Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

6. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Emakumearen buru gizona da

Emakumearen buru gizona da

«Emakumearen buru gizona [da]» (1 KO 11:3).

sn 5. KANTA Jesu Kristo, gure eredua

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Norekin ezkonduko den erabakitzerakoan, zer galdetu behar dio arreba batek bere buruari?

KRISTAU guztiok Jesu Kristoren buruzagitza perfektuaren menpe gaude. Hala ere, kristaua den emakumea ezkontzen denean, gizon inperfektu baten buruzagitzaren menpean jartzen da. Hau ez da beti erraza. Beraz, arreba batek anaia batekin ezkontzeko asmoa badauka, honakoa galdetu beharko lioke bere buruari: «Zerk erakusten dit anaia hori familiaburu ona izango dela? Bere bizitzan Jehoba zerbitzatzeak al du lehentasuna? Hala ez bada, zergatik pentsatzen dut ezkondu ondoren arlo espiritualean familiaburu ona izango dela?». Noski, arrebak bere buruari buruz ere honakoa pentsatu beharko luke: «Gure ezkon-bizitzari lagunduko dioten zer ezaugarri ditut nik? Pazientzia al dut? Eskuzabala al naiz? Jehobarekin adiskidetasun estua al dut?» (Koh 4:9, 12). Emazte batek ezkon-bizitzan izan dezakeen zoriontasuna, neurri batean, ezkondu baino lehen hartzen dituen erabakien baitan dago.

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Milioika arrebak euren senarren esaneko izatearen eredu paregabea ezartzen dute. Hori dela eta, zoriontzea merezi dute! Oso pozik gaude horrelako emakume leialekin batera Jehoba zerbitzatzeaz! Artikulu honetan hiru galdera hauek aztertuko ditugu: 1) Zer erronkei egin behar diete aurre emazteek? 2) Zergatik aukeratzen du emazteak bere senarraren agintea onartzea? 3) Jesus, Abigail eta Joseren emaztea eta Jesusen ama izan zen Mariaren ereduak aztertuz, zer ikasi dezakete senar-emazteek obeditzeari eta agintea errespetatzeari buruz?

ZER ERRONKEI EGIN BEHAR DIETE AURRE KRISTAU EMAZTEEK?

3. Zergatik ez dago ezkon-bizitza perfekturik?

3 Ezkon-bizitza Jainkoaren opari perfektua da, baina pertsona inperfektuz osatuta dago (1 Jn 1:8). Ondorioz, Jainkoaren Hitzak honakoa esaten du: «Ezkontzen direnek arazo handiagoak izango dituzte» (1 Ko 7:28). Ikus ditzagun emazteek izan ditzaketen erronka batzuk.

4. Zergatik sentitu dezake emazte batek bere senarraren esaneko izateak umiliatu egiten duela?

4 Batzuetan, emazteak jaso duen hezkuntzagatik, senarraren esaneko izateak umiliatu egiten duela sentitu dezake. Estatu Batuetan bizi den Marisolek dio: «Ni hazi nintzen tokian, gizonak eta emakumeak berdinak izan behar dutela esaten zieten emakumeei behin eta berriz. Badakit Jehobak familian buruzagitza ezarri duela eta emazteei eginkizun apal baina, era berean, errespetagarria eman diela. Hala ere, zaila da nire senarraren agintea beti errespetatzea, munduak ez dudala egin behar esaten baitit».

5. Zer ideia oker dituzte gizon batzuek emakumeei buruz?

5 Bestalde, emakumeak bigarren mailakoak direla pentsatzen duen gizonarekin ezkonduta egotea zaila izan daiteke. Hego Amerikan bizi den Ivon izeneko arrebak dio: «Hemen, lehenengo, gizonek jaten dute eta, gero, emakumeek. Neskatxek kozinatu eta garbitu egin behar dute. Baina mutikoei “etxeko erregeak” direla esaten diete; ama eta arrebek beraiek zerbitzatu behar dituzte». Asian bizi den Yingling izeneko arrebak beste hau dio: «Nire hizkuntzako esamolde baten arabera, emakumeek ez dute azkarrak edo trebeak izan beharrik. Beraien eginkizuna etxeko lanak egitea da eta ez dute beraien iritzia senarrei esateko baimenik». Maitasuna erakusten ez duen eta Bibliak dioena egiten ez duen senarrak emaztearen bizitza zailtzen du. Gainera, ez du Jesus imitatzen eta Jehoba mintzen du (Ef 5:28, 29; 1 P 3:7).

6. Zer egin behar dute emazteek Jehobarekin duten adiskidetasuna estutzeko?

6 Aurreko artikuluan aipatu bezala, Jehobak senar kristauek familiaren behar espiritual, emozional eta fisikoak betetzea espero du (1 Tm 5:8). Hala ere, ezkonduta dauden arrebek egunero Jainkoaren Hitza irakurtzeko, hausnartzeko eta Jehobari bihotzez otoitz egiteko denbora hartu behar dute. Hau erronka handia izan daiteke. Izan ere, emazteak oso lanpetuta daude eta gauza hauek egiteko denbora edo indarrik ez dutela sentitu dezakete. Baina behar-beharrezkoa da horretarako denbora hartzea. Zergatik? Jehobak gutako bakoitzak berarekin adiskidetasun estua edukitzea eta mantentzea nahi duelako (Eg 17:27).

7. Zerk lagunduko dio emazteari bere eginkizuna betetzen?

7 Noski, senarra inperfektua denez, agian emazteak gogor saiatu beharko du bera errespetatu eta obeditzeko. Baina Bibliak ematen dituen arrazoiak ulertu eta onartzen baditu, emaztearentzat errazagoa izango da Jehobak eman dion eginkizuna betetzea.

SENARRAREN AGINTEA ONARTZEKO ERABAKIAREN ARRAZOIAK

8. ⁠Efesoarrei 5:22-24⁠ pasartearen arabera, zergatik aukeratzen du emazte kristauak bere senarraren menpe egotea?

8 Kristau emazteak Jehobak eskatzen diolako erabakitzen du senarraren menpe egotea edo bere agintea onartzea (Irakurri Efesoarrei 5:22-24). Jehobak maite duela eta eskatzen dion guztia beti bere onerako dela dakienez, bere zeruko Aitarengan konfiantza osoa du (Dt 6:24; 1 Jn 5:3).

9. Zer gertatzen da arreba batek bere senarraren agintea errespetatzen duenean?

9 Munduak Jehobaren arauak baztertzera bultzatzen ditu emakumeak. Senarraren agintea onartzeak umiliatu egiten dituela esaten du. Noski, horrelako ideiak sustatzen dituztenek ez dute gure Jainko maitekorra ezagutzen. Jehobak ez die inoiz bere alaba kuttunei umiliatuko dituen agindurik ematen. Jehobak eman dion eginkizuna betetzen gogor saiatzen den arrebak bere etxean bakea egoten laguntzen du (Sal 119:165). Eta hau senarraren, emaztea beraren eta seme-alaben onerako da.

10. Zer ikasi dezakegu Carolek esandakotik?

10 Inperfektua den senarra obeditu eta errespetatzen duen emazteak Jehoba maitatu eta errespetatzen duela erakusten du, bera baita buruzagitza ezarri zuena. Hego Amerikan bizi den Carolek dio: «Badakit nire senarrak akatsak egingo dituela. Baina, aldi berean, badakit ere akats horiei erantzuten diedan moduak Jehobarekin dudan adiskidetasuna zenbat estimatzen dudan erakusten duela. Nire zeruko Aita poztu nahi dudalako saiatzen naiz nire senarra obeditzen eta errespetatzen».

11. Zerk laguntzen dio Aneese-ri barkatzen eta zer ikasten dugu bere hitzetatik?

11 Emazteak ez badu senarrak bere sentimenduak eta kezkak kontuan hartzen dituela sentitzen, zaila izango zaio senarra errespetatu eta obeditzea. Baina, ikus dezagun Aneese izeneko arrebak zer egiten duen hau gertatzean: «Ez haserretzen saiatzen naiz. Denok hanka sartzen dugula gogoratzen dut. Nire helburua Jehoba bezala beti bihotzez barkatzeko prest egotea da. Eta barkatzen dudanean, barneko bakea berreskuratzen dut» (Sal 86:5). Barkatzen duen emazteari seguruenik errazagoa egingo zaio senarra obeditu eta errespetatzea.

IKASI BIBLIA-EREDUETATIK

12. Zer-nolako ereduak aurkitzen ditugu Biblian?

12 Agintea obeditu eta errespetatzen duten pertsonak ahulak direla pentsatzen dute batzuek. Baina hori gezurra da. Izaera sendoa izanda, aginteari obedientzia eta errespetua adierazi zioten pertsonen ereduak daude Biblian. Ikus dezagun zer ikasi dezakegun Jesus, Abigail eta Mariaren ereduetatik.

13. Zergatik onartzen du Jesusek Jehobaren agintea? Azaldu.

13 Jesusek Jehobaren agintea onartzen du, baina ez adimen edo trebetasun falta duelako. Irakasteko zuen modu sinple eta argiak pertsona oso azkarra dela erakusten du (Jn 7:45, 46). Jehobak Jesus oso trebea zela bazekienez, unibertsoa sortu zuenean, berarekin lan egiten utzi zion (Es 8:30; Heb 1:2-4). Eta Jesus berpiztu ondoren, Jehobak zeru-lurretan «ahalmen osoa» eman dio (Mt 28:18). Baina, nahiz eta talentu handikoa izan, Jesusek oraindik ere Jehobarengana gida bila jotzen du. Zergatik? Bere Aita maite duelako (Jn 14:31).

14. Zer ikasi dezakete senarrek a) Jehobarengandik? b) Esaera Zaharrak 31. kapitulutik?

14 Senarrek ikasi dezaketena. Jehobak ez du emaztea senarraren agintepean jarri berarentzat emakumeak gizonak baino gutxiago direlako. Argi eta garbi utzi zuen hau Jesusekin batera aginduko dutenak, bai gizonak, baita emakumeak ere, aukeratzean (Ga 3:26-29). Jehobak bere Semearengan konfiantza duela erakutsi du agintea emanez. Era berean, zuhurra den senarrak neurri bateko agintea ematen dio bere emazteari. Bibliak emazte trebearen eginkizun batzuk aipatzen ditu, adibidez, etxean egin behar diren lanak gainbegiratu, lurrak salerosi eta negozioetan aritu (Irakurri Esaera Zaharrak 31:15, 16, 18). Ez da iritzirik eman ezin dezakeen esklaboa. Horren ordez, senarrak berarengan konfiantza du eta bere ideiak arretaz entzuten ditu (Irakurri Esaera Zaharrak 31:11, 26, 27). Senarrak emaztearekin honelako errespetuarekin jokatzen badu, emazteak pozik onartuko du bere agintea.

Zer ikasi dezakete emazte trebeek Jesusek Jehobaren aginteari dion errespetutik? (Ikusi 15. paragrafoa)

15. Zer ikasi dezakete emazteek Jesusen eredutik?

15 Emazteek ikasi dezaketena. Jesusek gauza handiak egin arren, Jehobaren agintearen menpe egotea ez dela umiliagarria sentitzen du (1 Ko 15:28; Flp 2:5, 6). Era berean, Jesusen eredua jarraitzen duen emakume trebea ez da umiliatuta sentitzen senarraren agintea errespetatu behar duelako. Senarraren alde egiten du maite duelako baina, batez ere, Jehoba maite eta errespetatzen duelako.

Dabid eta bere gizonei janaria bidali ondoren, Abigail Dabidengana hurbiltzen da. Bere aurrean makurtuz, mendekua ez hartzeko eta akats larria ez egiteko erregutzen dio (Ikusi 16. paragrafoa)

16. ⁠1 Samuel 25:3, 23-28⁠ bertseten arabera, zer erronkari egin zion aurre Abigailek? (Ikusi azaleko irudia)

16 Abigail Nabalekin ezkonduta zegoen. Berekoi, harroputz eta esker txarreko gizona zen. Abigailek bere ezkon-harremana amaitu nahi izan balu, isilik geratu eta Dabid eta bere gizonek Nabal hil zezaten utziko zukeen. Baina ez zuen horrelakorik egin. Horren ordez, ahal zuen guztia egin zuen senarra eta bere etxekoak babesteko. Imajinatu Abigailek 400 gizon armatu eta Dabidengana joan eta errespetuz arrazoitzeko zer-nolako ausardia behar izan zuen! Senarraren erruak bere gain hartzeko prest ere egon zen (Irakurri 1 Samuel 25:3, 23-28). Dabidek segituan onartu zuen Jehobak emakume ausart hura erabili zuela berari aholku emateko eta, horrela, izugarrizko okerra ez egiteko.

17. Zer ikasi dezakete senarrek Dabid eta Abigailen pasartetik?

17 Senarrek ikasi dezaketena. Abigail emakume zentzuduna zen. Dabidek, zuhurtzia erakutsiz, bere aholkua entzun zuen. Ondorioz, ez zuen errugaberik hil. Era berean, senar zuhurrak arretaz hartu behar ditu kontuan emaztearen iritziak erabaki garrantzitsuak hartu baino lehen. Agian bere ikuspuntuak erabaki txar bat ez hartzen lagunduko dio.

18. Zer ikasi dezakete emazteek Abigailengandik?

18 Emazteek ikasi dezaketena. Jehoba maitatu eta errespetatzen duen emazteak eragin ona izan dezake familiarengan, nahiz eta senarrak Jehoba ez zerbitzatu edo, egiten badu, espiritualki ahul egon. Ez ditu Biblian ez dauden arrazoiak bilatzen ezkon-bizitza amaitzeko. Horren ordez, errespetua eta obedientzia erakutsiz, senarrari Jehoba ezagutzeko gogoa pizten saiatuko da (1 P 3:1, 2). Baina, nahiz eta senarrak Jainkoa zerbitzatzea ez erabaki, Jehoba pozik egongo da emaztearekin. Zergatik? Senarrari obedientzia eta errespetua erakusteaz gain, Jehoba berari leial izan zaiolako.

19. Zer kasutan ez du emazteak senarra obedituko?

19 Eta zer egingo du senarra obeditu eta errespetatzen duen emazte kristauak honek Bibliarekin bat ez datorren zerbait egiteko eskatzen badio? Demagun gezurra esateko, lapurtzeko edo Jehobak atsegin ez duen zerbait egiteko eskatzen diola. Honelako kasuetan ez du senarrak eskatutakoa egingo. Kristau guztiok, ezkondutako arrebak barne, lehenengo Jehobari leial izan behar dugu. Beraz, senarrak arreba bati biblia-printzipioak hausteko eskatzen badio, ezetz esango dio. Goxo eta argi azalduko dizkio ez egitearen arrazoiak (Eg 5:29).

Ikusi 20. paragrafoa *

20. Nola dakigu Mariak Jehobarekin adiskidetasun estua zuela?

20 Mariak Jehobarekin adiskidetasun estua zuen. Nabaria da ongi ezagutzen zituela Idazkiak. Joan Bataiatzailearen amarekin, Elisabetekin, hizketan ari zen batean, Mariak 20 aldiz baino gehiago aipatu zituen Hebrear Idazkiak (Lk 1:46-55). Gainera, pentsatu honetan. Nahiz eta Maria Joserekin ezkontzeko hitz emana egon, Jehobaren aingerua ez zitzaion lehenengo Joseri agertu; lehenengo Mariarekin hitz egin zuen eta Jainkoaren Semea izango zuenaren berri eman zion (Lk 1:26-33). Jehobak ondo ezagutzen zuen Maria eta ziur zegoen bere Semea maitatu eta zainduko zuela. Dudarik gabe, Jesus hil eta zerura igo ondoren ere, Mariak Jehobarekin adiskidetasun estua izaten jarraitu zuen (Eg 1:14).

21. Zer ikasi dezakete senarrek Mariarengandik?

21 Senarrek ikasi dezaketena. Senar zentzuduna zoriontsua da emazteak Biblia ondo ezagutzen duenean. Ez du emazteak mehatxatzen duela sentitzen. Badaki emazteak Biblia eta honen printzipioak ondo ezagutzea familiaren onerako dela. Noski, nahiz eta emazteak senarrak baino hezkuntza hobea izan, senarraren ardura da familiari Jehoba adoratzen laguntzea, adibidez, familia-gurtza antolatuz (Ef 6:4NW ).

Zer ikasi dezakete emazteek ikasteari eta hausnartzeari buruz Mariaren eredutik? (Ikusi 22. paragrafoa) *

22. Zer ikasi dezakete emazteek Mariarengandik?

22 Emazteek ikasi dezaketena. Emazteak senarrak adorazioan aurrea hartu behar duela onartu behar du. Baina, hala ere, norbera da bere osasun espiritualaren erantzule (Ga 6:5). Horregatik, emazteak denbora hartu behar du ikasketa pertsonala egiteko eta hausnartzeko. Honek Jehobari dion maitasuna eta errespetua mantentzen lagunduko dio, baita bere senarra obeditzean eta errespetatzean zoriontsu izaten ere.

23. Nola laguntzen dio senarraren agintea errespetatzen duen emazteak bere buruari, familiari eta kongregazioari?

23 Emakumeek, Jehobari dioten maitasunak bultzatuta, euren senarraren agintea errespetatzen dutenean, zer lortzen dute? Alde batetik, Jehobaren buruzagitzaren antolaketa baztertzen dutenek baino zoriontasun handiagoa. Bestetik, gizon-emakume gazteentzako eredu ona ezartzen dute. Eta gainera, bai familian, bai kongregazioan giro goxo eta baketsua izaten laguntzen dute (Tt 2:3-5). Gaur egun Jehobaren zerbitzari leialen gehiengoa emakumeak dira (Sal 68:11NW ). Halere, denok, bai gizonek, baita emakumeek ere, kongregazioan eginkizun garrantzitsua dugu. Hurrengo artikuluan bakoitzak dugun eginkizun hori nola bete dezakegun ikusiko dugu.

sn 36. KANTA Jehobak lotu duena

^ § 5 Emazteek euren senarren agintea obeditu eta errespetatu behar dutela erabaki du Jehobak. Baina, zer esan nahi du honek? Jesusen eta Bibliako hainbat emakumeren ereduetatik, ezkondutako kristauek asko ikasi dezakete obeditzeari eta agintea errespetatzeari buruz.

^ § 68 IRUDIAREN AZALPENA: Joan Bataiatzailearen amarekin, Elisabetekin, hizketan ari zela, Maria Hebrear Idazkietako pasarteak buruz aipatzeko gai izan zen.

^ § 70 IRUDIAREN AZALPENA: Kristaua den emazteak Biblia aztertzeko denbora hartzen du bere osasun espirituala mantentzeko.