Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIZIPENA

«Jehobaren alde egin nahi nuen lan»

«Jehobaren alde egin nahi nuen lan»

AGUR esan genion Granbori-n bisitatu genuen talde txiki bati. Herrixka hau Surinam-eko oihan sakonean zegoen. Kanoa batean Tapanahoni ibaian zehar hasi ginen bidaiatzen. Bat-batean, ur-lasterretan sartu ginen eta motorraren helizeak arrokekin jo eta kanoaren muturra ur azpian sartzen hasi zen. Bihotzekoa emango zidala uste nuen! Eskualde arduradun bezala askotan kanoan ibili arren, ez nekien igeri egiten!

Gero zer gertatu zen azaldu aurretik, denbora osoko zerbitzuan nola hasi nuen kontatuko dizuet.

Curaçao Karibeko irla ederrean jaio nintzen 1942⁠an. Berez aita Surinamekoa zen, baina lanagatik irlara joan zen. Ni jaio baino bi urte lehenago bataiatu zen eta Curaçaoko lehenengo Jehobaren lekukoetako bat izan zen. a Bost anai-arreba ginen eta astero-astero Biblia ikasten zuen gurekin, nahiz eta askotan guk ikasteko gogorik ez izan. 14 urte nituenean, aitarekin Surinamera joan ginen bizitzera, amona zahartzen ari zelako.

ADISKIDE ONEN LAGUNTZA

Surinamen nengoela, Jehobaren zerbitzuan zentratuta zeuden beste gazteekin elkartzen hasi nintzen. Ni baino zaharxeagoak ziren eta dagoeneko aitzindari erregularrak ziren. Predikatzean zituzten esperientziei buruz hitz egitean, zein zoriontsu ziren nabaritzen nuen. Bilerak bukatzean, Bibliari buruzko elkarrizketak izaten genituen, batzuetan izarren azpian. Nire bizitzarekin zer egin nahi nuen jakiten lagundu zidaten eta garbi nuen: Jehobaren alde egin nahi nuen lan. Horregatik, 16 urterekin bataiatu egin nintzen eta 18⁠rekin aitzindaritza erregularra hasi nuen.

GAUZA ASKO IKASI DITUT

Paramaribon aitzindari

Aitzindari izaten hasi nintzenean, gauza asko ikasi nituen. Honek denbora osoko zerbitzuan asko lagundu zidan. Ikasi nuen aurreneko gauzetako bat besteak prestatzearen garrantzia izan zen. Hasiberritan, Willem van Seijl misiolariak interes handia azaldu zidan. b Kongregazioko lanak eramaten erakutsi zidan. Ordura arte, ez nintzen konturatzen zenbat behar nuen laguntza hori. Hurrengo urtean aitzindari berezi izendatu ninduten eta Surinameko oihan sakoneko talde batzuetan aurrea eramaten hasi nintzen. Izugarri eskertzen dut Willem bezalako anaiek, gehien behar nuenean irakatsitakoa! Ordudanik beraien eredua jarraitu dut besteak prestatzeko denbora hartuz.

Gainera, bizitza sinple eta ondo antolatuak abantaila asko dituela ikasi nuen. Hilabete bakoitzaren hasieran, nire aitzindari lagunak eta biok hurrengo asteetan zer beharko genuen pentsatzen genuen. Orduan, biotako batek hiribururaino bidaia luzea egin eta behar genuena erosten zuen. Ondo-ondo pentsatu behar genuen hilabetero jasotzen genuen dirua zertan eta nola gastatu, hilabete guztian iraun behar zuen eta. Oihan sakonean zerbait falta baldin bazitzaigun, nork lagunduko zigun? Gazte-gaztetatik bizitza sinple eta antolatua eramateak, bizitza osoan zehar Jehobaren zerbitzuan zentratuta egoten lagundu dit.

Jendeari bere ama hizkuntzan irakastea oso inportantea dela ere ikasi nuen. Txikitatik nederlandera, ingelesa, papiamento eta sranantongo (sranan izenez ere ezaguna) hitz egiten nituen. Azken hau Surinameko hizkuntza nagusia da. Baina oihaneko jendeak hobeto erantzuten zuen beraien hizkuntzan hitz egiten bazenien. Hauetako batzuk hitz egitea zaila egiten zitzaidan, adibidez, saramaka hizkuntza, tonu altu eta baxuak erabili behar direlako. Nahiz eta izugarrizko esfortzua egin, ez naiz damutu. Beraien hizkuntzan hitz egiten nienez, urteetan zehar jende askori lagundu diot egia ezagutzen.

Noski, nire lotsak ere pasa nituen. Behin, tripako minak izan zituen Biblia ikasle bati zer moduz zegoen galdetu nahi izan nion. Saramaka hizkuntzan esaten saiatu nintzen, baina hori esan beharrean, ea haurdun zegoen galdetu nion. Imajinatuko duzue ez ziola batere graziarik egin. Nahiz eta hanka-sartzeak egin, bidali nauten toki guztietan beti saiatu naiz jendeari bere hizkuntzan hitz egiten.

ARDURA BERRIAK ONARTU NITUEN

1970⁠ean eskualde arduradun izendatu ninduten. Urte hartan Jehobaren lekukoen Egoitza Nagusiari buruzko diapositiba proiekzio bat aurkeztu nuen. Oihaneko talde isolatu askok ikusi ahal izan zuten. Beraiengana iristeko, anaia talde bat eta ni ibaietan barrena ibiltzen ginen egurrezko kanoa luze batean. Bertan, generadore bat, gasolina depositu bat, kerosenozko lanparak eta diapositiba proiektore bat eramaten genituen. Gero, hori dena oihanean barrena eraman behar genuen erakustaldi tokiraino. Zenbat gustatzen zitzaizkion hango jendeari emanaldi haiek! Horixe da bidai haietatik gehien gogoratzen dudana. Jehoba eta bere erakundearen lurreko alderdiari buruz ikasten lagundu nien. Izugarri gustatzen zitzaidan! Sakrifizio guzti hauei esker, hainbeste jende Jehobarengana hurbiltzen lagundu izanak oso zoriontsu egin nau.

HIRU ARIKO SOKA

Ethel eta biok 1971⁠ko irailean ezkondu ginen

Egia da ezkongabe izateak nire zerbitzuan asko lagundu zidala, baina bizitza osorako laguntzaile bat behar nuela sentitzen nuen. Beraz, Jehobari otoitz zehatzak egiten hasi nintzen oihaneko bizitza gogorrera gustura moldatu zitekeen emazte bat eskatuz. Urtebete inguru beranduago, Ethel izeneko arreba batekin ateratzen hasi nintzen. Aitzindari berezia zen eta Jehobaren alde sakrifizioak egiteko prest zegoen. Gaztetatik Paulo apostolua miresten zuen eta berak bezala predikatzean dena eman nahi zuen. 1971⁠ko irailean ezkondu eta eskualde lanetan elkarrekin hasi ginen.

Ethel gauza material askorik gabe hazi zenez, oihaneko bizitzara ondo moldatu zen. Adibidez, oihan sakonean kongregazio bat bisitatu behar genuenean, ez genituen gauza asko eramaten. Ibaietan arropa garbitu eta bainatzen ginen. Anai-arrebek prestatzen zuten edozer gauza jaten genuen: iguanak, pirañak, edo basoan edota ibaian harrapatzen zuten edozer gauza. Platerik ez bazegoen, banana hostoak erabiltzen genituen. Sardeska eta labanarik ez bazegoen, eskuekin jaten genuen. Elkarrekin Jehobaren alde egindako sakrifizioek hiru ariko soka estutu besterik ez dute egin (Koh 4:12). Ez genituzke bizipen horiek ezergatik aldatuko!

Hasieran kontatu dizuedan istorioa, oihanean galdutako toki batetik gentozela gertatu zen. Ur-lasterretan sartzen ari ginela, kanoa ur azpian sartu zen, baina segituan atera zen. Eskerrak salbamendu txalekoa jantzita geneukala eta ez ginela ibaira erori. Baina kanoa urez gainezka zegoen. Janari ontziak uretan hustu eta hauekin ura ateratzen hasi ginen.

Janari guztia galdu genuenez, ibaian behera gindoazela arrantzatzen saiatu ginen, baina ez genuen ezer harrapatu. Orduan, Jehobari otoitz egin eta eguneko jana eskatu genion. Otoitz egin eta berehala, anaietako batek amua bota eta bostok jateko adinako arraina atera zuen. Gauean jan genuen eta bapo geratu ginen.

SENARRA, AITA ETA ESKUALDE ARDURADUNA

Elkarrekin ibiltari lanetan bost urte igaro eta gero, espero gabeko bedeinkapen bat izan genuen. Haurtxo bat zetorren bidean! Pozik jarri nintzen, baina ez nekien bizitza nola aldatuko zitzaigun. Posible bazen behintzat, denbora osoko zerbitzuan jarraitzeko gogo handia genuen. Gure lehen semea, Ethniël, 1976⁠an jaio zen. Bigarrena, Giovanni, bi urte eta erdi beranduago iritsi zen.

1983⁠an, Surinameko ekialdean, Godo Holotik gertu, Tapanahoni ibaian, bataio batean

Garai hartan Surinamen oso behar handia zegoenez, haurrak hezten genituen bitartean, sukurtsalak eskualde arduradun izaten jarraitzeko antolaketak egin zituen. Semeak txikiak zirenean, kongregazio gutxi zituzten eskualdeak bisitatu behar nituen. Normalean, hilabetean bi aste ematen nituen bisitak egiten, eta gainontzeko asteetan, nire kongregazioan aitzindaritza egiten nuen. Etxetik gertu bisitatzen nituen kongregazioetara Ethel eta mutikoak nirekin etortzen ziren. Baina oihaneko kongregazio eta biltzarretara bakarrik joaten nintzen.

Eskualde lanetan, askotan bidaiatzen nuen kanoaz urruneko kongregazioak bisitatzeko

Ondo-ondo antolatu behar nintzen nire ardura guztiak betetzeko. Nire semeek familia ikasketa astero-astero egitea nahi nuenez, kanpoan nengoenean Ethelek zuzentzen zuen. Hala ere, ahal genuen guztietan elkarrekin gauzak egiten genituen: haurrekin jolastu edota etxetik gertu zeuden toki interesgarrietara joaten ginen. Askotan berandu oheratzen nintzen kongregazioko eta eskualdeko lanak antolatu behar nituelako. Ethel Esaera Zaharrak 31:15⁠eko emaztea bezalakoa da: egunsentia baino lehen jaikitzen zen dena prest edukitzeko. Horrela, haurrak eskolara joan baino lehen, elkarrekin gosaltzeko eta eguneko aipua aztertzeko denbora genuen. Benetan eskertzen dut nire ardura espiritualak betetzen beti lagundu didan emazte sakrifikatua edukitzea!

Guraso bezala, ahal genuen guztia egin genuen mutikoek Jehoba eta predikazioa maitatzeko. Denbora osoko zerbitzua aukeratu zezaten nahi genuen, baina ez guk nahi genuelako, beraiek nahi zutelako baizik. Beti azpimarratu diegu denbora osoko zerbitzuak oso zoriontsu egingo zituela. Zailtasunei buruz ere hitz egiten genien, baina bereziki Jehobak gure familia nola lagundu eta bedeinkatu zuen kontatzen genien. Jehobaren zerbitzua lehen postuan jartzen zuten lagunak aukeratzen ere lagundu genien.

Jehobak gure familiari behar genuen guztia eman dio. Noski, nire partetik ahal dudan guztia egin dut beti. Oihanean, aitzindari berezi ezkongabe nintzen bitartean, gastuak aldez aurretik ondo antolatzen ikasi nuen. Baina batzuetan, ahal genuen guztia egin arren, ez genuen beharrezko guztia. Argi daukat horrelakoetan, Jehobak lagundu zigula. Adibidez, 1986⁠tik 1992⁠ra gerra zibila egon zen Surinamen. Urte horietan, oso zaila zen bizitzeko oinarrizko gauzak lortzea. Orduan ere, Jehobak behar genuena eman zigun (Mt 6:32).

ATZERA BEGIRA

Ezkerretik eskuinera: Nire emazte Ethel eta biok

Gure seme zaharrena, Ethniël, bere emazte Natalierekin batera

Gure seme Giovanni bere emazte Christalekin batera

Bizitza osoan zehar, Jehobak beti zaindu gaitu eta oso zoriontsu izateko aukera eman digu. Gure bi semeak izugarrizko bedeinkapena izan dira guretzat. Jehoba zerbitzatzeko aukera ematea ohore handia izan da. Beraiek ere denbora osoko zerbitzua aukeratu dute eta gu oso pozik gaude horregatik. Ethniël eta Giovanni eskola teokratikoetan graduatu dira eta orain Surinameko sukurtsalean zerbitzatzen dute beraien emazteekin batera.

Ethel eta biok zahartu egin gara, baina oraindik Jehobaren zerbitzuan lanpetuta jarraitzen dugu aitzindari berezi bezala. Hain lanpetuta ibili gara, oraindik ez dudala igeri egiten ikasteko astirik hartu! Baina ez naiz ezertaz damutzen. Atzera begira, denbora osoko zerbitzua gazte-gaztetatik aukeratu izana, hartu nezakeen erabaki onenetakoa izan da. Ez daukat zalantzarik.

a Ikusi Anuario de los testigos de Jehová 2002 (Annuaire 2002 des Témoins de Jéhovah) argitalpeneko 70. orria.

b Willem van Seijlen bizipena ezagutu nahi baduzu, jo «La realidad ha superado mis expectativas» («La réalité a dépassé mes attentes») artikulura, 1999⁠ko urriak 8⁠ko ¡Despertad! (Réveillez-vous !) aldizkarira.