Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Ba al zenekien?

Ba al zenekien?

Nola zekien biblia-garaiko jendeak urteak eta hilabeteak noiz hasten ziren?

PROMESTUTAKO lurraldean zeuden hebrearrentzat, urte sekularra lurra goldearekin prestatu eta hazia ereiten zen garaian hasten zen. Hau gaur egungo iraila eta urria artean gertatzen zen.

12 hilabete zituen ilargi-egutegiak, bakoitza 29 edo 30 egunekoa, urtebete osatzen du. Baina hau eguzki-urtea baino motzagoa da. Bi egutegi hauek bat egiteko, metodo desberdinak erabili izan dira. Hau, agian urte berria hasi baino lehen, egun gehiago gehituz edo behar den bakoitzean hilabete berri oso bat erantsiz egin daiteke. Horrela, ereiteko eta uzta jasotzeko sasoia eta egutegia bat etortzea lortzen da.

Moisesen garaian aldiz, Jainkoak bere herriari esan zionez, erlijioaren ikuspuntutik urtea udaberrian Abib edo Nisan hilabetearekin hasten zen (Ir 12:2; 13:4). Hilabete honetan garagar uztarekin loturiko jai bat ospatzen zen (Ir 23:15, 16).

«Hilabete bat gehiago sartu behar zen ala ez erabakitzeko araua oso erraza zen», dio Emil Schürer adituak Jesu Kristoren garaiko judutarren historiari buruzko bere liburuan. «Pazkoa jaia Nisan hilabetearen ilargi betean ospatzen zen, Nisanaren 14⁠an. Egun honek udaberriko ekinozioaren ondoren izan behar zuen beti. Urtearen amaieran egun hori udaberriko ekinozioa baino lehen izango zela ikusten bazen, orduan, [hamairugarren] hilabetea sartzen zen Nisan baino lehen» [The History of the Jewish People in the Age of Jesus Christ, (175 B.C.–A.D. 135)].

Jehobaren lekukoek arau hau erabiltzen dute Jaunaren Afaria noiz izango den jakiteko. Egun hau udaberrian da eta egutegi hebrearraren arabera Nisanaren 14⁠a. Mundu osoko kongregazioei aldez aurretik ematen zaie data honen berri. *

Gaur egun, oso erraza da hilabete berri bat noiz hasten den jakitea. Eskura dugun edozein egutegitara jo dezakegu, adibidez mugikorretan daukagunera. Baina antzinako hebrearren garaian ez zen hain erraza. Zer egiten zuten hilabete berri bat noiz hasten den jakiteko?

Noeren garaian, hilabeteak 30 egunekoak ziren (Has 7:11, 24; 8:3, 4). Baina, geroago, hebrearren artean hilabeteek ez zuen egun-kopuru finkorik. Beraientzat ilgora ikusten hasi bezain pronto hasten zen hilabete berria. Beraz, hilabeteak 29 edo 30 egunekoak izaten ziren.

Behin, Dabid eta Jonatanek hilabete berri bati buruz hitz egitean, honakoa esan zuten: «Bihar ilberri da» (1 Sm 20:5, 18). Beraz, dirudienez, K.a. XI. menderako aldez aurretik kalkulatzen zituzten hilabeteak. Baina nola jakin zezakeen israeldar arrunt batek noiz hasten zen hilabete berria? Mishna-k, judutarren ahozko lege eta usadioen bildumak, hau jakiten laguntzen digu. Erbestealdiaren ondoren, Sanedrinak, hau da, judutarren auzitegi gorenak zehazten zuen hilabete berria noiz hasten zen. Jaiak ospatzen ziren zazpi hilabeteetako bakoitzaren amaieran, 30. egunean, elkartzen ziren. Zer hartzen zuten kontuan erabaki hau hartzeko?

Jerusalem inguruko toki garaietan, gizon batzuk egoten ziren gauean zerura begira, ilargi berriaren lehenengo aztarnak agertuko zain. Ikusi bezain laster, Sanedrinari abisu ematen zioten. Auzitegi honek nahiko froga zeudela ikusten zuenean, hilabete berriaren hasiera iragartzen zuen. Baina zer gertatzen zen ilargi berria behe-lainoak edo hodeiek estaltzen bazuten? Momentu horretan amaitzear zegoen hilabeteak 30 egun zituela esaten zen eta hilabete berria hurrengo egunean hasi zitekeen.

Mishnaren arabera, hilabete berria hasi zela iragartzeko su bat pizten zen Oliamendiren tontorrean. Israelgo beste toki garaietan ere suak pizten ziren berria zabaltzeko. Aurrerago, denbora pasa ahala, albistea emateko mezulariak bidaltzen hasi ziren. Horrela, Jerusalemgo, Israelgo eta beste tokietako judutarrek hilabete berri bat hasi zela jakingo zuten. Honi esker judutar guztiek aldi berean ospatu zitzaketen jaiak.

Hurrengo taulak hebrear egutegiko hilabeteak, jaiak eta urtaroak ulertzen lagunduko dizu.

^ Ikusi La Atalaya (La Tour de Gardealdizkariko 1990⁠eko otsailak 15⁠eko alearen 15. orrialdea eta 1977⁠ko ekainak 15⁠eko alearen «Preguntas de los lectores» («Questions des lecteurs») artikulua.