Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

51. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Larrialdietan ere bakea sentitu dezakezu

Larrialdietan ere bakea sentitu dezakezu

«Ez bedi larritu zuen bihotza, ezta kikildu be» (JN 14:27, Ke).

sjj 112. KANTA Jehoba, bakearen Jainkoa

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer da «Jainkoaren bakea» eta nola laguntzen digu? (Filipoarrei 4:6, 7)

 MUNDU honetako jendeak ez daki inondik inora «Jainkoaren bakea» zer den. Gure zeruko Aitarekin harreman berezia edukitzeak dakarren lasaitasuna da. Jainkoaren bakea dugunean, seguru sentitzen gara (Irakurri Filipoarrei 4:6, 7). Bera maite dutenen lagun minak izan gaitezke. «Bakea ematen duen Jainkoarekin» harreman goxoa izan dezakegu (1 Ts 5:23). Jainkoa ezagutzen dugunean, berarengan konfiantza dugunean eta berari obeditzen diogunean, Jainkoaren bakeak egoera zailei aurre egiteko lasaitasuna eman ahal digu.

2. Nola egon gaitezke ziur Jainkoaren bakea izan dezakegula?

2 Izan al dezakegu Jainkoaren bakea arazo larrien aurrean? Adibidez, izurriteak, hondamendiak, istiluak edo pertsekuzioa jasaten dugunean? Egoera larri hauek beldurtu gaitzakete. Hala ere, Jesusek bere jarraitzaileei esan zien: «Ez bedi larritu zuen bihotza, ezta kikildu be» (Jn 14:27, Ke). Zorionez, anai-arreba askok Jesusen aholkua jarraitu dute eta, arazo larriak izan arren, Jehobaren laguntzari esker bakea aurkitu dute.

NOLA SENTITU BAKEA IZURRITE GARAIAN

3. Zer eragin izan dezake epidemia batek edo pandemia batek zure bakean?

3 Epidemia batek edo pandemia batek gure bizitza egun batetik bestera goitik behera aldatu dezake. Horren adibide argia da COVID-19⁠arekin gertatutakoa. Inkesta baten parte hartzaileen erdiak baino gehiagok lo egiteko arazoak zituela esan zuen. Pandemian zehar igo egin ziren antsietatea, depresioa, alkohola eta drogen abusua, etxeko biolentzia, eta suizidio saiakeren kasuak. Zure inguruan izurrite bat bizitzen ari bazara, nola baretu dezakezu antsietatea eta Jainkoaren bakea lortu?

4. Zergatik ematen digu bakea Jesusek azken egunei buruz esandakoa jakiteak?

4 Jesusek azken egunetan zehar izurriteak edo epidemiak «han eta hemen» izango zirela esan zuen (Lk 21:11). Nola ematen digu bakea hori jakiteak? Izurrite bat zabaltzen denean ez gaitu ustekabean harrapatzen. Izan ere, konturatzen gara gauza guztiak Jesusek esan bezalaxe gertatzen ari direla. Beraz, Jesusek azken egunetan bizi garenoi emandako aholkua jarraitzen dugu: «Begira, ez izutu» (Mt 24:6).

Bibliaren audio grabaketek epidemia batean zehar bakea izaten lagundu zaitzakete (Ikusi 5. paragrafoa)

5. a) Izurrite bat gertatzen denean, nola laguntzen digu Filipoarrei 4:8, 9⁠ak zeri buruz otoitz egin behar dugun jakiten? b) Nola lagundu zaitzakete Bibliaren audio grabaketek?

5 Izurrite batek izugarrizko ezinegona eta beldurra sortu ditzake gugan. Horixe da Desi izeneko arrebari gertatu zitzaiona. b Bere osaba, lehengusua eta medikua COVID-19⁠ak jota hil ondoren, birusa harrapatu eta bere ama edadetua kutsatzearen beldur zen. Gainera, pandemiaren ondorioz, bere lana kolokan zegoen. Beraz, ez zekien janaria erosteko eta alokairua ordaintzeko nahiko diru izango ote zuen. Hain kezkatuta zegoen, ezin zuela lorik egin. Baina, egoera zaila izan arren, Desik bakea berreskuratu zuen. Nola? Jehobari otoitz zehatzak egin zizkion, lasai egoteko eta pentsamendu positiboak izaten laguntzeko eskatuz (Irakurri Filipoarrei 4:8, 9). Gainera, Bibliaren audio grabaketak entzuten zituenean, Jehobari entzuten ariko balitz bezala zen berarentzat. Honakoa dio: «Irakurleen ahots goxoek lasaitzen eta Jehoba nitaz kezkatzen dela ikusten lagundu zidaten» (Sal 94:19).

6. Nola lagunduko dizute ikasketa pertsonalak eta bilerek?

6 Izurrite bat dagoenean, askotan, ezin ditugu lehen egiten genituen gauza guztiak egin. Hala ere, segi ikasketa pertsonala egiten eta bileretan egoten. Gure argitalpen eta bideoetan zure antzeko egoera pasatzen ari diren anai-arreben bizipenak daude eta, egoera zailetan, Jehobari leial izaten jarraitzea posible dela erakusten digute (1 P 5:9). Bileretan ere Bibliako ideia animagarriak aztertzen dira. Gainera, anai-arrebak animatzeaz gain, beraien animoa ere jaso dezakezu (Erm 1:11, 12). Jehobak gaixo, beldurtuta edo bakarrik sentitu diren bere zerbitzariak zaindu ditu. Horretan hausnartzeak zure fedea indartuko du. Pentsa: besteekin egin badu, nolatan ez du zurekin gauza bera egingo?

7. Zer ikasten duzu Joan apostoluaren eredutik?

7 Anai-arrebekin komunikatzeko ahalegina egin. Izurrite batek, agian, gure anai-arrebengandik fisikoki aldentzera behartzen gaitu. Horrelakoetan, beharbada, Joan apostolua bezala sentitzen gara. Berak bere lagun Gaio aurrez aurre ikusi nahi zuen (3 Jn 13, 14). Hala ere, denbora batez egin ezin zuenez, bere esku zegoena egin zuen: gutun bat idatzi zion. Guk ere anai-arrebekin aurrez aurre egoteko aukerarik ez badugu, beraiekin egoteko beste modu batzuk bilatu ditzakegu. Adibidez, telefonoz, bideo-deien bidez edota mezutxo bat bidaliz. Anai-arrebekin kontaktua mantentzen baduzu, ez zara hain bakarrik sentituko eta bakean egongo zara. Bereziki urduri edo kezkatuta bazaude, jo adindunengana eta onartu beraiek emango dizuten animoa (Is 32:1, 2).

NOLA SENTITU BAKEAN HONDAMENDI BATEN AURREAN

8. Nola hautsi dezake hondamendi batek zure bakea?

8 Bizi izan al duzu noizbait uholde, lurrikara edo suterik? Seguruenik denbora luzez sentituko zenuen barruan halako ezinegona. Maite duzun norbait hil bazen, edota ondasunak galdu bazenituen, dolua, etsipena, baita haserrea ere sentituko zenuen. Honek ez du esan nahi materialista zarenik edo fedea falta zaizunik. Izan ere, bizitakoa oso gogorra izango zen eta, agian, batzuek zure erreakzioa negatiboa izatea espero dute (Jb 1:11). Baina, kasu honetan ere bakea lortu dezakezu. Nola?

9. Nola prestatu gintuen Jesusek hondamendietarako?

9 Gogoratu Jesusek aurresandakoa. Batzuek ez dute uste hondamendi batek eragingo dienik. Baina, guk badakigu gero eta gehiago egongo direla, eta gugan eragina izan dezaketela. Jesusek, azkena etorri baino lehen, «lurrikara handiak» eta beste hondamendi batzuk gertatuko zirela esan zien bere jarraitzaileei (Lk 21:11). Gainera, «gaiztakeria ugaltzean», gauzak okertu egingo zirela esan zuen. Adibidez, krimena, biolentzia eta eraso terroristak ikusi ditzakegu edonon (Mt 24:12). Jehobaren zerbitzari leial askok ere ezbeharrak sufritu dituzte. Jesusek ez zuen esan horrelakoak jasateak Jehobak utzi gaituela esan nahi duenik (Is 57:1; 2 Ko 11:25). Jehobak ez gaitu hondamendi guztietatik mirari baten bidez babestuko, baina lasai eta bakean mantentzeko behar dugun guztia emango digu.

10. Zergatik erakusten dugu fedea hondamendia gertatu aurretik prestatzen bagara? (Esaera Zaharrak 22:3)

10 Errazagoa egingo zaigu larrialdi batean lasai mantentzea aldez aurretik nola jokatuko dugun pentsatu badugu. Baina orduan, ez al ginateke fede falta erakusten ariko? Noski ezetz. Kontrakoa. Jehobarengan fedea erakusten ariko ginateke, berak gu zaintzeko duen gaitasunean konfiantza erakusten ariko ginatekeelako. Nolatan? Jehoba berak, bere Hitzaren bidez, etorri daitezkeen hondamendietarako prestatu behar garela esan digulako (Irakurri Esaera Zaharrak 22:3). Jainkoaren erakundeak aldizkarietako artikuluetan, bileretan eta iragarkietan behin eta berriz esan digu larrialdi batetarako prestatu behar dugula. c Ba al dugu Jehobarengan konfiantza? Hala bada, orain prestatuko gara, hondamendia etorri aurretik.

Aldez aurretik prestatzeak bizirik ateratzen lagundu zaitzake (Ikusi 11. paragrafoa) d

11. Zer ikasten duzu Margareti gertatutakoari buruz?

11 Ikus dezagun Margaret izeneko arrebari zer gertatu zitzaion. Bizi zen inguruan sute bat piztu zenean, agintariek ebakuatzeko agindua eman zuten. Inguruan bizi ziren guztiak ihes egiten saiatu zirenez, bideek segituan gainezka egin zuten eta trafikoa ez aurrera eta ez atzera geratu zen. Bidea ke beltzez bete zen eta Margaretek ezin izan zuen kotxetik atera denbora batez. Baina ondo prestatuta zegoen. Poltsan zonaldeko mapa bat zuenez, handik ateratzeko beste bide bat aurkitu zuen. Gainera, larrialdiren bat gertatzen bazen ere, aldez aurretik bide hartatik ibilia zen. Horrela, ez zuen arazo handirik izan handik ateratzeko. Prestaketari esker, Margaret bizirik atera zen.

12. Zergatik betetzen ditugu segurtasun neurriak?

12 Denok babesteko, agintariek etxeratze aginduak, ebakuazio aginduak edo beste instrukzio batzuk ematen dizkigute. Dituzten gauza materialak salbatu nahi dituztenez, batzuek ez dute obeditzen, edo ez dute berehala egiten. Baina, zer egiten dugu kristauok? Bibliak esaten digu: «Jaunarengatik, izan zaitezte buruzagi guztien menpeko: bai buruzagi den erregearen menpeko, bai eta gobernarien menpeko ere, harek ezarriak baitira» (1 P 2:13, 14, EABLB). Jainkoaren erakundeak geure burua babesteko jarraibide batzuk ere ematen dizkigu. Adibidez, adindunei gurekin harremanetan jartzeko datu eguneratuak emateko eskatzen digu. Egin al duzu? Agian, aurrea eramaten dutenek etxean geratzeko, ebakuatzeko edo larrialdietarako behar ditugun gauzak lortzeko esango digute, baita besteei noiz eta nola lagundu ere. Kasurik egiten ez badugu, geure bizia eta adindunena arriskuan jarri dezakegu. Gogoratu gizon leial hauek gutaz arduratzen direla (Heb 13:17). Margaretek esan zuen: «Argi daukat adindunen eta erakundearen instrukzioak obeditzeak bizia salbatu zidala».

13. Zerk ematen die kristau askori poza eta bakea nahiz eta etxetik alde egin behar izan?

13 Hondamendiengatik, gerrengatik edo istiluengatik anai-arreba askok etxetik alde egin behar izan dute. Egoera berrira moldatzeko ahal duten guztia egin dute eta berehala murgildu dira gauza espiritualetan. Lehen mendeko kristauek bezala egiten dute. Pertsekuzioagatik sakabanatuak izan zirenean, berri onak zabaltzen jarraitu zuten (Eg 8:4). Predikazioari esker, beraien egoera zailean pentsatu beharrean, Erreinuan zentratzen dira. Ondorioz, poza eta bakea izaten jarraitzen dute.

NOLA SENTITU BAKEAN PERTSEKUZIOA JASATEAN

14. Nola hautsi dezake pertsekuzioak gure bakea?

14 Normalean, elkarrekin bildu, predikatu eta eguneroko gauzak askatasunez eta atxilotuak izateko beldurrik gabe egin ditzakegunean, lasai eta zoriontsu sentitzen gara. Baina, pertsekuzioaren ondorioz horrelako gauzak ezin ditugunean egin, bakea galtzen dugu. Gainera, gero zer gertatuko den pentsatzean, urduri jarri gaitezke. Horrela sentitzea normala den arren, kontuz ibili behar dugu. Jesusek esan zuenez, pertsekuzioagatik bere jarraitzaile batzuek fedea galdu zezaketen (Jn 16:1, 2). Beraz, zer egin dezakegu, pertsegituak izan arren, bakea ez galtzeko?

15. Zergatik ez dugu pertsekuzioaren beldur izan behar? (Joan 15:20; 16:33)

15 Bibliak esaten digu: «Kristo Jesusen jarraitzaile zintzo bezala bizi nahi duten guztiek ere izango dituzte, bai, erasoaldiak» (2 Tm 3:12). Andrei izeneko anaia baten herrialdean gure lana debekatuta zegoen. Asko kostatzen zitzaion guztiak pertsegituak izango zirela pentsatzea. Honela arrazoitzen zuen: «Lekuko gehiegi gara hemen. Ezinezkoa da agintariek gu denok atxilotzea». Horrela pentsatzeak ez zion bakerik ematen. Kontrakoa, urduri jartzen zuen. Beste anai-arrebek, horrela pentsatu beharrean, gauzak Jehobaren eskuetan utzi zituzten. Bai, bazekiten atxilotuak izan zitezkeela. Baina, Andrei baino lasaiago bizi ziren. Andrei beraien jarrera izaten hasi zen eta Jehobarengan jarri zuen konfiantza. Orduan bakea berreskuratu zuen eta zailtasunak izan arren, pozik sentitu zen. Berdin-berdin gertatu daiteke gurekin. Bai, egia da Jesusen arabera pertsegituak izango ginela, baina leial izaten jarraitu ahalko genuela ere ziurtatu zuen (Irakurri Joan 15:20; 16:33).

16. Zer instrukzio obeditu behar ditugu pertsegituak izatean?

16 Gure lana debekatzen dutenean edo asko murrizten denean, sukurtsalaren eta adindunen partetik instrukzioak jaso ditzakegu. Instrukzio hauek gu babesteko, janari espirituala jasotzen jarraitzeko eta ahal dugun neurrian predikatzen jarraitzeko jasotzen ditugu. Zergatik ematen diren guztiz ulertzen ez duzunean ere, obeditu (St 3:17NWT). Gainera, ez eman inoiz anai-arrebei edo kongregazioari buruzko informaziorik, jakiteko eskubiderik ez duenari (Koh 3:7).

Zerk lagunduko dizu momentu latzetan ere bakea sentitzen? (Ikusi 17. paragrafoa) e

17. Lehen mendeko apostoluak bezala, zer egiteko prest gaude?

17 Zein da Satanasek Jainkoaren herriaren aurka gerra egiteko arrazoi nagusietako bat? «Jesusen testigantza leial» ematen dugula (Ap 12:17). Baina, ez zaitzala Satanas eta bere munduak beldurtu. Oposizioa izan arren, predikatzen eta irakasten jarraitzen badugu, bakea eta poza sentituko dugu. Lehen mendean agintari juduek apostoluei predikatzeari uzteko agindu zieten. Baina, beraiek Jainkoari obeditu eta predikatzen jarraitu zuten. Ondorioz, zoriontsu sentitu ziren (Eg 5:27-29, 41, 42). Noski, gure lana mugatuta badago, predikatzean kontuz ibili behar dugu (Mt 10:16). Baina ahal dugun guztia egiten badugu, bakean sentituko gara. Zergatik? Jehoba gurekin pozik egongo delako eta ematen dugun mezuak biziak salbatzen dituelako.

«BAKEA EMATEN DIGUN JAINKOA ZEUEKIN IZANEN DUZUE»

18. Nork eman ahal digu behar dugun bakea?

18 Ez egin zalantzarik, garai latzenetan ere, bakea izan dezakegu. Horrelakoetan, gogoratu dezagun behar dugun bakea Jainkoaren bakea dela, Jehobak bakarrik eman dezakeena. Izurriteak, hondamendiak edo pertsekuzioa jasatean, izan berarengan konfiantza. Ez aldendu bere erakundetik. Begiratu aurrean duzun etorkizun zoragarriari. Hori egitean, «bakea ematen digun Jainkoa zeuekin izanen duzue» (Flp 4:9). Anai-arreba asko artikulu honetan aipatu ditugun zailtasunak pasatzen ari dira. Hurrengoan, Jainkoaren bakea lortzen nola lagundu ahal diegun ikusiko dugu.

sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu

a Jehobak bakea emango diela hitz ematen die bera maite dutenei. Zer da Jainkoak ematen duen bakea, eta nola aurkitu dezakegu? Nola lagundu gaitzake «Jainkoaren bakeak» izurrite bati, hondamendi bati edo pertsekuzioari aurre egitean? Galdera hauek erantzungo ditu artikulu honek.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.

c Ikusi «Prestaturik al gaude istiluei aurre egiteko?» artikulua 2022⁠ko maiatzeko lan-koadernoan, edo «Cuando golpea un desastre. Qué hacer para sobrevivir» («Catastrophes : des mesures qui sauvent des vies») artikulua Despertad! (Réveillez-vous !) aldizkariaren 2017⁠ko 5. alean.

d IRUDIEN AZALPENAK: Arreba bat aldez aurretik prestatu zen bere etxea utzi ahal izateko.

e IRUDIEN AZALPENAK: Gure lana mugatuta dagoen herrialde batean bizi den anaia batek kontu handiz predikatzen jarraitzen du.