Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

49. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Betirako bizi gaitezke

Betirako bizi gaitezke

«Honetan azaltzen da betiko bizia» (JN 17:3).

sjj 147. KANTA Promestutako betiko bizia

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer eragin izan dezake gugan betirako bizitzeko promesan hausnartzeak?

 JEHOBAK obeditzen badiogu «betiereko bizia» izango dugula promestu digu (Erm 6:23). Honetan hausnartzean, ez al da Jehobari diogun maitasuna handitzen? Pentsa, hainbesteraino maite gaitu, bere ondoan nahi gaituela beti!

2. Nola laguntzen digu betirako bizitzeko promesak?

2 Betirako bizitzeko promesak zailtasunei aurre egiten laguntzen digu. Etsaiek hilko gaituztela esanez mehatxatu arren ere, Jehobari leial izaten jarraituko dugu. Zergatik? Besteak beste, Jehobari leial izanez hiltzen bagara, berak berpiztuko gaituela eta ez garela berriro inoiz hilko dakigulako (Jn 5:28, 29; 1 Ko 15:55-58; Heb 2:15). Zergatik egon gaitezke ziur betirako bizitzea posible dela? Ikusi ditzagun arrazoi batzuk.

JEHOBA BETIDANIK ETA BETIKO BIZI DA

3. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak betirako bizirik mantendu gaitzakeela? (102. Salmoa 13, 25, 28 [102:12, 24, 27, NWT]).

3 Jehobak gu bizirik mantentzeko ahalmena du. Zergatik esan dezakegu hau? Bera delako biziaren iturria eta betiko bizi delako (Sal 36:10 [36:9, NWT]). Bibliak argi eta garbi dio Jehoba beti existitu dela eta beti existituko dela. 90. Salmoa 2⁠ak, adibidez, dio: «Jainko zara zu betidanik eta betiko». 102. Salmoak ere antzeko zerbait esaten du (Irakurri 102. Salmoa 13, 25, 28 [102:12, 24, 27, NWT]). Habakuk profetak ere honakoa idatzi zuen zeruko gure Aitari buruz: «O Jehoba, ez al zara betidanik existitzen? O ene Jainko, ene Santua, zu ez zara hiltzen» (Hab 1:12NWT).

4. Kezkatzeko modukoa al da Jainkoa beti existitu den ideia ez ulertzea? Azaldu.

4 Zaila egiten al zaizu Jehoba hasiera eta amaierarik gabeko Jainkoa dela ulertzea? (Is 40:28). Ez zara bakarra. Adibidez, Elihuk esan zuenez, ezin da Jainkoaren urte kopurua ulertu (Jb 36:26). Baina guk zerbait ez ulertzeak ez du esan nahi gezurra denik edo existitzen ez denik. Adibidez, ez dakigu zehatz-mehatz argia nola zabaltzen den unibertsoan, baina horrek ez du esan nahi existitzen ez denik, ezta? Era berean, gizakiok seguraski ez dugu inoiz guztiz ulertuko Jehoba betidanik eta betirako existitzen dela. Baina horrek ez du esan nahi Jainkoa betiko ez denik. Berdin dio guk ulertu ala ez, horrek ezin dio gauza guztiak sortu dituenari mugarik jarri (Erm 11:33-36). Bera eguzkia, izarrak eta unibertso osoa sortua izan baino lehen ere existitzen zen. Jehobak ziurtatzen digu «bere ahalmenaz egin [duela] lurra», «bere adimenaz zabaldu zerua». Beraz, beste guztia baino lehen existitzen zen (Jr 51:15; Eg 17:24). Zer beste arrazoi dago betirako bizitzea posible dela pentsatzeko?

JEHOBAK BETIRAKO BIZITZEKO SORTU GINTUEN

5. Zer aukera eman zitzaion lehen giza bikoteari?

5 Jehobak lurreko izaki bizidunak denbora batez bizitzeko sortu zituen, baina gizakiokin ez zuen horrelakorik egin. Inoiz ez hiltzeko aukerarekin sortu gintuen. Hala ere, Adami esan zion: «Ez jan dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik; hartatik jaten baduzu, hil egingo zara» (Has 2:17). Adam eta Ebak Jehoba obeditu izan balute, ez ziren inoiz hilko. Logikoa da pentsatzea, momenturen batean Jehobak «bizi-arbolako» fruitutik jaten utziko ziela. Handik jatean «betiko bizia» ziurtatua izango zuten (Has 3:22). b

6, 7. a) Zerk erakusten du gizakiok ez garela hil arte bizitzeko sortuak izan? b) Zer gustatuko litzaizuke mundu berrian egitea? (Irudiei begiratu)

6 Zientzialari batzuk oso ondorio interesgarrira iritsi dira. Ikusi dutenez, gure garunak bizitza osoan zehar gordetzen duena baino askoz ere informazio gehiago gorde dezake. 2010⁠ean zientzia aldizkari batean, gure garunak gorde dezakeen informazioaren kalkulu bat argitaratu zen (Scientific American Mind). Gutxi gorabehera 2,5 milioi gigabyte pilatu dezake. Hau da, hiru milioi orduko bideo grabaketak adina. Bideo hauek ikusteko 300 urte baino gehiago beharko genituzke. Datu hau seguraski oso-oso motz geratzen da. Hala ere, argi uzten du Jehobak diseinatutako garunak 70 edo 80 urteko bizitza batean gorde daitekeen informazioa baino askoz ere gehiago gorde dezakeela (Sal 90:10).

7 Jehobak sortu gintuenean bizirik jarraitzeko desioa jarri zuen gure barruan. Bibliak dio Jainkoak «bihotzean jarri [digula] eternitatea» (Koh 3:11NWT). Beste arrazoien artean, horregatik da heriotza gure etsaia (1 Ko 15:26). Adibidez, zer egiten dugu gaixotzen garenean? Hil arte bizi? Ez. Normalean medikuarengana joaten gara tratamendu bila eta bizirik jarraitzeko gure esku dagoen guztia egiten dugu. Maite dugun norbait hiltzen denean ere, gaztea nahiz adinekoa izan, denbora luzez hutsune eta min handia sentitzen dugu, ezta? (Jn 11:32, 33). Argi dago, Jehobak ez gintuzke bizirik jarraitzeko desio eta gaitasunarekin sortuko, bere helburua gu betirako bizitzea izango ez balitz. Baina arrazoi gehiago ditugu betiko bizitzea posible dela sinesteko. Jehobaren helburua aldatu ez dela frogatzeko, azter dezagun iraganean zer egin duen eta gaur egun zer egiten ari den.

Betirako bizitzeko itxaropena dugunez, etorkizunean egin ahal izango ditugun gauzak imajinatzea gustatzen zaigu (Ikusi 7. paragrafoa) c

JEHOBAREN HELBURUA EZ DA ALDATU

8. Zer irakasten digu Isaias 55:11⁠k Jehobak guretzako duen helburuaz?

8 Nahiz eta Adam eta Ebak bekatu egin eta heriotza beraien ondorengoei pasa, Jehobak ez zuen bere hasierako helburua aldatu (Irakurri Isaias 55:11). Oraindik ere, gizaki leialak betirako bizitzea nahi du. Ondorio horretara iritsi gaitezke bere helburua lortzeko Jehobak esan eta egin dituen gauzak aztertzen baditugu. Goazen ikustera.

9. Zer promesa egin du Jainkoak? (Daniel 12:2, 13)

9 Jehobak hildakoak berpiztuko dituela eta betirako bizia beraien eskura jarriko duela promestu du (Eg 24:15; Tt 1:1, 2). Historian zehar bere zerbitzariek promesa hori argi izan dute. Adibidez, Jobek bazekien Jehoba hildakoak berpizteko irrikitan dagoela (Jb 14:14, 15). Daniel profetak ondo zekien gizakiok, hiltzen garenean, berpizteko eta betiko bizitzeko aukera dugula (Sal 37:29; Irakurri Daniel 12:2, 13). Lehen mende hasierako juduek ere bazekiten Jehobak bere zerbitzari leialei «betiko bizia» eman ahal ziela (Lk 10:25; 18:18). Jesusek ere behin eta berriz promesa honi buruz hitz egin zuen, eta hil zenean, Jehobak berpiztu egin zuen (Mt 19:29; 22:31, 32; Lk 18:30; Jn 11:25).

Zer ziurtatzen dizu Eliasek egindako berpizkundeak? (Ikusi 10. paragrafoa)

10. Zer frogatu dute iraganeko berpizkundeek? (Ikusi irudia)

10 Jehobak bizia ematen du eta hildakoei berriro bizia emateko boterea du. Biblian honen adibide batzuk ditugu. Elias profetari Sareptako alargunaren semea berpizteko boterea eman zion (1 Erg 17:21-23). Beranduago, Jainkoaren laguntzarekin, Eliseo profetak emakume Xunemdar baten semea bizira bueltatu zuen (2 Erg 4:18-20, 34-37). Berpizkunde hauek eta gainontzekoek Jehobak jendea berpizteko boterea duela frogatzen dute. Lurrean egon zenean, Jesusek bere Aitarengandik ahalmen hori jaso zuela erakutsi zuen (Jn 11:23-25, 43, 44). Jesus orain zeruan dago eta Jainkoak zeru-lurren gain «ahalmen osoa» eman dio. Beraz, orain Jehobak egindako promesa bete dezake, hau da, «hilobietan» dauden guztiak berpiztu eta hauei betirako bizitzeko aukera ematea (Mt 28:18; Jn 5:25-29).

11. Zergatik bizi gaitezke betirako erreskateari esker?

11 Zergatik utzi zuen Jehobak bere seme maiteak heriotza krudela jasan zezan? Jesusek berak eman zuen erantzuna honakoa esanez: «Jainkoak hainbeste maite izan zuen mundua, bere Seme bakarra eman zuela, berarengan fedea erakusten duen inor suntsitua ez izateko, baizik eta betirako bizia izan dezan» (Jn 3:16NWT). Bere semea erreskate moduan emanez, gure bekatuak barkatzen ditu eta betirako bizitzeko aukera ematen digu (Mt 20:28). Paulo apostoluak Jainkoaren helburuaren parte inportante hau horrela laburbildu zuen: «Heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera ere. Eta Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira» (1 Ko 15:21, 22).

12. Nola beteko du Jehobak bere helburua?

12 Jesusek bere jarraitzaileei otoiz egiten irakatsi zien. Besteak beste, Jainkoaren Erreinua etortzeko eta Jainkoaren nahia lurrean egiteko eskatu behar zuten (Mt 6:9, 10). Gizakiok lurrean betirako bizitzea Jainkoaren helburuaren parte da. Hau lortzeko Jehobak bere semea Erreinu mesianikoaren errege izendatu du. Gainera, lurretik 144.000 pertsona aukeratzen aritu da, Jesusekin batera Jainkoaren borondatea betetzen laguntzeko (Ap 5:9, 10).

13. Zer egiten ari da Jehoba, eta zer egiten duzu zuk berarekin elkarlanean aritzeko?

13 Jehoba «gizatalde handi bat» elkartzen ari da eta bere Erreinupean bizitzeko prestatzen ditu (Ap 7:9, 10; St 2:8). Beldurrak eta gerrek banaketak sortzen dituzten mundu honetan, gizatalde handia gorroto mota guztiak baztertzen gogor saiatzen da. Beraien ekintzen bidez ezpatak golde bihurtu dituztela erakusten dute (Mi 4:3). Hainbeste heriotza sortzen duten gerretan parte hartu beharrean, besteei «egiazko bizia» aurkitzen laguntzen diete (1 Tm 6:19). Hau, Jainkoa eta bere helburuei buruz irakatsiz egiten dute. Erreinuaren alde jartzeagatik batzuek familiaren oposizioa jasan behar dute edo arazo ekonomikoei aurre egin behar diete. Baina Jehobak behar duten guztia ematen die (Mt 6:25, 30-33; Lk 18:29, 30). Honek Jainkoaren Erreinua benetakoa dela eta bere helburua beteko duela ziurtatzen digu.

ETORKIZUN ZORAGARRIA

14, 15. Nola suntsituko du Jehobak heriotza betirako?

14 Jesus orain Jainkoaren Erreinuko errege da eta Jehobak egindako promesa guztiak beteko ditu (2 Ko 1:20). 1914⁠tik aurrera, bere etsaiak menderatzen aritu da (Sal 110:1, 2). Bere agintekideekin batera, laster bere garaipena borobilduko du eta gaizto guztiak suntsituko ditu (Ap 6:2).

15 Jesusen Mila Urteko Erregetzan zehar, hildakoak berpiztuko dira eta obeditzen duten gizakiak perfektu izatera iritsiko dira. Azken probaren ondoren, Jehobarentzat zuzenak direnak lurraren jabe izango dira eta «beti bertan biziko» dira (Sal 37:10, 11, 29). A zer lasaitasuna! «Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da» (1 Ko 15:26).

16. Zein izan beharko litzateke Jehoba zerbitzatzeko arrazoi nagusia?

16 Ikusi dugun bezala, betirako bizitzeko itxaropena Jainkoaren Hitzean sendo oinarrituta dago. Itxaropen honek azken egun latz hauetan leial mantentzen laguntzen digu. Baina itxaropen hori ezin da izan Jehoba zerbitzatzeko arrazoi nagusia. Berari eta Jesusi diegun maitasunak bultzatu behar gaitu, bestela ezin izango dugu Jehoba poztu (2 Ko 5:14, 15). Maitasun honek Jehoba imitatzera eta besteei gure esperantzari buruz hitz egitera bultzatzen gaitu (Erm 10:13-15). Berekoiak izan beharrean eskuzabalak bagara, Jehobak bere lagunen artean hartuko gaitu betirako (Heb 13:16).

17. Zer dago gure esku? (Mateo 7:13, 14)

17 Betirako biziko direnen artean egongo al zara? Jehobak aukera horren atea zabaldu digu. Gure esku dago bizira daraman bidetik ibiltzea (Irakurri Mateo 7:13, 14). Zer bizimodu izango dugu betirako bizitzen garenean? Hori da hurrengo artikuluan aztertuko duguna.

sjj 141. KANTA Bizia, mirari zoragarria

a Betirako bizitzeko irrikitan al zaude? Jehobak promesten digu hiltzeko beldurrik gabe biziko garen eguna iritsiko dela. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak bere promesa beteko duela? Artikulu honek arrazoi batzuk aztertuko ditu.

b Ikusi « “Betiko” hitza Biblian» taula.

c IRUDIAREN AZALPENA: Adineko anaia bat, etorkizunean betirako bizitzen denean, egingo dituen gauza batzuk imajinatzen ari da.