46. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jehobak arazoei pozez aurre egiten laguntzen digu
«Baina Jehoba pazientziaz itxaroten ari da zuei mesede egiteko, eta zuei errukia erakusteko altxatuko da» (IS 30:18, NWT).
sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. a) Zer galdera erantzungo ditugu? b) Zerk erakusten du Jehoba gu laguntzeko irrikitan dagoela?
JEHOBAK arazoei aurre egiten eta bera pozik zerbitzatzen laguntzen digu. Nola egiten du? Zer egin dezakegu Jehobak ematen digun laguntzari probetxurik handiena ateratzeko? Artikulu honetan galdera hauen erantzuna ikusiko dugu. Baina lehenengo, beste galdera bat erantzungo dugu: Egia ote da Jehobak lagundu nahi gaituela?
2 Galdera honi erantzuteko, Paulo apostoluak hebrearrei idatzitako gutunean agertzen den hitz bat nabarmendu dezakegu: «Jainkoa dut laguntzaile; gizonak egin diezakedanaren beldur ez naiz izango» (Heb 13:6, Du, euskara batura egokituta). Bertset honetan «laguntzaile» hitza, Bibliako hitzen hiztegien arabera, laguntza eske oihuka ari den norbaitengana lasterka datorren pertsona ekartzen du gogora. Imajinatu Jehoba, estu eta larri dabilen norbait salbatzeko, ziztu bizian ateratzen. Jehoba ez dago gu laguntzeko prest bakarrik, irrikitan baizik. Ez al da kontsolagarria? Jehobaren laguntzarekin, arazoak ditugunean ere, pozik egin dezakegu aurrera.
3. Zer hiru modutan laguntzen digu Jehobak arazoei pozik aurre egiten?
3 Nola laguntzen digu Jehobak arazoei pozik aurre egiten? Erantzuteko, jo dezagun Isaias liburura. Zergatik? Isaiasek inspirazioz idatzitako profezia asko Jehobaren gaur egungo herrian betetzen direlako. Gainera, Isaiasek Jehoba deskribatzeko hitz ulergarriak erabiltzen ditu. Adibidez, 30. kapituluan Jehobak bere herriari nola laguntzen dion azaltzeko konparaketa ederrak egiten ditu. Laguntza hori hiru modutan ematen du: 1) gure otoitzei adi-adi entzun eta erantzunez, 2) gida emanez eta 3) orain eta etorkizunean bedeinkatuz. Goazen hauek banan-banan aztertzera.
JEHOBAK GURE OTOITZAK ENTZUTEN DITU
4. a) Nolakoak ziren Jehobarentzat Isaiasen garaiko juduak, eta zer gertatu zen beraiekin? b) Zer esperantza eman zien Jehobak leial izan zirenei? (Isaias 30:18, 19, NWT)
4 Isaias liburuko 30. kapituluan, Jehobak esan zuen juduak burugogorrak zirela eta «bekatua bekatuaren gain pilatu» zutela. Gainera, beste hau ere esan zuen: «Herri errebeldea, […] Jaunaren irakaspena ez baitute onartu nahi» (Is 30:1, 9). Entzun nahi ez zutenez, Jehobak Isaiasen bidez ondorioak sufritu beharko zituztela esan zien (Is 30:5, 17; Jr 25:8-11). Eta hala izan zen. Babiloniara gatibu eraman zituzten. Hala ere, judu batzuk leialak izan ziren eta Isaiasek itxaropenez beteriko mezua eman zien. Denborarekin, Jehobak Jerusalemera itzultzen utziko zien (Irakurri Isaias 30:18, 19, NWT b). Halaxe gertatu zen Jehobak Babiloniatik askatu zituenean. Baina, hori ez zen berehala gertatu. Isaiasek idatzi zuen: «Jehoba pazientziaz itxaroten ari da zuei mesede egiteko». Hitz hauek argi erakusten dute judu leialak aske izateko, denbora pasa beharko zela. Azkenean 70 urte pasa zituzten Babilonian israeldar gutxi batzuk Jerusalemera bueltatu ziren arte (Is 10:21; Jr 29:10). Babilonian botatako negar malkoak, etxera iristean, pozez beteriko malko bihurtu ziren.
5. Zer ziurtatzen digu Isaias 30:19ak?
5 Gaur egun asko animatzen gaituzte hitz hauek: «Laguntza eske oihu egiten duzunean, mesede egingo dizu» (Is 30:19, NWT). Isaiasen arabera, laguntza eske oihu egiten dugunean, Jehobak entzun eta azkar-azkar egingo die kasu gure otoitzei. Horrela azaltzen du: «Entzun bezain pronto erantzungo dizu». Beraz, gure Aita laguntza eskatzen diotenei erantzuteko prest egoteaz gain, irrikitan dago. Hori jakiteak arazoei pozez aurre egiten laguntzen digu.
6. Isaiasen hitzen arabera, nola erakusten du Jehobak gutako bakoitzaren otoitzak entzuten dituela?
6 Zer gehiago erakusten digu bertset honek? Jehobak gutako bakoitzaren otoitzak arretaz entzuten dituela. Nola dakigu hori? Ikusi dezagun. Isaias liburuko 30. kapituluaren hasieran, Jehoba herri osoari zuzentzen ari zaio. Baina 19. bertsetean, pertsona bakoitzari hitz egiten dio. Izan ere, Isaiasek idatzi zuen: «Ez duzu gehiago negarrik egingo»; «mesede egingo dizu»; «erantzungo dizu». Pentsatu aita maitekor batean. Normalean ez dio desanimatuta dagoen bere semeari esaten: «Indartsu izan behar duzu, zure anaia bezala». Jehobak ere ez du hori egiten. Horren ordez, gutako bakoitzaz arduratzen da eta gure otoitzak arretaz entzuten ditu banan-banan (Sal 116:1; Is 57:15).
7. Nola azpimarratu zuten Isaias eta Jesusek behin eta berriz otoitz egitearen garrantzia?
7 Jehobari kezka bat kontatzen diogunean, bere erantzuna arazoari aurre egiteko indarra ematea izan daiteke. Baina, zer gertatzen da arazoa guk espero bezain azkar konpontzen ez bada? Agian, egoerari eusteko Jehobari behin eta berriz indarrak eskatzen jarraitu behar dugula. Jainkoak horixe egitera animatzen gaitu. Begira zer esaten duen Isaiasek: «Ez eman atseden Jaunari» (Is 62:7). Zer esan nahi du horrek? Jehobari behin eta berriz egin behar diogula otoitz, nolabait esateko, berari atsedenik eman gabe. Honek Lukas 11:8-10, 13 pasartean Jesusek emandako adibidea gogorarazten digu. Hor otoitzean etengabe espiritu santua eskatzera animatzen gaitu. Honetaz gain, Jehobari erabaki onak hartzeko gida erregutu ahal diogu.
JEHOBAK GIDA EMATEN DIGU
8. Nola bete ziren Isaias 30:20, 21eko hitzak?
8 Irakurri Isaias 30:20, 21. Babiloniarrek Jerusalem urte eta erdiz setiatu zutenean, herriarentzat normala bihurtu zen larrialdi eta atsekabean bizitzea. Baina 20 eta 21 bertseten arabera, jarrera aldatzen bazuten, salbatu egingo zituela hitzeman zien Jehobak. Isaiasek, Jainkoa beraien «irakasle» edo «Maisu Bikaina» [NWT] zela esanez, Jehobak bera modu garbian nola adoratu irakatsiko ziela promestu zien. Noiz gertatu zen hori? Babilonian erbesteraturik egon ondoren, aske geratu zirenean. Orduantxe ikusi zen Jehoba beraien Maisu Bikaina zela, adorazio garbia berriz martxan jartzen lagundu zienean. Zelako bedeinkapena den gaur ere Jehoba gure Maisu Bikaina izatea!
9. Zein da Jehobaren gida jasotzen dugun modu bat?
9 Isaiasek bertset hauetan esaten du ikasleak bezalakoak garela eta Jehobak bi modutan irakasten digula. Lehenik, Isaiasek esan zuen: «Irakasle duzuen Jauna […] zeuen begiz ikusiko duzue». Konparaketa honetan, irakaslea bere ikasleen pare-parean dago. Sekulako ohorea da Jehobaren ikasleak izatea, ezta? Nola irakasten digu? Bere erakundearen bidez. Zenbat eskertzen dugun ematen digun gida! Hau bileretan, biltzarretan, argitalpenetan, JW Broadcasting® programetan eta beste modu askotan jasotzen dugu. Honek arazoei pozez aurre egiten laguntzen digu.
10. Nola entzuten dugu gaur egun Jehobaren ahotsa gure atzetik?
10 Isaiasek horrela adierazten du Jehobak irakasten digun bigarren modua: «Zeuen belarriz entzungo duzue atzetik esaten». Jehoba ikasleen atzetik ibiltzen ari den irakaslea bezalakoa da eta bide zuzena zein den esaten die. Nola entzuten dugu gaur egun Jehobaren ahotsa gure atzetik? Jainkoaren hitzak aspaldi idatzi ziren Biblian. Orduan, Biblia irakurtzen dugunean, Jainkoaren ahotsa gure atzetik entzungo bagenu bezala da (Is 51:4).
11. Jainkoaren zerbitzuan pozik jarraitzeko, zer pauso eman behar ditugu eta zergatik?
11 Jehobak bere Hitza eta erakundearen bidez gida ematen digu. Zer egin dezakegu honi ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko? Isaiasek bi gauza aipatzen ditu: batetik «hona hemen bidea» eta, bestetik, «hemendik ibili» (Is 30:21). Ez da nahikoa bidea ezagutzea; ezinbestekoa da bertatik ibiltzea. Jehobak bere Hitzean eta bere erakundearen bidez gutaz zer espero duen irakasten digu. Ikasitakoa praktikan nola jarri ere erakusten digu. Jehobaren zerbitzuan pozik jarraitu nahi badugu, behar-beharrezkoa dugu bi pauso horiek ematea. Dudarik gabe, hori egiten badugu, Jehobaren bedeinkapena ziurtatuta daukagu.
JEHOBAK BEDEINKATU EGITEN GAITU
12. Isaias 30:23-26 pasartearen arabera, nola bedeinkatuko zuen Jehobak bere herria?
12 Irakurri Isaias 30:23-26. Nola bete zen profezia hau Babiloniatik Israelera itzuli ziren juduen kasuan? Bedeinkapen espiritual eta fisiko ugari jaso zituzten. Jehobak janari asko eman zien. Baina bera modu egokian zerbitzatu ahal izateko, janari fisikoa baino inportanteagoa den janari espirituala eman zien. Ordura arte ezagutu gabeko bedeinkapen espiritualak jaso zituzten. 26. bertsetak esaten duen bezala, Jehobak izugarri handitu zuen argitasun espirituala (Is 60:2). Jehobaren bedeinkapenari esker, pozik eta indarberrituta zerbitzatu zezaketen «beraien bihotza ondo sentitzen» zelako (Is 65:14, NWT).
13. Nola betetzen ari da adorazio garbiari buruzko profezia gaur egun?
13 Adorazio garbiari buruzko profezia betetzen ari al da gaur ere? Bai horixe! Nola? 1919tik aurrera, milioika pertsona Babilonia Handitik, hau da, erlijio faltsuaren mundu mailako inperiotik aske geratu dira. Jehobak Israeli promestutako lurraldea baino askoz hobea den toki batera zuzendu ditu: paradisu espiritualera (Is 51:3; 66:8). Zer da paradisu espirituala?
14. Zer da paradisu espirituala eta nortzuk bizi dira bertan? (Ikusi oharra)
14 1919tik aurrera, gantzutuak paradisu espiritualean egon dira. c Lurrean betiko bizitzeko itxaropena duten «beste ardiak» ere, denborarekin, lurralde espiritual honetan sartu dira. Bertan, Jehobaren bedeinkapenaz gozatu dute (Jn 10:16; Is 25:6; 65:13).
15. Non dago paradisu espirituala?
15 Non dago gaur egun paradisu espirituala? Jehobaren adoratzaileak munduko txoko guztietan daude. Beraz, beraiek dauden tokian paradisu espirituala dago. Orduan, non bizi garen axola gabe, benetako adorazioaren alde egiten badugu, paradisu espiritualaren parte izan gaitezke.
16. Zer egin dezakegu paradisu espiritualaren edertasuna ikusten jarraitzeko?
16 Paradisu espiritualean jarraitu ahal izateko, besteak beste, mundu osoko kristau kongregazioa estimatu behar dugu. Nola egin dezakegu hori? Arreta anai-arreben akatsetan jarri beharrean, nolabait esateko, beraien edertasunean jarriz (Jn 17:20, 21). Hau zein inportantea den ikusteko, pentsatu konparaketa honetan. Parke natural batera goazenean, zuhaitz asko ikusten ditugu. Hauek parkeari edertasuna ematen diote. Era berean, kongregazioetan dagoen paradisu espirituala «zuhaitzek» osatzen dute, gure anai-arrebek (Is 44:4; ). Gure arreta «basoaren» edertasunean jarri behar dugu, eta ez gure ondoan dauden «zuhaitzen» akatsetan. Ez genuke gure anai-arreben eta gure inperfekzioetan zentratu behar. Bestela, ezin izango dugu mundu osoko kristau kongregazioaren edertasuna ikusi. 61:3
17. Zer egin dezake gutako bakoitzak kongregazioko batasuna bultzatzeko?
17 Zer egin dezake gutako bakoitzak batasun hori bultzatzeko? Bakegilea izan (Mt 5:9; Erm 12:18). Kongregazioan harreman onak izateko iniziatiba hartzen dugun bakoitzean, paradisu espirituala edertzen ari gara. Ez dezagun ahaztu Jehoba dela gutako bakoitza paradisu espiritualera erakarri duena (Jn 6:44). Jehobaren zerbitzariak oso baliotsuak gara berarentzat, eta gogor lan egiten dugu bakea eta batasuna bultzatzeko. Imajinatu zein pozik sentituko den horrelako jarrera ikustean! (Is 26:3; Ag 2:7).
18. Zertan hausnartu behar genuke, eta zergatik?
18 Jehobak gauza on asko ematen dizkigu. Zer egin dezakegu hauei mamia ateratzeko? Biblia eta argitalpenetan ikasten ditugun gauzetan hausnartu. Honek ezaugarri kristauak lantzen lagunduko digu eta, ondorioz, «elkar bihotzez maitatuko» dugu (Erm 12:10). Orain ditugun bedeinkapenetan hausnartzen dugunean, Jehobarekin dugun harremana estutu egiten da. Jehobak bera betiko zerbitzatu ahal izango dugula promestu digu. Bedeinkapen honetan eta beste askotan pentsatzeak, gure itxaropena bizi-bizi mantentzen laguntzen digu. Gauza guzti hauek Jehoba zerbitzatzean sentitzen dugun poza handitu besterik ez dute egingo.
SEGI DEZAGUN AURRERA
19. a) Isaias 30:18aren arabera, zertaz egon gaitezke ziur? b) Zerk lagunduko digu pozez aurrera egiten?
19 Laster, mundu gaizto hau suntsitzean, Jehoba gure alde altxatuko da (Is 30:18, NWT). Justiziaren Jainkoa denez, ziur gaude ez duela utziko Satanasen munduak behar-beharrezkoa dena baino egun bakar bat gehiago iraun dezan (Is 25:9). Jehobarekin batera pazientziaz itxarongo dugu egun hori. Bitartean, estimatu dezagun otoitz egiteko ohorea. Jarraitu dezagun Jainkoaren Hitza aztertzen eta ikasitakoa praktikan jartzen. Eta pentsa dezagun gure bedeinkapenetan. Horrela, Jehobak berari pozez zerbitzatzen lagunduko digu.
sjj 142. KANTA Eutsi aurrean dugun esperantzari
a Nahiz eta bizitzan arazoak izan, Jehobak hauei pozez aurre egiten laguntzen digu. Artikulu honetan, bere laguntza jasotzeko hiru modu aztertuko ditugu: otoitz egitea, Biblia aztertzea eta bedeinkapenetan hausnartzea, bai oraingoetan, baita etorkizunean izango ditugunetan ere. Horretarako, Isaias liburuko 30. kapituluak honi buruz zer esaten duen berrikusiko dugu.
b Isaias 30:18, 19, NWT: «Baina Jehoba pazientziaz itxaroten ari da zuei mesede egiteko, eta zuei errukia erakusteko altxatuko da. Jehoba justiziaren Jainkoa baita. Zoriontsuak irrikaz bera itxaroten ari diren guztiak. Herria Sionen, Jerusalemen, biziko denean, ez duzu gehiago negarrik egingo. Laguntza eske oihu egiten duzunean, mesede egingo dizu; entzun bezain pronto erantzungo dizu».
c ZER ESAN NAHI DU? «Paradisu espirituala» Jehoba elkartuta adoratzen dugun egoera segurua da. Bertan erlijioen gezurretatik libre dagoen janari espiritual ugaria daukagu. Berri onak zabaltzen lanpetuta gaude eta lan honek ongi sentiarazten gaitu. Gainera, Jehobarekin harreman estua dugu eta gure anai-arrebekin bakean bizi gara. Honek zailtasunei pozez aurre egiten laguntzen digu. Jehoba berak nahi duen bezala adoratzen hasten garenean eta bera imitatzeko ahal dugun guztia egiten dugunean, paradisu espiritualean sartzen gara.