Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Zergatik ibili behar dute kristauek kontu handiarekin mezu elektronikoak bidaltzeko eta jasotzeko aplikazioekin?

Kristau batzuek teknologia modernoa erabiltzen dute senideekin eta beste Lekukoekin harremanetan egoteko. Noski, kristau helduek honako aholkua kontuan hartu behar dute: «Arriskua ikusi eta ezkutatu egiten da zentzuduna, heldugabeak aurrera segitu eta kaltea jasan behar» (Es 27:12).

Jehobak gu babestu nahi izatea asko eskertzen dugu. Horregatik, ez gara elkartzen zatiketak sortzen dituztenekin, kanporatuta daudenekin edo irakaspen okerrak bultzatzen dituztenekin (Erm 16:17; 1 Ko 5:11; 2 Jn 10, 11). Kongregazioarekin elkartzen diren batzuek ez dituzte agian Bibliako arauak betetzen (2 Tm 2:20, 21). Kontuan hartu beharrekoa da hau lagunak aukeratzerakoan. Baina mezularitza aplikazioen bidez lagun onak aukeratzea zaila izan daiteke.

Mezularitza talde handi batera elkartzeko asmoa badugu, ondo aztertu behar dugu norekin elkartuko garen. Talde oso handitan sartu diren kristau batzuek ondorio txarrak izan dituzte. Izan ere, nola izan lezake anaia edo arreba batek kontu handia taldea ehunka edo milaka lagunek osatzen badute? Ezinezkoa izango litzateke partaide bakoitza nor den eta fede sendoa duen jakitea. 26. Salmoa 4⁠ak dio: «Ez naiz gezurtien mahaikide izan, ez eta itxuratiekin batera ibili». Honek mezuak ezagutzen ditugun pertsonekin bakarrik partekatzea zentzudunagoa dela erakusten du.

Talde txikietan ere kristauak honakoa izan behar du kontuan: taldean zertaz hitz egiten den eta zenbat denbora ematen duen horretan. Ez genuke sentitu behar mezu guztiak erantzun behar ditugunik elkarrizketaren gaia zein den edo zenbat denbora luzatzen den axola gabe. Paulok Timoteori «berritsu ere bihurtzen» zirenekin eta «non zer jakingo eta behar ez denaz hitz egiten ibiltzen» zirenekin kontuz ibiltzeko esan zion (1 Tm 5:13). Gaur egun arrisku bera egon daiteke mezu elektronikoen bidez komunikatzean.

Kristau heldu batek ez luke beste Lekukoei buruzko kritikarik edo informazio konfidentzialik entzungo edo zabalduko (Sal 15:3; Es 20:19). Eta ez lituzke entzun edo errepikatuko sentsazionalistak diren edo konfirmatu gabe dauden berriak (Ef 4:25). Izan ere, nahikoa janari espiritual eta fidagarriak diren txostenak jasotzen ditugu jw.org webgunean eta hileroko JW Broadcasting® programetan.

Lekuko batzuek mezularitza aplikazioak erabiltzen dituzte produktuak saldu, erosi eta aditzera emateko edo lana eskaintzeko. Baina gogoratu hauek negozio kontuak direla eta ez dutela Jehobaren adorazioarekin zerikusirik. Beraz, «diru-gose» izan nahi ez duten kristauek ez dituzte anai-arrebak dirua egiteko erabiltzen (Heb 13:5).

Erabili behar al genituzke mezularitza aplikazioak beharrean dauden edo hondamendiren bat jasan duten anai-arrebentzat dirua biltzeko? Askotan erakusten dugu bata bestea maitasunez laguntzeko eta animatzeko nahia (St 2:15, 16). Baina mezularitza talde handitan hau egiten saiatzeak anai-arreba hauei sukurtsalak edo kongregazioak laguntzea zaildu dezake (1 Tm 5:3, 4, 9, 10, 16). Eta, noski, gutako inork ez luke Jehobaren ardiak zaintzeko eginkizun bereziren bat eman zaigunaren itxura eman nahi.

Egiten dugun guztiak Jainkoari aintza ematea nahi dugu (1 Ko 10:31). Beraz, mezularitza aplikazioren bat edo beste teknologiaren bat erabiltzerakoan, pentsatu arriskuetan eta kontuz ibili.