Ba al zenekien?
Jesusen garaian, zer zerga ordaindu behar zituen jendeak?
URTE askoz, israeldarrak benetako adorazioaren alde dirua ematera ohituta zeuden. Baina, Jesusen garaian juduek zerga asko ordaindu behar zituztenez, zergak ordaintzea zama handia bihurtu zen beraientzat.
Jainkoaren santutegiko adorazioaren alde egiteko, gizon judutar guztiek urtero siklo erdia, hau da, bi drakma ordaindu behar zuten. Lehen mendean, Herodesek eraikitako tenpluko gastuak ordaintzeko eta sakrifizioak egiteko erabiltzen zen diru hori. Judu batzuek Jesusek gai horri buruz zer pentsatzen zuen galdetu zioten Pedrori. Jesu Kristok ez zuen zerga hori ordaintzea gaizki zegoenik esan. Izan ere, zerga hura ordaintzeko txanpona non aurkitu zezakeen esan zion Pedrori (Mt 17:24-27).
Jainkoaren herriak beste zerga bat ere ordaindu behar zuen: hamarrena. Zerga honetan beraien soldataren edo lurreko emaitzen hamarrenak ordaindu behar zituzten (Lb 27:30-32; Zen 18:26-28). Erlijioburuek barazki guztien hamarrenak ordaindu behar zirela esaten zuten, baita «menda, anisa eta kuminoa[ren]» hamarrenak ere. Jesusek ez zuen esan zerga hura ordaintzea gaizki zegoenik, baina fariseu eta eskriben jarrera itxurazalea agerian utzi zuen (Mt 23:23, oharra).
Honetaz gain, garai hartan erromatarrek agintzen zutenez, juduek zerga asko ordaindu behar izaten zizkieten. Hauetako bat, adibidez, lurren jabeek ordaindu behar zuten euren diru edo produktuekin. Lurrak ematen zuenaren % 20 edo 25a eman behar zutela kalkulatzen da. Juduek pertsona bakoitzeko ere zerga bat ordaindu behar zuten. Fariseuek, hain zuzen ere, Jesusi zerga honi buruz galdetu zioten. Zergak ordaintzeari buruzko ikuspuntua zein izan behar den honako hitzekin adierazi zuen: «Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari» (Mt 22:15-22).
Distritu batzuetan produktuak sartzeko edo ateratzeko zerga bat ere ordaindu behar zen. Zerga hura portuetan, zubietan, bidegurutzetan eta merkatu edo herrien sarreretan ordaintzen zen.
Erromatarren menpe bizi zen jendearentzat zerga guzti haien zama gehiegizkoa zen. Tazito historialari erromatarraren arabera, Tiberio enperadorearen garaian, hau da, Jesus lurrean bizi izan zen garaian, «Siria eta Judeako biztanleek zergen murrizketa erregutu zuten, izugarrizko zama bihurtu baitzitzaien».
Zergak biltzeko moduak oraindik eta zailagoa egiten zien bizitza juduei. Zergak biltzeko lana diru gehien eskaintzen zuenari ematen zitzaion. Hauek, era berean, lana burutzeko beste batzuk kontratatzen zituzten. Eta guztiak etekina ateratzen eta dirua egiten saiatzen ziren. Badirudi Zakeok beste zergalari batzuk zituela berarentzat lanean (Lk 19:1, 2). Ez da harritzekoa, beraz, jendea haserre egotea eta zergalari hauek gorrotatzea.