Ba al zenekien?
Benetan existitu al zen Mardokeo?
MARDOKEO izeneko judu bat Ester Biblia liburuko pertsonaia inportanteenetako bat da. Erbesteraturik zegoen eta Persiako jauregian egiten zuen lan. Hau K.a. V. mendean, Persiako errege Asueroren garaian gertatu zen. Gaur egun errege hau Xerxes I.a izenez ezaguna da. Mardokeok erregea hiltzeko konspirazio bat geldiarazi zuen. Erregeak bere esker ona adierazteko publikoki goraipatu zuen. Beranduago, Haman izeneko goi funtzionario batek, Mardokeo eta gainontzeko judutar guztiak azpijoko baten bidez hil nahi izan zituen. Gizon honen heriotzaren ondoren, erregeak Mardokeo lehen ministro izendatu zuen. Honi esker, Mardokeok Persiar Inperioko judutarren genozidioa geldiarazi zuen (Est 1:1; 2:5, 21-23; 8:1, 2; 9:16).
XX. mende hasierako historialari batzuen ustez, Ester liburuko kontakizuna ez zen inoiz gertatu eta Mardokeo ez zen existitu. Baina 1941ean arkeologoek aurkikuntza bat egin zuten. Honek Bibliak Mardokeori buruz esaten duena egia dela frogatuko luke. Zer aurkituko ote zuten?
Persieraz idatzitako testu kuneiforme bat aurkitu zuten. Bertan Marduka (euskaraz Mardokeo) izeneko gizon bat aipatzen da. Administratzailea zen Susan, seguraski kontuekin egiten zuen lan. Arthur Ungnad Ekialdeko historian aditua zen eta, aurkikuntza egin zen garaian, testu kuneiforme hau «Bibliatik kanpo Mardokeo aipatzen den toki bakarra» zela esan zuen.
Ungnad historialariak hori idatzi zuenetik adituek persieraz idatzitako milaka testu kuneiforme itzuli dituzte. Hauen artean, Persepoliseko taulatxoak daude. Hauek hiri honetako harresiaren ondoan altxortegiko hondakinen artean aurkitu zituzten. Xerxes I.a erregearen garaiko taulatxoak dira. Elamita hizkuntzan idatzirik daude eta Ester liburuko izen batzuk agertzen dira bertan. a
Persepoliseko taulatxo batzuek Marduka izeneko gizon bat aipatzen dute. Honek Xerxes I.aren erregealdian Susako hirian erregearentzako idazkari lanak egiten zituen. Taulatxo batek Marduka itzultzailea zela esaten du. Hau bat dator Bibliak Mardokeori buruz esaten duenarekin. Izan ere, Asuero (Xerxes I) erregearen ofiziala zen eta gutxienez bi hizkuntza hitz egiten zituen. Mardokeo erregearen jauregiko ate ondoan eseri ohi zen (Est 2:19, 21; 3:3). Ate hau ikaragarrizko eraikina zen eta jauregiko ofizialek bertan egiten zuten lan.
Antzekotasun aipagarriak daude taulatxoetan aipatzen den Marduka eta Bibliako Mardokeoren artean. Garai eta toki berean bizi ziren eta postu berean lan egiten zuten. Dirudienez, aurkikuntza arkeologiko guzti hauek Marduka eta Mardokeo pertsona bera direla erakusten digute.
a 1992an, Edwin M. Yamauchi historia irakasleak artikulu batean aipatu zuen Persepoliseko testuetan eta Ester liburuan hamar izen errepikatzen direla.