Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

25. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Estropezurik ez jarri «txiki hauetako» inori

Estropezurik ez jarri «txiki hauetako» inori

«Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxiets» (MT 18:10).

sn 39. KANTA Bakea, gure altxorra

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer egin du Jehobak gutako bakoitzaren alde?

JEHOBAK gutako bakoitza berarengana erakarri du (Jn 6:44). Pentsa ezazu zer esan nahi duen horrek. Mundu honetako milioika eta milioika lagun kontu handiz aztertu ahala, Jehobak gugan oso baliotsua den zerbait ikusi zuen: bera maitatzera iritsi zitekeen bihotz zintzo bat (1 Kro 28:9). Jehobak ezagutzen zaitu, ulertzen zaitu eta maitatzen zaitu. Ez al da hau ideia animagarria?

2. Nola laguntzen digu Jesusek Jehoba gutako bakoitzaz arduratzen dela ulertzen?

2 Jehoba asko arduratzen da zutaz, baita zure kristau anai-arreba guztiez ere. Hau ulertzen laguntzeko, Jesusek Jehoba artzain batekin konparatu zuen. Artzain batek 100 ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, zer egingo du? Beste 99⁠ak mendian utzirik, galduaren bila joango da. Aurkitzen duenean, ez dio aldentzeagatik errietarik egingo. Horren ordez, poztu egingo da. Zer ikasten dugu? Jehobarentzat ardi bakoitza dela inportantea. Jesusek esan zuen: «Zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako inor galtzerik» (Mt 18:12-14).

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Ez ditugu inolaz ere gure anai-arrebak desanimatu nahi. Zer egin dezakegu besteentzat estropezu ez izateko? Eta nola erantzun dezakegu norbaitek mintzen gaituenean? Artikulu honetan, galdera hauek erantzungo ditugu. Baina, lehenengo, Mateoren 18. kapituluko «txiki» horiei buruz gehiago ikasiko dugu.

NORTZUK DIRA «TXIKI» HAUEK?

4. Nortzuk dira «txiki» hauek?

4 «Txiki» hauek adin guztietako Jesusen jarraitzaileak dira. Denak «haurren antzeko» dira Jesusengandik irakatsiak izateko prest daudelako (Mt 18:3). Nahiz eta hainbat jatorri eta kulturakoak izan eta ikuspuntu eta izaera desberdinak eduki, denek Kristorengan fedea dute. Horregatik, berak asko maite ditu (Mt 18:6; Jn 1:12).

5. Nola sentitzen da Jehoba norbaitek bere zerbitzari bati estropezu eginarazten dionean edo kaltetzen duenean?

5 Jehobarentzat «txiki» hauek guztiak dira baliotsuak. Bera nola sentitzen den ulertzeko, pentsa dezagun zer sentitzen dugun haurrengatik. Oso baliotsuak dira guretzako. Guk bezainbesteko indarra, esperientzia eta zuhurtzia ez dutenez, babestu egin nahi ditugu. Pertsona batek beste bati sufriarazten diola ikustea ez zaigu batere gustatzen. Baina, norbaitek haur bati sufriarazten diola ikusteak bereziki mintzen eta haserretzen gaitu. Era berean, Jehobak ere babestu egin nahi gaitu. Norbaitek bere zerbitzari bati estropezu eginarazten dionean edo kaltetzen duenean, minduta, baita haserretuta ere, sentitzen da (Is 63:9; Mk 9:42).

6. ⁠1 Korintoarrei 1:26-29 pasartearen arabera, nolakoak dira Jesusen jarraitzaileak munduaren begitan?

6 Zer beste zentzutan dira Jesusen jarraitzaileak txikiak? Beno, munduaren arabera nortzuk dira inportanteak? Aberatsak, famatuak eta boterea dutenak. Baina, Jesusen jarraitzaileak normalean ez dira horrelakoak. Horregatik, munduaren begitan «txiki» hauek baliogabeak eta mespretxagarriak dira (Irakurri 1 Korintoarrei 1:26-29). Baina Jehobak ez ditu horrela ikusten.

7. Gure anai-arrebei buruz guk zer sentitzea nahi du Jehobak?

7 Jehobak bere zerbitzari guztiak maite ditu, egian zenbat denbora daramaten axola gabe. Gure anai-arreba guztiak Jehobarentzat inportanteak direnez, hala izan beharko lukete guretzat ere. Beraz, «guztiok bata bestearen atal» garenez, anaiarte osoa maitatu behar dugu, ez batzuk bakarrik (Erm 12:5). Beraiek zaintzeko eta babesteko ahal dugun guztia egiteko prest egon beharko genuke. Norbait mindu dugula jakiten badugu, ez genuke ezer gertatu ez balitz bezala jokatu behar, mindu dugun horrek barkatu eta ahaztu egin behar duela pentsatuz. Zergatik mintzen edo haserretzen dira batzuk? Batzuek, agian, beraien jatorri edo hezkuntzagatik autoestimu baxua dute. Beste batzuk egian berriak direnez, beharbada ez dute oraindik ikasi besteen inperfekzioen aurrean nola jokatu behar duten. Arrazoia zein den inporta gabe, ahal dugun guztia egin behar dugu bakeak egiteko. Bestalde, askotan haserretzen denak ez duela hain sentikorra izan behar onartu behar du. Aldatzen bada, barneko bakea eta bere anai-arrebekin harreman ona lortuko du.

BESTEAK ZU BAINO HOBEAK DIRELA PENTSATU

8. Zer jarrerak izan zuen eragina Jesusen jarraitzaileengan?

8 Zergatik hitz egin zuen Jesusek «txiki» horiei buruz? Bere jarraitzaileek honako galdera egin ziotelako: «Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?» (Mt 18:1). Garai hartako judu askok besteen begietan inportanteak izatea bilatzen zuten. Aditu batek dio: «Gizonak ohorea, izen ona, ospea, onespena eta errespetua lortzeko bizi eta hiltzen ziren».

9. Zer egin behar zuten Jesusen jarraitzaileek?

9 Bata bestearekin leia bizian ibiltzea judutarren kulturan errotuta zegoen. Eta Jesusek bazekien bere jarraitzaileek gogor egin beharko zutela lan bihotzeko jarrera hori aldatzeko. Honakoa esan zien: «Zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko» (Lk 22:26). Nola jokatzen dugu «gazteenaren» antzera? «Besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz» (Flp 2:3). Jarrera hau zenbat eta gehiago landu, orduan eta aukera gutxiago izango ditugu besteei min egiteko.

10. Pauloren zer aholku jarraitu beharko genuke?

10 Anai-arreba guztiak dira modu batera edo bestera gu baino hobeak. Arreta beraien ezaugarri onetan jartzen badugu, hori ikustea ez da batere zaila izango. Paulo apostoluak korintoarrei eman zien aholkua jarraitu beharko genuke: «Nork egiten zaitu zu besteak baino gehiago? Zer daukazu hartu ez duzunik? Eta daukazuna hartua baldin baduzu, zergatik harrotzen zara hartua ez bazenu bezala?» (1 Ko 4:7). Beraz, ez ginateke inoiz besteen miresmena bilatzen aritu behar, ezta gu besteak baino hobeak garela pentsatzen ibili behar ere. Adibidez, anaia batek hitzaldi animagarriak ematen baditu edo arreba bat biblia-ikastaroak hasten trebea bada, ohore guztia berehala Jehobari eman beharko lioke.

«BIHOTZEZ» BARKATU

11. Zer ikasten dugu errege eta zerbitzariaren Jesusen adibidetik?

11 Jesusek bere jarraitzaileei besteentzako estropezu ez izateko abisua eman ondoren, errege bat eta bere zerbitzariari buruzko adibide bat jarri zuen. Inoiz ordaindu ezingo zuen zor handia barkatu zion erregeak zerbitzariari. Baina gero, zerbitzari horrek ez zion zerbitzu-lagun bati zor txiki bat barkatu. Azkenean, erregeak zerbitzari gupidagabe hura kartzelan sartu zuen. Zer ikasten dugu? Jesusek esan zuen: «Berdin-berdin egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue» (Mt 18:21-35).

12. Nola mindu ditzakegu besteak barkamena ukatzen dugunean?

12 Zerbitzariak egin zuena ez zen bere kalterako bakarrik izan; besteen kalterako ere izan zen. Alde batetik, bere zerbitzu-lagunarekin gupidarik gabe jokatu eta kartzelan sartu zuen zorra ordaindu arte. Eta, bestetik, beste zerbitzu-lagunak mindu zituen. Izan ere, «gertatua ikusirik, [...] biziki nahigabetu ziren». Modu berean, gure ekintzek besteengan eragina dute. Norbaitek gurekin gaizki jokatzen badu eta guk ez badiogu barkatu nahi, zer gertatu daiteke? Alde batetik, barkamena, arreta eta maitasuna ukatzen diogunari min egingo diogu. Eta, bestetik, pertsona horrekin bakean ez gaudela ikustean, kongregazioko anai-arrebak deseroso sentituko dira.

Erresuminduta jarraituko duzu ala bihotzez barkatuko duzu? (Ikusi 13 eta 14 paragrafoak) *

13. Zer ikasten duzu aitzindari bati gertatutakoaz?

13 Anai-arrebei barkatzea gure eta besteen onerako da. Hau da Crystal deituko diogun aitzindari bati gertatutakoa. Kongregazioko beste arreba batek mindu zuen eta honakoa gogoratzen du: «Bere hitz zakarrek laban batek bezala zauritzen ninduten. Ez nuen berarekin talde berdinean predikatu nahi ere. Predikatzeko gogoa eta poza galtzen hasi nintzen». Crystalek haserre egoteko arrazoiak bazituela uste zuen, baina ez zen erresumindu, ezta bere buruaz errukitu ere. Bihotzez barkatzeari buruzko artikulu bateko Bibliako aholkuak apaltasunez praktikan jarri zituen. * Arrebari barkatu egin zion. Crystalek dio: «Denok izaera berria janzteko gogor saiatzen ari garela eta Jehoba guri barkatzeko prest dagoela konturatzen naiz. Izugarrizko zama gainetik kendu eta poza berreskuratu dut».

14. a) Mateo 18:21, 22⁠aren arabera, zer zailtasun dirudi zuela Pedro apostoluak eta zer ikasten dugu Jesusen erantzunetik? b) Zerk lagunduko digu gauza bera gertatzen bazaigu?

14 Badakigu barkatu egin behar dugula eta hori egitea zuzena dela. Baina, hala ere, zaila egiten zaigu. Pedro apostolua ere horrela sentitu zen batzuetan (Irakurri Mateo 18:21, 22). Zerk lagunduko digu? Lehenengo, Jehobak zenbat barkatu digun hausnartu (Mt 18:32, 33). Bere barkamena merezi ez arren, eskuzabaltasunez eskaintzen digu (Sal 103:8-10). Modu berean, «guk ere maitatu egin behar dugu elkar». Beraz, barkatzea ez da aukeratu dezakegun zerbait; gure anai-arrebei zor diegu (1 Jn 4:11). Bigarrenik, barkatzen dugunean zer gertatzen den pentsatu. Adibidez, gurekin gaizki jokatu duenari lagunduko diogu, kongregazioa elkartuta egoten lagunduko dugu, Jehobarekin dugun adiskidetasuna babestuko dugu eta zama handia kenduko dugu gainetik (2 Ko 2:7; Kol 3:14). Eta, azkenik, Jehobari, barkatzeko eskatzen digunari, otoitz egin. Ez utzi Satanasi zure anai-arrebekin duzun bakea hausten (Ef 4:26, 27). Satanasen tranpan ez erortzeko, Jehobaren laguntza behar dugu.

EZ EGIN ESTROPEZU

15. ⁠Kolosarrei 3:13 kontuan izanda, zer egin dezakegu anaia edo arreba batek mintzen bagaitu?

15 Anaia edo arreba batek zurekin asko mindu zaituen moduan jokatu badu, zer egin beharko zenuke? Bakea mantentzeko ahal duzun guztia egin. Kontaiozu Jehobari nola sentitzen zaren. Eskaiozu mindu zaituena bedeinkatzeko eta pertsona horrek dituen ezaugarri onak zuk ikusten laguntzeko. Izan ere, anaia edo arreba horren ezaugarri horiexek dira Jehobak maite dituenak (Lk 6:28). Baina, egin duena ezin baduzu ahaztu, berarekin hitz egiteko modurik onena zein den pentsatu. Ez duela nahita egin pentsatzea da hoberena (Mt 5:23, 24; 1 Ko 13:7). Berarekin hitz egitean, bere asmo onetan konfiantza izan. Eta bakeak egin nahi ez baditu, izan eraman onekoa eta elkar jasan. Pazientzia izan berarekin (Irakurri Kolosarrei 3:13). Eta guztiaren gainetik, ez jarraitu erresuminduta egoten, horrek Jehobarekin duzun adiskidetasuna kaltetu dezakete eta. Ez utzi ezeri zuretzako estropezu izaten. Horrela, Jehoba beste gauza guztien gainetik maite duzula frogatuko duzu (Sal 119:165).

16. Zer erantzukizun du gutako bakoitzak?

16 Jehoba gure anai-arrebekin batera zerbitzatzen dugu «artalde bakarra» bezala eta «artzain bakarraren gidaritzapean». Zenbat eskertzen dugun ohore hori izatea! (Jn 10:16). Organizados para hacer la voluntad de Jehová (Organises pour faire la volonté de Jéhovah) liburuak 165. orrialdean dio: «Batasun horretaz gozatzen duzunez, hau mantentzen laguntzeko erantzukizuna duzu». Beraz, gure anai-arrebak Jehobak ikusten dituen bezala ikusten ikasi behar dugu. Jehobarentzat guztiok gara «txiki» baliotsuak. Horrela ikusten al dituzu zure anai-arrebak? Jehobak beraiek laguntzeko eta zaintzeko egiten duzun guztia ikusi eta estimatzen du (Mt 10:42).

17. Zertan saiatu behar dugu?

17 Kongregazioko senideak maite ditugu. Beraz, saia gaitezen «senideari oztoporik edo erorbiderik ez jartzen» (Erm 14:13). Anai-arrebak gu baino hobeak direla pentsatzen dugu eta bihotzez barkatu nahi diegu. Gainera, ez diogu inori utzi behar guretzako estropezu izaten. Horren ordez, «saia gaitezen, bada, bakea indartzeko eta elkarte-bizitza eraikitzeko lagungarri diren gauzetan» (Erm 14:19).

sjj 130. KANTA Barkatzeko prest egon

^ § 5 Inperfektuak garenez, agian gure anai-arrebak mindu ditzakeen zerbait esan edo egingo dugu. Nola erantzuten dugu hori gertatzean? Gure arteko harremana konpontzeko irrikan al gaude? Berehala eskatzen al dugu barkamena? Minduta sentitzen baldin badira, zer pentsatzen dugu? Beraien arazoa dela eta ez gurea? Edo segituan haserretzen al gara besteek egin edo esaten dutenarekin? Geure burua justifikatzen al dugu «ni horrelakoa naiz» esanez? Edo gure izaeran aldaketak egin behar ditugula ulertzen al dugu?

^ § 13 Artikulu hau La Atalaya (La Tour de Garde) aldizkariaren 1999⁠ko urriaren 15⁠eko alean aurkitu dezakezu, honako izenburuarekin: «Perdonemos de corazón» («Pardonnez de tout votre cœur»).

^ § 54 IRUDIAREN AZALPENA: Arreba bat kongregazioko beste arreba batekin haserre dago. Arazoa biak bakarrik daudela konpondu ondoren, ahaztu eta elkarrekin Jehoba pozik zerbitzatzen dute.