24. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jehoba barkatzailerik handiena da
«Ona zara zu, Jauna, eta barkabera, dei egiten dizutenentzat onginahiz betea» (SAL 86:5).
sn 6. KANTA Jainkoaren zerbitzariaren otoitza
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zer ikasten dugu Salomon erregeak Kohelet 7:21ean esandakotik?
SALOMON erregeak esan zuen: «Zeren ez dago gizon justorik lurrean, ongi egiten duenik, eta bekaturik behin ere egiten ez duenik» (Koh 7:21, Ur, euskara batura egokituta [7:20, NWT]). Egia da, ezta? Denok gara bekatariak (1 Jn 1:8). Beraz, denok behar dugu Jehoba eta lagun hurkoaren barkamena.
2. Zer sentitzen da lagun batek barkatzen dizunean?
2 Denok gogoratu dezakegu gure hitz edo ekintzekin lagun bat mindu izana. Konturatzean, egoera konpontzeko bihotz-bihotzez barkamena eskatuko genion. Zer sentitu zenuen zure lagunak barkatu zizunean? Lasaitu ederra eta sekulako poza, ezta?
3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
3 Jehoba gure lagunik onena izatea nahi dugu. Baina, goiz edo berandu, min egingo dion zerbait esan edo egingo dugu. Hala ere, zergatik egon gaitezke ziur Jehoba barkatzeko prest dagoela? Zer desberdintasun dago Jehobaren barkamena eta gure barkamenaren artean? Eta, nori barkatzen dio Jehobak?
JEHOBA BARKATZEKO PREST DAGO
4. Zergatik egon gaitezke ziur Jehoba barkatzeko prest dagoela?
4 Bere Hitzean Jehobak argi eta garbi esaten du barkatzeko prest dagoela. Sinai mendian, aingeru baten bidez, honakoa esan zion Moisesi: «Jehoba, Jehoba, Jainko bihozbera eta errukitsua, pazientziaz, maitasun leialez eta egiaz betea, milaka belaunaldiri maitasun leiala erakusten diena, hutsegite, erru eta bekatuak barkatzen dituena» (Ir 34:6, 7, NWT). Bekatari bat egindakoaz damutzen bada, Jehoba goxoa eta errukitsua denez, beti dago barkatzeko prest (Ne 9:17; Sal 86:15).
5. 103. Salmoa 13, 14 aren arabera, zer egitera bultzatzen du Jehoba gu hain ondo ezagutzeak?
5 Jehoba gure sortzailea denez, den-dena daki gutaz. Pentsa! Mundu osoko gizaki bakoitzaren detailerik txikiena ere ondo ezagutzen du (Sal 139:15-17). Inperfekzioaren ondorioz gure gurasoengandik jaso ditugun akats eta ahuleziak zeintzuk diren badaki. Are gehiago, argi ikusten du bizitzako gorabehera guztiek gure pertsonalitatean zer-nolako eragina izan duten. Orduan, zer egitera bultzatzen du Jehoba gizakiak hain ondo ezagutzeak? Gurekin errukitsu izatera (Sal 78:39; Irakurri 103. Salmoa 13, 14).
6. Nola frogatu du Jehobak barkatzeko prest dagoela?
6 Jehobak dagoeneko frogatu du barkatzeko prest dagoela. Ongi ulertzen du Adamek desobeditu zuelako denok madarikazio bat jaso dugula: bekatua eta heriotza (Erm 5:12). Ezin dugu ez geure burua, ezta beste inor ere, madarikazio horretatik libratu (Sal 49:8-10 [49:7-9, NWT]). Baina, maitasunak eta errukiak bultzatuta, Jehobak konponbide bat jarri zuen. Joan 3:16ak dioen bezala, bere seme bakarra eman zuen gure alde (Mt 20:28; Erm 5:19). Jesusek gure tokia hartu zuen eta heriotza zigorra jasan zuen. Horregatik, berarengan fedea jartzen dutenak aske izan daitezke (Heb 2:9). Imajinatu zenbat sufrituko zuen Jehobak bere Seme kuttunaren heriotza krudel eta umiliagarria ikustean! Guri barkatzeko prest ez balego, ez luke horrelako zerbait gertatzen utziko, ez horixe!
7. Nori barkatu zion Jehobak eskuzabaltasunez? Azaldu.
7 Jehobak eskuzabaltasunez barkatzen duela erakusten duten adibide asko daude Biblian (Ef 4:32). Bururatzen al zaizu baten bat? Esate baterako, Manases erregea, ezta? Gaiztakeria izugarri handiak egin zituen Jehobaren aurka. Adorazio faltsuan aurrea eraman zuen. Bere seme-alabak hil zituen sasi-jainkoei eskaintzeko. Jehobaren tenplu sakratuan idolo bat jartzera ere iritsi zen. Bibliak berari buruz honakoa dio: «Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen etengabe, Jauna haserraraziz» (2 Kro 33:2-7). Hala ere, Manases denborarekin bihotzez damutu zenean, Jehobak eskuzabaltasunez barkatu zion. Pentsa! Errege postuan ezarri zuen berriro! (2 Kro 33:12, 13). Agian Dabid erregea ere etorri zaizu burura. Jehobaren aurkako bekatu larriak egin zituen, adibidez, adulterioa eta hilketa. Hala ere, bihotzez damutu eta egindakoa gaizki zegoela onartu ondoren, Jehobak barkatu egin zion (2 Sm 12:9, 10, 13, 14). Bai, adibide hauek argi erakusten dute Jehoba barkatzeko irrikitan dagoela. Eta, ikusiko dugun moduan, Jehobak barkatzeko duen gaitasuna gorena denez, ez du gizakiarenarekin zerikusirik.
JEHOBAREN APARTEKO BARKATZEKO GAITASUNA
8. Jehoba epailerik hoberena denez, zer eragin du honek bere barkatzeko gaitasunean?
8 Jehoba «lur guztiaren epailea» da (Has 18:25, Ke, ortografia egokitua). Epaile onak ondo-ondo ezagutu behar ditu legeak. Eta Jehoba, epaile izateaz gain, gure legegilea denez, ezin hobeto ezagutzen ditu legeak (Is 33:22-23 [33:22, NWT]). Gainera, ongia eta gaizkia bereizteko gaitasun perfektua du. Zer gehiago izan behar du kontuan epaile onak? Epaia eman baino lehen, froga eta datu guztiak behar ditu mahai gainean. Kasu honetan, Jehobak dena dakienez, egon daitekeen epailerik hoberena da.
9. Zer hartzen du Jehobak kontuan barkatu ala ez erabakitzeko?
9 Giza epaileek ikusten eta entzuten dutenaren arabera epaitzen dute. Jehoba oso bestelakoa da. Egoera bakoitzaren datu guztiak ditu (Has 18:20, 21; Sal 90:8). Ondo ezagutzen du zer eragin duen gugan genetikak, heziketak, gure inguruak, baita gure egoera emozional eta mentalak ere. Gainera, gure bihotzean dagoena ikusi dezake, hau da, gure motibazioak, intentzioak eta nahiak. Berarentzat dena dago agerian (Heb 4:13). Beraz, Jehobak barkatzen duenean, dakien guztia hartzen du kontuan.
10. Zergatik esan dezakegu Jehobaren epaiak beti zuzenak direla? (Deuteronomioa 32:4).
10 Jehobaren epaiak beti zuzenak dira. Ez du barkatzen norbait itxura onekoa, aberatsa, inportantea, edo zerbaitetan trebea delako. Guztiz inpartziala da (1 Sm 16:7; St 2:1-4). Inork ezin dio presiorik egin, ezta eskupekorik eman ere (2 Kro 19:7). Gainera, frustrazioak edota sentimentalismoak ez dute eraginik bere erabakietan (Ir 34:7). Beraz, Jehoba da izan dezakegun epailerik onena. Izan ere, Bera da hobekien ezagutu eta ulertzen gaituena (Irakurri Deuteronomioa 32:4).
11. Zergatik da apartekoa Jehobaren barkamena?
11 Idazki hebrearretako idazleek argi eta garbi adierazi zuten Jehobaren barkamena apartekoa dela. Kasu batzuetan, hebrear hitz zehatz bat erabiltzen dute. Kontsulta liburu batek honakoa dio hitz honi buruz: «Jainkoak bekatariei nola barkatzen dien deskribatzeko erabiltzen da bakarrik, inoiz ez gizaki batek besteari barkatzen dion moduari buruz». Jehoba da damutu den bekatari bati guztiz barkatzeko autoritatea duen bakarra. Baina, zer gertatzen da Jehobak barkatzen digunean?
12, 13. a) Zertaz disfrutatzen dugu Jehobak barkatzen digunean? b) Zenbat irauten du Jehobaren barkamenak?
12 Jehobak barkatu digula onartzen dugunean, bere «kontsolazio-garaia» iristen zaigu. Garai honetan kontzientzia garbiaz eta barneko bakeaz disfrutatu dezakegu. Horrela sentiarazten gaituen barkamen bat ezin da gizakiengandik etorri, Jehobarengandik bakarrik etor daiteke (Eg 3:19, 20). Jainkoak barkatzen digunean, bere lagunak izan gaitezke berriro. Bekatua guztiz ezabatzen du, gertatu izan ez balitz bezala.
13 Jehobak barkatzen digunean, ez digu egindakoa berriz leporatzen, ezta berriro zigortzen ere (Is 43:25; Jr 31:34). «Nola ekialdea mendebaldetik urruti», horrela urruntzen ditu Jehobak gure bekatuak (Sal 103:12). b Jehobak barkatzeko duen moduan hausnartzeak, esker onez eta miresmenez betetzen gaitu (Sal 130:4). Baina, nork jaso dezake Jehobaren barkamena?
NORK JASO DEZAKE JEHOBAREN BARKAMENA?
14. Orain arte ikusi dugunez, zer hartzen du kontuan Jehobak barkatu ala ez erabakitzeko?
14 Zer ikusi dugu orain arte? Barkatu ala ez erabakitzeko, Jehobak ez duela kontuan hartzen bekatua handia ala txikia den. Horretaz gain, gure sortzaile, legegile eta epaile izateari esker dakien guztia hartzen duela kontuan. Baina zer gauzetan pentsatzen du?
15. Lukas 12:47, 48aren arabera, zer da Jehobak kontuan hartzen duen gauza bat?
15 Ba al zekien bekatariak egiten ari zena gaizki zegoela? Horixe da Jehobak kontuan hartzen duen gauzetariko bat. Jesusek ideia hau argi eta garbi utzi zuen Lukas 12:47, 48an (Irakurri). Norbaitek, Jehobaren aurkako zerbait egiten ari dela jakin arren, maltzurkeriaz eta aldez aurretik pentsatuz egiten badu, oso bekatu larria egiten ari da. Barkamenik ez jasotzeko arriskuan dago (Mk 3:29; Jn 9:41). Hala ere, batzuetan bagenekien egiten ari ginena gaizki zegoela. Kasu horretan, ba al dugu itxaropenik? Bai! Jehobak beste gauza bat ere kontuan hartzen duelako.
16. Zer da damutzea eta zergatik damutu behar dugu Jehobak barkatzea nahi badugu?
16 Jehobak bekataria bihotzez damutu den ala ez kontuan hartzen du ere. Zer da damutzea? Norbait bihotzez damutzen denean, bere pentsaera, jarrera, eta helburuetan aldaketa sakonak gertatzen dira. Gainera, egindako gauza txarrengatik edo ondo zeuden gauzak ez egiteagatik pena handia sentitzea da. Damutu den norbaitek atsekabea sentitzen du, ez gaizki egindako gauzengatik bakarrik, bekatura eraman zuen egoera espiritual ahulagatik ere. Gogoan izan dezagun Manases eta Dabid erregeei gertatu zitzaiena. Bekatu larriak egin zituzten, baina bihotzez damutu zirenez, Jehobak barkatu egin zien (1 Erg 14:8). Bai, Jehobak barkatzeko, damututa gaudela erakusten duten frogak ikusi behar ditu. Ez da nahikoa bekatuagatik gaizki sentitzea; ekintzak ikusi nahi ditu. c Honek Jehobak kontuan hartzen duen beste gauza batera darama.
17. Zer gehiago espero du Jehobak, eta zergatik da beharrezkoa hori egitea bekatuak ez errepikatzeko? (Isaias 55:7)
17 Zer gehiago espero du Jehobak? «Norabidez aldatzea», hau da, gauza txarrak egiteari utzi eta Jehobak nahi duen moduan bizitzen hastea (Irakurri Isaias 55:7). Horretarako gure pentsaera aldatu behar dugu eta Jehobak pentsatzen duen moduan pentsatzen hasi (Erm 12:2; Ef 4:23). Gure pentsamendu eta ekintza txarrak guztiz uzteko determinazioa izan behar dugu (Kol 3:7-10). Egia da barkamenaren oinarria Jesu Kristoren sakrifizioan fedea jartzea dela. Baina, behar-beharrezkoa da Jehobak aldatzeko ahaleginak egiten ari garela ikustea. Orduan bakarrik erabiliko du Jesu Kristoren sakrifizioaren balioa guri barkatzeko (1 Jn 1:7).
ZIUR EGON JEHOBAK BARKATUKO DIZULA
18. Zer ikasi dugu Jehobaren barkamenari buruz?
18 Gogora dezagun orain arte aztertutakoa. Jehoba unibertsoko barkatzailerik handiena da. Zer arrazoi ditugu hori esateko? Lehenik, Jehoba beti dago barkatzeko prest. Bigarrenik, goitik behera ezagutzen gaitu. Horregatik, inork baino hobeto jakin dezake benetan damututa gauden ala ez. Eta hirugarrenik, barkatzen duenean, guztiz barkatzen du. Egin izan ez bagenu bezala da berarentzat. Honi esker, kontzientzia garbia eta Jehobaren onespena izan dezakegu.
19. Nahiz eta inperfektuak izan eta bekatu egiten jarraitu, zergatik egon gaitezke pozik?
19 Noski, inperfektuak garen bitartean bekatu egiten jarraituko dugu. Hala ere, Perspicacia para comprender las Escrituras, 1. liburukiak 209. orrialdean d dioenak asko kontsolatu gaitzake: «Jehoba errukitsua da eta badaki bere zerbitzariak ahulak direla. Horregatik ez dute etengabe gaizki sentitu behar inperfekzioaren ondorioz egiten dituzten akatsengatik (Sal 103:8-14; 130:3). Jehoba zerbitzatzeko ahal duten guztia egiten badute, pozik egoteko arrazoiak dituzte (Flp 4:4-6; 1 Jn 3:19-22)». Zein ideia animagarria!
20. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?
20 Zenbat eskertzen dugun egindako bekatuengatik benetan damutzen garenean, Jehoba barkatzeko prest egotea. Nola imitatu dezakegu Jehobaren barkatzeko modua? Gure barkatzeko moduarekin konparatzen dugunean, zertan dira antzekoak eta zertan desberdintzen dira? Zergatik da inportantea desberdintasun hori ulertzea? Hurrengo artikuluak galdera hauek erantzungo ditu.
sjj 45. KANTA Bihotzeko gogoetak
a Bere Hitzean, Jehobak damutu diren bekatariei barkatzeko prest dagoela ziurtatzen digu. Hala ere, batzuetan bere barkamena ez dugula merezi pentsa dezakegu. Zergatik egon gaitezke ziur Jainkoak benetan damutzen bagara beti barkatuko digula? Artikulu honek galdera hau erantzungo du.
c ZER ESAN NAHI DU? «Damutzea» jarrera aldatzea da. Honekin batera, lehen eramandako bizimoduagatik, egindako gauza txarrengatik edo egin behar genituen gauzak ez egiteagatik benetan gaizki sentitzea da. Bihotzeko damuak dakarren fruitua jokaera aldaketa da.
d Étude perspicace des Écritures 2. libk., 765. or.