [...] Eta zalantzarik gabe esan dezaket hau, ama: Badakit Jehobak berpiztu egingo nauela. Nire bihotzean dagoena ikusi du, eta nik benetan maite dut». * Denok galdetu beharko genioke geure buruari honakoa: «Nire bizia arriskuan jartzen duen egoeraren batek nire fedea probapean jarriko balu, utziko al nuke nire bizia Jehobaren eskuetan, nitaz oroituko denaren konfiantza izanez?».

17, 18. Zer ikasi dugu? (Ikusi « Zer ikasi dezakegu Jesusen azken hitzetatik?» taula ere)

17 Zenbat ikasi dezakegun Jesusen azken hitzetatik! Besteei barkatu behar diegu eta Jehobak guri ere barkatuko digunaren konfiantza izan behar dugu. Guri laguntzeko prest dagoen familia espiritual zoragarri bat izateko ohorea dugu. Baina, laguntza beharrean gaudenean, aurrea hartu eta anai-arrebei eskatu behar diegu. Badakigu Jehobak edozein arazori aurre egiten lagunduko digula. Eta egunero-egunero gure integritateari eusteko azken aukera balitz bezala bizi behar dugu, hiltzen bagara Jehobak berpiztuko gaituela ziur egonez.

18 Argi dago Jesusek habean hilzorian zegoela esan zituen azken hitzak esanahiez beteta daudela! Ikasi duguna praktikan jarriz, Jehobak bere Semeari buruz esan zituen hitzak obedituko ditugu: «Entzun berari» (Mt 17:5).

sn 43. KANTA Erne, sendo eta indartsu

^ § 5 Mateo 17:5⁠aren arabera, Jehobak guk bere Semeari entzutea nahi du. Artikulu honetan, Jesusek habean hilzorian zegoenean esan zituen hitzetatik ikasi dezakeguna aztertuko dugu.

^ § 9 Jesusek 22. Salmoa 2⁠ko hitzak zergatik aipatu ote zituen ikusteko, jo ale honetako «Irakurleen galderak» atalera.

^ § 16 Ikusi ¡Despertad! (Réveillez-vous !) aldizkariko 1995⁠eko urtarrilak 22⁠ko alearen «La fe de Joshua: una victoria para los derechos del niño» («La foi de Joshua: une victoire pour les droits de l’enfant») artikulua.