Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

47. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Ez zaitzala ezerk Jehobarengandik aldendu

Ez zaitzala ezerk Jehobarengandik aldendu

«Zuregan dut konfiantza» (SAL 31:15 [31:14, NWT]).

sn 32. KANTA Iraun sendo!

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Nola dakigu Jehobak gu berarengandik hurbil mantentzea nahi duela?

 JEHOBAK berarengandik hurbil egotera animatzen gaitu (St 4:8). Berak gure Jainko, Aita eta laguna izan nahi du. Hau gure otoitzak erantzunez eta momentu zailetan lagunduz erakusten du. Gainera, badu gu irakasten, laguntzen eta babesten gaituen erakunde bat. Baina, nola hurbildu gaitezke Jehobarengana?

2. Nola hurbildu gaitezke Jehobarengana?

2 Jehobarengana hurbildu gaitezke berari otoitz eginez eta bere Hitza irakurri eta hausnartuz. Hori egitean, gure bihotza maitasunez eta esker onez beteko da. Ondorioz, hainbeste merezi duen ohorea eta obedientzia eman nahiko diogu (Ap 4:11). Jehoba zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta handiagoa izango da berarengan eta bere erakundearengan dugun konfiantza.

3. a) Zer egiten du Satanasek gu Jehobarengandik aldentzeko? b) Zer egin dezakegu guri hori ez gertatzeko? (31. Salmoa 14, 15 [31:13, 14, NWT])

3 Hala ere, Deabrua gu Jehobarengandik aldentzen saiatzen da, arazoak ditugunean batez ere. Nola egiten du? Jehobarengan eta bere erakundearengan dugun konfiantza pixkanaka-pixkanaka ahultzen saiatuz. Baina bere taktikei aurre egitea posible da. Gure fedea indartsua eta Jehobarengan dugun konfiantza hautsiezina denean, ez gara inoiz Jainkoarengandik eta bere erakundearengandik aldenduko (Irakurri 31. Salmoa 14, 15 [31:13, 14, NWT]).

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Artikulu honetan, kongregazioaren kanpotik datozen hiru erronka aztertuko ditugu. Hauetako bakoitzak Jehobarengan eta bere erakundearengan dugun konfiantza ahuldu dezake. Nola aldentzen gaituzte Jehobarengandik? Eta, zer egin dezakegu Satanasi aurre egiteko?

ZAILTASUNAK DITUGUNEAN

5. Nola ahuldu dezakete zailtasunek Jehoba eta bere erakundearengan dugun konfiantza?

5 Batzuetan, zailtasunei egin behar diegu aurre: adibidez, familiaren oposizioari edo lana galtzeari. Nola ahuldu dezakete horrelako arazoek erakundearengan dugun konfiantza eta, ondorioz, Jehobarengandik aldentzera eraman? Arazoa uste baino gehiago luzatzen bada, lur jota sentitu gaitezke, ezin dugula gehiago pentsatuz. Satanasek horrelako egoerak aprobetxatzen ditu Jehobak digun maitasuna zalantzan jarri dezagun. Jehoba eta bere erakundea gure sufrimenduaren jatorria direla pentsatzea nahi du. Antzeko zerbait gertatu zitzaien israeldar batzuei Egipton esklabo zirenean. Hasieran, Jehobak Moises eta Aaron beraiek askatzera bidali zituela pentsatzen zuten (Ir 4:29-31). Baina faraoiak beraien esklabotza gogortu zuenean, errua Moises eta Aaroni bota zieten, esanez: «Zuen erruz hartu baikaituzte begitan faraoiak eta beronen funtzionarioek: ezpata eman diezue eskura, hil gaitzaten» (Ir 5:19-21). Jainkoaren zerbitzari leialei bota zieten kulpa. Hori bai tristea! Orduan, denbora luzez sufritzen ari bazara, nola mantendu dezakezu indartsu Jehoba eta bere erakundearengan duzun konfiantza?

6. Zailtasunak ditugunean, zer ikasi dezakegu Habakuk profetarengandik? (Habakuk 3:17-19)

6 Hustu zure barrua Jehobari otoitzean eta bere laguntzan konfiantza izan. Habakuk profetak zailtasun asko sufritu zituen eta, momenturen batean, zalantzan jarri zuen Jehoba beraz arduratzen ote zen. Zer egin zuen orduan? Bere barrua otoitzean hustu zion Jehobari. Esan zuen: «Noiz arte ari behar dut, Jauna, zuri erreguka, zuk entzun gabe? […] Nola egon zintezke zapalketari begira?» (Hab 1:2, 3). Jehobak bere zerbitzari leialaren bihotzeko otoitza erantzun zuen (Hab 2:2, 3). Habakukek poza berreskuratu zuen Jehobak bere herria nola salbatu zuen hausnartzean. Ziur zegoen edozein zailtasunetan Jehobak lagundu eta zainduko zuela (Irakurri Habakuk 3:17-19). Eta guk, zer ikasten dugu? Zailtasunen aurrean Jehobari otoitz egin behar diogula nola sentitzen garen esateko. Izan dezagun konfiantza bere laguntzan. Hau egitean, ziur egon gaitezke behar ditugun indarrak emango dizkigula. Eta bere laguntza sentitzen dugunean, gure fedea indartu egiten da.

7. Zer presio jasan zuen Shirleyk, eta nola mantendu zuen konfiantza Jehobarengan?

7 Mantendu ohitura espiritualak. Horixe egiteak lagundu zion Shirley-ri zailtasunei aurre egiten. b Arreba hau Papua Guinea Berrian bizi da eta bere familia oso pobrea da. Batzuetan, janaria lortzeko ere arazoak izaten dituzte. Familiako bat Jehobarengan zuen konfiantza ahultzen saiatu zen: «Ez al duzu esaten Jainkoaren espirituak laguntzen zaituela? Non dago? Familia pobrea da oraindik. Predikatzen denbora galdu besterik ez duzu egiten». Shirleyk aitortzen du: «Momentu horretan nire buruari galdetu nion: “Benetan zaintzen al gaitu Jainkoak?”. Orduan, Jehobari otoitz egin eta nire kezka guztiak kontatu nizkion. Ez nion Biblia eta argitalpenak irakurtzeari utzi, eta bileretara eta predikatzera joaten jarraitu nuen». Laster konturatu zen Jehobak bere familia zaintzen zuela. Ez ziren gose eta, gainera, zoriontsuak ziren. Gure arrebak dio: «Jehobak nire otoitzak erantzun zituela sentitu nuen» (1 Tm 6:6-8). Zure ohitura espiritualei eusten badiezu, zailtasunek eta zalantzek ez zaituzte Jehobarengandik aldenduko.

AURREA ERAMATEN DUTEN ANAIAK GAIZKI TRATATZEN DITUZTENEAN

8. Zer gertatu daiteke Jehobaren erakundean aurrea eramaten dutenekin?

8 Komunikabide eta sare sozialetan, gure etsaiek Jehobaren erakundean aurrea eramaten dutenei buruzko gezurrak zabaldu edo zalantzak sortzen dituzte (Sal 31:14 [31:13, NWT]). Anaia batzuk atxilotu eta kriminalak izatea leporatu diete. Lehen mendeko kristauek ere antzeko egoera bizi izan zuten Paulo apostolua atxilotua izan eta salaketa faltsua jaso zuenean. Zer egin zuten egoera horren aurrean?

9. Zer egin zuten kristau batzuek Paulo atxilotuta zegoenean?

9 Paulo Erroman atxilotuta zegoela, lehen mendeko kristau batzuek bizkarra eman zioten (2 Tm 1:8, 15). Zergatik? Lotsa izango al zuten Paulo denen aurrean kriminal bat bezala epaitu zutelako? (2 Tm 2:8, 9). Beldur al ziren, agian beraiek ere pertsegituak izango zirelako? Dena dela, imajinatu nola sentituko zen Paulo. Beraiei laguntzeko zailtasun asko jasan zituen, baita bere bizitza arriskuan jarri ere (Eg 20:18-21; 2 Ko 1:8). Hala ere, Paulo beharrean zegoenean, abandonatu egin zuten. Ez gaitezela inoiz beraiek bezalakoak izan. Orduan, zer izan behar dugu kontuan aurrea eramaten duten anaiak pertsegituak izatean?

10. Aurrea eramaten duten anaiak pertsegituak izaten direnean, zer gogoratu beharko genuke?

10 Gogoratu zergatik pertsegitzen gaituzten eta nor den honen erantzulea. Timoteori bigarrena 3:12⁠ak dio: «Kristo Jesusen jarraitzaile zintzo bezala bizi nahi duten guztiek ere izango dituzte, bai, erasoaldiak». Horregatik, ez gintuzke harritu behar Satanasen helburua aurrea eramaten duten anaiak izatea. Eraso hauen bidez, beraien integritatea suntsitu eta gu beldurtu nahi gaitu (1 P 5:8).

Paulo preso egon zenean, Onesiforok ausardia handia erakutsi zuen berari laguntzeko. Gaur egun ere, gure anai-arrebek preso daudenei babesa ematen diete, antzezpen honetan ikusten den bezala (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak)

11. Zer ikasten dugu Onesifororen eredutik? (2 Timoteori 1:16-18)

11 Segi dezagun anaiak laguntzen eta beraiei leialak izaten (Irakurri 2 Timoteori 1:16-18). Lehen mendeko kristau batek, Onesiforok, desberdin jokatu zuen Paulo kartzelan zegoenean. Paulok esan zuen: «Ez da nire kateez lotsatu». Horren ordez, Onesiforo Pauloren bila ibili zen eta, aurkitu zuenean, ahal zuen guztia egin zuen laguntzeko, bere bizia arriskuan jarriz. Eta guk, zer ikasten dugu? Ez diegula gizakiei beldurrik izan behar, eta pertsegituak diren anaiak lagundu eta defendatu egin behar ditugula (Es 17:17). Izan ere, gure maitasuna eta babesa behar dute.

12. Zer ikasten dugu Errusiako gure anai-arrebengandik?

12 Pentsa dezagun zer egiten duten Errusiako anai-arrebek. Beste anaia edo arreba maite bat atxilotzen dutenean, asko auzitegira joaten dira beraien babesa emateko. Eta guk, zer ikasten dugu? Aurrea eramaten duten anaiek salaketa faltsuak jasotzen dituztenean edo atxilotuak eta pertsegituak izaten direnean, ez garela beldurtu behar. Horren ordez, egin dezagun otoitz beraien alde, zaindu ditzagun beraien familiak eta bilatu ditzagun laguntza praktikoa emateko beste modu batzuk (Eg 12:5; 2 Ko 1:10, 11).

BURLA EGITEN DIGUTENEAN

13. Nola ahuldu dezakete burlek Jehoba eta bere erakundearengan dugun konfiantza?

13 Lekukoak ez diren familiakide, lankide edo eskolakideek agian burla egiten digute predikatzen dugulako edo Jainkoaren arau moralak obeditzen ditugulako (1 P 4:4). Beharbada esaten digute: «Zu oso jatorra zara, baina zure erlijioa zorrotzegia da eta ez da gure garaietara moldatzen». Batzuek kritikatu egiten gaituzte kanporatuekin dugun tratuarengatik, esanez: «Nola esan dezakezu jendea maite duzula?». Horrelako komentarioek zalantzak sortu ditzakete gure barnean. Adibidez: «Gehiegi espero al du Jehobak nitaz? Gehiegi murrizten al du nire askatasuna bere erakundeak?». Horrelako egoera bizi baduzu, nola mantendu zaitezke Jehoba eta bere erakundearengandik gertu?

Jobek ez zituen sinetsi bere ustezko lagunen gezurrak. Burla hauei kasu egin beharrean, argi zuen Jehobari leial izaten segi nahi zuela (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Jehobaren arauak obeditzeagatik burla egiten digutenean, nola jokatu behar genuke? (119. Salmoa 50-52)

14 Eutsi Jehobaren arauei. Jobek Jehobaren arauei eutsi zien, nahiz eta hori egiteagatik burlak jaso. Joben ustezko lagun bat berarengana hurbildu eta ideia oker batetaz konbentzitzen saiatu zen. Zertaz? Jainkoari bost axola zitzaiola berak zuzen jokatzen zuen ala ez (Jb 4:17, 18; 22:3). Baina Jobek ez zituen gezur maltzur horiek sinetsi nahi izan. Berak bazekien Jehobaren arauak zuzenak zirela, eta hauei eutsi nahi zien. Beraz, nahiz eta ingurukoek bere integritatea hautsi nahi izan, ez zien utzi (Jb 27:5, 6NWT). Eta guk, zer ikasten dugu? Burlen ondorioz, Jehobaren arauak zalantzan jarri ditzakegu. Horregatik, ez dezagun inoiz horrelakorik gertatzen utzi. Pentsatu zure bizitzan. Ez al duzu behin eta berriz ikusi Jehobaren arauak zuzenak eta zuretzako onak direla? Jehobaren erakundeak arau horiek betetzen dituenez, segi honen parte izaten. Orduan, berdin dio burlak nondik datozen. Ez gaitzatela hauek inondik inora Jehobarengandik aldendu (Irakurri 119. Salmoa 50-52).

15. Zergatik jasan zituen Brizitek burlak?

15 Ikus dezagun Indiako arreba bati gertatu zitzaiona. Brizit-ek bere fedearengatik familiaren burlak jasaten zituen. 1997⁠an, bataiatu eta gutxira, Lekukoa ez zen bere senarrak lana galdu zuen. Beraz, senarrak beste hiri batera bizitzera joatea erabaki zuen bere emazte eta alabekin batera. Han, senarraren gurasoekin biziko ziren. Baina hori ez zen erronka bakarra izan. Senarra lanik gabe zegoenez, Brizitek denbora osoz lan egin beharko zuen familia mantentzeko. Gainera, gertuen zegoen kongregazioa 350 kilometrotara zegoen. Zoritxarrez, senarraren familiaren oposizioa jasan zuen. Egoera hain zaila bihurtu zen, berriz ere beste toki batera joan behar izan zutela bizitzera. Orduan, espero gabe, senarra hil zitzaion. Beranduago, bere alabetako bat, 12 urterekin, minbiziak jota hil zen. Hau gutxi balitz, Briziten familiak gauza hauen errua berari bota zion, Jehobaren lekuko izan ez balitz, zoritxar hauek ez zirela gertatuko esanez. Hala ere, Jehobarengan konfiantza izaten eta bere erakundearengandik gertu mantentzen jarraitu zuen.

16. Zein sari jaso zituen Brizitek Jehoba eta bere erakundearengandik gertu mantentzeagatik?

16 Brizit bere kongregaziotik oso urruti zegoenez, eskualde arduradunak bizi zen inguruan predikatzera eta bere etxean bilerak zuzentzera animatu zuen. Hasieran, ezingo zuela pentsatzen zuen. Baina emandako aholkua jarraitu egin zuen. Berri onak inguruan zabaldu, etxean bilerak ospatu eta bere alabekin familia adorazioa egiteko denbora atera zuen. Zer lortu zuen? Biblia ikastaro asko hasi eta zuzentzeko aukera izan zuen, eta hauetako dexente bataiatu egin ziren. 2005⁠ean aitzindaritza erregularra hasi zuen. Jehobarengan konfiantza erakusteagatik eta bere erakundeari leial izateagatik saritua izan zen. Bere alabek Jehoba zerbitzatzen dute eta orain bi kongregazio daude inguru hartan! Brizit ziur dago Jehobak indarra eman diola zailtasunei eta familiaren burlei aurre egiteko.

JEHOBARI ETA BERE ERAKUNDEARI LEIAL IZAN

17. Zer egin nahi dugu?

17 Satanasek engainatu nahi gaitu ondorio okerretara iritsi gaitezen. Adibidez, zailtasunen aurrean Jehobak ez digula lagunduko eta bere erakundean egoteak arazoak besterik ez dizkigula ekarriko pentsatzea nahi du. Gainera, ardura daramaten anaiek salaketa faltsuak jasotzen dituztenean edo pertsegituak eta kartzelaratuak direnean, gu beldurtzea nahi du. Burla egiten digutenean, Jehobaren arauetan eta bere erakundean dugun konfiantza ahultzea nahi du. Hala ere, bere taktikak oso ondo ezagutzen ditugu eta ez gaitu engainatzen (2 Ko 2:11). Baztertu ditzagun Satanasen gezurrak eta segi dezagun Jehoba eta bere erakundeari leial izaten. Gogoratu, Jehobak ez zaitu sekula abandonatuko (Sal 28:7). Beraz, ez zaitzala ezerk Jehobarengandik aldendu! (Erm 8:35-39).

18. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

18 Artikulu honetan, kongregazioaren kanpotik etorri daitezkeen erronka batzuk ikusi ditugu. Baina Jehoba eta bere erakundearengan dugun konfiantza ahuldu dezaketen erronkak kongregazioaren barrutik ere etorri daitezke. Nola egin ahal diegu aurre? Horixe da hurrengo artikuluan aztertuko duguna.

sjj 118. KANTA Eman, arren, fedea

a Azken egun hauetan sendo irauteko, ezinbestekoa da Jehobarengan eta bere erakundearengan konfiantza izaten jarraitzea. Baina Satanasek konfiantza hori hautsi nahi du. Artikulu honetan, Deabruak erabiltzen dituen hiru taktika aztertuko ditugu eta leial izaten jarraitzeko zer egin dezakezun ikusiko dugu.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.