Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

52. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Lagundu anai-arrebei garai zailetan

Lagundu anai-arrebei garai zailetan

«Ez ukatu mesederik behar duenari, zure esku baldin badago egitea» (ES 3:27).

sjj 103. KANTA Artzainak Jehobaren opariak dira

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Nola erantzuten ditu askotan Jehobak bere zerbitzarien otoitzak?

 BA AL zenekien Jehobak norbaiten erreguei erantzuteko erabili zaitzakela? Horixe baietz! Berdin da adinduna, laguntzailea, aitzindaria edo kongregazioko berriemailea zaren. Ez du axola gaztea ala adinekoa izan, edo emakumea ala gizona izan. Bera maite duen norbaitek laguntza eskatzen dionean, Jehobak askotan adindunak eta beste zerbitzari leialak erabiltzen ditu laguntza hori emateko. Beraz, «oso kontsolagarri gertatu» zaitezke (Kol 4:11). Zer polita den Jehoba eta gure anai-arrebak horrela zerbitzatzea! Hau egiteko aukera daukagu izurrite bat, hondamendi bat edo pertsekuzioa dagoenean.

LAGUNDU BESTEEI IZURRITE GARAIAN

2. Zergatik izan daiteke zaila izurrite batean besteei laguntzea?

2 Epidemia batek jotzen duenean, zaila izan daiteke elkar laguntzea. Adibidez, agian gure lagunak bisitatu nahi ditugu, baina ez da segurua. Edo diruz justu dabilen familia bat bazkaltzera gonbidatu nahi dugu, baina hau ere ez da posible. Bestalde, gure familiakoak oso gaizki pasatzen ari badira, erronka handia izan daiteke besteei laguntzea. Hala ere, lagundu egin nahi dugu, eta badakigu ahal dugun guztia egiten dugunean, Jehoba pozten dugula (Es 3:27; 19:17). Orduan, zer egin dezakegu?

3. Zer ikasten dugu Desiren kongregazioko adindunen eredutik? (Jeremias 23:4)

3 Adindunek egin dezaketena. Adinduna bazara, ondo ezagutu ardiak (Irakurri Jeremias 23:4). Aurreko artikuluan ezagutu genuen Desik b kontatu zuen: «Nire predikatzeko taldeko adindunek gurekin predikatzeko ohitura zuten, eta beste momentu batzuetan ere denbora pasatzen genuen elkarrekin». Esfortzu hauei esker, COVID-19⁠aren pandemia hasi zenean eta Desik senide batzuk galdu zituenean, artzain hauei errazagoa egin zitzaien laguntzea.

4. Zergatik lagundu ahal izan zioten adindunek Desiri, eta zein da ikasgaia?

4 Desik kontatzen du: «Adindunak dagoeneko nire lagunak zirenez, erraza egin zitzaidan nire kezka eta sentimenduak kontatzea». Adindunok, zer ikasten duzue? Larrialdia hasi aurretik zaindu goxo-goxo Jehobaren ardiak. Beraien laguna izan. Izurrite baten ondorioz ezin badituzu aurrez-aurre bisitatu, beraiekin egoteko beste modu batzuk bilatu. «Batzuetan, adindun batek baino gehiagok deitu edo idazten zidan egun berean», dio Desik. «Irakurri zizkidaten aipuak, nahiz eta niretzat oso ezagunak izan, bihotzera iritsi zitzaizkidan».

5. Lagungarriak izateko, nola jakin dezakete adindunek anai-arrebek zer behar duten?

5 Anai-arrebek zer behar duten jakiteko, lotsatuko ez dituzten galderak egin ditzakezu (Es 20:5). Beharrezko guztia al daukate, adibidez, janaria eta botikak? Lana edo etxebizitza galtzeko arriskuan al daude? Gobernuak ematen dituen laguntzak eskatzeko laguntzarik behar al dute? Anai-arrebek Desiri behar zituen gauza materialak eman zizkioten. Baina gehien eskertu zuena adindunek emandako laguntza espiritual eta emozionala izan zen. Berak dio: «Adindunek otoitz egin zuten nirekin. Ez dut gogoratzen zehatz-mehatz zer esan zuten, baina bai nola sentitu nintzen. Jehoba honakoa esaten ariko balitz bezala izan zen: “Ez zaude bakarrik”» (Is 41:10, 13).

Talaiaren ikasketa zuzentzen ari den anaia oso pozik dago bilera aretora etorri diren anai-arreba askoren eta gaixo dagoelako bideo-konferentzia bidez parte hartu behar duen anaia baten komentario animagarriak entzuteaz (Ikusi 6. paragrafoa)

6. Zer egin dezakegu kongregazioko guztiok besteei laguntzeko? (Ikusi irudia)

6 Guztiok egin dezakeguna. Denok espero dugu adindunek anai-arrebak zaintzea. Hala ere, Jehobak guztioi luzatzen digu elkar animatu eta laguntzeko gonbidapena (Ga 6:10). Gaixo dagoen norbaiten alde gauza txiki bat egitea ez da beste munduko gauza, baina asko animatu dezake. Adibidez, haurrek ohartxo bat idatzi edo marrazki bat egin dezakete anaia bat animatzeko. Gazte batek arreba batentzat enkarguak egin ditzake. Ideia ona izan daiteke ere gaixo dagoen norbaitentzat janaria prestatzea eta etxeko atean uztea, ezta? Argi dago izurrite bat dagoenean, kongregazioko guztiok behar dugula animoa. Zergatik ez pixka bat gehiago geratu bilera ondoren anai-arrebekin hitz egiteko? Berdin dio aretoan zauden, edo bileran bideo-konferentziaz egon zaren. Gainera, izurrite bat dagoenean, askotan inoiz baino lanpetuago daudenez, adindunek ere hitz goxoak behar dituzte. Horregatik, Lekuko batzuek eskerrak emateko ohartxoak idatzi dizkiete. Zein ona den hitz hauek betetzeko ahal dugun guztia egitea: «Eman adore elkarri eta lagundu batak besteari»! (1 Ts 5:11).

LAGUNDU BESTEEI HONDAMENDI BATEN AURREAN

7. Zer zailtasun ekar ditzake hondamendi batek?

7 Hondamendi batek hankaz gora jartzen du bizitza momentu batean. Horrelako zerbait jasan dutenek ondasunak, etxea, baita maite duten norbait ere, galdu dezakete. Kristauok ere ez gara gauza hauetaz libratzen. Zer egin dezakegu horrelako zerbait bizitzen ari diren anai-arrebei laguntzeko?

8. Zer egin dezakete adindunek eta familiaburuek hondamendi bat gertatu baino lehen?

8 Adindunek egin dezaketena. Adindunok, lagundu anai-arrebei hondamendia izan aurretik prest egoten. Ziurtatu badakitela babesteko zer neurri hartu behar dituzten. Zuekin harremanetan nola jarri ere argi izan behar dute. Aurreko artikuluan aipatutako Margaretek kontatzen du: «Kongregazioko beharretan adindunek sute denboraldia oraindik bukatu gabe zegoela gogoratu ziguten. Agintariek ebakuatzeko agintzen bazuten edo egoera itsusi jartzen bazen, segituan alde egiteko esan ziguten». Bost aste beranduago sekulako sutea piztu zen, beraz emandako informazioa momentu egokian iritsi zen. Eta, zer egin dezakete familiaburuek euren familiak prestatzeko? Familia adorazioa erabili dezakete etxeko bakoitzak zer egin behar duen errepasatzeko. Zuek eta seme-alabek zer egin behar duzuen argi baduzue, errazagoa izango da hondamendi baten aurrean lasai mantentzea.

9. Zer egin dezakete adindunek hondamendia baino lehen eta ondoren?

9 Predikatzeko talde bateko arduraduna bazara, hondamendia gertatu baino lehenago lortu taldeko guztien helbide eta telefonoak. Zerrenda eguneratuta eduki. Horrela, hondamendi bat gertatzen bada, taldeko guztiekin hitz egin ahal izango duzu zer behar duten jakiteko. Bidali berehala informazio hori adindun taldeko koordinatzaileari eta, horrela, berak eskualde arduradunari eman ahal izango dio. Denon elkarlanaren ondorioa ezin hobea izango da. Adibidez, sutearen ondoren, Margareten eskualde arduradunak 36 ordu eman zituen esna adindunen lanak koordinatzeko. Etxetik atera behar izan zuten 450 anai-arrebekin kontaktuan jarri ziren euren beharrak ezagutzeko (2 Ko 11:27). Honi esker, denek izan zuten non geratu.

10. Zergatik da adindunentzat inportantea artzain lanak egiten jarraitzea? (Joan 21:15)

10 Adindunek laguntza emozional eta espirituala emateko ardura daukate (1 P 5:2). Hondamendi bat gertatzen denean, lehenik eta behin, adindunek anai-arrebak ondo daudela ziurtatu behar dute. Ba al dute janaria, arropa eta non geratu? Gainera, seguruenik hilabetetan beharko dute laguntza emozional eta espirituala (Irakurri Joan 21:15). Harold, Sukurtsal Batzorde bateko kide da eta hondamendiak sufritu dituzten anai-arrebekin hitz egiteko aukera asko izan ditu. Berak dio: «Denbora asko behar da egoerari emozionalki buelta emateko. Agian, normaltasunera itzultzen ari dira, baina galdutakoaren oroitzapenek hor jarraitzen dute. Adibidez, heriotzean galdutako norbaitena edo beraientzako oso baliotsua zen zerbaitena. Bizitako egoera arriskutsuak ere gogoan izan ditzakete. Oroitzapen hauek behin eta berriz tristura handia sortzen dute. Honek ez du esan nahi fedea falta zaigunik, gizaki hutsak garela baizik».

11. Zer behar izan dezakete familiek hondamendiaren ondoren?

11 Adindunek serio hartzen dute aholku hau: «Egin negar negarrez daudenekin» (Erm 12:15). Adindunek hondamendi baten ondoren asko egin dezakete anai-arreben alde. Adibidez, Jehoba eta anai-arreben maitasuna ez dutela galdu gogoratu ahal diete. Familiei beraien ohitura espiritualekin jarraitzen lagundu behar diete: otoitzak, ikasketa pertsonala eta familiakoa, bilerak eta predikazioa. Eta gurasoak seme-alabei laguntzera ere animatu behar dituzte. Hauek hondamendiak hondatu ezin dituen gauzetan zentratzen ikasi behar dute. Gurasook, gogorarazi zuen seme-alabei Jehoba beti izango dela beraien laguna eta beti izango dutela ondoan. Gainera, mundu osoko anaiartea beraiei laguntzeko prest dagoela jakin behar dute (1 P 2:17).

Eskaini al zaitezke zure inguruan hondamendi bat sufritu dutenei laguntzeko? (Ikusi 12. paragrafoa) e

12. Zer egin dezakegu guztiok hondamendi baten aurrean laguntzeko? (Ikusi irudia)

12 Guztiok egin dezakeguna. Zure inguruan hondamendi bat gertatzen bada, galdetu adindunei nola lagundu dezakezun. Agian, beraien etxetik atera behar izan dutenak edo eraikuntzako boluntarioak etxean hartu ahal izango dituzu denbora batez. Edo, beharbada, laguntza behar duten berriemaileei janaria edo beste gauza batzuk emateko aukera izan dezakezu. Hondamendia urrun gertatu bada ere, lagundu dezakezu. Nola? Adibidez, hango anai-arreben alde otoitz eginez (2 Ko 1:8-11). Mundu mailako lanarentzako dohaintzak emanez ere lagundu ahal diezu (2 Ko 8:2-5). Zure egoeragatik hondamendia gertatu den tokira joateko aukera baduzu, hitz egin adindunekin nola lagundu dezakezun jakiteko. Hara joatera gonbidatzen bazaituzte, modu egokienean laguntzeko trebakuntza jasoko duzu.

LAGUNDU ANAI-ARREBEI PERTSEKUZIOA JASATEN

13. Zer arazo dituzte anai-arrebek gure lana debekatuta dagoen herrialdeetan?

13 Gure lana debekatuta dagoen herrialdeetan, pertsekuzioak gure anai-arrebei bizitza konplikatzen die. Debekuaz gain, arazo ekonomikoei, gaixotasunei eta maite duten norbaiten heriotzari ere aurre egin behar izaten diote. Gure lana debekatuta dagoenez, adindunek ezin izaten dituzte askatasunez bisitatu eta animatu. Hori gertatu zitzaion aurreko artikuluan aipatutako Andreiri. Bere predikatzeko taldeko arreba batek arazo ekonomikoak zituen. Gero, auto istripu bat izan zuen eta egin behar izan zizkioten ebakuntzengatik ezin zuen lanik egin. Pertsekuzioa zegoen eta pandemia garaia zen. Baina Jehoba arrebaren egoera ikusten ari zen eta anai-arrebak erabili zituen bera laguntzeko.

14. Nola erakutsi dezakete adindunek Jehobarengan konfiantza daukatela?

14 Adindunek egin dezaketena. Andreik otoitz egin eta bere eskuetan zegoena egin zuen. Nola erantzun zion Jehobak? Berak baino askatasun handiagoa zuten anai-arrebak motibatu zituen arrebari laguntzera. Batzuek medikuarengana eraman zuten eta beste batzuek dirua eman zioten. Jehobak anai-arreben elkarlana eta ausardia bedeinkatu zituen (Heb 13:16). Adindunok, gure lana debekatuta dagoenean, delegatu (Jr 36:5, 6). Baina, batez ere, Jehobarengan konfiantza jarri. Ziur egon berari esker anai-arrebak zaindu ahal izango dituzula.

15. Nola mantendu gaitezke elkartuta pertsekuzioa jasaten ari garenean?

15 Guztiok egin dezakeguna. Gure lana debekatuta baldin badago, agian, talde txikiagotan bildu beharko dugu. Horregatik, inportantea da orain ere elkarren artean ondo moldatzea eta bakea egotea. Satanasen aurka borrokatu behar dugu, ez gure anai-arreben aurka. Beraien akatsak kontuan hartu beharrean, berehala barkatu behar diegu (Es 19:11; Ef 4:26). Besteei laguntzeko iniziatiba hartu (Tt 3:14). Lehen aipatutako arrebari laguntzeak oso eragin ona izan zuen predikatzeko taldean. Familia bezain elkartuta egotera iritsi ziren (Sal 133:1).

16. Kolosarrei 4:3, 18 kontuan hartuta, zer egin dezakegu pertsegituak direnei laguntzeko?

16 Milaka anai-arrebak, gobernuak debekatu arren, Jehoba zerbitzatzen jarraitzen dute. Hauetako batzuk kartzelan daude beraien fedeagatik. Egin dezagun otoitz beraien eta beraien familien alde. Gainera, anai-arreba askok preso daudenei laguntza fisiko, espiritual eta legala emateko euren bizitza arriskuan jartzen dute. Gogora ditzagun hauek ere gure otoitzetan (Irakurri Kolosarrei 4:3, 18). c Ez pentsatu inoiz zure otoitzek indarrik ez dutenik! (2 Ts 3:1, 2; 1 Tm 2:1, 2).

Nola prestatu dezakezu orain zure familia pertsekuziorako? (Ikusi 17. paragrafoa)

17. Nola prestatu zaitezke orain pertsekuziorako?

17 Zure familiarekin batera, prestatu zaitez orain pertsekuziorako (Eg 14:22). Gertatu daitezkeen gauza txarretan pentsatu ordez, seme-alabekin batera Jehobarekin duzuen adiskidetasuna sendotzeko garaia da orain. Hala ere, urduritasuna eta ezinegona sentitzen baduzu, hitz egin Jehobarekin eta kontatu nola sentitzen zaren (Sal 62:8, 9 [62:7, 8, NWT]). Gainera, Jehobarengan konfiantza izateko dituzuen arrazoiak aztertu elkarrekin. d Hondamendietarako prestatzen zarenean bezala, pertsekuziorako prestatzean, zure seme-alabei lagunduko diezu. Bakea eta ausardia izango dituzte, Jehobarengan konfiantza izaten irakatsi diezulako.

18. Zer etorkizun daukagu aurrean?

18 Jainkoaren bakeari esker, seguru sentitzen gara (Flp 4:6, 7). Bake hau dugunean izurriteak, hondamendiak edo pertsekuzioa izan arren, lasai sentitzen gara. Jehobak gogor lan egiten duten adindunak erabiltzen ditu. Baina, denoi ematen digu elkar laguntzeko aukera. Orain dugun bakeak arazo handietarako, baita «larrialdi handirako» ere, prestatzen gaitu (Mt 24:21). Momentu horretan bakea mantendu beharko dugu eta besteei gauza bera sentitzen lagundu beharko diegu. Horren ondoren, ez dugu lasaitasuna kentzen digun larrialdi gehiagorik sufrituko. Azkenean, Jehobak guretzat nahi zuenaz disfrutatuko dugu: betirako iraungo duen benetako bakeaz (Is 26:3, 4).

sjj 109. KANTA Bihotz-bihotzez maitatu

a Askotan, Jehobak bere zerbitzari leialak erabiltzen ditu besteei laguntzeko. Zu ere erabili zaitzake. Ikus dezagun zer egin dezakegun gure anai-arrebei behar duten laguntza eta animoa emateko.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.

c Sukurtsalekoek edota egoitza nagusikoek ezin dizkiete preso daudenei beste anai-arrebaren baten gutunak bidali.

d Ikusi «Preparémonos ahora para la persecución» («Prépare-toi dès maintenant à la persécution») artikulua aldizkari honen 2019⁠ko uztaileko alean.

e IRUDIAREN AZALPENA: Bikote batek, hondamendi baten ondoren, aterpe batean dagoen Lekuko familia bati janaria eramaten dio.