Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

7. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Buruzagitzaren antolaketa kongregazioan

Buruzagitzaren antolaketa kongregazioan

«Kristo Elizaren buru den bezala, bere gorputza duen Elizaren salbatzaile [da]» (EF 5:23).

sjj 137. KANTA Emakume leial eta baliotsuak

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zein da Jehobaren familia batuta egotearen arrazoietariko bat?

ZORIONTSU egiten gaitu Jehobaren familiaren parte izateak. Zein da gure familian bakea eta batasuna egoteko arrazoietako bat? Denok saiatzen garela Jehobak ezarritako buruzagitzaren antolaketa errespetatzen. Izan ere, gero eta hobeto ulertu antolaketa hau, orduan eta elkartuago gaude.

2. Zer galdera erantzungo ditugu artikulu honetan?

2 Artikulu honetan kongregazioko buruzagitza aztertuko dugu. Besteak beste, ondorengo galdera hauek erantzun ditugu: Zer eginkizun dute arrebek? Egia ote da anaia bakoitza arreba bakoitzaren buru dela? Mota berdinekoak al dira adindunek anai-arrebengan duten agintea eta familiaburuek emazte eta haurrengan dutena? Lehenengo, ikus dezagun arrebei buruz izan behar dugun ikuspuntua.

ARREBEI BURUZKO IKUSPUNTUA

3. Zerk lagunduko digu arrebek egiten duten lana gehiago estimatzen?

3 Asko estimatzen ditugu gure arrebak. Izan ere, gogor egiten dute lan familia zaintzen, berri onak zabaltzen eta kongregazioari laguntzen. Are gehiago estimatuko ditugu Jehobak eta Jesusek beraiei buruz duten ikuspuntua aztertuz. Gainera, Paulo apostoluak emakumeekin nola jokatu zuen aztertzeak asko lagunduko digu.

4. Nola frogatu dezakegu Bibliarekin Jehobak bai gizonak, baita emakumeak ere, estimatzen dituela?

4 Jehobak bai gizonak, bai emakumeak estimatzen dituela erakusten du Bibliak. Adibidez, lehen mendean Jehobak bai gizonei, baita emakumeei ere, espiritu santua eman ziela esaten du. Ondorioz, denei eman zien mirariak egiteko boterea, esaterako, hizkuntza desberdinak hitz egiteko ahalmena (Eg 2:1-4, 15-18). Gizon-emakumeak espiritu santuz gantzutu ditu Kristorekin batera agintzeko (Ga 3:26-29). Bai gizonek, bai emakumeek lurrean betiko bizitzeko saria jasoko dute (Ap 7:9, 10, 13-15). Gizon-emakumeei eman zaie berri onak predikatzeko eta irakasteko eginkizuna (Mt 28:19, 20). Adibidez, Eginak liburuak Priszila izeneko arreba bati buruz hitz egiten du. Bere senar Akilarekin batera, ongi eskolatutako Apolori egia xehetasun gehiagorekin erakutsi zioten (Eg 18:24-26).

5. Nola erakusten du Lukas 10:38, 39, 42⁠ak Jesusek emakumeak errespetatzen zituela?

5 Jesusek emakumeei ohorea eta errespetua erakutsi zien. Ez zituen fariseuak imitatu. Hauek emakumeak gizonak baino gutxiago zirela pentsatzen zuten. Ez zuten sekula emakumeekin jendaurrean hitz egiten, ezta Liburu Santuen inguruan jarduten ere. Horren ordez, Jesus irakaspen garrantzitsuei buruz hitz egiten aritzen zen bai gizonekin, baita emakumeekin ere (Irakurri Lukas 10:38, 39, 42). * Predikatze-bidaietan emakumeak berarekin batera ere joan ziren (Lk 8:1-3). Gainera, emakumeei eman zien bere berpizkundearen berri apostoluei emateko ohorea (Jn 20:16-18).

6. Nola erakutsi zuen Paulo apostoluak emakumeak errespetatzen zituela?

6 Paulo apostoluak emakumeak ohoratzen zituen. Adibidez, Timoteori «emakume zaharrei amari bezala» eta «neskatxei, arrebei bezala» ohore emateko esan zion (1 Tm 5:1, 2). Egia da Paulok Timoteori fede sendoa izaten asko lagundu ziola. Baina, Timoteoren ama eta amona «Liburu Santuak» irakatsi zizkioten lehenak izan zirela onartu zuen (2 Tm 1:5; 3:14, 15). Paulok Erromatarrei gutuna idatzi zuenean, arreba batzuk izenez agurtu zituen. Arrebek egiten zuten lana ikusteaz gain, bere esker ona adierazi zuen (Erm 16:1-4, 6, 12; Flp 4:3).

7. Zer galdera erantzungo ditugu orain?

7 Paragrafo hauek erakutsi duten bezala, Bibliak ez du arrebak anaiak baino gutxiago direnik esaten. Gure arreba maitekor eta eskuzabalak benetako altxorrak dira. Izan ere, kongregazioan bakea eta batasuna mantentzen laguntzen dute eta adindunek asko eskertzen dute egiten dutena. Baina, galdera batzuk sortzen dira: Zergatik eskatzen du Jehobak arrebek batzuetan burua estaltzea? Anaiak bakarrik izan daitezkeenez adindun eta laguntzaile, anaia bakoitza kongregazioko arreba bakoitzaren buru dela esan nahi al du honek?

ANAIA BAKOITZA AL DA ARREBA BAKOITZAREN BURU?

8. ⁠Efesoarrei 5:23⁠aren arabera, anaia bakoitza al da arreba bakoitzaren buru? Azaldu.

8 Erantzuna argia da: ez. Anaia bat ez da kongregazioko arreba guztien buru; Jesu Kristo da (Irakurri Efesoarrei 5:23). Familian senarrak du emaztearen gain agintea. Bataiatutako semea ez da bere amaren buru (Ef 6:1, 2). Eta kongregazioan adindunek neurri bateko agintea bakarrik dute anai-arrebengan (1 Ts 5:12; Heb 13:17). Dagoeneko aita eta amaren etxean bizi ez den emakume ezkongabeak gurasoak eta adindunak errespetatzen jarraitzen du. Hala ere, kongregazioko gizonek bezala, buru bakarra du: Jesus.

Ezkongabeak, dagoeneko gurasoen etxean bizi ez direnak, Jesusen agintaritzapean daude (Ikusi 8. paragrafoa)

9. Zergatik estali behar dute batzuetan arrebek burua?

9 Egia da, hala ere, Jehobak gizonak izendatu dituela kongregazioan irakaskuntza eta adorazioan aurrea eramateko; emakumeei ez die aginte hori eman (1 Tm 2:12). Zergatik? Jesus gizonaren buru egin duen arrazoi berberarengatik: kongregazioa antolatuta mantentzeko. Arreba batek egoeraren batean anaia batek egin beharko lukeena egin behar badu, Jehobak burua estaltzeko eskatzen dio (1 Ko 11:4-7). * Jehobak ez die hau egiteko eskatzen umiliatzeko. Zertarako orduan? Berak ezarritako buruzagitzaren printzipioa errespetatzen dutela erakutsi ahal izateko. Hau dena kontuan hartuta, erantzun dezagun galdera hau: Zenbateko agintea dute familiaburuek eta adindunek?

FAMILIABURUEN ETA ADINDUNEN EGINKIZUNAK

10. Zergatik izan dezake adindun batek kongregazioan arauak jartzeko joera?

10 Adindunek Jesu Kristo maite dute, baita Jehobak eta Jesusek beraien zaintzapean utzi dituzten «ardiak» ere (Jn 21:15-17). Agian adindun batek, intentzio onarekin, kongregazioko anai-arreben aita bezalakoa dela pentsatu dezake. Familiaburu batek bere familia babesteko arauak jartzeko eskubidea duen bezala, adindun batek Jainkoaren ardiak babesteko gauza bera egin dezakeela arrazoitu dezake. Eta anai-arreba batzuek, adindunei beraien ordez erabakiak hartzeko eskatuz, hau egitera animatu ditzakete. Baina aginte berdina al dute kongregazioko adindunek eta familiaburuek?

Adindunek kongregazioaren behar espiritual eta emozionalez arduratu behar dute. Jehobak kongregazioak garbi mantentzeko erantzukizuna eman die (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak)

11. Zertan dira antzekoak familiaburuen eta adindunen eginkizunak?

11 Paulo apostoluak familiaburu eta adindunen eginkizunek antzekotasun batzuk dituztela adierazi zuen (1 Tm 3:4, 5). Adibidez, familiakideek familiaburuari obeditzea nahi du Jehobak (Kol 3:20). Era berean, kongregazioko anai-arrebek adindunak obeditzea ere nahi du. Jehobak bai familiaburuak, baita adindunak ere, beraien zaintzapean daudenen osasun espiritual eta emozionalaz arduratzea espero du. Eta, familiaburu onek bezala, adindunek beraien zaintzapean daudenak larrialdi garaian laguntza jasotzen dutela ziurtatu behar dute (St 2:15-17). Honetaz gain, adindunek eta familiaburuek besteei bere legeak obeditzen laguntzea nahi du Jehobak. Baina «idatzirik dagoena baino harantzago» ez joateko ohartarazten die (1 Ko 4:6).

Familiaburuei familian aurrea eramateko agintea eman die Jehobak. Erabakiak hartu baino lehen, familiaburu maitekorrak bere emaztearekin hitz egiten du (Ikusi 13. paragrafoa)

12, 13. ⁠Esaera Zaharrak 6:20⁠aren arabera, zer aginte du familiaburuak eta zertan dira desberdinak familiaburuen eta adindunen eginkizunak?

12 Hala ere, adindunen eta familiaburuen eginkizunen artean desberdintasun nabariak daude. Adibidez, Jehobak adindunei epaile bezala jokatzeko eskatzen die eta damutu ez diren bekatariei kongregaziotik kanporatzeko erantzukizuna eman die (1 Ko 5:11-13).

13 Bestalde, Jehobak familiaburuei adindunei eman ez dien agintea eman die. Adibidez, familian arauak jartzeko eta agindu hauek jarraitzen direla ziurtatzeko erantzukizuna eman die (Irakurri Esaera Zaharrak 6:20). Esaterako, familiaburuak bere seme-alabak etxera zer ordutan etorriko diren erabakitzeko eskubidea du. Eta obeditzen ez badute, seme-alabak zigortzeko agintea du (Ef 6:1). Noski, familiaburu maitekorrak familiarentzat arau bat erabaki baino lehen, bere emaztearekin hitz egiten du. Azken finean, biak «bat» dira (Mt 19:6). *

ERRESPETATU JESU KRISTO, KONGREGAZIOAREN BURUA

Jesusek, Jehobaren gidaritzapean, kristau kongregazioari gida ematen dio (Ikusi 14. paragrafoa)

14. a) Markos 10:45⁠aren arabera, zergatik da egokia Jehobak Jesus kongregazioaren buru izendatu izana? b) Zein da Zuzendari-batzordearen ardura? (Ikusi « Zuzendari-batzordearen ardura» taula)

14 Erreskatearen bidez, Jehobak kongregazioko anai-arreba bakoitzaren eta Jesusengan fedea jartzen duen edonoren bizia erosi du (Irakurri Markos 10:45; Eg 20:28; 1 Ko 15:21, 22). Beraz, Jesusek bere bizia erreskate gisa eman zuenez, egokia da Jehobak kongregazioaren buru izendatu izana. Horregatik, Jesusek jendeari, familiei eta kongregazio osoari arauak jartzeko agintea du, baita agindu hauek jarraitzen direla ziurtatzeko erantzukizuna ere (Ga 6:2). Baina Jesusek hori baino gehiago egiten du: gutako bakoitzari jaten eman eta zaindu egiten du (Ef 5:29).

15, 16. Zer ikasten duzu Marleyk eta Benjaminek esandakotik?

15 Nola erakusten dute arrebek Jesu Kristo errespetatzen dutela? Jesusek beraiek zaintzeko izendatu dituen gizonen gida jarraituz. Estatu Batuetan bizi den Marley arrebak beste arreba askoren ikuspuntua laburbiltzen du: «Emazte eta arreba gisa familian eta kongregazioan dudan lekua asko estimatzen dut. Hala ere, Jehobaren buruzagitzaren antolaketari buruzko jarrera egokia lantzen jarraitu behar dut denbora guztian. Baina, nire senarrak eta kongregazioko anaiek hau egitea erraztu egiten didate errespetatzen nautelako eta egiten dudan lana eskertzen dutela esaten didatelako».

16 Nola erakusten dute anaiek buruzagitzaren antolaketa ulertzen dutela? Arrebak errespetatuz eta ohoratuz. Ingalaterran bizi den Benjamin izeneko anaiak dio: «Asko ikasi dut arrebek bileretan egiten dituzten iruzkinetatik. Ikasteko eta predikatze-lanean emaitza onak lortzeko aholku lagungarriak ere eman dizkidate. Egiten duten lana oso baliotsua da».

17. Zergatik errespetatu behar genuke buruzagitzaren printzipioa?

17 Kongregazioko anai-arreba guztiok —gizon, emakume, familiaburu eta adindunek— buruzagitzaren printzipioa ulertzean eta errespetatzean, kongregazioan bakea dago. Eta, are gehiago, gure zeruko Aita maitekorra, Jehoba, goratzen dugu (Sal 150:6).

sjj 123. KANTA Leialki obeditu Jainkoaren antolaketa

^ § 5 Zer eginkizun dute arrebek kongregazioan? Anaia bakoitza al da beraien buru? Aginte mota berdina al dute adindunek eta familiaburuek? Artikulu honetan Jainkoaren Hitzean dauden ereduen bidez erantzungo ditugu galdera hauek.

^ § 5 Ikusi aldizkari honen 2020⁠ko iraileko alearen «Eman zure laguntza kongregazioko arrebei» artikuluko 6. paragrafoa.

^ § 13 Familia zer kongregaziotan egongo den nork erabaki behar duen aztertzeko, jo aldizkari onen 2020⁠ko abuztuaren aleko «Errespetatu dezagun Jehobaren kongregazioan besteek duten lekua» artikuluko 17-19 paragrafoetara.

^ § 59 Gai honi buruz xehetasun gehiago jakiteko, ikusi Manténganse en el amor de Diosedo Gardez-vous dans l’amour de Dieu liburuko 209-212 orrialdeak.

^ § 64 Zuzendari-batzordearen ardura sakonago aztertzeko, ikusi aldizkari honen 2013⁠ko uztailaren 15⁠eko alearen 20-25 orrialdeak.