BIZIPENA
Jehoba beti hartu dut kontuan nire pausoetan
1984. URTEKO goiz eguzkitsu bat zen. Caracaseko (Venezuela) auzo aberats bateko etxe eroso batean bizi ginen. Lanera bidean, Talaia aldizkariko azken artikulu batean pentsatzen ari nintzen. Gure bizilagunek gutaz duten ikuspuntuaz hitz egiten zuen. Inguruko etxeei begiratuz, neure buruari galdetu nion: «Zer pentsatuko dute nire bizilagunek? Bankari arrakastatsu bat ala familia mantentzeko bankuan lan egiten duen Jainkoaren zerbitzari bat naizela?». Ez zitzaidan erantzuna gustatu. Beraz, hori aldatzeko pausoak ematea erabaki nuen.
1940ko maiatzaren 19an jaio nintzen Amioûn izeneko herrian, Libanon. Urte batzuk beranduago, Tripolira bizitzera joan ginen. Han hazi nintzen Jehoba ezagutu eta maite zuen familia maitekor eta zoriontsu batean. Bost senide ginen, hiru neska eta bi mutil, eta ni nintzen gazteena. Nire gurasoentzat dirua irabaztea ez zen gauzarik inportanteena. Garrantzitsuena Biblia aztertzea, kristau bileretara joatea eta besteei Jainkoa ezagutzen laguntzea zen.
Gure kongregazioan hainbat kristau gantzutu zeuden. Hauetako bat Michel Aboud zen eta liburuaren ikasketa deitzen geniona zuzentzen zuen. Egia New Yorken ikasi zuen eta 1921ean predikatze-lana hasi zuen Libanon. Kongregazioan Galaadeko bi graduatu gazte zeuden, Anne eta Gwen Beavor. Ondo gogoratzen dut haiekin errespetu handiz jokatzen zuela eta asko lagundu ziela. Bi arreba hauek gure lagun min bihurtu ziren. Urte asko pasa ondoren, asko poztu nintzen Anne Estatu Batuetan berriz ere aurkitzeaz. Handik denboratxo batera, Gwen ere ikusi nuen. Wilfred Gooch-ekin ezkonduta zegoen eta Londreseko Betelen zerbitzatzen zuten.
GURE PREDIKATZE-LANA LIBANON
Gaztetxoa nintzenean, Libanon Lekuko gutxi zeuden. Nahiz eta erlijioburu batzuen oposizioa jasan, gogotsu esaten genien besteei Bibliaz genekiena. Ondo gogoratzen ditut gertatu zitzaizkigun hainbat gauza.
Egun batean, nire arreba Sana eta biok eraikin batean predikatzen ari ginen. Hitz egiten ari ginen solairuan apaiz bat agertu zen; norbaitek deituko zion. Nire arreba iraintzen hasi zen eta Sana bultzatu eta eskaileratatik behera bota zuen. Norbaitek poliziari deitu zion eta etorri zirenean, Sana zaurituta zegoenez, jator-jator norbaiten laguntza jasotzeaz arduratu ziren. Apaiza komisaldegira eraman zuten eta, han, pistola bat zeramala konturatu ziren. Orduan, poliziaburuak galdetu zion: «Zu zer zara? Erlijioburua ala gaizkile talde baten burua?».
Beste momentu bat ere oso argi dut gogoan. Gure kongregazioak autobus bat alokatu zuen hiritik oso urrun zegoen herri batera predikatzera joateko. Oso ondo pasatzen ari ginen. Baina, bertako apaizak zer egiten ari ginen jakin zuenean, jendetza handi bat elkartu zuen guri erasotzeko. Harriak ere bota zizkiguten eta nire aita zauritu zuten. Oraindik bere aurpegia odolez beteta gogoratzen dut. Amarekin autobusera itzuli zen eta guztiok larrituta jarraitu genien. Hala ere, ez dut sekula ahaztuko amak esan zuena aitari odola kentzen zion bitartean: «Jehoba, barka iezaiezu. Ez dakite zertan ari diren».
Beste batean, gure herrira joan ginen senideak bisitatzera. Aitonaren etxean erlijioburu ortodoxo ospetsu bat zegoen, gotzaina. Bazekien nire gurasoak Jehobaren lekukoak zirela. Nahiz eta sei urte besterik ez nituen, ni lotsarazten saiatu zen eta esan zidan: «Hi! Zergatik ez hago bataiatuta?». Oraindik haur bat nintzela eta, bataiatzeko, Bibliari buruzko ezagutza handiagoa eta fede sendoa izan behar nuela erantzun nion. Ez zitzaion batere gustatu nire erantzuna eta aitonari lotsagabe bat nintzela esan zion.
Hala ere, bizipen txarrak gutxi izan ziren. Normalean Libanoko jendea jatorra eta eskuzabala da. Beraz, jende askorekin Bibliaz hitz egiteko aukera izan genuen eta ikastaro asko ere zuzendu genituen.
BESTE HERRIALDE BATERA JOATEKO ERABAKIA
Oraindik eskolan ikasten ari nintzela, Venezuelako anaia gazte bat etorri zen Libanora bisitan. Gure kongregaziora etortzen zen bileretara eta nire arreba Wafarekin ateratzen hasi zen. Denborarekin ezkondu eta Venezuelara joan ziren bizitzera. Bere eskutitzetan, Wafak aitari familia osoa Venezuelara bizitzera joateko eskatzen zion; asko botatzen gintuen faltan. Azkenean, kasu egin eta hara joatea erabaki genuen.
Venezuelara 1953an iritsi ginen eta Caracasen jauregi presidentzialaren ondoan bizitzen hasi ginen. Mutiko bat besterik ez nintzenez,
presidentea bere luxuzko autoan pasatzen ikusteak txunditu egiten ninduen. Baina nire gurasoentzat ez zen erraza izan herrialde, hizkuntza, kultura, janari eta klima berri batera moldatzea. Gainera, ohitzen hasi zirenean, gauza tamalgarri bat gertatu zen.EZBEHARRAK JO GINTUEN
Aita gaizki sentitzen hasi zen. Harrigarria iruditzen zitzaigun, beti izan baitzen pertsona osasuntsu eta indartsua. Ez genuen gogoratzen inoiz gaixo egon zenik. Orduan, medikuek pankreako minbizia zuela esan eta ebakuntza egin zioten. Tamalez, astebete beranduago hil egin zen.
Oso zaila da nola sentitzen ginen hitzekin esatea. 13 urte besterik ez nituen. Aita hiltzea izugarrizko ezustekoa izan zen. Mundua behera etorri zitzaigun. Denbora batez amari zaila egin zitzaion aita hil zela onartzea. Hala ere, bizitzak aurrera egin behar duela konturatu ginen eta Jehobaren laguntzarekin lortu genuen. 16 urterekin Caracaseko institutuko ikasketak amaitzean, nire familiari ekonomikoki laguntzeko gogo handia nuen.
Bien bitartean, nire arreba Sana Rubén Araujorekin ezkondu zen. Anaia hau Galaadeko graduatua zen eta Venezuelara itzulia zen. New Yorkera bizitzera joatea aukeratu zuten. Beraz, nire familiak unibertsitatera joan behar nuela erabaki zuenean, New Yorkera joan nintzen beraiekin bizitzera. Rubének eta Sanak, beraiekin bizi nintzen bitartean, nire aurrerapen espiritualean eragin handia izan zuten. Gainera, Brooklyneko espainiera hizkuntzako gure kongregazioan anaia heldu asko zeuden. Hauen artean, asko estimatu nituen Milton Henschel eta Frederick Franz zeuden eta biek Brooklyneko Betelen zerbitzatzen zuten.
Unibertsitateko lehen urtea bukatzen ari zela, nire bizitzarekin zer egiten ari nintzen pentsatzen hasi nintzen. Jehobaren zerbitzuan helburuak jarri zituzten kristauei buruzko Talaiako artikuluak irakurri nituen eta hauetan serioski pentsatzen hasi nintzen. Gure kongregazioko aitzindari eta Betelen zerbitzatzen zutenen zoriontasuna ikustean, beraiek bezalakoa izan nahi nuen. Baina, ez nengoen oraindik bataiatuta. Laster konturatu nintzen nire bizia Jehobari eskaintzea zein garrantzitsu zen. Hala egin nuen eta bataiatzeko pauso garrantzitsua 1957ko martxoaren 30ean eman nuen.
ERABAKI GARRANTZITSUAK
Bataiatu ondoren, beste pauso garrantzitsu bat ematea pentsatu nuen: denbora osoko zerbitzuan hastea. Aitzindari izateko irrikan nengoen. Baina horrelako pausoa ematea oso zaila izango zela banekien. Aitzindaritza eta unibertsitateko ikasketak batera egiteko gai izango ote nintzen? Nire ama eta anai-arrebei ikasketak utzi, Venezuelara itzuli eta aitzindari izatea erabaki nuela azaldu behar nien. Horregatik, eskutitzak joan-etorrian ibili ziren New Yorketik Venezuelara.
1957ko ekainean itzuli nintzen Caracasera. Baina, nire familiaren egoera ez zela oso ona ikusi nuen. Familia mantentzeko beste soldata bat behar zen. Nola lagundu nezakeen? Banku batean lana eskaini zidaten; baina nik aitzindari izan nahi nuen. Azken finean hori izan zen ni itzultzeko arrazoia. Beraz, bi gauzak batera egitea erabaki nuen. Hainbat urtez bankuan denbora osoz lan egiteaz gain, aitzindari izan nintzen. Ez nintzen inoiz hain lanpetuta egon eta, era berean, hain zoriontsu izan!
Gero, Jehoba asko maite zuen arreba polit bat ezagutu nuen, Sylvia, eta berarekin ezkondu nintzen. Honek ere zoriontsu egin ninduen. Alemaniarra izanda, bere gurasoekin Venezuelara bizitzera etorria zen. Denborarekin, bi haur izan genituen: semea, Michel (Mike), eta alaba, Samira. Honetaz gain, nire ama zaintzeko ardura ere hartu nuen eta gurekin etorri zen bizitzera. Nahiz eta nire familiaren beharrak asetzeko aitzindaritza utzi behar izan, aitzindarien espiritua izaten jarraitu nuen. Sylvia eta biok oporretan ahal genuen guztietan izaten ginen aitzindari laguntzaile.
BESTE PAUSO HANDI BAT
Artikuluaren hasieran kontatutakoa gertatu zitzaidanean, haurrak oraindik eskolara joaten ziren. Bizimodu oso erosoa nuela aitortu behar dut eta bankuen munduan oso errespetatua nintzen. Baina, batez ere Jehobaren zerbitzari gisa ezagutua izatea nahi nuen. Ezin nuen ideia hori burutik kendu. Beraz, emaztearekin eseri eta gure egoera ekonomikoari buruz hitz egin genuen. Bankuko lana uzten banuen, diru asko emango zidaten. Beraz, zorrik ez genuenez, bizimodua sinpletzen bagenuen, denbora luze batez bizitzeko nahikoa diru izango genuen.
Erabaki hori hartzea ez zen erraza izan. Baina, nire emazte maitea eta ama erabat ados zeuden. Berriz ere denbora osoko zerbitzarien artean egongo nintzen. Hura bai poza! Aitzindaritza hasteko prest nengoen. Baina, orduan, espero gabeko albiste polit bat jaso genuen.
EZUSTEKO EDERRA!
Halako batean, medikuak Sylvia haurdun zegoela esan zigun. A zer ezustekoa izan zen biontzat! Oso pozik ginen. Hala ere, aitzindari izateko pausoan pentsatzen geratu nintzen. Zer eragin izango zuen honek hartu nuen erabakian? Laster egokitu ginen
egoera berrira eta familian kide berri bat izateko irrikan ginen. Baina, aitzindari izateko erabakiarekin aurrera egiteko gai izango al nintzen?Gure helburuei buruz hitz egin ondoren, erabakitakoari eustea pentsatu genuen. Gabriel 1985eko apirilean jaio zen. Bankuko lana utzi eta aitzindaritza erregularra hasi nuen 1985eko ekainean. Denborarekin, sukurtsal-batzordeko kide izateko ohorea izan nuen. Baina sukurtsala ez zegoen Caracasen, 80 kilometrora baizik, eta astean bi edo hiru aldiz joaten nintzen hara.
BESTE MUDANTZA BAT
Sukurtsala La Victoria herrian zegoen. Hara bizitzera joatea erabaki genuen Beteletik gertu egoteko. Pauso handia izan zen guztiontzat. Ezin dut azaldu zenbat estimatzen eta miresten dudan nire familia. Beraien jarrera oso lagungarria izan zen. Nire arreba Baha gure ama zaintzeko prest zegoen. Mike ezkonduta zegoen, baina Samira eta Gabriel etxean bizi ziren oraindik. Beraz, La Victoriara joateak Caracaseko lagunak atzean uztea esan nahi zuen. Gainera, Sylvia maiteak hiriburuan bizitzetik herri txiki batean bizitzera egokitu behar izan zuen. Eta guztiok etxe txikiago batean bizitzera ohitu behar izan ginen. Hala da, Caracasetik La Victoriara bizitzera joateko aldaketa asko egin behar izan genituen.
Hala ere, gauzak berriro aldatu egin ziren. Gabriel ezkondu eta Samira bakarrik bizitzera joan zen. Orduan, 2007an Sylvia eta bioi Betelera gonbidatu gintuzten eta, oraindik ere, bertan zerbitzatzeko ohorea dugu. Mike, gure seme zaharrena, kongregazioko adinduna da, eta Monika bere emaztea eta biak aitzindariak dira. Gabriel ere adinduna da eta, bere emazte Ambrarekin batera, Italian zerbitzatzen du. Samira, aitzindari izateaz gain, Beteleko urruneko boluntarioa da.
ERABAKI BERBERAK HARTUKO NITUZKE
Nire bizitzan erabaki inportanteak hartu behar izan ditut. Baina, ez naiz damutzen. Berriro ere erabaki berberak hartuko nituzke. Jehobaren zerbitzuan izandako eginkizun eta pribilegioak asko estimatzen ditut. Urteetan zehar, Jehobarekin adiskidetasun estua mantentzea ezinbestekoa dela ikusi dut. Eman behar ditugun pausoak handiak edo txikiak diren axola gabe, Jehobak «pentsa dezakeguna baino handiago den» bakea eman ahal digu (Fil 4:6, 7). Sylviak eta biok Betelen zerbitzatzea maite dugu. Gure bizitzan Jehoba beti hartu dugu kontuan. Eta eman ditugun pausoak eta hartu ditugun erabakiak bedeinkatu dituela sentitzen dugu.