34. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Segi dezagun egia bizitzen
«Egiaren arabera bizi» (3 JN 4).
sjj 111. KANTA Zer-nolako poza dugun!
ZER AZTERTUKO DUGU? *
1. Nola laguntzen digu «egia» ezagutu genuen moduari buruz hitz egiteak?
«NOLA ezagutu zenuen egia?». Seguru askotan erantzun duzula galdera hau, hori baita anaia edo arreba bat ezagutzean egin ohi dugun galderetako bat. Jehoba nola ezagutu zuten entzutea eta egiak guretzako zer suposatzen duen kontatzea izugarri gustatzen zaigu (Erm 1:11). Horrelako elkarrizketetan, egia zein baliotsua den gogoratzen dugu. Gainera, «egiaren arabera» bizitzeko determinazioa handitu besterik ez da egiten. Beste hitz batzuetan, Jehobaren bedeinkapen eta onespena lortzeko moduan bizi nahiko dugu (3 Jn 4).
2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Artikulu honetan, egia maitatzeko ditugun arrazoi batzuk errepasatuko ditugu. Maitasun hori bizi-bizi mantentzeko zer egin behar dugun ere ikusiko dugu. Horrela, are gehiago estimatuko dugu Jehobak egiara erakarri izana (Jn 6:44). Gainera, egia besteekin konpartitzeko gogoa indarberrituko digu.
ZERGATIK MAITE DUGU EGIA?
3. Zein da egia maitatzeko arrazoirik inportanteena?
3 Egia maitatzeko arrazoi asko ditugu. Inportanteena egiaren iturria, Jehoba, maite dugula da. Bibliari esker, bera ezagutzera iritsi gara. Ez da zeru-lurren Sortzaile ahalguztiduna bakarrik. Gutaz arduratzen den Aita maitekorra ere bada (1 P 5:7). Gure Jainkoa «bihozbera eta errukitsua, pazientziaz, maitasun leialez eta egiaz betea» da (Ir 34:6, NWT). Jehobak justizia maite du (Is 61:8). Min handia ematen dio gu sufritzen ikusteak. Prest ez, irrikitan dago berak aukeratutako momentuan sufrimendu guztia kentzeko (Jr 29:11). Zoragarria izango da! Nola ez dugu ba Jehoba hainbeste maitatuko?
4, 5. Zergatik konparatu zuen Paulok gure itxaropena aingura batekin?
4 Zer beste arrazoi dugu egia maitatzeko? Guretzako oso ona dela. Adibidez, Bibliako egiek etorkizunerako itxaropena ematen digute. Paulok esperantza honen balioa azaltzeko honakoa esan zuen: «Itxaropen hau geure bizitzaren aingura tinko eta segurua dugu» (Heb 6:19). Aingurak txalupari tinko mantentzen laguntzen dion bezala, Biblian oinarritutako esperantzak zailtasunen aurrean tinko mantentzen laguntzen digu.
5 Testuinguru honetan, Paulo kristau gantzutuek zerura joateko duten esperantzari buruz ari zen. Baina hitz hauek lurrean paradisuan bizitzeko esperantza dutenentzat ere balio dute (Jn 3:16). Dudarik gabe, betiko bizitzeko itxaropenak gure bizitzari zentzua eman dio.
6, 7. Nola lagundu dio Yvonne-ri etorkizunari buruzko egia jakiteak?
6 Ikus dezagun Yvonne izeneko arreba bati zer gertatu zitzaion. Ez zen egian jaio eta txikitan heriotzaren beldur zen. Irakurri zuen esaldi bat ez zitzaion burutik ateratzen: «Egun batean ez da hurrengo egunik izango». Berak dio: «Gauean burura etortzen zitzaizkidan hitz hauek eta ezin nuen lorik egin etorkizunari buruz pentsatuz. “Zerbait gehiago egon behar da bizitzan”, pentsatzen nuen. “Zertarako nago hemen?”. Ez nuen hil nahi!».
7 Beranduago, adoleszentea zenean, Yvonnek Jehobaren lekuko batzuk ezagutu zituen. Hauxe dio: «Esperantza berri batean sinesten hasi nintzen: lurrean paradisu batean betiko bizitzea». Nola lagundu zion egia ezagutzeak? «Dagoeneko ez nintzen esna gelditzen etorkizunari eta heriotzari buruz pentsatuz». Ez gaitu batere harritzen Yvonnek egia hainbeste maitatzea eta besteekin etorkizunerako duen esperantza konpartituz hainbeste disfrutatzea (1 Tm 4:16).
8, 9. a) Jesusen parabola batean, zer balio eman zion gizon batek aurkitu zuen altxorrari? b) Zenbateko balioa du egiak zuretzat?
8 Jainkoaren Erreinuari buruzko berri onak ere Bibliako egiaren parte dira. Jesusek Erreinuari buruzko egia ezkutatutako altxor batekin konparatu zuen. Mateo 13:44an esan zuen: «Jainkoaren erregetzarekin, landan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du, eta pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du». Gizon hura ez zebilen altxorraren bila. Baina aurkitu zuenean, lortzeko sakrifizio handiak egiteko prest egon zen. Izan ere, zeukan guztia saldu zuen. Zergatik? Altxor hura oso baliotsua zela konturatu zelako. Atzean utzi zezakeen edozer gauza baino askoz ere gehiago balio zuen.
9 Hain baliotsua al da egia zuretzat ere? Seguru baietz! Badakigu munduak eskaintzen diguna ez dela ezer Jehobak ematen digunarekin konparatuta. Jehobaren zerbitzuak benetako poza ematen digu orain, eta Jainkoaren Erreinupean betirako bizitzeko aukera zoragarria da. Edozein sakrifizio baino askoz ere handiagoa da Jehobaren lagun mina izateko ohorea. Berak «atsegin duen guztia» egiten dugu pozaren pozez (Kol 1:10).
10, 11. Zergatik aldatu zuen Michaelek bere bizimodua?
10 Gutako askok sakrifizio handiak egin ditugu Jehobaren onespena lortzeko. Batzuek ospez betetako bizitza atzean utzi dute. Beste batzuek ere dagoeneko ez dute aberats izateko helbururik. Eta badira Jehoba ezagutu dutenean, bizimodua zeharo aldatu duten beste asko ere. Hori da Michael-ek egin zuena. Txikitan ez zuen egia ezagutzen. Gaztea zenean, karatea praktikatzen zuen. «Harro nengoen fisikoki puntu-puntuan nengoelako. Batzuetan garaiezina sentitzen nintzen», dio Michaelek. Baina Biblia ikasten hasi zenean, Jehobak biolentziari buruz zer pentsatzen duen jakin zuen (Sal 11:5). Honakoa dio Bibliari buruz irakatsi zion bikoteaz: «Ez zidaten inoiz karatea utzi behar nuenik esan; Biblia irakasten jarraitu zuten, besterik ez».
11 Michaelek Jehoba zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta gehiago maite zuen. Bereziki hunkitu zuen Jainkoak bere adoratzaileei erakusten dien errukiak. Denborarekin, bere bizimodua guztiz aldatu behar zuela konturatu zen. «Karatea uztea bizitzan egingo nuen gauzarik gogorrena zela nekien», kontatzen du. «Baina banekien Jehoba poztuko nuela eta, horrek, edozein sakrifiziok baino gehiago balio zuen». Michael aurkitutako egia asko estimatzera iritsi zen eta honek aldaketa handiak egitera eraman zuen (St 1:25).
12, 13. Nola lagundu zion Mayliri Biblian ikasitako egiak?
12 Egiaren balioa azpimarratzeko, Bibliak kriseilu edo lanpara batekin ere konparatzen du (Sal 119:105; Ef 5:8). Azerbaijango Mayli-k izugarri estimatzen du Bibliaren argia. Bere gurasoak ez ziren erlijio berekoak, aita musulmana zen eta ama judutarra. Berak dio: «Argi nuen Jainkoa existitzen dela. Baina galdera asko nituen: “Zergatik sortu gintuen Jainkoak? Zer zentzu dauka bizitza osoan zehar sufritzeak gero infernuan sufritzen jarraitzeko? Jendeak esaten duen bezala, gertatzen den guztia Jainkoaren nahia bada, zer esan nahi du horrek? Gizakiak kontrolatzen dituela eta sufritzen ikustean gozatzen duela?”».
13 Maylik bere galderen erantzunaren bila segitu zuen. Denborarekin, Biblia ikasten hasi eta egia onartu zuen. «Bibliaren azalpen logikoak ikusteak zoriontsuago izaten lagundu zidan», dio berak. «Jainkoaren Hitzak ematen dituen azalpen arrazoitsuak ezagutzean, bakean sentitu nintzen». Maylik bezala, «ilunpetatik bere argi zoragarrira deitu» gaituena, Jehoba, goresten dugu (1 P 2:9).
14. Nola indartu dezakegu egiari diogun maitasuna? (Ikusi « Beste konparaketa batzuk» taula ere).
14 Egia zein baliotsua den erakusten duten konparaketa batzuk besterik ez ditugu ikusi. Baina seguru beste asko bururatzen zaizkizula. Zergatik ez duzu zure ikasketa pertsonalean gehiago bilatzeko proiektu bat egiten? Egia zenbat eta gehiago maitatu, orduan eta modu gehiago aurkituko dituzu maitasun hori erakusteko.
NOLA ERAKUSTEN DUGU EGIA MAITE DUGULA?
15. Zein da egia maite dugula erakusteko modu bat?
15 Egia maite dugula erakusten dugu Biblia eta honetan oinarritutako argitalpenak ikasteko ohitura daukagunean. Azken batean, egian aspalditik bagaude ere, guztiok daukagu ikasteko zerbait. Aldizkari honen lehenengo aleak honakoa esan zuen: «Egia bizitzaren desertuan dagoen loretxo bat da. Ia-ia itotzen duten gezurraren belar txarrez inguratuta dago. Aurkitu nahi baduzu, adi-adi egon behar duzu. […] Zuretzako eduki nahi baduzu, makurtu egin behar duzu. Ez zaitez egiaren lore bakarrarekin konformatu. […] Segi jasotzen, segi bilatzen». Ikastea ez da erraza, baina ahaleginek merezi dute.
16. Ikasteko zer metodo erabiltzen duzu? (Esaera Zaharrak 2:4-6).
16 Guztioi ez zaigu irakurtzea eta ikastea gustatzen. Hala ere, Jehobak egia hobeto ulertzeko bilatzen jarraitzera animatzen gaitu (Irakurri Esaera Zaharrak 2:4-6). Ahalegin hori gure onerako da beti. Corey-k bere Biblia irakurketan bertsetak banan-banan aztertzen dituela dio. «Ohar eta erreferentzia gurutzatu bakoitza irakurtzen dut eta informazio gehiago bilatzen dut. […] Pila bat ikasten dut metodo hau erabiliz!». Zer metodo erabiltzen dugun axola gabe, ikasteko denbora hartu eta ahaleginak egiten ditugunean, egia zenbat estimatzen dugun erakusten dugu (Sal 1:1-3).
17. Zer esan nahi du egia bizitzeak? (Santiago 1:25).
17 Noski, ez da nahikoa Biblia ikastearekin. Ezinbestekoa da egia bizitzea, hau da, ikasten duguna praktikan jartzea. Horrela bakarrik egingo gaitu zoriontsu egiak (Irakurri Santiago 1:25). Baina, nola jakin egia bizitzen ari garen? Anaia batek honakoa proposatzen du: gure bizitzan ongi egiten ari garena eta hobetu behar duguna aztertzea. Paulo apostoluak honela azaldu zuen ideia hau: «Zenbat aurreratu dugun axola gabe, segi dezagun zuzen bide beretik ibiltzen» (Flp 3:16, NWT).
18. Zergatik saiatzen gara «egiaren arabera» bizitzen?
18 Pentsa zer lortzen dugun «egiaren arabera» bizitzen saiatzen garenean! Gure bizitza hobetzeaz gain, Jehoba eta gure anai-arrebak pozten ditugu (Es 27:11; 3 Jn 4). Ez dago egia maitatzeko eta bizitzeko arrazoi hoberik!
sn 24. KANTA Eduki bistan saria
^ Askotan, sinesten dugunari eta gure bizitzeko moduari «egia» deitzen diogu. Egia duela gutxi edo betidanik ezagutzen dugun axola gabe, ondo baino hobeto etorriko zaigu zergatik maitatzen dugun gogoratzea. Honek Jehobaren onespena lortzeko determinazioa indartuko digu.