Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

5. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Gizon guztien buru Jesu Kristo da

Gizon guztien buru Jesu Kristo da

«Gizon ororen buru Kristo [da]» (1 KO 11:3).

sn 2. KANTA Milesker, Jehoba

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zerk izan dezake eragina gizonengan familiarekin tratatzeko moduan?

ZER etortzen zaizu burura «familiaburu» hitza entzuten duzunean? Gizon batzuengan eragin handia du ohiturak, kulturak eta familiaren jatorriak. Gauza hauei emazte eta haurrak tratatzeko moduan ere eragina izaten uzten diete. Ikus dezagun zer dioen, Yanitak, Europan bizi den arrebak: «Bizi naizen tokian sakonki errotuta dago emakumea gizonezkoa baino gutxiago dela eta besteen neskame dela». Estatu Batuetan bizi den Luke izeneko anaiak honakoa dio: «Aita batzuek emakumeek esaten dutena ez dela inportantea erakusten diete beraien semeei, emakumeen iritziak ez direla kontuan hartu beharrekoak». Baina Jehobak ez du gizonak familiarekin horrela jokatzerik nahi (Konparatu Markos 7:13). Hortaz, nola ikasi dezake gizonak familiaburu ona izaten?

2. Zer jakin behar du familiaburuak eta zergatik?

2 Familiaburu ona izateko, gizonak lehendabizi Jehobak berarengandik zer espero duen ulertu behar du. Jainkoak buruzagitza zergatik ezarri zuen ere jakin behar du. Eta batez ere, Jehoba eta Jesusek ipinitako eredua nola imitatu dezakeen ikasi behar du. Zergatik da garrantzitsua gizonak hau guztia jakitea? Jehobak familiaburuek aginte neurri bat eman dielako eta hau ondo erabiltzea espero duelako (Lk 12:48b).

ZER DA BURUZAGITZA?

3. Zer ikasten dugu buruzagitzari buruz 1 Korintoarrei 11:3⁠an?

3 Irakurri 1 Korintoarrei 11:3Bertset honek Jehobak zeruan eta lurrean duen familia nola antolatu duen deskribatzen du. Buruzagitzak bi alderdi nagusi ditu: agintea eta erantzukizuna. Jehoba da burua; berak du aginte osoa. Beraz, bere familia osoak, bai aingeruek, baita gizakiek ere, berari kontuak eman behar dizkiote (Erm 14:10; Ef 3:14, 15). Adibidez, Jehobak Jesusi kongregazioaren gain agintea eman dio, baina gurekin jokatzen duen moduagatik Jehobari kontuak eman behar dizkio (1 Ko 15:27). Jehobak senarrari ere bere emazte eta haurren gain agintea eman dio, baina familiarekin jokatzen duen moduarengatik Jehoba eta Jesusi kontuak eman behar dizkie (1 P 3:7).

4. Zer aginte dute Jehobak eta Jesusek?

4 Jehoba bere familiaren buru denez, seme-alabei jokaerari buruzko arauak jartzeko agintea du, baita hauek betetzen direla ziurtatzeko eskubidea ere (Is 33:22-23). Kristau kongregazioaren buru denez, Jesusek arauak jartzeko eta hauek betetzen direla ziurtatzeko eskubidea ere du (Ga 6:2; Kol 1:18-20).

5. Zer aginte eta mugak ditu kristau familiaburuak?

5 Jehoba eta Jesusen eredua jarraituz, kristau familiaburuak familian erabakiak hartzeko agintea du (Erm 7:2; Ef 6:4NW ). Hala ere, bere aginteak mugak ditu. Adibidez, bere arauek biblia-printzipioetan oinarrituta egon behar dute (Es 3:5, 6). Gainera, familiaburuak ezin ditu bere familiaren parte ez direnentzako arauak jarri (Erm 14:4). Eta bere seme-alabak hazi eta etxetik joaten direnean, nahiz eta aita errespetatu, jadanik ez daude bere buruzagitzapean (Mt 19:5).

ZERGATIK EZARRI ZUEN JEHOBAK BURUZAGITZA?

6. Zergatik ezarri zuen Jehobak buruzagitza?

6 Jehobak bere familia maite duelako ezarri zuen buruzagitza. Bere oparia da. Buruzagitzari esker, Jehobaren familia baketsua da eta ondo antolatuta dago (1 Ko 14:33, 40). Agintea nork duen argi ez balego, Jehobaren familian ez litzateke egongo ez ordenarik, ezta zoriontasunik ere. Adibidez, inork ez luke jakingo nork hartu beharko lukeen azken erabakia, ezta nork eraman beharko lukeen aurrera ere.

7. ⁠Efesoarrei 5:25, 28⁠aren arabera, Jehobaren helburua al zen gizonek emakumeak menperatzea?

7 Buruzagitzaren antolaketa hain ona bada, zergatik sentitzen dute hainbeste emakumek beraien senarrek zapaldu eta menderatzen dituztela? Gizon askok Jehobak familiari buruz dituen arauak jarraitu beharrean, ohiturak eta usadioak jarraitzen dituztelako. Agian, beraiek ondo sentitzeko, emaztearekin krudelak dira. Adibidez, senarrak emaztea menpean izan dezake bere buruari garrantzia emateko edo besteen aurrean «benetako gizona» dela erakusteko. Emaztea bera maitatzera ezin duenez behartu, beharbada bere beldur izatea lortu dezakeela pentsatu lezake. Batzuek beldur hori emaztea menpean izateko erabiltzen dute. * Dudarik gabe, honelako pentsaera eta jarrerek emakumeei merezi duten ohore eta errespetua kentzen diete. Hau Jehobak nahi duenaren guztiz kontrakoa da (Irakurri Efesoarrei 5:25, 28).

NOLA IKASI DEZAKE GIZONAK FAMILIABURU ONA IZATEN?

8. Nola ikasi dezake gizonak familiaburu ona izaten?

8 Jehoba eta Jesusen agintea erabiltzeko modua imitatuz ikasi dezake gizonak familiaburu ona izaten. Azter ditzagun Jehoba eta Jesusen bi ezaugarri eta ikus dezagun familiaburuak nola erakutsi ditzakeen bere emazte eta seme-alabekin.

9. Nola erakusten du Jehobak apaltasuna?

9 Apaltasuna. Jehoba inor baino jakintsuagoa da; hala ere, bere zerbitzarien iritziak entzuten ditu (Has 18:23, 24, 32). Bere agintepean daudenei proposamenak egiteko aukera ematen die (1 Erg 22:19-22). Nahiz eta Jehoba perfektua izan, ez du gu orain perfektuak izatea espero. Horren ordez, bera zerbitzatzen duten gizaki inperfektuei arrakasta eta poza izaten laguntzen die (Sal 113:6, 7). Izan ere, Bibliak Jainkoari «laguntzaile» deitzen dio (Heb 13:6, BS; Sal 27:9). Dabid erregeak bazekien egin zuen guztia Jehobaren apaltasunari eta laguntzari esker lortu zuela (2 S 22:36NW ).

10. Nola erakutsi zuen Jesusek apaltasuna?

10 Aztertu dezagun Jesusen eredua. Nahiz eta bere ikasleen Jaun eta Maisua izan, oinak garbitu zizkien. Zergatik utzi zuen Jehobak pasarte hau Biblian idatzita? Zalantzarik gabe familiaburuei, beste batzuen artean, eredua jartzeko. Jesusek berak esan zuen: «Ikasbide eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen» (Jn 13:12-17). Nahiz eta aginte handia izan, Jesusek ez zuen espero zerbitzatua izatea. Horren ordez, besteak zerbitzatu zituen (Mt 20:28).

Familiaburuak apaltasuna eta maitasuna erakutsi dezake etxeko lanak egitean eta familiaren behar espiritualak betetzean (Ikusi 11 eta 13 paragrafoak)

11. Zer ikasi dezake familiaburuak Jehobak eta Jesusek ezarritako apaltasun eredutik?

11 Zer ikasten dugu? Familiaburuak apaltasuna modu askotan erakutsi dezake. Adibidez, ez du bere emaztea eta haurrak perfektuak izaterik espero. Gainera, familiakideen iritziak entzuten ditu bere iritziekin bat etortzen ez direnean ere. Estatu Batuetan bizi den Marleyk dio: «Senarrak eta biok batzuetan iritzi desberdinak ditugu. Baina estimatu eta errespetatu egiten nauela sentitzen dut, erabaki bat hartu aurretik nire iritzia eskatu eta arretaz kontuan hartzen duelako». Honetaz gain, apala den senarra etxeko lanak pozik egiteko prest dago, nahiz eta bere ingurukoek emakumeen kontua dela esan. Hau erronka handia izan daiteke. Zergatik? Rachel izeneko arreba batek honakoa dio: «Nire jaioterrian senar batek emazteari platerak edo etxea garbitzen laguntzen badio, bere bizilagun eta senideek “benetako gizona” den zalantzan jarriko dute. Ezin duela emaztea kontrolpean eduki pentsatuko dute». Horrela pentsatzen al du jendeak bizi zaren tokian? Hala bada, gogora ezazu Jesusek bere ikasleen oinak garbitu zituela, nahiz eta garai hartako jendeak esklaboen lana zela uste izan. Familiaburu onaren kezka nagusia ez da besteek berari buruz zein iritzi duten, baizik eta bere emazte eta seme-alabak zoriontsu izatea. Apaltasunaz gain, zer beste ezaugarri da behar-beharrezkoa familiaburu onarentzat?

12. Zer egiten dute Jehobak eta Jesusek maitasunak bultzatuta?

12 Maitasuna. Jehobak gauza guztiak maitasunak bultzatuta egiten ditu (1 Jn 4:7, 8). Maitasunez, gure behar espiritualak asetzen ditu bere Hitzaren eta bere erakundearen bidez. Maite gaituela ziurtatuz, gure behar emozionalak ere betetzen ditu. Eta behar fisikoak? Jehobak «gauza guztiak geure gozamenerako oparo ematen dizkigu» (1 Tm 6:17). Akatsak egiten ditugunean, zuzendu egiten gaitu, baina ez dio gu maitatzeari uzten. Digun maitasunagatik, Jehobak erreskatea eman zuen gure alde. Eta Jesusek hainbeste maite gaitu, non bere bizia gugatik eman zuen (Jn 3:16; 15:13). Ezerk ezingo du hautsi Jehobak eta Jesusek leialak direnekin duten maitasun lotura (Jn 13:1; Erm 8:35, 38, 39).

13. Zergatik da garrantzitsua familiaburuak familiari maitasuna erakustea? (Ikusi « Nola irabazi dezake senar ezkonberriak bere emaztearen errespetua?» taula ere)

13 Zer ikasten dugu? Familiaburuak egiten duen guztia maitasunak bultzatu behar du. Zergatik da hau hain garrantzitsua? Joan apostoluak erantzuten du: «Ikusten duen senidea maite ez duenak ezin du maite ikusten ez duen Jainkoa» (1 Jn 4:11, 20). Bere familia maite eta Jehoba eta Jesus imitatu nahi dituen gizonak familiaren behar espiritual, emozional eta fisikoak ase behar ditu (1 Tm 5:8). Seme-alabak hezi eta zuzendu behar ditu. Eta Jehoba ohoratzen duten eta familiaren onerako diren erabakiak hartzen ere ikasi behar du. Azter ditzagun banan-banan betekizun hauek eta ikus dezagun familiaburuak nola imitatu ditzakeen Jehoba eta Jesus.

FAMILIABURUAREN BETEKIZUNAK

14. Nola betetzen ditu familiaburuak familiaren behar espiritualak?

14 Familiaren behar espiritualak bete. Bere Aita imitatuz, Jesusek bere jarraitzaileei espiritualki ongi elikatuta egoten lagundu zien (Mt 5:3, 6; Mk 6:34). Era berean, familiaburuaren lehentasuna familiaren behar espiritualak betetzea da (Dt 6:6-9). Nola lortu dezake? Berak eta familiak honelako gauzak egiten dituztela ziurtatuz: Biblia irakurri eta aztertu, bileretan egon, berri onak zabaldu eta Jehobarekin adiskidetasuna lortu eta estutu.

15. Nola betetzen ditu familiaburuak familiaren behar emozionalak?

15 Familiaren behar emozionalak bete. Jehobak maite zuela esan zion Jesusi besteen aurrean (Mt 3:17). Jesusek askotan erakutsi zuen bere jarraitzaileak maite zituela esan eta egin zuenarekin. Beraiek ere maite zutela esan zioten Jesusi (Jn 15:9, 12, 13; 21:16). Familiaburuak egiten duenarekin erakutsi dezake bere emazte eta seme-alabak maite dituela, adibidez, beraiekin Biblia aztertuz. Honetaz gain, maite dituela eta berarentzat baliotsuak direla esan behar die eta, egokia denean, besteen aurrean zoriondu (Es 31:28, 29).

Jehoba pozteko, familiaburuak bere familiaren behar fisikoak bete behar ditu (Ikusi 16. paragrafoa)

16. Zer gehiago egin behar du familiaburuak eta nola izan daiteke orekatsu?

16 Familiaren behar fisikoak bete. Jehobak israeldarren oinarrizko beharrak ase zituen, nahiz eta hauek desobeditzeagatik zigortuta egon (Dt 2:7; 29:4 [29:5, NW ]). Gaur egun ere, beharrezkoak diren gauzak ematen dizkigu (Mt 6:31-33; 7:11). Era berean, Jesusek bere jarraitzaileei zer jan eman zien (Mt 14:17-20). Gaixo asko ere sendatu zituen (Mt 4:24). Jehoba pozteko, familiaburuak bere familiaren behar fisikoak bete behar ditu. Hala ere, orekatsua izan behar du. Ez luke lanean behar baino denbora gehiago eman behar, agian ezingo lukeelako familia espiritualki eta emozionalki behar bezala zaindu.

17. Nola gidatzen eta zuzentzen gaituzte Jehoba eta Jesusek?

17 Familia maitasunez gidatu eta zuzendu. Lagundu nahi digulako, Jehobak gidatu eta zuzendu egiten gaitu (Heb 12:7-9). Bere Aitak bezala, Jesusek bere agintepean daudenak maitasunez gidatzen ditu (Jn 15:14, 15). Aholkuak argi ematen ditu baina, era berean, goxotasunez (Mt 20:24-28). Inperfektuak garela eta akatsak egiteko joera dugula ulertzen du (Mt 26:41).

18. Zer gogoratu behar du familiaburu onak?

18 Jehoba eta Jesus imitatzen duen familiaburuak, emaztea eta seme-alabak perfektuak ez direla gogoratzen du. Ez du emazte edo seme-alabekin «zakar» jokatzen edota ez da haserre bizian jartzen (Kol 3:19). Horren ordez, Galaziarrei 6:1⁠eko printzipioa jarraitzen du eta zuzenketa «gozotasunez» ematen du, bera ere inperfektua dela gogoratuz. Jesusek egin zuen bezala, irakasteko modurik onena eredu ona jartzea dela konturatzen da (1 P 2:21).

19, 20. Erabakiak hartzerakoan, nola imitatu ditzake familiaburuak Jehoba eta Jesus?

19 Berekoiak ez diren erabakiak hartu. Jehobak erabakiak besteen onerako hartzen ditu. Adibidez, ez zuen bizia bere onerako sortu, baizik eta guk ere bizi-poza izan dezagun. Ez zuen inork behartu bere Semea gure bekatuen alde ematera; lagundu nahi gintuelako egin zuen (Erm 15:3). Jesusek ere besteei lagundu ahal izateko hartu zituen erabakiak. Adibidez, oso nekatuta zegoenean, atsedena hartu beharrean, jendetza bati irakasten hasi zen (Mk 6:31-34).

20 Familiaburuak badaki familiarentzat erabaki onak hartzea egin behar duen gauza zailenetariko bat dela. Horregatik, erantzukizun hau seriotasunez hartzen du. Arrazoitu gabeko edo momentuko emozioan oinarritutako erabakiak ez hartzen saiatzen da. Horren ordez, Jehobaren gida onartzen du erabaki onak hartzeko (Es 2:6, 7). * Horrela besteen onari begiratuko dio, ez bereari bakarrik (Flp 2:4).

21. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

21 Jehobak erronkaz beteriko eginkizuna eman die familiaburuei eta eginkizun hau ahal duten hobekien betetzea espero du. Senarra Jehoba eta Jesusen eredua imitatzen saiatzen bada, familiaburu ona izango da. Eta emazteak ere bere eginkizuna ondo betetzen badu, bikote zoriontsua izango dira. Zer ikuspuntu izan beharko luke emazteak buruzagitzari buruz? Eta zer zailtasunei egin behar die aurre? Hurrengo artikuluak galdera hauek erantzungo ditu.

sjj 16. KANTA Goretsi Jehoba bere Seme gantzutuagatik

^ § 5 Gizona ezkontzen denean familia berri baten buru bihurtzen da. Artikulu honetan galdera hauek aztertuko ditugu: Zer da buruzagitza? Zergatik ezarri zuen Jehobak? Eta zer ikasi dezakete gizonek Jehoba eta Jesusen eredutik? Bigarren artikuluan, senar-emazteek Jesusengandik eta Bibliako beste eredu batzuengandik ikasi dezaketena aztertuko dugu. Sail honen azken artikuluan, kongregazioan anaiek buruzagitza nola erabili behar duten ikusiko da.

^ § 7 Batzuetan film eta jokoetan, baita komikietan ere, gizonak emazteari tratu txarrak ematea, hauen artean abusu fisikoak, onargarria dela erakutsi izan da. Ondorioz, jendeak senarra emaztea menpean izatea ez dagoela gaizki pentsatu lezake.

^ § 20 Erabaki onak hartzeari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, ikusi aldizkari honen 2011⁠ko apirilak 15⁠eko «Tomemos decisiones que honren a Dios» edo «Prenons des décisions qui honorent Dieu» artikulua.