Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

35. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Segi «batak bestea sendotzen»

Segi «batak bestea sendotzen»

«Segi elkar animatzen eta batak bestea sendotzen» (1 TS 5:11NWT).

sjj 90. KANTA Bata besteari adore eman

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. ⁠1 Tesalonikarrei 5:11⁠ren arabera, zer proiektutan parte hartzen dugu guztiok?

 ZURE kongregazioak bilera aretoa eraiki edo berritu al du noizbait? Hala bada, seguraski oraindik gogoratzen duzu lehenengo bileran sentitu zenuen emozioa. Jehobak egindakoagatik esker onez beteta egongo zinen. Agian, malkoei ezin eutsirik abestu zenuen lehen kanta. Gure bilera areto politek Jehoba goresten dute. Baina badago Jehoba gehiago goresten duen beste proiektu bat: eraikin horietara joaten direnak sendotzea. Horiek eraikin fisikoak baino baliotsuagoak dira. Paulo apostoluak, artikulu honetako aipu nagusian, «eraiki» esan nahi duen hitz bat erabili zuen batak bestea sendotu behar dugula esateko (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:11NWT *).

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Paulok ondo zekien anai-arrebak nola sendotu. Enpatia izan zuen. Artikulu honetan, anai-arrebak hiru arlo hauetan nola lagundu zituen ikusiko dugu: 1) zailtasunen aurrean irauten, 2) bata bestearekin bakean egoten, eta 3) Jehobarengan zuten fedea indartzen. Ikus dezagun nola imitatu dezakegun Paulo anai-arrebak sendotzean (1 Ko 11:1).

ZAILTASUNEN AURREAN IRAUTEN

3. Zer ikuspuntu orekatsu zuen Paulok?

3 Paulok anai-arrebak asko maite zituen. Berak ere zailtasunak izan zituen. Beraz, ondo ulertzen zituen eta errukia eta enpatia erakusten zien. Adibidez, behin, dirurik gabe gelditu zen eta bera eta berarekin zeudenek behar zutena izateko, lan bila hasi zen (Eg 20:34). Bere lanbidea oihal-etxolak egitea zen. Korintora iritsi zenean, hasieran Akila eta Priszilarekin lanean hasi zen. Baina «larunbatero», juduei eta greziarrei predikatzen zien. Silas eta Timoteo etorri zirenean berriz, «Paulok mezuaren predikuari eman zion erabat» (Eg 18:2-5). Paulok beti argi izan zuen bere bizitzan inportanteena zer zen: Jehoba zerbitzatzea. Zentzu guztietan langile peto-petoa zenez, anai-arrebak animatu zitzakeen. «Garrantzitsuenak diren gauzez», hau da, Jehobaren adorazioaz ziurtatzeko gogoratu zien, nahiz eta bizitzan presioak izan eta familiari beharrezkoa emateko ardura eduki (Flp 1:10NWT).

4. Nola lagundu zieten Paulo eta Timoteok anai-arrebei pertsekuzioari aurre egiten?

4 Tesalonikako kongregazioa sortu eta gutxira, kristau berri hauek sekulako oposizioa jasan zuten. Aurkari talde batek Paulo eta Silas aurkitu ez zituenean, amorru biziz, «zenbait senide» hiriko agintarien aurrera arrastaka eraman zituen, oihukatuz: «Hauek guztiok enperadorearen aginduen aurka ari dira» (Eg 17:6, 7). Kristau berri hauek izugarrizko beldurra sentituko zuten hiriko gizonak beraien aurka altxatu zirela jakin zutenean. Anai-arreba haiek Jehobaren zerbitzuan desanimatu zitezkeen, baina Paulok ez zuen hori gertatzerik nahi. Bera eta Silas handik joan behar izan arren, kongregazio berria ondo zainduta egoteko beharrezkoa egin zuten. Paulok tesalonikarrei honakoa gogoratu zien: «Timoteo, gure anaia […] sendo eta adore zintzaten bidali nizuen, eta gertatzen zitzaizkizuen atsekabeengatik inor gainbehera etor ez zedin» (1 Ts 3:2, 3). Timoteok ere seguruenik bere herrian, Listran, pertsekuzioa jasan zuen eta Paulok anai-arrebak nola animatu zituen ikusi zuen. Jehobak nola lagundu zien ikusita, anai-arrebei beraien kasuan ere dena ondo joango zela ziurtatu ahal zien (Eg 14:8, 19-22; Heb 12:2).

5. Nola lagundu zion adindun batek Bryanti?

5 Zer gehiago egin zuen Paulok anai-arrebak animatzeko? Bernaberekin batera berriz bisitatu zituenean, Listra, Ikonio eta Antiokiako kongregazioetan «adindunak izendatu zituzten» (Eg 14:21-23). Adindun haiek asko animatu zituzten anai-arrebak, gaur egun egiten duten bezala. Bryant izeneko anaia batek honakoa dio: «15 urte nituenean, aitak etxetik alde egin zuen eta ama kanporatua izan zen. Abandonatuta eta lur jota sentitu nintzen». Zerk lagundu zion momentu zail haietan? «Adindun batek, Tonyk, nirekin hitz egiten zuen bileretan eta beste momentu batzuetan. Zailtasunak izan arren zoriontsu zirenei buruz hitz egin zidan. 27. Salmoa 10⁠a nirekin konpartitu zuen eta askotan Ezekiasi buruz hitz egiten zidan. Bere aita eredu ona ez izan arren, bera leial mantendu zen». Nola lagundu zion guzti honek Bryanti? «Tonyk emandako animoari esker», dio berak, «aurrerago, denbora osoko zerbitzuan hasi nintzen». Adindunok, adi al zaudete behar duenari «hitz gozoak» esateko? (Es 12:25).

6. Zer gehiago egin zuen Paulok anai-arrebak animatzeko?

6 Paulok anai-arrebei «hainbat eta hainbat testiguk», Jehobaren laguntzari esker, zailtasunen aurrean iraun zutela gogoratu zien (Heb 12:1). Paulok bazekien zenbateko eragina zuen beraiengan iraganeko zerbitzariei gertatutakoa gogoratzeak. Animo handia eman eta «Jainko biziaren hirira» begiratzen laguntzen zien (Heb 12:22). Gaur egun ere, gauza bera gertatzen da. Gedeon, Barak, Dabid, Samuel eta beste batzuei Jehobak nola lagundu zien irakurtzean, nor ez da animatuta sentitu? (Heb 11:32-35). Gauza bera esan dezakegu gaur egungo fede ereduei buruz. Biografia horiek irakurtzeak anai-arreba askori fedea sendotu die. Horixe esaten digute egoitza nagusira bidaltzen dizkiguten eskutitz askotan.

BATA BESTEAREKIN BAKEAN EGOTEN

7. Zer ikasten duzu Paulok Erromatarrei 14:19-21 pasartean esandakotik?

7 Anai-arrebak sendotuko ditugu egiten eta esaten dugunarekin kongregazioan bakea bultzatzen badugu. Nahiz eta iritzi desberdinak izan, ez dugu kongregazioko batasuna hausten. Eta Biblia printzipiorik tartean ez badago, ez gara burugogortzen. Adibidez, Erromako kongregazioa juduz eta jentilez osatuta zegoen. Moisesen legea kendu zenean, janari batzuk jateko debekua ere desagertu zen (Mk 7:19). Handik aurrera, judutar kristau batzuek edozein janari jan zezaketela pentsatzen zuten. Beste batzuek aldiz, ez zuten berdina pentsatzen. Kongregazioan gai honen inguruan banaketak sortu ziren. Paulok bakea mantentzearen garrantzia azpimarratu nahi izan zien honakoa esanez: «Hobe duzu haragia, ardoa edo dena delakoa utzi, horiek zure senideari oztopo baldin bazaizkio» (Irakurri Erromatarrei 14:19-21). Paulok, beraz, eztabaidak sortzea kongregazioarentzat eta anai-arrebentzat arriskutsua zela ikusten lagundu zien. Gainera, besteentzat oztopo ez izateko, bere jokabidea aldatzeko prest egon zen (1 Ko 9:19-22). Gu ere, iritzi pertsonalen inguruan ez badugu eztabaidarik sortzen, besteak sendotzen eta kongregazioan bakea mantentzen ariko gara.

8. Zer egin zuen Paulok gai inportante batek kongregazioko bakea kolokan jarri zuenean?

8 Paulo gai garrantzitsu batzuetan ez zen beti ados egon besteekin baina, hala ere, bakea mantendu zuen eta eredu bikaina jarri zigun. Adibidez, lehen mendeko batzuek, agian judutarren kritikak ez jasotzeko, kristau bihurtutako jentilek erdaindu egin behar zutela esaten zuten (Ga 6:12). Paulo ez zegoen horrekin batere ados baina, hala ere, ez zuen bere iritzia inposatu. Apaltasunez, Jerusalemen zeuden apostolu eta adindunengana jo zuen aholku bila (Eg 15:1, 2). Horrela jokatuz, anai-arrebei kongregazioan poza eta bakea mantentzen lagundu zien (Eg 15:30, 31).

9. Nola jarraitu dezakegu Pauloren eredua?

9 Guk ere kongregazioan eztabaidak sortzen direnean, bakea mantentzen lagundu dezakegu. Nola? Jehobak kongregazioa zaintzeko izendatu dituen gizonen gida jarraituz. Askotan, Biblian oinarritutako gida hori erakundeak emandako argitalpenetan eta jarraibideetan aurkitu dezakegu. Gure iritzia zuzenena dela esaten ibili beharrean, instrukzio horiek jarraitzen baditugu, kongregazioan bakea mantentzen lagunduko dugu.

10. Zer gehiago egin zuen Paulok kongregazioan bakea bultzatzeko?

10 Paulok beste zerbait egiten zuen bakea bultzatzeko: anai-arreben ezaugarri onak azpimarratzen zituen eta ez txarrak. Hori argi ikusten da erromatarrei idatzitako gutunaren amaieran. Azken hitz hauetan, jende asko aipatu zuen izenez, kasu gehienetan pertsonari buruzko gauza onak kontatuz. Oso ona da guk ere besteen ezaugarri politez hitz egitea. Horrela egiten badugu, kongregazioko anai-arrebak elkarren artean gerturatzen lagunduko ditugu eta horrek kongregazioan dagoen maitasuna sendotuko du.

11. Nola egin ditzakegu bakeak?

11 Batzuetan, kristau helduek ere eztabaidak izan ditzakete. Lagun minak izan arren, horixe da Paulo eta Bernaberi gertatu zitzaiena. Hurrengo misiolari bidaian Markos eraman ala ez erabaki behar zuten eta ez zeuden batere ados. «Biziki haserretu ziren biak» eta bakoitza bere aldetik joan zen (Eg 15:37-39). Baina Paulo, Bernabe eta Markosek bakeak egin zituzten eta, horrela, kongregazioan bakea eta batasuna egotea beraientzat zein inportantea zen erakutsi zuten. Beranduago, Paulok Markos eta Bernaberi buruz ondo hitz egin zuen (1 Ko 9:6; Kol 4:10). Guk ere gure arteko arazoak konpondu eta anai-arreben ezaugarri onetan fijatu behar dugu. Hori eginez, bakea eta batasuna bultzatuko dugu (Efesoarrei 4:3).

ANAI-ARREBEN FEDEA INDARTZEN

12. Zer zailtasun dituzte gure anai-arrebek?

12 Anai-arrebak sendotu ditzakegu Jehobarengan duten fedea indartzen badiegu. Batzuek familiaren, lankideen eta eskolakideen burlak jasaten dituzte. Beste batzuek osasun arazoekin eta mindutako emozioekin borrokatu behar dute. Beste kristau batzuk orain dela urte asko bataiatu ziren eta denbora luzea daramate azkena noiz iritsiko zain. Hau guztia beraien fedearentzat proba bat izan daiteke. Lehen mendeko kristauek ere antzeko zailtasunak bizi izan zituzten. Zer egin zuen Paulok beraien fedea indartzeko?

Paulo apostoluak egin zuen bezala, zer egin dezakezu besteak sendotzeko? (Ikusi 13. paragrafoa) *

13. Nola lagundu zien Paulok beraien sinesmenengatik burlak jaso zituztenei?

13 Paulok Idazkiak erabili zituen anai-arreben fedea sendotzeko. Adibidez, lehen mendean, juduak ziren kristau batzuek, agian ez zekiten zer esan familiakoek judaismoa kristautasuna baino hobeagoa zela esaten zietenean. Dudarik gabe, Paulok hebrearrei idatzitako gutunak fedea asko indartuko zien (Heb 1:5, 6; 2:2, 3; 9:24, 25). Horri esker, arrazoi sinple baina, era berean, boteretsuak erabili zitzaketen beraien sinesmenak defendatzeko. Gaur egun ere, oposizioa jasaten duten anai-arrebei, beraien sinesmenak defendatu ditzaten, Biblian oinarritutako argitalpenetan arrazoiak bilatzen lagundu ahal diegu. Gure gazteek ere burla jasotzen dute kreazioan sinesteagatik. Nola lagundu ahal diegu bizia sortua izan zela frogatzen? Adibidez, Bizia: ustekabean sortua? eta Biziaren jatorria: Aztertzea merezi duten bost galdera liburuxketan arrazoiak bilatzen lagunduz.

Paulo apostoluak egin zuen bezala, zer egin dezakezu besteak sendotzeko? (Ikusi 14. paragrafoa) *

14. Nahiz eta predikatzen eta irakasten lanpetuta egon, zer egin zuen Paulok?

14 Paulok maitasuna ekintza bidez erakustera animatu zituen anai-arrebak (Heb 10:24). Ez zituen esaten zuenarekin bakarrik laguntzen, egiten zuenarekin ere bai. Adibidez, Judean gosete handi bat egon zenean, laguntza materiala eraman zien (Eg 11:27-30). Nahiz eta predikatzen eta irakasten oso lanpetuta egon, beharrean zeudenei laguntzeko moduak bilatzen zituen beti (Ga 2:10). Hori eginez, Jehobak zainduko zituela argi ikusi zezaketen. Paulok konfiantza hori indartu zien. Gaur egun ere, hondamendi bat gertatzean, gure denbora, ahaleginak eta trebetasunak anai-arrebei laguntzeko erabiltzen ditugunean, beraien fedea sendotzen dugu. Berdina gertatzen da dohaintzak emateko ohitura dugunean. Horrela eta beste modu batzuetan, gure anai-arrebei Jehobak ez dituela inoiz utziko gogoratzen diegu.

Paulo apostoluak egin zuen bezala, zer egin dezakezu besteak sendotzeko? (Ikusi 15 eta 16 paragrafoak) *

15, 16. Zer egin dezakegu fedean ahul daudenen alde?

15 Paulok fedean ahul zeudenak ez zituen bertan behera utzi. Errukia erakutsi zien eta, hitz egiterakoan, positiboa izan zen eta goxotasunez egin zuen (Heb 6:9; 10:39). Paulok hebrearrei idatzitako gutunean adibidez, aholkuak eman zizkien, baina «guk» eta «dugu» bezalako hitzak erabili zituen, berak ere aholku horiek praktikan jarri behar zituela onartuz (Heb 2:1, 3). Guk ere, Paulok bezala, fedean ahul daudenak ez ditugu alde batera uzten. Beraiengan interes handia erakutsiz sendotzen ditugu. Horrela, maite ditugula erakusten diegu. Hitz egiten dugun moduak esaten duguna baino askoz ere gehiago animatu dezake. Beraz, izan gaitezen atseginak eta goxotasunez hitz egin dezagun.

16 Jehobak ez ditu gure ekintza onak ahazten. Horixe gogoratu zien Paulok bere anai-arrebei (Heb 10:32-34). Guk ere gauza bera egin dezakegu fedean ahuldu den anaia edo arreba baten alde. Adibidez, egia nola ezagutu zuen edota Jehobaren eskua bere bizitzan nola ikusi duen galdetu ahal diogu. Ez galdu aukera paregabe hori. Gogoratu iezaiozu Jehobak ez duela inoiz berak erakutsitako maitasuna ahaztuko eta etorkizunean ez duela inoiz utziko (Heb 6:10; 13:5, 6). Oroitzapen horiei buruz hitz egiteak Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko gogoa berpiztu dezake.

«SEGI ELKAR ANIMATZEN»

17. Zer abilezia jarraitu behar dugu hobetzen?

17 Eraikuntza proiektu baten langileak bere abileziak hobetu ditzakeen bezala, guk ere elkar animatzeko proiektuan hobetu dezakegu. Iraganean zailtasunen aurrean iraun zutenen ereduak erabiliz, segi dezagun probak jasaten ari direnei laguntzen. Bultzatu dezagun bakea, adibidez, besteengan ikusten dituzun gauza onak esanez, bakea arriskuan dagoenean ez burugogortuz eta tirabirak daudenean bakeak eginez. Jarrai dezagun gure anai-arreben fedea ere sendotzen, esaterako, Bibliako egia inportanteak konpartituz, laguntza praktikoa emanez eta espiritualki ahul daudenak lagunduz.

18. Zer segi behar dugu egiten?

18 Eraikuntza proiektu teokratiko batean parte hartzen dutenak zoriontsu eta pozik sentitzen dira. Kongregazioa espiritualki indartzeko proiektuan parte hartzen badugu, zoriontsu eta pozik sentitu gaitezke. Eraikin bat denborarekin hondatu egiten da. Baina gure proiektuaren emaitzek betirako iraungo dute! Segi dezagun orduan «elkar animatzen eta batak bestea sendotzen» (1 Ts 5:11NWT).

sjj 100. KANTA Ondo hartu etxera datozkizunak

^ Bizitzen ari garen garaia oso zaila da. Gure anai-arrebek presio handia jasaten dute. Beraiek animatzeko moduak bilatzen baditugu, asko lagunduko ditugu. Horretarako oso lagungarria izango da Paulo apostoluaren eredua aztertzea.

^ 1 Tesalonikarrei 5:11NWT: «Horregatik, segi elkar animatzen eta batak bestea sendotzen, dagoeneko egiten ari zareten bezala».

^ IRUDIEN AZALPENA: Aita batek alabari gabonak ospatzeko presioari nola aurre egin irakasten ari da. Horretarako, gure argitalpenetan dauden aholkuak nola erabili ditzakeen erakusten ari da.

^ IRUDIEN AZALPENA: Bikote batek bere herrialdeko beste toki batera bidaiatu du laguntza lanetan parte hartzeko.

^ IRUDIEN AZALPENA: Adindun batek espiritualki ahuldu den anaia bat bisitatzen du. Duela urte batzuk elkarrekin egin zuten Aitzindari Eskolako argazkiak erakusten dizkio. Argazkiek bizitako momentu atseginak ekartzen dizkiote gogora. Anaiak Jehobaren zerbitzuak dakarren poza berriro sentitu nahi du. Denborarekin kongregaziora itzultzen da.