Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

36. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Gazteek duten indarrari balioa eman

Gazteek duten indarrari balioa eman

«Indarra gaztearen harrotasun» (ES 20:29).

sjj 88. KANTA Azaldu niri zure bideak

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer helburu izan dezakegu zahartzen garen heinean?

 ZAHARTZEN garen heinean, agian Jehobarentzat lehen bezain erabilgarriak ez izateak kezkatu gaitzake. Egia da, beharbada, lehen baino indar gutxiago dugula. Baina lortutako jakinduria eta esperientzia gazteei laguntzeko erabili ditzakegu, bai Jehobaren erakundean erabilgarriagoak izateko, baita erantzukizun berriak onartzeko ere. Urte askotan adindun izan den anaia batek dio: «Adinagatik lehen bezainbeste ezin nuela egin konturatu nintzenean, asko eskertu nuen lana burutzen jarraitzeko anaia gazte trebeak edukitzea».

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Aurreko artikuluan gazteentzat adinekoengana hurbiltzea zein ona den aztertu genuen. Artikulu honetan adinekoek landu ditzaketen lau ezaugarri aztertuko ditugu: apaltasuna, norberaren mugak onartzea, esker ona eta eskuzabaltasuna. Horrelako ezaugarriek gazteekin elkarlanean aritzen lagunduko diete eta kongregazio osoaren onerako izango da.

APALA IZAN

3. ⁠Filipoarrei 2:3, 4⁠aren arabera, zer da apaltasuna eta nola laguntzen dio kristauari?

3 Gazteei laguntzeko, adinekoek apalak izan behar dute. Apalak bagara, besteak gu baino hobeak direla pentsatuko dugu (Irakurri Filipoarrei 2:3, 4). Ezaugarri hau erakusten duten adinekoak, Biblian oinarrituz gauzak ondo egiteko modu asko daudela konturatzen dira. Hortaz, ez dute espero denek gauzak beraiek lehen egiten zituzten moduan egitea (Koh 7:10). Euren esperientzia konpartituz gazteagoak lagundu ditzakete. Baina, era berean, «mundu honen eszenatokia aldatzen» ari dela eta egoera berrietara egokitu behar dutela ulertzen dute (1 Ko 7:31NWT).

Adinekoek eskuzabaltasunez euren esperientzia besteekin konpartitzen dute (Ikusi 4 eta 5 paragrafoak) *

4. Nola erakusten dute eskualde-arduradunek lebitarrek izan zuten antzeko jarrera?

4 Zahartzen diren heinean, apalak direnek lehen bezainbeste ezin dutela egin onartzen dute. Pentsatu, adibidez, gure eskualde-arduradunetan. 70 urte betetzen dituztenean, eginkizun berri batekin hasteko eskatzen zaie. Erronka handia izan daiteke hori. Izan ere, oso pozik zeuden beraien anai-arrebak zerbitzatzen. Maite zuten eginkizun bat zen, eta lan horretan jarraitu nahiko lukete. Baina lan hori burutzeko anaia gazteagoak behar direla ulertzen dute. Antzinako Israeleko lebitarrek erakutsi zuten antzeko jarrera erakusten dute. 50 urte betetzen zituztenean tabernakuluan zerbitzatzeari uzten zioten. Baina euren poza ez zegoen eginkizun zehatz bati lotuta. Gogo biziz beraien esku zegoen guztia egiten zuten eta gazteagoei laguntzen zieten (Zen 8:25, 26). Gaur egun, eskualde-arduradunak izandakoak, nahiz eta kongregazioak bisitatzeari utzi, bedeinkapen izugarria dira zerbitzatzen duten kongregazioan.

5. Zer ikasten duzu Dan eta Katieren eredutik?

5 Ikus dezagun Danen eredua. 23 urtez eskualde-arduradun izan ondoren, 70 urte bete zituenean bera eta bere emaztea, Katie, aitzindari bereziak izatera pasa ziren. Zer moduz dabiltza eginkizun berrian? Danek dio inoiz baino lanpetuago dagoela! Kongregazioko erantzukizunez arduratzen da, anaiei kongregazioko laguntzaile izateko laguntzen die, eta anai-arrebak espetxe eta hiriguneetan predikatzeko prestatzen ditu. Adineko anai-arrebok, denbora osoko zerbitzuan egon ala ez, asko lagundu dezakezue. Nola? Zuen eginkizun berriez gozatzen ikasiz, helburu berriak izanez eta egin ezin ditzakezuen gauzetan arreta jarri beharrean, egin ditzakezuen gauzetan jarriz.

ZEURE MUGAK ONARTU

6. Zergatik da zentzuduna gure mugak onartzea? Adibide bat jarri.

6 Bere mugak onartzen dituen pertsonak, ez dio egin dezakeena baino gehiago eskatzen bere buruari. Ondorioz, zoriontsua izaten eta gogor lan egiten jarraituko du. Horrelako norbait autoan aldapan gora doan gidari batekin konparatu dezakegu. Maldan gora jarraitzeko, gidariak martxa bat jaitsi beharko du. Bai, seguruenik polikiago joango da, baina hala ere aurrera egingo du. Era berean, bere mugak onartzen dituenak badaki noiz jaitsi behar duen martxa bat Jehoba zerbitzatzen eta besteak laguntzen jarraitzeko (Flp 4:5NWT).

7. Nola erakutsi zuen Bartzilaik bere mugak onartzen zituela?

7 Ikus dezagun Bartzilairen eredua. 80 urte zituen Dabid erregeak gortearen parte izatera gonbidatu zuenean. Baina Bartzilaik nahiago izan zuen ez joan. Adinagatik zituen mugak onartuz, gazteagoa zen Kimham bere tokian joateko gomendatu zuen (2 Sm 19:36-38 [19:35-37, NWT]). Bartzilai bezala, anaia zaharragoak pozik daude gazteagoei lan egiteko aukera emateaz.

Dabid erregeak Jainkoaren erabakia onartu zuen: tenplua bere semeak eraikiko zuen (Ikusi 8. paragrafoa)

8. Nola erakutsi zuen Dabid erregeak bere mugak onartzen zituela tenplua eraiki nahi izan zuenean?

8 Dabid erregea ere eredu bikaina izan zen. Jehobarentzat etxe bat eraiki nahi zuen bihotz-bihotzez. Baina Jehobak ohore hori Salomon gazteari emango ziola esan zionean, Dabidek Jehobaren erabakia onartu eta proiektuaren prestaketan laguntzeko ahal zuen guztia egin zuen (1 Kro 17:4; 22:5). Dabidek ez zuen uste eginkizun horretarako «gaztea eta ikasi gabea» zen Salomon baino hobea zenik (1 Kro 29:1). Dabidek bazekien eraikuntza proiektuaren arrakasta ez zela aurrea eramaten zutenen adina edo esperientziaren araberakoa, Jehobaren bedeinkapenaren araberakoa baizik. Dabid imitatuz, adineko anaiek gaur egun Jehobaren zerbitzuan gogor lan egiten jarraitzen dute, beraien eginkizuna aldatzen denean ere. Lehen beraiek egiten zutena orain gazteek egiten dute eta badakite Jehobak hauek ere bedeinkatuko dituela.

9. Nola erakutsi zuen sukurtsal-batzordeko kide batek bere mugak onartzen zituela?

9 Gaur egungo beste eredu bikain bat Shigeo izeneko anaia da. 1976⁠an, 30 urte zituenean, sukurtsal-batzorde bateko kide izendatu zuten. 2004⁠an batzordeko koordinatzailea bihurtu zen. Beranduago, ez zela lehen bezain indartsua eta bere lana betetzeko denbora gehiago behar izaten zuela konturatu zen. Honi buruz otoitz egin eta anaia gazteago batek koordinatzaile eginkizuna hobeto zergatik beteko zuen pentsatzen aritu zen. Nahiz eta dagoeneko koordinatzailea ez izan, Shigeok sukurtsal-batzordeko beste kideekin batera lanean jarraitzen du. Bartzilai, Dabid erregea eta Shigeoren ereduek erakusten diguten bezala, apalak direnek eta beraien mugak onartzen dituztenek, gazteen esperientzia faltan pentsatu beharrean, gazteen indar eta abilezietan pentsatzen dute. Ez dituzte lehiakide bezala ikusten, lankide bezala baizik (Es 20:29).

ESKER ONEKOA IZAN

10. Zer sentitzen dute adinekoek kongregazioko gazteei buruz?

10 Adinekoek gazteagoak Jehobaren opariak direla pentsatzen dute eta oso eskertuta daude hauek egiten dutenagatik. Beraien indarra ahultzen denean, asko eskertzen dute gazte indartsuak lana burutzeko eta kongregazioa zerbitzatzeko prest egotea.

11. Nola erakusten du Rut 4:13-16 pasarteak adinekoek gazteagoen laguntza onartzea zein ona izan daitekeen?

11 Noemiren eredu bikaina aurkitzen dugu. Berak asko eskertu zuen gazteagoa zen norbaiten laguntza. Noemiren semea hil ondoren, bere alargunari, Ruti, bere familiarengana itzultzeko esan zion. Baina Rutek ez zuen Noemi utzi nahi izan eta Belenera lagundu zion. Noemik Ruten laguntza leiala onartu zuen (Rt 1:7, 8, 18). Eta hori izugarrizko bedeinkapena izan zen bientzat! (Irakurri Rut 4:13-16). Apalak diren adinekoek Noemiren eredua jarraituko dute.

12. Nola adierazi zuen Paulo apostoluak bere esker ona?

12 Paulo apostolua oso eskertuta zegoen jaso zuen laguntzagatik. Adibidez, Filipoko kristauei asko eskertu zizkien bidalitako opariak (Flp 4:16). Timoteok eman zion laguntzagatik ere esker ona adierazi zuen (Flp 2:19-22). Eta Erromara preso zihoanean, bera animatzeko bidera atera zirenengatik eskerrak eman zizkion Jainkoari (Eg 28:15). Predikatzen eta kongregazioak indartzen milaka kilometro egin zituen pertsona bizi-bizia zen Paulo. Baina, hala ere, apala izan zen eta anai-arreben laguntza onartu zuen.

13. Nola erakutsi dezakete adinekoek kongregazioan gazteak edukitzeagatik eskertuta daudela?

13 Adinekook, modu askotan erakutsi dezakezue zuen kongregazioko gazteengatik eskertuta zaudetela. Garraioa, erosketak edo beste gauzekin lagundu nahi bazaituztete, esker onez onartu. Ikusi laguntza hori Jehobaren maitasunaren froga bezala. Harritu egingo zara zein lagun minak bihurtu zaitezketen. Lagundu beti zure adiskide gazteei Jehobarengana gehiago hurbiltzen, eta esaiezu zein zoriontsu zaren kongregazioko gazteek besteak zerbitzatzeko ahal duten guztia egiten dutela ikusten duzunean. Prest egon beraiekin denbora pasatzeko eta zure bizipenak kontatzeko. Hori egitean, kongregaziora erakarri dituen gazteengatik esker onekoa zarela erakutsiko diozu Jehobari (Kol 3:15; Jn 6:44; 1 Ts 5:18).

ESKUZABALA IZAN

14. Nola erakutsi zuen Dabid erregeak eskuzabala zela?

14 Dabid erregearen ereduan ere adinekoek erakutsi behar duten beste ezaugarri garrantzitsu bat ikusten dugu: eskuzabaltasuna. Tenpluko eraikuntzan laguntzeko bere ondasunetatik dohaintza handiak egin zituen (1 Kro 22:11-16; 29:3, 4). Eraikuntzaren ospe gehiena bere semeari, Salomoni, joango zitzaiola jakin arren, eskuzabala izan zen. Guk ere nahiz eta eraikuntza teokratikoetan parte hartzeko indar gehiago ez izan, proiektu hauetan laguntzeko gure egoeraren araberako dohaintzak egiten jarraitu dezakegu. Gainera, urteetan zehar irabazi dugun esperientziarekin lagundu ditzakegu gazteagoak.

15. Zer konpartitu zuen Paulo apostoluak Timoteorekin?

15 Pentsatu dezagun Paulo apostoluaren eskuzabaltasun ereduan. Timoteo berarekin batera misiolari bidaietan joatera gonbidatu zuen, eta eskuzabaltasunez predikatzeko eta irakasteko bere metodoak konpartitu zituen gizon gazte honekin (Eg 16:1-3). Paulok Timoteori berri onen predikatzaile eta irakasle trebea izaten lagundu zion (1 Ko 4:17). Gero, Timoteok Pauloren metodoak erabili zituen besteak trebatzeko.

16. Zergatik prestatu zituen besteak Shigeok?

16 Adinekoek kongregazioan beraiek egin ohi zuten lana egiteko gazteagoak trebatzen dituzte. Ez dira hau eginez gero erakundean erabiliak izango ez diren beldur. Adibidez, urteetan zehar, lehen aipatutako Shigeok sukurtsal-batzordeko beste kide gazteagoei prestakuntza praktikoa eman zien. Hau egiteko arrazoia zerbitzatzen duen herrialdean Erreinuaren alde egiten den lana bultzatzea zen. Ondorioz, garaia iritsi zenean, bere ordez koordinatzaile izateko ondo prestatutako anaia bat zegoen. Shigeo 45 urte baino gehiagoz izan da sukurtsal-batzordeko kidea eta ikasi duen guztia anaia gazteagoak laguntzeko erabiltzen jarraitzen du. Zelako bedeinkapena den Jainkoaren herrian horrelako anaiak edukitzea!

17. ⁠Lukas 6:38 kontuan hartuta, zer egin dezakete adinekoek besteen alde?

17 Adineko anai-arrebok, argi eta garbi erakutsi duzue fedez eta zintzo Jehoba zerbitzatzea bizitzeko modurik onena dela. Zuen ereduarekin Bibliako printzipioak ikastea eta praktikan jartzea gizakiontzat ona dela erakutsi duzue. Ondo dakizue gauzak nola egiten ziren lehen, baina egoera berrietara moldatzeko beharra ere ikusi duzue. Duela gutxi bataiatu zareten adinekook ere emateko asko duzue. Bizitzako garai honetan Jehoba ezagutzeak zein zoriontsu egin zaituzten kontatu ahal diezue gazteagoei. Zuen bizipenak eta ikasitakoa entzuteaz asko gozatuko dute. Zuen bizipenen eta oroitzapenen ganbaratik emateko ohitura baduzue, Jehobak izugarri bedeinkatuko zaituzte (Irakurri Lukas 6:38).

18. Nola lagundu dezakete elkar gazteek eta adinekoek?

18 Adineko maiteok, gazteagoengana gehiago hurbiltzen bazarete, elkar lagundu ahal izango duzue (Erm 1:12). Denok dugu besteek ez duten eta baliotsua den zerbait. Adinekoek urtetan zehar irabazitako jakinduria eta esperientzia dute. Gazteek, aldiz, energia eta indarra. Gazteak eta adinekoak lagun bezala elkarlanean aritzen direnean, gure zeruko Aita goraipatzen dute eta kongregazioan guztiontzat bedeinkapena dira.

sjj 90. KANTA Bata besteari adore eman

^ § 5 Oso pozik gaude gure kongregazioetan Jehobaren erakundearen alde ahal duten guztia egiten duten anai-arreba gazte asko ikusteaz. Kongregazioko adineko anai-arrebek, beraien kultura edo jatorria zein den axola gabe, gazteei euren indar guztia Jehobaren zerbitzuan erabiltzen lagundu ahal diete.

^ § 55 IRUDIAREN AZALPENA: Eskualde-arduraduna 70 urte izatera iritsi zenean, bera eta bere emazteak eginkizun berri bat jaso zuten. Urteetan irabazitako esperientziak orain zerbitzatzen duten kongregazioan anai-arrebak prestatzeko balio die.