Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

8. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Mantendu poza probaldian

Mantendu poza probaldian

«Senideok, egon zaitezte pozik edozein eratako tentaldik erasotzen dizuenean» (ST 1:2).

sjj 111. KANTA Zer-nolako poza dugun!

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. ⁠Mateo 5:11⁠ren arabera, nola ikusi beharko genituzke probaldiak?

JESUSEK benetan zoriontsu izan zitezkeela promestu zien bere jarraitzaileei. Baina maite zutenek probaldiak izango zituztela ere esan zuen (Mt 10:22, 23; Lk 6:20-23). Jesu Kristoren jarraitzaileak izateaz pozik gaude. Baina, zer sentitzen dugu familiaren oposizioa jasatean, gobernuek pertsegitzean edo lankide edota eskolakideek gaizki dagoen zerbait egitera bultzatzen gaituztenean? Noski, ulertzekoa da gauza guzti hauek kezka handia eragitea.

2 Jende askorentzat pertsekuzioa jasatea ez da pozik egoteko arrazoi bat. Hala ere, Jainkoaren Hitzak horrelakoetan pozik egoteko esaten digu. Adibidez, Santiago apostoluak probaldietan itota sentitu beharrean pozik egon beharko ginatekeela idatzi zuen (St 1:2, 12). Eta Jesusek, pertsegituak izan arren ere, zoriontsu izan behar genukeela esan zuen (Irakurri Mateo 5:11). Nola mantendu dezakegu poza probaldiak jasan arren? Santiagok lehen kristauei idatzitako eskutitzetik gauza asko ikasi ditzakegu honi buruz. Lehenik, ikus dezagun kristau hauek zer erronkei egin zieten aurre.

LEHEN MENDEKO KRISTAUEN PROBALDIAK

3. Zer gertatu zen Santiago kristau egin eta gutxira?

3 Santiago, Jesusen anaiordea, kristau egin eta gutxira, Jerusalemen kristauak pertsegitzen hasi ziren (Eg 1:14; 5:17, 18). Esteban hil zutenean, kristau askok hiritik ihes egin eta Judea eta Samarian barrena sakabanatu ziren, batzuk Zipre eta Antiokiaraino helduz ere (Eg 7:58-8:1; 11:19). Zenbat zailtasun jasango zituzten Jesusen jarraitzaileek! Hala ere, gogotsu zabaldu zituzten berri onak joan ziren lekuetan eta kongregazioak ezarri zituzten erromatar inperioan zehar (1 P 1:1). Baina garai latzagoak zituzten aurrean.

4. Zer beste probaldi izan zituzten kristauek?

4 Lehen kristauek probaldi desberdinak jasan behar izan zituzten. Adibidez, 50. urte inguruan, Klaudio enperadore erromatarrak judu guztiei Erromatik joateko agindu zien. Beraz, kristau egin ziren juduak euren etxeak utzi eta toki berri batean berriz hastera behartuak izan ziren (Eg 18:1-3). Paulok kristauak iraindu eta kartzelaratu egin zituztela eta ondasunak kendu zizkietela idatzi zuen 61. urte inguruan (Heb 10:32-34). Eta beste batzuek bezala, kristauek pobreziari eta gaixotasunari aurre egin behar izan zieten (Erm 15:26; Flp 2:25-27).

5. Zer galdera erantzungo ditugu?

5 62. urtea baino lehenago Santiagok bere gutuna idatzi zuenean, aski ongi ezagutzen zituen anai-arrebak jasaten ari ziren probaldiak. Jehobak kristau hauei aholku praktikoak emateko inspiratu zuen Santiago. Aholku hauek proben aurrean pozik egoten lagunduko zieten. Aztertu dezagun Santiagoren gutuna galdera hauek erantzunez: Zer da Santiagok aipatutako poza? Zerk eragin dezake kristauak poz hori galtzea? Eta nola laguntzen digute jakinduriak, fedeak eta ausardiak pozik egoten edozein probaren aurrean ere?

ZERK EMATEN DIO POZA KRISTAUARI?

Lanpararen barruan babestuta bizi-bizirik dagoen sugarra bezala, Jehobak ematen duen poza bizi-bizirik mantentzen da gure bihotzetan (Ikusi 6. paragrafoa)

6. ⁠Lukas 6:22, 23⁠aren arabera, zergatik egon daiteke pozik kristaua probaldietan?

6 Jende askoren ustez osasun ona, diru asko eta familia baketsua edukitzean bakarrik izan daitezke zoriontsu. Baina Santiagok aipatutako poza Jainkoaren espirituaren ondorioa da; ez da norberaren egoeraren araberakoa (Ga 5:22). Zerk ematen dio kristauari poza edo zoriontasun handia? Jehobaren atseginekoa dela eta Jesusen eredua jarraitzen duela jakiteak (Irakurri Lukas 6:22, 23; Kol 1:10, 11). Poza lanpara barruan dagoen sugarra bezalakoa da. Haizetik eta euritik babestuta dagoenez, bizi-bizirik egoten jarraitu dezake. Guk ere pozik egoten jarraitu dezakegu bizitzan zer gertatzen zaigun axola gabe. Ez da itzaltzen gaixotzeagatik edo diru gutxi izateagatik, ezta familiaren edo beste batzuen oposizio edo iseka jasateagatik ere. Itzali beharrean, sugarra biziago bihurtzen da aurkariak itzaltzen saiatzen diren bakoitzean. Gure fedeagatik jasaten ditugun probek Jesu Kristoren benetako jarraitzaileak garela ziurtatzen dute (Mt 10:22; 24:9; Jn 15:20). Horregatik dio Santiagok: «Senideok, egon zaitezte pozik edozein eratako tentaldik [probaldik] erasotzen dizuenean» (St 1:2).

Zergatik konparatu daitezke probaldiak metala gogortzeko prozesuarekin? (Ikusi 7. paragrafoa) *

7, 8. Zergatik sendotzen da fedea probapean?

7 Zerk ematen dio poza kristauari? Ikusi dugun bezala, kristauak probaldien aurrean irauteko prest daude. Santiagok hau egiteko beste arrazoi bat aipatu zuen: «Zuen fedeak, probaldia jasanez, eroapena [iraupena] dakar» (St 1:3). Probaldiak metala gogortzeko prozesuarekin konparatu daitezke. Metala berotu eta hozten denean, sendoago bihurtzen da. Era berean, probaldien aurrean irauten dugunean, gure fedea sendotu egiten da. Horregatik idatzi zuen Santiagok: «Eroapenak lortuko du bere helburua, heldutasun beteko pertsonak izan zaitezten» (St 1:4). Beraz, probaldiek gure fedea sendotzen dutela ikusten dugunean, pozik iraun dezakegu.

8 Hala ere, poza galdu dezakegu. Nola? Santiagok hau gertatzea eragin dezaketen hainbat gauza aipatu zituen. Zeintzuk dira erronka hauek eta nola gainditu ditzakegu?

ZER EGIN DEZAKEGU POZA EZ GALTZEKO?

9. Zergatik behar dugu jakinduria?

9 Erronka: Zer egin ez jakitea. Probapean gaudenean, Jehoba pozteko, anai-arrebak laguntzeko eta leial mantentzeko erabaki onak hartu nahi ditugu. Honetarako, Jehobaren laguntza behar dugu (Jr 10:23). Zer egin ez badakigu, desanimatu eta poza segituan galdu dezakegu. Beraz, aurkarien aurrean zer egin eta zer esan jakiteko, jakinduria behar dugu.

10. ⁠Santiago 1:5⁠aren arabera, zer egin behar dugu jakinduria jasotzeko?

10 Konponbidea: Eskatu Jehobari jakinduria. Proben aurrean pozik irauteko, lehenengo Jehobari erabaki onak hartzeko jakinduria eskatu behar diogu otoitzean (Irakurri Santiago 1:5NW *). Baina, zer egin beharko genuke Jehobak gure otoitza berehala ez duela erantzuten iruditzen bazaigu? Santiagok Jainkoari eskatzen jarraitu behar dugula esaten du. Jehoba ez da haserretzen behin eta berriz jakinduria eskatzen diogunean. Gure zeruko Aitari probapean irauteko jakinduria otoitzean eskatzen diogunean, eskuzabaltasunez ematen digu (Sal 25:12, 13). Gure arazoak ikusten ditu, sufritzen dugunean gaizki sentitzen da eta guri laguntzeko irrikan dago. Dudarik gabe, pozik egoteko arrazoia da hau. Baina nola ematen digu Jehobak jakinduria?

11. Zer gehiago egin behar dugu jakinduria lortzeko?

11 Jehobak bere Hitzaren bidez jakinduria ematen digu (Es 2:6). Beraz, jakinduria lortzeko, Biblia eta honetan oinarritutako argitalpenak aztertu behar ditugu. Baina hau egitea bakarrik ez da nahikoa. Jainkoaren jakinduria praktikan jarri behar dugu gure bizitzan eragina izan dezan. Santiagok idatzi zuen: «Bete ezazue mezua, eta ez entzun bakarrik» (St 1:22). Jainkoaren aholkuak jarraitzen ditugunean, baketsuago, arrazoitsuago eta errukitsuago bihurtzen gara (St 3:17). Ezaugarri hauek edozein probaren aurrean poza galdu gabe irauten laguntzen digute.

12. Zergatik da garrantzitsua Biblia ondo ezagutzea?

12 Jainkoaren Hitza ispilua bezalakoa da; zertan hobetu behar dugun eta nola egin dezakegun erakusten digu (St 1:23-25). Adibidez, Biblia aztertzean jenio txarra dugula eta hau kontrolpean izan behar dugula konturatu gaitezke. Jehobaren laguntzarekin, lasaiak eta goxoak izaten ikasten dugu jendeak edo arazoek haserretzen gaituztenean. Horrela presiopean hobeto erantzungo dugu eta argiago pentsatzeko eta erabakiak hartzeko gai izango gara (St 3:13). Zein garrantzitsua den Biblia ondo ezagutzea!

13. Zergatik aztertu beharko genituzke Bibliako ereduak?

13 Batzuetan hanka sartzen dugunean bakarrik ikasten dugu zer ez dugun egin behar. Baina horrela ikastea oso gogorra da. Hobe da jakinduria lortzeko besteen eredu on eta txarretatik ikastea. Horregatik animatzen gaitu Santiagok Bibliako pertsonaien ereduak aztertzera, esaterako, Abraham, Rahab, Job eta Eliasenak (St 2:21-26; 5:10, 11, 17, 18). Jehobaren zerbitzari leial hauek poza galdu gabe probak irauteko gai izan ziren. Beraien iraupen ereduek Jehobaren laguntzarekin guk ere gauza bera egin dezakegula erakusten digute.

14, 15. Zergatik argitu behar ditugu zalantzak?

14 Erronka: Argitu gabeko zalantzak izatea. Noizean behin, Biblian dagoen zerbait ulertzeko zailtasunak izan ditzakegu. Edo Jehobak agian ez ditu gure otoitzak guk espero bezala erantzun. Honelako gauzek zalantzak sortu ditzakete. Ez baditugu zalantza hauek argitzen, gure fedea ahuldu eta Jehobarekin dugun adiskidetasuna hondatu daiteke (St 1:7, 8). Eta, gainera, etorkizunerako dugun esperantza galdu dezakegu.

15 Paulo apostoluak etorkizunerako dugun esperantza aingura batekin konparatu zuen (Heb 6:19). Aingurari esker, ekaitzean ontzia egonkor mantendu daiteke eta ez ditu harkaitzak jotzen. Baina aingura erabilgarria izateko, ontzira lotzen duen katea ez da hautsi behar. Herdoilak ainguraren katea ahuldu dezakeen bezala, argitu gabeko zalantzek gure fedea ere ahuldu dezakete. Orduan, oposizioa jasatean, zalantzak dituen pertsonak Jehobak bere promesak beteko dituenaren fedea galdu dezake. Fedea galtzen badugu, esperantza ere galduko dugu. Santiagok dioen bezala, «zalantzan dabilena, haizeak eraginik batetik bestera dabilen itsasoko olatua bezala» da (St 1:6). Horrelako egoeran dagoena seguruenik ez da sekula pozik egongo.

16. Zer egin behar dugu zalantzak baditugu?

16 Konponbidea: Argitu zalantzak; sendotu zure fedea. Ez galdu denborarik. Elias profetaren garaian, Jehobaren herria zalantzak izaten hasi zen. Eliasek esan zien: «Noiz arte ibili behar duzue bi doinutara dantzan? Jauna Jainko baldin bada, jarraitu Jaunari, eta Baal Jainko baldin bada, jarraitu Baali!» (1 Erg 18:21). Gauza bera gertatzen da gaur egun ere. Ikerketa eginez, Jehoba existitzen dela, Biblia bere Hitza dela eta Jehobaren lekukoak bere herria direla frogatu behar diogu geure buruari (1 Ts 5:21). Hau egitean gure zalantzak desagertuko dira eta gure fedea sendotuko da. Zalantzak argitzeko laguntza behar badugu, eskatu adindunei. Jehoba zerbitzatzean poza mantendu nahi baduzu, ekin lanari berehala!

17. Zer gertatuko da ausardia galtzen badugu?

17 Erronka: Desanimatuta egotea edo adorea galtzea. Bibliak dio: «Larrialdian adorea galdu baduzu, larri zabiltza indarrez!» (Es 24:10). «Adorea galdu» itzuli den hitz hebrearrak «ausardia galdu» esan nahi dezake. Ausardia galtzen baduzu, laster galduko duzu poza.

18. Zer esan nahi du irauteak?

18 Konponbidea: Izan Jehobarengan konfiantza; berak emango dizu irauteko ausardia. Probaldietan irauteko ausardia behar dugu (St 5:11). «Eroapena» itzuli den Santiagoren hitzak bere lekuan tinko dagoen pertsona adierazten du. Etsaien aurrean bere tokian tinko dagoen soldadu ausart batean pentsatu dezakegu. Nahiz eta eraso bortitza jasan, ez du atzera pausorik ematen.

19. Zer ikasi dezakegu Pauloren eredutik?

19 Paulo apostoluak ausardiaren eta iraupenaren eredu bikaina ezarri zuen. Batzuetan ahul sentitu arren, irauteko gai izan zen. Zergatik? Jehobarengan konfiantza izan zuelako eta berarengana jo zuelako behar zuen indarraren bila (2 Ko 4:7; 12:8-10). Guk ere indar eta ausardia berdina izango ditugu Jehobaren laguntza behar dugula apaltasunez onartzen badugu (St 4:10).

JAINKOARENGANA HURBILDU ETA MANTENDU POZA

20, 21. Zertaz egon gaitezke ziur?

20 Ziur egon gaitezke ditugun probaldiak ez direla Jehobaren zigorra. Santiagok ziurtatzen digu: «Inork, tentaldirik duenean, ez beza esan Jainkoak tentatzen duenik. Jainkoak ez du gaizkirako tentaziorik eta ez du inor gaizkirako tentatzen ere» (St 1:13). Honetaz ziur gaudenean, zeruko gure Aita maitekorrarengana hurbiltzen gara (St 4:8).

21 Jehoba ez da aldatzen (St 1:17). Lehen mendeko kristauei beraien probaldietan lagundu zien bezala, guri ere lagunduko digu. Eskatu bihotz-bihotzez Jehobari jakinduria, fedea eta ausardia izaten laguntzeko. Zure otoitzak erantzungo ditu. Orduan, ziur egongo zara probaldien aurrean poza mantentzen lagunduko dizula!

sn 24. KANTA Eduki bistan saria

^ § 5 Santiagoren gutuna probaldiei aurre egiteko aholku praktikoz beteta dago. Artikulu honetan aholku horietako batzuk aztertzen dira eta, zailtasunak ditugunean, Jehobaren zerbitzuan poza galdu gabe irauten lagunduko digute.

^ § 10 Santiago 1:5NW: «Beraz, zuetakoren bati jakinduria falta bazaio, jarrai dezala Jainkoari eskatzen eta jaso egingo du, eskuzabaltasunez guztiei ematen baitie inori aurpegira bota gabe».

^ § 60 IRUDIAREN AZALPENA: Anaia bat etxean dagoela atxilotu egiten dute. Emaztea eta alaba begira daude poliziak eramaten duen bitartean. Senarra espetxean dagoela, kongregazioko anai-arrebek emazte eta alabarekin batera Jehoba adoratzen dute. Amak eta alabak sarri eskatzen diote Jehobari probaldian irauteko indarra. Jehobak barneko bakea eta ausardia ematen dizkie. Ondorioz, euren fedea sendotzen da eta, honi esker, probaldian irauten dute poza galdu gabe.