45. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Nola laguntzen digu Jehobak predikazioan?
«Jakingo du herri […] horrek baduela profeta bat bere artean» (EZ 2:5).
sjj 67. KANTA Predikatu berri onak gogotsu
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zer espero dezakegu, eta zertaz egon gaitezke ziur?
PREDIKATZEAN jendea gure aurka jartzea espero dezakegu. Seguraski etorkizunean oposizio hori handitu egingo da (Dn 11:44; 2 Tm 3:12; Ap 16:21). Hala ere, ziur egon gaitezke Jehobak behar dugun laguntza emango digula. Zergatik? Bere zerbitzariei beti lagundu dielako, nahiz eta emandako lana zaila izan. Horixe gertatu zitzaion Ezekiel profetari. Jehobak Babilonian erbesteratuta zeuden judutarrei predikatzeko eskatu zion. Ikus dezagun zer ikasi dezakegun.
2. a) Zer esan zuen Jehobak Ezekielen eremuko jendeari buruz? (Ezekiel 2:3-6) b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Nolakoa zen Ezekielek predikatu behar zuen eremua? Jehobarentzat jende hori «errebelde», «burugogor» eta «setatsua» zen. Arantzak bezain mingarriak eta eskorpioiak bezain arriskutsuak ziren. Ez da harritzekoa beraz, Jehobak Ezekieli behin eta berriz esatea: «Ez izan beldur»! (Irakurri Ezekiel 2:3-6). Horrelako egoeran, Ezekielek bere lana honako hiru arrazoiengatik bete ahal izan zuen: 1) Jehobak bidali zuen, 2) Jainkoaren espirituak indartu zuen eta 3) Jainkoaren hitzek elikatu zuten. Zer-nolako eragina izan zuen honek guztiak Ezekielengan? Eta gugan gaur egun?
EZEKIEL JEHOBAK BIDALI ZUEN
3. Zer hitzek animatuko zuten Ezekiel eta nola ziurtatu zion Jehobak bere laguntza?
3 Jehobak Ezekieli esan zion: «Neuk bialtzen zaitut» (Ez 2:3, 4, Ke). Seguru hitz hauek asko animatu zutela. Zergatik? Dudarik gabe ondo gogoratuko zuen Jehobak Moises eta Isaias profeta bezala bidali zituenean, antzeko zerbait esan ziela (Ir 3:10; Is 6:8). Gainera, bazekien zailtasunen aurrean nola lagundu zien. Beraz, Jehobak bi aldiz «neuk bidaltzen zaitut» esan zionean, arrazoi onak zituen bere laguntzan konfiantza izateko. Kontuan hartzekoa da ere Ezekielek bere liburuan behin eta berriz honakoa idatzi zuela: «Honela mintzatu zitzaidan Jauna» (Ez 3:16; 6:1). Ezekielek ez zuen zalantza izpirik izango Jehobak bidali zuela. Honetaz gain, bere aita apaiza izanda, Jehobak bere profetei beti laguntza ziurtatzen ziela erakutsiko zion. Adibidez, Jehobak Isaak, Jakob eta Jeremiasi esan zien: «Zeurekin nauzu» (Has 26:24; 28:15; Jr 1:8).
4. Zer ideia animagarrik indartu zuten Ezekiel?
4 Egingo al zioten kasu israeldarrek Ezekielen mezuari? Ez. Jehobak esan zuen: «Israel herriak ez dizu jaramonik egingo, ez baitit niri jaramon egin nahi izan» (Ez 3:7). Herriak Ezekiel baztertu zuenean, Jehoba baztertu zuen. Beraz Jehobak, hitz horiekin, profeta bezala ez zuela huts egin ziurtatu zion Ezekieli. Gainera, berak esandakoa betetzen zenean, jendeak beraien artean profeta bat egon zela jakingo zuen (Ez 2:5; 33:33). Dudarik gabe, Jehobaren hitz animagarriek profeta honi bere lana betetzeko indarra emango zioten.
GAUR EGUN JEHOBAK BIDALTZEN GAITU
5. Isaias 44:8aren arabera, zerk ematen digu indarra?
5 Jehobak bere «lekuko» izendatu gaitu (Is 43:10). Egundoko ohorea da hori! Ezekieli «ez izan beldur» esan zion bezalaxe, Jehobak guri ere «ez ikaratu, ez beldurtu» esaten digu. Ez dugu gure aurkarien beldur izateko arrazoirik. Zergatik? Ezekielekin egin zuen bezala, Jehobak gidatzen gaituelako eta bere babes osoa dugulako (Irakurri Isaias 44:8).
6. a) Nola ziurtatzen digu Jehobak predikatzean lagunduko digula? b) Zerk ematen digu indarra eta lasaitasuna?
6 Jehobak lagunduko digula ziurtatzen digu. «Zeuek zaituztet lekuko» esan aurretik, gutako bakoitzari esaten digu: «Ibaiak pasatzean, zurekin izango naiz: urek ez zaituzte hondoratuko; sutatik igarotzean, ez zara erreko, ez zaitu sugarrak kiskaliko» (Is 43:2). Predikatzean, ibaiak bezalakoak diren oztopoak eta sua bezalakoak diren probak izaten ditugu batzuetan. Hala ere, Jehobaren laguntzarekin predikatzen jarraitzen dugu (Is 41:13). Ezekielen garaian bezala, gaur egun jende gehienak ez digu kasurik egiten. Baina honek ez du esan nahi Jainkoaren Lekuko bezala huts egin dugunik. Bere mezua leialki zabaltzen jarraitzen dugunean, Jehoba gurekin pozik dago. Hori jakiteak indarra eta lasaitasuna ematen digu. Paulo apostoluak esan zuen gutako bakoitzak «egindako lanaren arabera» saria hartuko dugula (1 Ko 3:8; 4:1, 2). Aspalditik aitzindaria den arreba batek dio: «Jehobak gure esfortzuak saritzen dituela jakiteak poza ematen dit».
JAINKOAREN ESPIRITUAK EZEKIEL INDARTU ZUEN
7. Izandako ikuskarian pentsatzen zuen bakoitzean, zer eragin izango zuen Ezekielengan? (Ikusi azaleko irudia)
7 Ezekielek Jainkoaren espiritua zein boteretsua den ikusi zuen. Ikuskari batean honen lekuko izan zen. Espiritu santuak aingeru boteretsuak nola laguntzen zituen eta zeruko gurdiaren gurpil erraldoiak nola mugitzen zituen ikusi zuen (Ez 1:20, 21). Zer eragin izan zuen honek Ezekielengan? Ikustean, «ahuspez erori nintzen» esaten du. Miresmenez betea, lurrera erori zen (Ez 1:28). Aurrerago, ikuskari honetan pentsatzean, Jainkoaren espirituari esker bere predikatze lana aurrera eramateko gai izango zela seguru egongo zen.
8, 9. a) Zer gertatu zen Jehobak Ezekieli zutitzeko agindu zionean? b) Zer laguntza eman zion Jehobak eremu zailean predikatzeko?
8 Jehobak Ezekieli esan zion: «Gizaseme, zutitu, hitz egin behar dizut eta». Agindu horrek eta Jainkoaren espirituak Ezekieli zutik jartzeko indarra eman zioten. «Jaunaren espiritua sartu zen niregan eta zutitu egin ninduen» (Ez 2:1, 2). Gero, predikazioan zehar, Jainkoaren eskuak, hau da, bere espiritu santuak lagundu zuen (Ez 3:22; 8:1; 33:22; 37:1; 40:1). Bere eremuan «burugogor eta setatsu» zen jende asko zegoen (Ez 3:7). Eta hauei predikatzen jarraitzeko indarra eman zion. Jehobak Ezekieli esan zion: «Horiek bezain burugogor eta tematsu bihurtuko zaitut. Diamantea bezain gogor bihurtuko zaitut, harkaitzak baino gogorrago; ez zara herri errebelde horren aurrean beldurtuko, ez kikilduko» (Ez 3:8, 9). Beste hitz batzuetan, honakoa esaten ari zitzaion: «Bai, egoskorrak dira, baina ez desanimatu. Neuk sendotuko zaitut».
9 Horren ondoren, Jainkoaren espirituak jaso eta predikatzeko eremura eraman zuen. «Zeharo jabetu zen nitaz Jaunaren indarra», idatzi zuen Ezekielek. Astebete behar izan zuen mezua guztiz ikasi, ulertu eta bereganatzeko (Ez 3:14, 15). Orduan, Jehobak haran batera zuzendu eta espiritua berarengan sartu zen (Ez 3:23, 24). Ezekiel predikatzen hasteko prest zegoen.
JAINKOAREN ESPIRITUAK GAUR EGUN INDARTZEN GAITU
10. Zer laguntza behar dugu predikatzeko eta zergatik?
10 Zer laguntza behar dugu gure predikazioa burutzeko? Erantzuteko, pentsa dezagun zer gertatu zitzaion Ezekieli. Predikatzen hasi baino lehen, behar zuen indarra Jainkoaren espirituak eman zion. Gaur egun ere, Ezekielen kasuan bezala, ezin dugu Jainkoaren espiriturik gabe predikatu. Satanas gurekin borrokan ari da predikazioa geldiarazteko (Ap 12:17). Giza ikuspuntutik badirudi bere aurka ez dugula ezer egiterik. Baina predikatzen jarraitzean, bera garaitzen dugu! (Ap 12:9-11). Nola? Predikazioan parte hartzen dugun bakoitzean, Satanasen mehatxuen aurrean ez garela kikiltzen erakusten dugu. Hori sekulako porrota da berarentzat. Orduan, zer ondorio atera dezakegu? Zergatik predikatu dezakegu oposizioa izan arren? Jainkoaren espirituak indarra ematen digulako eta bere onespena dugulako (Mt 5:10-12; 1 P 4:14).
11. Zer egingo du Jainkoaren espirituak gure alde eta zer egin behar dugu jasotzen jarraitzeko?
11 Jehobak Ezekiel sinbolikoki gogortzen jarraitu zuen. Zer segurtasun ematen digu hau jakiteak? Jainkoaren espirituak predikazioan aurkitzen ditugun arazoak gainditzeko indarra emango digula (2 Ko 4:7-9). Orduan, zer egin behar dugu Jainkoaren espiritua jasotzen jarraitzeko? Etengabe otoitzean eskatu, entzungo digun ziurtasunarekin. Jesusek bere ikasleei irakatsi zien «eskatzen», «bilatzen» eta «atea jotzen» jarraitu behar zutela. Orduan, Jehobak, eskaera horri erantzunez, espiritu santua emango die eskatzen diotenei (Lk 11:9, 13; Eg 1:14; 2:4).
JAINKOAREN HITZEK EZEKIEL ELIKATU ZUTEN
12. Ezekiel 2:9-3:3pasartearen arabera, nondik zetorren erroilua eta zer zegoen bertan idatzita?
12 Jainkoaren espirituak Ezekiel indartzeaz gain, Jainkoaren hitzek ere elikatu egin zuten. Ikuskari batean Ezekielek esku bat ikusi zuen erroilu batekin (Irakurri Ezekiel 2:9-3:3). Nondik zetorren erroilua? Zer zegoen bertan idatzita? Nola elikatu zuen Ezekiel? Goazen ikustera. Erroilua Jainkoaren tronutik zetorren. Seguraski Jehobak aingeru bat erabili zuen Ezekieli erroilua emateko. Ezekielek lehenago ikusitako lau aingeruetako bat izango zen (Ez 1:8; 10:7, 20). Erroiluan Jainkoaren hitzak zeuden idatzita: Ezekielek desterratutako errebeldeei eman behar zien epai mezu luzea (Ez 2:7). Erroilua bi aldeetatik zegoen idatzita.
13. Zer esan zion Jehobak Ezekieli erroiluarekin egiteko eta zergatik zen gozoa?
13 Jehobak profetari erroilua jateko eta sabela betetzeko esan zion. Ezekielek obeditu eta oso-osorik jan zuen. Zer esan nahi zuen horrek? Ezekielek eman behar zuen mezua guztiz bereganatu behar zuela. Bai, mezua barru-barruan sinetsi behar zuen, horrela predikatzera motibatuta sentitzeko. Orduan, espero gabeko zerbait gertatu zen. Erroilua jatean, «eztia bezain gozo» zela konturatu zen (Ez 3:3). Zergatik? Ezekielentzat Jehobaren izenean hitz egiteko ohorea goxoa, atsegina zelako (Sal 19:9-12 [19:8-11, NWT]). Zenbat eskertuko zuen Jehobak bera profeta bezala erabili izana!
14. Zerk lagundu zion Ezekieli bere asignazioa burutzeko prest egoten?
14 Ondoren, Jehobak Ezekieli esan zion: «Hartu itzazu zure bihotzean, eta ongi aditu itzazu, nik esaten dizkizudan hitz guztiak» (Ez 3:10, Ur, euskara batura egokituta). Modu honetan, esan beharreko mezua gogoratzeko eta horretan hausnartzeko esan nahi zion. Hau egiteak Ezekiel elikatu zuen. Beste hitz batzuetan esanda, bere fedea indartu zion. Gainera, herriari emateko mezu boteretsua izango zuen (Ez 3:11). Ezekielek Jainkoaren mezua guztiz ulertu eta bereganatu zuenean, prest zegoen bere asignazioa hasteko eta burutzeko (19. Salmoa 15 [19:14, NWT]).
JAINKOAREN HITZEK GAUR EGUN ELIKATZEN GAITUZTE
15. Predikatzen jarraitzeko, zer hartu behar dugu bihotzean?
15 Predikatzen jarraitzeko, Jainkoaren hitzek etengabe elikatu behar gaituzte. Horretarako, Jainkoaren esanak «bihotzean hartu» behar ditugu. Gaur egun, Jehobak Bibliaren bidez hitz egiten digu. Nola ziurtatu gaitezke Jainkoaren Hitzak gure pentsaera, sentimendu eta motibazioetan eragina duela?
16. Zer egin behar dugu Jainkoaren Hitza gure parte izateko?
16 Fisikoki jaten dugunean eta digestioa egiten dugunean, elikatu egiten gara. Gauza bera gertatzen da Jainkoaren Hitza aztertu eta bertan hausnartzen dugunean: espiritualki elikatzen ari gara. Gogoan izan dezagun erroiluari buruz ikasten duguna. Jehobak, bere hitzekin, guk geure sabela betetzea nahi du, hau da, gure parte izatea nahi du. Horretarako, hiru pauso eman behar ditugu: otoitz egin, irakurri eta hausnartu. Lehenik, Jainkoaren pentsamenduak jaso aurretik, bihotza prestatzeko otoitz egiten dugu. Gero, Bibliako pasarte bat irakurtzen dugu eta, azkenik, irakurritakoan sakon hausnartzeko astia hartzen dugu. Zein izango da ondorioa? Gure parte izatera iritsiko dela. Zenbat eta gehiago hausnartu, orduan eta eragin handiagoa izango du gure bihotz sinbolikoan.
17. Zergatik da ezinbestekoa Biblian irakurritakoan hausnartzea?
17 Zergatik da ezinbestekoa Biblia irakurri eta hausnartzea? Mezua zabaltzeko behar dugun indarra emango digulako, bai orain, baita laster agian eman beharko dugun epai mezuan ere. Gainera, Jehobaren ezaugarri erakargarrietan hausnartzen dugunean, berarekin dugun harremana are gehiago sendotuko da. Orduan, eztia bezain gozoa edo atsegina den zerbait lortuko dugu: bakea eta poza (Sal 119:103).
PREDIKATZEN JARRAITZEKO MOTIBATUTA
18. Zer onartu beharko du gure eremuko jendeak eta zergatik?
18 Ezekiel profeta zen, baina gu ez. Hala ere, Jehobak Biblian inspiraturiko mezua zabaltzeko determinazioa dugu. Noiz arte? Berak nahikoa dela esan arte. Epaiketa garaia iristean, gure eremuko inork ezingo du esan ez zuela abisurik jaso edo Jainkoak ez ziela kasurik egin (Ez 3:19; 18:23). Horren ordez, guk zabaldutako mezua Jainkoarengandik datorrela onartu beharko dute.
19. Zerk emango diogu gure predikatze lana burutzeko indarra?
19 Zerk emango digu indarra gure predikatze lana burutzeko? Ezekieli indarra eman zioten hiru gauza berdinek. Predikatzen jarraitzen dugu 1) Jehobak bidaltzen gaituela dakigulako, 2) Jainkoaren espiritu santuak indartzen gaituelako eta 3) Jainkoaren Hitzak elikatzen gaituelako. Jehobaren laguntzarekin gure predikazioa burutzeko motibazioa dugu eta «azkeneraino sendo» iraun dezakegu (Mt 24:13).
sn 45. KANTA Egin aurrera!
a Artikulu honetan, Ezekiel profetari predikatzen jarraitzen lagundu zioten hiru gauza aztertuko ditugu. Jehobak bere profetari nola lagundu zion aztertzen dugun heinean, gure konfiantza handitu egingo da Jehobak guri ere predikazioan lagunduko digula ziur egongo garelako.