Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

35. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Estimatu adineko anai-arreba leialak

Estimatu adineko anai-arreba leialak

«Koroa eder dira ile urdinak buruan» (ES 16:31).

sjj 138. KANTA Ile zuriaren edertasuna

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. a) Esaera Zaharrak 16:31⁠aren arabera, nola ikusi beharko genituzke adineko anai-arrebak? b) Zer galdera erantzungo ditugu artikulu honetan?

 ESTATU BATUETAKO parke natural batean, bisitariek diamanteak aurkitu ditzakete lurrean. Baina diamante hauek landu gabe daudenez, pertsona asko ez dira konturatzen harribitxiak direnik eta aurrera jarraitzen dute.

2 Zentzu batean, adineko anai-arreba leialak diamante horiek bezalakoak dira, altxor baliotsuak. Jainkoaren Hitzak beraien ile urdin edo zuriak koroa batekin konparatzen ditu (Irakurri Esaera Zaharrak 16:31; 20:29). Altxor hauek, hala ere, oharkabean pasa daitezke. Gazteek adinekoak baliotsuak direla ulertzen dutenean, aberastasunak baino hobeagoa den zerbait lortzen dute. Artikulu honetan hiru galdera hauek erantzungo ditugu: Zergatik dira adinekoak Jehobarentzat altxorrak? Zer leku dute Jehobaren erakundean? Zer egin dezakegu beraien eredutik ikasteko?

ZERGATIK DIRA JEHOBARENTZAT ALTXORRAK?

Adineko anai-arreba leialak Jehobarentzat eta bere herriarentzat oso baliotsuak dira (Ikusi 3. paragrafoa)

3. 92. Salmoa 13-16 pasartea kontuan hartuta, zergatik dira adineko anai-arreba leialak Jehobarentzat baliotsuak?

3 Jehobarentzat oso baliotsuak dira adineko bere zerbitzari leialak. Badaki nolakoak diren eta beraien ezaugarri politak estimatzen ditu. Asko eskertzen du urteetan zehar bere zerbitzuan lortu duten jakinduria gazteekin konpartitzea (Jb 12:12; Es 1:1-4). Irauteagatik ere izugarri estimatzen ditu (Ml 3:16). Ez dute bizitza erraza eduki; hala ere, Jehobarengan fede sendoa mantendu dute. Etorkizunerako duten esperantza egia ezagutu zutenean baino argiagoa da. Eta «zaharturik ere» bere izena aldarrikatzen jarraitzen dutenez, Jehobak asko maite ditu (Irakurri 92. Salmoa 13-16 [92:12-15, NWT]).

4. Zerk animatu ditzake adineko gure anai-arrebak?

4 Zahartzen ari bazara, ziur egon Jehobak iraganean egin duzun lana gogoratzen duela (Heb 6:10). Predikatze-lanean gogo biziz aritu zara eta horrek gure zeruko Aita asko pozten du. Zailtasun ugari jasan dituzu, batzuetan bihotza hautsi dizutenak ere. Bibliako arau zuzenak obeditu eta defendatu dituzu. Jehobaren zerbitzuan, ardura handiak izateaz gain, besteak trebatzeko prest egon zara. Jehobaren erakundearen aldaketetara moldatzeko ahal izan duzun guztia egin duzu. Denbora osoko zerbitzuan daudenak animatu dituzu. Ziur egon leial izateagatik Jehobak asko maite zaituela. Gainera, leialak ez dituela «bertan behera uzten» promesten du! (Sal 37:28). Honakoa ere ziurtatzen dizu: «Ilea zuritzean ere nik eutsiko [dizut]» (Is 46:4). Beraz, ez pentsa zure adinagatik Jehobaren erakundean toki garrantzitsurik ez duzunik. Oso baliotsua zara!

ADINEKOEN TOKI GARRANTZITSUA

5. Zer gogoratu behar dute adinekoek?

5 Adinekoek asko egin dezakete. Agian orain ez dituzte gaztetan zituzten indarrak, baina urteetan zehar irabazitako esperientzian aberatsak dira. Horregatik, Jehobak oraindik modu desberdinetan erabili ditzake. Ikusi ditzagun iraganeko eta gaur egungo adibide batzuk.

6, 7. Nola saritu zituen Jehobak bere zerbitzari leialak? Aipatu Bibliako adibide batzuk.

6 Zahartzaroan Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitu zutenen ereduak daude Biblian. Moisesek, adibidez, 80 bat urte zituen Israelgo nazioaren aurrean Jehobaren profeta eta ordezkari izaten hasi zenean. Jehobak Daniel bere profeta bezala erabiltzen jarraitu zuen honek 90 urte baino gehiago zituenean. Eta Joan apostoluak ere, seguruenik, 90 urte baino gehiago zituen Apokalipsia liburua idazteko inspiratua izan zenean.

7 Jehobaren beste zerbitzari asko aldiz, ez ziren hain ezagunak izan eta oharkabean pasa zitezkeen. Hala ere, Jehobak ikusten zituen eta beraien leialtasuna saritu zuen. Adibidez, Simeon «gizon zintzo eta jainkozalea» laburki aipatzen da Biblian, baina Jehobak bazekien nor zen. Horregatik, Jesus haurtxoa ikusteko eta berari eta bere amari buruzko profeziak esateko ohorea eman zion (Lk 2:22, 25-35). Pentsa dezagun ere Ana profetaren ereduan. Alargun honek 84 urte zituen eta «ez zen tenplutik ateratzen». Tenplura joateko zuen ohituragatik Jehobak bedeinkatu egin zuen eta Jesus haurtxoa ikusteko aukera eman zion. Simeon eta Ana Jehobarentzat oso baliotsuak ziren (Lk 2:36-38).

80 urte baino gehiago dituen Didur arrebak Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzen du (Ikusi 8. paragrafoa)

8, 9. Zer egiten jarraitzen dute alargunek?

8 Gaur egun ere, adineko anai-arreba leial asko gazteentzako eredu bikainak dira. Ikus dezagun Lois Didur arrebaren bizipena. 21 urte besterik ez zituenean, Kanadan aitzindaritza berezian hasi zen. Ondoren, bere senarrarekin, Johnekin batera, eskualde-lanean ibili ziren hainbat urtetan. Gero, Kanadako Betelen 20 urte baino gehiagoz zerbitzatu zuten. Loisek 58 urte zituenean, Ukrainara zerbitzatzera joatera gonbidatu zituzten. Zer egingo zuten? Pentsatuko al zuten beste herrialde batean zerbitzatzeko zaharregiak zirela? Gonbidapena onartu eta John Ukrainako sukurtsal-batzordearen kide izendatu zuten. Handik zazpi urtera John hil egin zen, baina Loisek bere eginkizunean jarraitzea erabaki zuen. Loisek orain 81 urte ditu. Ukrainako Betel familian Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzen du eta denek asko maite dute.

9 Lois bezalako alargunek, agian ez dute senarra bizirik zegoenean bezainbesteko arreta deitzen. Hala ere, alargun izateak ez die balioa kentzen. Hauetako arreba asko urteetan zehar egon dira euren senarren ondoan eta, orain, Jehoba leialki zerbitzatzen jarraitzen dute. Horregatik, Jehobak asko estimatzen ditu (1 Tm 5:3). Gainera, gazteak asko animatzen dituzte.

10. Zer eredu bikaina jartzen digu Tonyk?

10 Zahar etxeetan bizi diren anai-arreba leialak ere altxor espiritualak dira. Adibidez, Tony izeneko anaia horrelako egoitza batean bizi da. 1942⁠ko abuztuan, 20 urte zituenean, Pennsylvanian (AEB) bataiatu zen. Bataiatu eta berehala soldaduzkara deitu zuten. Joatea onartu ez zuelako, bi urte eta erdi eman zituen espetxean. Bere emaztea Hilda eta biek, bi seme-alaba hezi zituzten egian. Urteetan zehar, Tonyk hiru kongregaziotan, orain adindun taldearen koordinatzaile bezala ezagutzen den eginkizunean, zerbitzatu zuen, baita eskualde-biltzarren arduradun bezala ere. Gainera, espetxera joaten zen bilerak eta biblia-ikastaroak zuzentzera. 98 urterekin Tony ez dago gauzak lasai hartzeko prest. Jehoba zerbitzatzeko eta bere kongregazioarekin estu-estu lanean aritzeko ahal duen guztia egiten jarraitzen du.

11. Nola erakutsi dezakegu zahar egoitzetan bizi direnak guretzako oso baliotsuak direla?

11 Nola ohoratu ditzakegu zaharren egoitzetan bizi diren anai-arrebak? Ahal den neurrian, adindunek kongregazioko jardueretan parte hartzen lagundu ditzakete. Gu ere beraiez arduratzen garela erakutsi dezakegu, adibidez, bisitatuz edo gurekin bideokonferentziak egitera gonbidatuz. Bestalde, arreta berezia eman nahi diegu beraien kongregaziotik urrun dauden egoitzetan bizi direnei. Adi ez bagabiltza, anai-arreba hauez ahaztu gaitezke. Hauetariko batzuei, euren buruaz hitz egitea ez zaie erraza egiten edo egokia ez dela pentsatzen dute. Baina, galderak egiteko eta Jehobaren erakundean bizi izan dituzten gauza on guztiak entzuteko denbora hartzen badugu, izugarri animatuko gaituzte.

12. Zer aurkitu dezakegu gure kongregazioan?

12 Geure kongregazioan ere eredu bikainak diren adineko anai-arreba leialak daudela jakiteak harritu gaitzake. New Jerseyko (AEB) Harriette izeneko arrebak, urteak eman zituen bere kongregazioan Jehoba leialki zerbitzatzen. Beranduago, bere alabarekin joan zen bizitzera. Kongregazio berriko anai-arrebek, bera ezagutzeko denbora hartu zutenean, altxor bat aurkitu zuten. 1925. urte inguruan egia ezagutu zueneko predikazioko istorioekin animatzen zituen. Denbora hartan, predikatzera joaten zenean, badaezpada hortzetako eskuila eramaten zuen beti, atxilotua izateko arriskua baitzuen. Izan ere, 1933. urtean bi aldiz astebete pasa zuen espetxean. Bere senarra ez zen Lekukoa, baina hala ere, aste haietan lagundu egin zion, beraien hiru haurrak zainduz. Dudarik gabe, Harriette bezalako adineko anai-arreba leialek estimatuak izatea merezi dute.

13. Zer ikasi dugu Jehobaren erakundean adineko anai-arrebek duten tokiari buruz?

13 Adineko gure anai-arrebak oso garrantzitsuak dira Jehobarentzat eta bere erakundearentzat. Bizitzan zehar, Jehobak bere erakundea eta beraiek modu askotan bedeinkatu dituela ikusi dute. Gainera, egindako akatsetatik ere asko ikasi dute. Ikus itzazu «zuhurtzi iturri» bezala eta beraien esperientziatik ikasi (Es 18:4). Beraiek ezagutzeko denbora hartzen baduzu, zure fedea sendotu eta gauza asko ikasiko dituzu.

IKAS DEZAGUN ADINEKOEN EREDUTIK

Eliseorentzat Eliasekin egotea oso ona izan zen. Era berean, anai-arrebentzat oso ona izan daiteke Jehoba denbora luzez zerbitzatu dutenen bizipenak entzutea (Ikusi 14 eta 15 paragrafoak)

14. Zer egitera animatzen ditu gazteak Deuteronomio 32:7⁠ak?

14 Eman adinekoekin hitz egiteko lehen pausoa (Irakurri Deuteronomioa 32:7). Egia da, agian beraien begiak ilundu egin dira, poliki-poliki ibiltzen dira eta beraien ahotsa ahuldu egin da. Baina bihotzez gazteak dira eta Jehobaren aurrean «izen ona» egin dute (Koh 7:1). Gogoratu zergatik duten hainbesteko balioa Jehobarentzat. Beraiek ohoratzen jarraitu ezazu. Izan Eliseo bezalakoa. Elkarrekin egon ziren azken egunean, Eliasekin egoten jarraitu nahi izan zuen. Hiru aldiz esan zion: «Ez zaitut bakarrik utziko» (2 Erg 2:2, 4, 6).

15. Zer galdetu ahal diegu adinekoei?

15 Adineko anai-arrebez arduratzen zarela erakutsi beraiei buruz gehiago jakiten saiatuz (Es 1:5; 20:5; 1 Tm 5:1, 2). Adibidez, egin horrelako galderak: «Gazteagoa zinenean, zerk konbentzitu zintuen egia aurkitu zenuela? Nola lagundu dizu bizi izan duzunak Jehobarengana hurbiltzen? Zerk lagundu zaitu Jehobaren zerbitzuan zoriontsu izaten?» (1 Tm 6:6-8). Orduan, adi-adi entzun esaten dizutena.

16. Zergatik da bien onerako adineko batek eta gazte batek elkarrekin hitz egitea?

16 Adineko batek eta gazte batek elkarrekin hitz egitea bien onerako da (Erm 1:12). Zuk, gazte, Jehobak bere zerbitzari leialak zaintzen dituen modua gehiago estimatuko duzu eta adinekoa, berriz, maitatua sentituko da. Gainera, asko gozatuko du Jehobaren bedeinkapena nola jaso duen kontatzen.

17. Zergatik esan dezakegu adineko gure anai-arreba leialak, urteak pasa ahala, gero eta ederragoak direla?

17 Edertasuna adinarekin itzali egiten da normalean, baina Jehoba leial zerbitzatzen dutenak, urteak pasa ahala, ederragoak dira berarentzat (1 Ts 1:2, 3). Zergatik? Urteetan zehar Jehobaren espirituari beraien izaera moldatzen eta zuzentzen utzi diotelako. Adineko gure anai-arreba baliotsuak zenbat eta gehiago ezagutu, ohoratu eta beraiengandik ikasi, orduan eta altxor preziatuagoak izango dira guretzat.

18. Zer ikusiko dugu hurrengo artikuluan?

18 Kongregazioa ez da sendotzen gazteek adinekoak estimatzen dituztenean soilik. Adinekoek gazteei balio handia ematen dietenean ere sendotu egiten da. Hurrengo artikuluan, adinekoek gazteak beraientzat balio handikoak direla nola erakutsi dezaketen ikusiko dugu.

sn 24. KANTA Eduki bistan saria

^ § 5 Adineko anai-arrebak altxor baliotsuak dira. Artikulu honek, anai-arreba hauek gehiago maitatzera eta errespetatzera animatuko gaitu eta adineko anai-arrebei Jehobaren erakundean toki garrantzitsu bat dutela ziurtatuko die. Honetaz gain, beraien jakinduriatik eta esperientziatik ikasteko zer egin behar dugun aztertuko dugu.