Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

39. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Maite duzun norbaitek Jehoba uzten duenean

Maite duzun norbaitek Jehoba uzten duenean

«Zenbat aldiz atsekabetu zuten» (SAL 78:40).

sn 42. KANTA «Gauza ez direnei lagundu»

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Nola sentitu zaitezke familiako norbait kanporatua bada?

 KONGREGAZIOTIK kanporatua izan al da maite duzun norbait? Agian, bihotz hautsita sentitu zara! «41 urtez ezkonduta egon eta gero, nire senar leiala hil zenean», dio Linda * izeneko arreba batek, «bizitzan jasan nezakeen gauzarik okerrena zela pentsatu nuen. Baina nire semeak kongregazioa, emaztea eta seme-alabak utzi zituenean, askoz ere okerragoa izan zen».

Jehobak ondo ulertzen du maite duzun norbait espiritualki galtzea zein mingarria izan daitekeen (Ikusi 2 eta 3 paragrafoak) *

2, 3. 78. Salmoa 40, 41⁠aren arabera, nola sentitzen da Jehoba bere zerbitzari batzuek uzten dutenean?

2 Pentsa ezazu nola sentituko zen Jehoba bere familiaren parte ziren aingeruek bizkarra eman ziotenean. Dudarik gabe, bihotz hautsita! (Ju 6). Eta imajinatu zelako mina sentituko zuen hainbeste maite zuen herria, Israel, behin eta berriz bere kontra altxatu zenean! (Irakurri 78. Salmoa 40, 41). Era berean, maite duzun norbaitek bera uzten duenean, ziur egon zaitezke gure Aita maitekorrak min handia sentitzen duela. Zure atsekabea ulertzen du. Bihotzez zutaz errukituz, behar duzun adorea eta laguntza emango dizu.

3 Artikulu honetan, horrelako galera baten aurrean Jehobaren laguntza nola jaso dezakegun aztertuko dugu. Kongregazioan erronka honi aurre egiten ari direnei nola lagundu ahal diegun ere ikusiko dugu. Baina aztertu dezagun lehenik baztertu behar dugun pentsaera negatibo bat.

EZ BOTA ERRUA ZEURE BURUARI

4. Nola sentitzen dira guraso asko seme edo alaba batek Jehoba uzten duenean?

4 Seme edo alaba maite batek Jehoba uzten duenean, normala da gurasoek gaztea egian egoteko gehiago egin zezaketela pentsatzea. Bere semea kanporatua izan ondoren, Luke izeneko anaia batek honakoa onartu zuen: «Nire errua zela pentsatzen nuen. Amesgaiztoak izaten nituen. Bihotza minduta neukan eta batzuetan negar egiten nuen». Antzeko egoera jasan zuen Elizabethek, atsekabetuta, honakoa esan zuen: «Ama bezala, zer egin nuen gaizki? Huts egin nuela sentitzen nuen. Ez niola nire semeari Jehoba maitatzeko nahikoa lagundu uste nuen».

5. Norbaitek Jehoba uzten duenean, nor da erantzulea?

5 Jehobak gutako bakoitzari aukeratzeko askatasuna eman digula gogoratu behar dugu. Beraz, bera obedituko dugun edo ez aukeratu dezakegu. Gazte batzuek ez dituzte guraso eredugarriak izan, baina hala ere, Jehoba zerbitzatzea erabaki dute, eta berari leial mantendu dira. Beste gazte batzuek aldiz, gurasoek Jehoba maitatzen irakatsi arren, denborarekin utzi egin dute. Azken batean, norberak erabaki behar du Jehoba zerbitzatuko duen edo ez (Jos 24:15). Beraz, atsekabeturik zaudeten gurasook, ez ezazue pentsatu tragedia hau zuen errua denik!

6. Nola sentitu daiteke gazte bat aita edo amak Jehoba uzten badu?

6 Batzuetan, guraso batek egia uzteaz gain, familia ere uzten du (Sal 27:10). Aita edo ama errespetatzen eta miresten duen haurra erabat lur jota gelditu daiteke. Estherren aita kanporatua izan zen eta berak dio: «Askotan negar egiten nuen ez zelako bakarrik egiatik aldentzen ari. Jehoba nahita, guztiz uzten ari zen. Aita maite dut, beraz kanporatua izan zenean, beti kezkatzen ninduen ondo egongo ote zen pentsatzeak. Antsietate krisiak ere izaten nituen».

7. Zure aita edo ama kanporatua izan bada, zer sentitzen du Jehobak zuregatik?

7 Gazte, zure aita edo ama kanporatua izan bada, oso triste gaude pasatzen ari zaren egoeragatik! Ziur egon Jehobak ondo dakiela zenbat sufritzen ari zaren. Asko maite zaitu eta zure leialtasuna estimatzen du; baita guk ere, kongregazioko anai-arrebok. Gainera, gogoratu zu ez zarela zure gurasoek hartzen dituzten erabakien erantzulea. Lehen aipatu dugun bezala, Jehobak gutako bakoitzari aukeratzeko askatasuna eman digu. Jehobari bere burua eskaini eta bataiatu den pertsona bakoitzak «bere zama [edo erantzukizuna] eraman beharko» du (Ga 6:5).

8. Zer egin dezakete familiako kide leialek maite duten hori Jehobarengana itzuli bitartean? (Ikusi « Itzuli Jehobarengana» taula ere)

8 Maite duzun norbaitek Jehoba uzten duenean, normala da egunen batean berarengana itzuliko den esperantza izaten jarraitzea. Zer egin dezakezu bitartean? Zeure osasun espirituala zaindu. Hau eginez gero, eredu ona jarriko duzu familiako kideentzat, agian baita kanporatuarentzat ere. Gainera, tristurari aurre egiteko behar duzun indarra jasoko duzu. Ikus dezagun hau lortzeko zer egin dezakezun.

ESPIRITUALKI SENDO MANTENTZEKO EGIN DEZAKEZUNA

9. Nola jaso dezakegu indarra Jehobarengandik? (Ikusi « Kontsolatu zaitzaketen aipuak» taula ere)

9 Eutsi ohitura espiritual onei. Ezinbestekoa da zeure burua eta familiako beste kideak sendotzen jarraitzea. Nola egin dezakezu hori? Jehobarengandik datozen indarrak eskuratu Jainkoaren Hitza irakurriz eta horretan hausnartzeko ohitura mantenduz, baita kristau bileretan egonez ere. Joannaren aitak eta ahizpak egia utzi zuten, eta berak dio: «Abigail, Ester, Job, Jose eta Jesusi buruzko pasarteak irakurtzeak, lasaitu egiten nau. Beraien ereduek, nire mina arinduz, animatu eta positiboagoa izaten laguntzen didate. Gure abestiak ere oso animagarriak izan dira niretzat».

10. Nola laguntzen dizu 32. Salmoa 6-8 pasarteak oso triste zaudenean aurrera egiten?

10 Kontaiozu Jehobari kezkatzen zaituen guztia. Oso triste bazaude ere, ez utzi otoitz egiteari. Erregutu gure Jainko maitekorrari egoera bere ikuspuntutik ikusten laguntzeko. Irakasteko eta nondik joan behar duzun erakusteko eskatu (Irakurri 32. Salmoa 6-8). Noski, batzuetan oso mingarria izan daiteke Jehobari benetan nola sentitzen zaren kontatzea. Baina Jehobak zure bihotzeko mina guztiz ulertzen du, asko maite zaitu eta zure bihotza zabaltzeko eskatzen dizu (Ir 34:6; Sal 62:7, 8).

11. ⁠Hebrearrei 12:11⁠aren arabera, zergatik izan beharko genuke konfiantza Jehobaren diziplina maitekorrean? (Ikusi « Kanporaketak Jehobak digun maitasuna erakusten du» taula ere)

11 Adindunek hartutako erabakiaren alde egon. Kanporaketa Jehobak norbait maitasunez zuzentzeko erabiltzen duen modu bat da. Hau guztion onerako da, baita gaizki jokatu duenarentzat ere (Irakurri Hebrearrei 12:11). Norbait kanporatua denean, kongregazioko batzuek adindunek ez dutela erabaki egokia hartu esan dezakete. Baina gogoratu hori esaten dutenek, normalean, ez dutela gaizki jokatu duenari buruzko gauza negatiborik aipatu nahi. Gainera, kontuan izan ez ditugula datu guztiak. Beraz, epaitu zuten adindunengan konfiantza jarri. Beraiek Bibliako printzipioak jarraitzeko ahalegin handiak egin zituzten eta Jehobaren izenean epaitu zuten (2 Kro 19:6).

12. Zer mesede egiten du Jehobaren diziplinaren alde jartzeak?

12 Adindunek hartutako erabakiaren alde jartzen bazara, agian maite duzun horri Jehobarengana itzultzen laguntzen ariko zara. «Ez zen batere erraza izan gure seme helduarekin harremanik ez izatea», aitortzen du lehen aipatutako Elizabethek. «Baina Jehobarengana itzuli zenean, kanporatua izatea merezi zuela onartu zuen. Denborarekin, ikasitakoa asko eskertzen zuela esan zuen. Eta nik Jehobaren diziplina beti zuzena dela ikasi nuen». Bere senar Markek dio: «Denbora asko pasa ondoren, besteak beste, egin behar genuena egin genuelako itzuli zela esan zidan semeak. Asko pozten nau Jehobak obeditzen lagundu izana».

13. Zerk lagundu zaitzake minari aurre egiten?

13 Nola sentitzen zaren ulertuko duten lagunekin hitz egin. Jarrera positiboa izaten lagunduko dizuten anai-arreba helduekin denbora pasa (Es 12:25; 17:17). Lehen aipatutako Joannak dio: «Nire bihotzean bakarrik sentitzen nintzen. Baina asko lagundu zidan konfiantza nuen lagunekin hitz egiteak». Baina, zer egin dezakezu kongregazioko norbaitek gaizki sentiarazten zaituen zerbait esaten badu?

14. Zergatik izan behar dugu elkarrekin eraman oneko eta batak besteari barkatu?

14 Anai-arrebekin pazientzia izan. Ezin dugu jende guztiak modu egokienean erantzuterik espero (St 3:2). Denok sartzen dugu hanka. Beraz, ez harritu norbaitek ez badaki zer esan edo nahi gabe mintzen zaituen zerbait esaten badu. Gogoratu Paulo apostoluaren aholkua: «Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu» (Kol 3:13). Bere semea kanporatua izan zuen arreba batek dio: «Ni animatzen saiatzean min egin zidaten anai-arrebei barkatzen lagundu dit Jehobak». Zer egin dezake kongregazioak leial mantendu diren familiako kideak laguntzeko?

KONGREGAZIOAK LAGUNDU DEZAKE

15. Zer egin dezakegu orain dela gutxi kanporatua izan den norbaiten familiako kideak laguntzeko?

15 Leial mantendu diren familiako kideekin jatorra eta atsegina izan. Miriam izeneko arreba batek, bere anaia kanporatua izan zenean, bileretara joateak oso urduri jartzen zuela onartzen du. «Jendeak esango zuenaren beldur nintzen. Baina lagun zoragarriak aurkitu nituen. Ez zuten nire anaiaren aurka ezer negatiborik esan eta nire ondoan egon ziren. Beraiei esker, ez nintzen nire nahigabean bakarrik sentitu». Beste arreba batek honakoa dio: «Gure semea kanporatua izan ondoren, lagun onak etorri ziren gu kontsolatzera. Batzuek zer esan ez zekitela aitortu zuten. Hala ere, nirekin negar egin zuten eta gutun animagarri bat bidali zidaten. Egin zutenak izugarri lagundu ninduen!».

16. Nola jarraitu dezake kongregazioak laguntza ematen?

16 Familia-kide leialak laguntzen jarraitu. Inoiz baino gehiago behar dute zure maitasuna eta animoa (Heb 10:24, 25). Batzuetan, kanporatuen familia-kideak kongregazioan baztertuta sentitu dira. Ez utzi horrelakorik gertatzen! Egia utzi dutenen seme-alabek behar dute, bereziki, leial izateagatik zoriontzea eta animoa jasotzea. Mariaren senarra kanporatua izan zen eta familia utzi zuen. Mariak dio: «Nire lagun batzuk etxera etorri, janaria prestatu eta familia ikasketarekin lagundu ziguten. Nire mina sentituz, nirekin egin zuten negar. Zurrumurruen aurrean defendatu ninduten. Izugarri animatu ninduten!» (Erm 12:13, 15).

Kongregazioak familiako kide leialak maitasunez lagundu ditzake (Ikusi 17. paragrafoa) *

17. Nola lagundu ahal diete adindunek bihotz minduta daudenei?

17 Adindunok, zuen eskura dauden aukera guztiak erabili familia-kide leialak indartzeko. Hauek kontsolatzeko ardura berezia duzue (1 Ts 5:14). Adorea emateko, hitz egin beraiekin bilera hasi aurretik eta ondoren. Bisita itzazue eta beraiekin otoitz egin. Elkarrekin predikatu eta, noizean behin, gonbida itzazue zuen familia-adoraziora. Kongregazioko artzainek bihotz minduta dauden Jehobaren ardiei behar duten errukia, maitasuna eta arreta erakutsi behar diete (1 Ts 2:7, 8).

EZ AMORE EMAN ETA JEHOBARENGAN KONFIANTZA IZATEN JARRAITU

18. 2 Pedro 3:9⁠aren arabera, zer nahi du Jainkoak kanporatuak izan direnentzat?

18 Jehobak ez du «inor galtzerik nahi, denok bihozberritzea baizik» (Irakurri 2 Pedro 3:9). Norbaitek bekatu larri bat egin arren, bere bizitza oraindik Jehobarentzat oso baliotsua da. Izan ere, pentsa ezazu zer-nolako prezioa ordaindu duen Jehobak bekatarien bizitzengatik: bere Seme maitearen bizia. Jehoba, bihotz-bihotzez, bera utzi dutenei laguntzen saiatzen da berarengana itzul daitezen, seme galduaren Jesusen parabolan ikusten dugun bezala (Lk 15:11-32). Egia utzi duten asko beranduago zeruko Aita maitekorrarengana itzuli dira eta kongregazioak beso zabalik eman die ongietorria. Lehen aipatutako Elizabeth oso pozik zegoen bere semea berriro kongregazioan onartua izan zenean. Atzera begira, berak dio: «Esperantza ez galtzera animatu ninduten guztiak asko estimatzen ditut».

19. Zergatik jarraitu dezakegu Jehobarengan konfiantza izaten?

19 Beti izan dezakegu Jehobarengan konfiantza. Bere aholkuak lagungarriak izango ditugu beti. Aita eskuzabala eta errukitsua da, eta bera maite eta adoratzen duten guztiak asko maite ditu. Ziur egon garai latzetan Jehobak ez zaituela inoiz utziko (Heb 13:5, 6). «Jehobak ez gintuen inoiz utzi», dio lehen aipatutako Markek. «Arazoak ditugunean ez dago inoiz gugandik urrun». Jehobak bere «indar harrigarria» zuri ematen jarraituko du (2 Ko 4:7, EABLB). Bai, nahiz eta maite duzun norbaitek Jehoba utzi, leial eta itxaropentsu izaten jarraitu dezakezu.

sjj 44. KANTA Apalaren otoitza

^ § 5 Maite dugun norbaitek Jehoba uzten duenean, lur jota sentitzen gara! Artikulu honetan, hau gertatzen denean Jainkoa nola sentitzen den aztertuko dugu. Familiako kide leialek minari aurre egiteko eta espiritualki sendo mantentzeko egin ditzaketen gauza praktikoak ere ikusiko ditugu. Gainera, familia kontsolatzeko eta laguntzeko kongregazioko guztiok egin dezakeguna aztertuko dugu.

^ § 1 Artikulu honetako izen batzuk aldatuak izan dira.

^ § 79 IRUDIAREN AZALPENA: Anaia batek Jehoba eta bere familia uzten duenean, emazteak eta seme-alabek sufritzen dute.

^ § 81 IRUDIAREN AZALPENA: Bi adindunek kongregazioko familia bat animatzen dute.