Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

33. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobak bere herria zaintzen du

Jehobak bere herria zaintzen du

«Jaunak ditu zaintzen begirune diotenak» (SAL 33:18).

sn 22. KANTA Jehoba dut artzain

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zergatik eskatu zion Jesusek Jehobari bere jarraitzaileak zaintzeko?

 HIL aurreko gauean, Jesusek bere Aitari oso gauza berezia eskatu zion: bere jarraitzaileak babesteko eta zaintzeko (Jn 17:15, 20). Noski, Jehobak beti zaindu eta babestu du bere herria. Hala ere, Jesusek bazekien bere jarraitzaileek inoiz jasandako oposiziorik handiena jasango zutela. Jehobaren laguntzarik gabe, ezingo zieten Satanasen erasoei aurre egin.

2. 33. Salmoa 18-20 pasartearen arabera, zergatik ez dugu zailtasunen beldur izateko arrazoirik?

2 Gaur egun ere, Satanasen munduak sekulako presioa egiten digu benetako kristauoi. Ondorioz, desanimatu egin gaitezke edota zaila izan daiteke Jehobari leial mantentzea. Baina artikulu honetan ikusiko dugun bezala, ez dugu beldur izateko arrazoirik. Jehoba gu zaintzen ari da. Ondo daki zer gertatzen zaigun eta lagundu nahi digu. Aztertu ditzagun Bibliako bi adibide Jehobak nola zaintzen gaituen ikusteko (Irakurri 33. Salmoa 18-20).

BAKARRIK SENTITZEN GARENEAN

3. Noiz sentitu gaitezke bakarrik?

3 Anai-arrebez inguratuta egon arren, batzuetan bakarrik sentitu gaitezke. Adibidez, gazteak, eskolan bere sinesmenak defendatu behar dituztenean edota kongregazio berri batera joaten direnean, bakarrik sentitu daitezke. Gutako batzuk triste sentitzen gara eta emozio negatiboei aurre egiten diegu, sentimendu hauek gure kabuz gainditu behar ditugula pentsatuz. Agian barruan duguna kontatzea kostatzen zaigu, ez gaituztela ulertuko pentsatzen dugulako. Inor ez dela gutaz arduratzen pentsatzera ere iritsi gaitezke. Bakarrik sentitzeko arrazoia zein den axola gabe, babesgabe eta urduri sentitu gaitezke. Baina Jehobak ez du nahi gu horrela sentitzerik. Nola dakigu hori?

4. Zergatik esan zuen Elias profetak: «Ni bakarra gelditu naiz»?

4 Pentsa dezagun antzinako Eliasen ereduan. Jezabelek hil egingo zuela esan zuenetik, 40 egunez ihesean ibili zen (1 Erg 19:1-9). Azkenean, kobazulo batean bakar-bakarrik zegoela, zeharo beldurtuta, esan zion Jehobari: «Ni bakarra gelditu naiz» (1 Erg 19:10). Baina oraindik bazeuden Israelen profeta gehiago: Obadiasek 100 salbatu zituen Jezabelen eskuetatik (1 Erg 18:7, 13). Orduan, zergatik sentitzen zen hain bakarrik? Karmelo mendian Jehobak benetako Jainkoa zela frogatu zuenean, inor ez zelako berarekin batera Jehoba zerbitzatzen hasi? Agian 100 profeta haiek momentu horretan hilda zeudela pentsatuko zuen. Edo akaso inork ez zekiela nolako arriskua pasatzen ari zen edo ez zitzaiola inori inporta. Bibliak ez du esaten zehatz-mehatz zergatik sentitu zen horrela, baina bai Jehobak bere sentimenduak ulertu zituela eta bazekiela laguntzeko zehazki zer egin behar zuen.

Bakarrik sentitzen garenean, nola kontsolatzen gaitu Jehobak Eliasi lagundu zion moduan pentsatzeak? (Ikusi 5 eta 6 paragrafoak)

5. Nola ziurtatu zion Jehobak Eliasi ez zegoela bakarrik?

5 Jehobak Eliasi modu desberdinetan lagundu zion. Adibidez, hitz egitera animatu zuen. Bi aldiz galdetu zion: «Zertan zaude hemen, Elias?» (1 Erg 19:9, 13). Bi aldi horietan Jehobak adi-adi entzun zuen Eliasek barruan zuena kontatu zionean. Berarekin zegoela eta oso boteretsua dela erakutsiz erantzun zion. Gainera, oraindik ere Bera adoratzen zuten israeldar asko zeudela esan zion (1 Erg 19:11, 12, 18). Dudarik gabe, Elias lasai-lasai geldituko zen Jehobari bihotza zabaldu ziolako eta bere erantzuna ikusi zuelako. Bestalde, Jehobak inportantea zen zerbait egiteko esan zion: Hazael Siriako errege, Jehu Israelgo errege eta Eliseo profeta bezala gantzutzeko eskatu zion (1 Erg 19:15, 16). Lan hauek emanez, gauza positiboetan pentsatzen lagundu zion Jehobak. Gainera adiskide bat eman zion, Eliseo. Nola jaso dezakezu Jehobaren laguntza bakarrik sentitzen bazara?

6. Zertaz egin dezakegu otoitz bakarrik sentitzen garenean? (62. Salmoa 9 [62:8, NWT])

6 Jehobak berari otoitz egitera gonbidatzen zaitu. Badaki nola sentitzen zaren, eta edozein momentutan entzuteko prest dagoela ziurtatzen dizu (1 Ts 5:17). Bere zerbitzarien otoitzak entzutea izugarri gustatzen zaio (Es 15:8). Zertaz hitz egin ahal diogu? Eliasek egin zuen bezala, zabaldu zure bihotza Jehobari (Irakurri 62. Salmoa 9 [62:8, NWT]). Zure kezkak eta sentimenduak adierazi. Triste edo bakarrik sentitzen zarenean, zer egin jakiteko laguntza eskatu. Adibidez, eskolan zure sinesmenak defendatzean beldur bazara, eskatu Jehobari hitz egiteko ausardia. Eskaiozu zer eta nola esan jakiteko laguntza (Lk 21:14, 15). Eta emozio negatiboekin borrokan bazabiltza? Erregutu Kristau heldu batekin hitz egiteko indarra. Eskatu anaia edo arreba horrek zu ulertzeko gaitasuna izan dezan. Zabaldu zure bihotza Jehobari, zure otoitzak nola erantzuten dituen ikusi eta besteen laguntza onartu. Horrela ez zara hain bakarrik sentituko.

Bilatzen al dituzu besteekin batera gehiago predikatzeko aukerak? (Ikusi 7. paragrafoa)

7. Zer ikasten duzu Mauricioren bizipenetik?

7 Jehobak guztioi eman digu egiteko lan polit bat. Ziur egon gaitezke kongregazioan eta predikatze-lanean egiten ditugun ahalegin guztiak ikusi eta estimatzen dituela (Sal 110:3NWT). Nola lagundu zaitzake lanpetuta egoteak bakarrik sentitzen zarenean? Ikusi zer gertatu zitzaion Mauricio izeneko gazte bati. b Bataiatu eta gutxira, bere lagun min bat pixkanaka egia uzten hasi zen. «Ondorioz, neure buruan konfiantza galtzen hasi nintzen», aitortzen du Mauriciok. «Jehoba zerbitzatzeko gai izango ote nintzen zalantzan jartzen nuen. Bakarrik sentitzen nintzen eta inork ez ninduela ulertuko pentsatzen nuen». Zerk lagundu zion? «Gehiago predikatzen hasi nintzen», kontatzen du. «Besteekin predikatzean, ez nintzen hainbeste neure buruan zentratzen eta emozio negatiboak alde batera uzteko gai izan nintzen. Honek pozik egoten eta bakarrik ez nengoela ikusten lagundu zidan». Agian, ezin dugu anai-arrebekin predikatzeko fisikoki elkartu. Hala ere, horrelakoetan elkarrekin telefonoz edo gutunez predikatzeak indarberritu egiten gaitu. Zer gehiagok lagundu zion Mauriciori? «Kongregazioan lan gehiago egitea erabaki nuen. Gogor saiatu nintzen nire aurkezpenak prestatzen eta egiten. Honi esker, Jehoba eta beste anai-arrebek asko estimatzen nindutela sentitu nuen».

PROBA LATZEI AURRE EGIN BEHAR DIEGUNEAN

8. Zer eragin izan dezakete proba latzek gugan?

8 Badakigu azken egun hauetan proba latzak jasango ditugula (2 Tm 3:1). Batzuek ustekabean harrapatuko gaituzte. Adibidez, arazo ekonomikoak, gaixotasun larri bat edo maite dugun norbaiten heriotza. Hauek kolpe handia izan daitezke eta lur jota utzi gaitzakete, bereziki bata bestearen atzetik datozenean edo denak batera. Horrelakoetan, gogoratu dezagun Jehobak zaintzen gaituela eta probei aurre egiten lagunduko digula.

9. Zer proba izan zituen Jobek?

9 Jehobak antzinako Jobi lagundu zion. Ikusi dezagun nola. Jobek oso denbora gutxian kolpe izugarriak jasan zituen bizitzan. Egun bakar batean azienda galdu zuen, bere zerbitzariak hil ziren eta, are okerrago, seme-alaba guztiak heriotzean galdu zituen (Jb 1:13-19). Gainera, handik gutxira, oraindik bihozmin izugarria zuela, goitik behera zauriz bete zuen gaixotasun nazkagarri batek jo zuen (Jb 2:7). Hain tamalgarria zen bere egoera, honako hau esan zuela: «Nire bizitza gorroto dut, ez dut bizitzen jarraitu nahi» (Jb 7:16NWT).

Zainduko zuela ziurtatzeko, Jehobak bere sorkuntza zaintzen duela gogoratu zion Jobi (Ikusi 10. paragrafoa)

10. Nola lagundu zion Jehobak Jobi proba latzak jasaten? (Ikusi azaleko irudia)

10 Jehoba Job zaintzen ari zen. Maite zuenez, probak gainditzeko behar zuena eman zion. Jobekin hitz egin zuenean, berak sortutako izakiei dien maitasuna eta bere aparteko jakinduria gogoratu zion. Animalia harrigarriez hitz egin zion (Job 38:1, 2; 39:9, 13, 19, 27; 40:15; 40:25, 26 [41:1, 2, NWT]). Gainera, Elihu gaztea erabili zuen Job animatzeko eta kontsolatzeko, baita beharrezko aholkua emateko ere. Elihuren bidez, bere zerbitzari leialak beti saritzen dituela ziurtatu zion. Unibertsoko sortzailearekin konparatuta, zein txikiak garen ere gogoratu zion. Horrela, bere buruan hainbeste ez pentsatzen lagundu zion (Jb 37:14). Jehobak zeregin bat ere eman zion: bekatu egin zuten hiru gizonen alde otoitz egitea (Jb 42:8-10). Nola laguntzen digu gaur egun Jehobak proba latzak jasaten ditugunean?

11. Nola laguntzen digu Bibliak probak jasaten ditugunean?

11 Jehobak Jobekin zuzenean hitz egin zuen, baina gurekin ez du horrela egiten. Bere Hitza, Biblia, erabiltzen du gurekin komunikatzeko (Erm 15:4). Etorkizunerako esperantza bat emanez kontsolatu egiten gaitu. Ikusi ditzagun probei aurre egiteko Biblian azaltzen dizkigun ideia animagarri batzuk. Proba latzenak ere ez gaitu Jehobaren maitasunetik aldenduko (Erm 8:38, 39). Jehoba otoitzean «dei egiten diotenengandik» hurbil dago (Sal 145:18). Berarengan konfiantza jartzen badugu, edozein zailtasuni aurre egingo diogu eta, sufritzen badugu ere, zoriontsu izan gaitezke (1 Ko 10:13; St 1:2, 12). Jainkoaren Hitzak probak amaituko direla eta, betiko bizitzarekin konparatuta, motzak direla gogoratzen digu (2 Ko 4:16-18). Jehobak gure zailtasun guztien iturria, Satanas eta bere jarraitzaileak, suntsituko dituela promesten digu (Sal 37:10). Ikasi al dituzu buruz etorkizunean probei aurre egiten lagunduko dizuten Biblia pasarte batzuk?

12. Zer nahi du Jehobak guk egitea?

12 Jehobarentzat inportantea da guk Biblia irakurtzeko eta hausnartzeko ohitura izatea eta horretarako denbora hartzea. Ikasitakoa praktikan jarri ahala, gure fedea sendotzen da eta gure zeruko Aitarengana gerturatzen gara. Honek probei aurre egiteko prestatzen gaitu. Biblian konfiantza badugu, Jehobak espiritu santua emango digu. Honi esker, normala baino handiagoa den indarra lortuko dugu edozein zailtasunen aurrean irauteko (2 Ko 4:7-10).

13. Nola laguntzen digu proben aurrean irauten morroi leial eta zentzudunak ematen digun janari espiritualak?

13 Jehobak «morroi leial eta zentzuduna» erabiltzen du gure fedea sendotu dezagun eta espiritualki erne egon gaitezen (Mt 24:45). Horretarako morroiak argitalpen, bideo eta musika ugari plazaratzen du. Behar-beharrezkoa da beraz Jehobak ematen digunari mamia ateratzea. Duela gutxi, Estatu Batuetako arreba batek asko eskertu zuen jasotzen dugun janari espiritual guztia. Esan zuen: «Jehoba 40 urtez zerbitzatu dut eta, denbora horretan zehar, nire integritatea probapean egon da askotan». Adibidez, auto gidari mozkor batek istripu batean bere aitona hil zuen, bere gurasoak gaixotasun larri baten ondorioz hil ziren eta berak bi minbizi pasa ditu. Zerk lagundu dio irauten? Berak dio: «Jehobak beti zaindu nau. Morroiaren bidez eman didan janari espiritualak irauten lagundu dit. Honi esker, Jobek esan zuena esan dezaket: “Hil arte ez diot uko egingo nire integritateari!”» (Jb 27:5NWT).

Nola lagundu ditzakegu kongregazioko anai-arrebak? (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Nola erabiltzen ditu Jehobak anai-arrebak probak ditugunean laguntzeko? (1 Tesalonikarrei 4:9)

14 Jehobak prestatu egiten gaitu momentu zailetan elkar maitatzeko eta kontsolatzeko (2 Ko 1:3, 4; Irakurri 1 Tesalonikarrei 4:9). Elihuren antzeko anai-arrebak, zailtasunak pasatzen ditugunean, laguntzeko irrikitan daude (Eg 14:22). Adibidez, ikus dezagun Diane izeneko arreba bati gertatutakoa. Bere senarrak gaixotasun larri bat sufritu zuenean, kongregazioak asko lagundu zion espiritualki sendo mantentzen. Dianek dio: «Oso gogorra izan zen. Baina hilabete zail horietan zehar, Jehobaren beso goxo eta indartsuak sentitu nituen. Kongregazioa hortxe egon zen laguntzeko. Aurrera egiteko behar genituen bisitak, deiak eta besarkadak jaso genituen. Gidatzen ez dakidanez, ahal nuenean bileretara eta predikatzera joaten laguntzen zidaten». Zein polita den horrelako familia maitagarri baten parte izatea!

JEHOBAREN ZAINTZA ESKERTU

15. Zergatik gaude ziur bizitzako kolpeei aurre egingo diegula?

15 Modu batera edo bestera denok izango ditugu probak. Baina, ikusi dugun bezala, ez gaude bakarrik. Aita maitekor baten antzera, Jehobak beti zaintzen gaitu. Ondoan dugu gure erreguak entzuteko prest eta laguntzeko irrikitan (Is 43:2). Ziur gaude bizitzako kolpeei aurre egingo diegula Jehobak behar dugun guztia eskuzabaltasunez eman baitigu: otoitza, Biblia, janari espiritual ugari eta maite gaituen anaiartea.

16. Zer egin dezakegu Jehobaren zaintzaz gozatzeko?

16 Zenbat eskertzen dugun Jehobaren zaintza! «Harengandik datorkigu bihotzeko poza» (Sal 33:21). Erakutsi dezagun eskertuta gaudela eman digun guztia ondo aprobetxatzen. Hala ere, bere zaintzaz gozatzeko bera obeditzen eta nahi duena egiten jarraitu behar dugu. Horrela egin ezkero, Jehobak betirako zainduko gaitu! (1 P 3:12).

sjj 30. KANTA Ene Jainkoa, Aita eta lagun mina

a Gaur egun ditugun zailtasunak gainditzeko, Jehobaren laguntza behar dugu. Artikulu honek Jehobak zainduko gaituela ziurtatzen digu. Badaki gutako bakoitzak zer arazo duen eta gainditzeko behar duguna ematen digu.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.