37. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Anai-arrebengan konfiantza izan
«Maitasunak […] dena sinesten, dena itxaroten» du (1 KO 13:7).
sjj 124. KANTA Beti leial izan
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zergatik ez da harritzekoa jendeak konfiantza falta handia izatea?
PERTSONA askok ez dakite zertan edo norengan jarri konfiantza. Behin eta berriz, politikari, enpresari eta erlijioburuen jarrerak dezepzionatzen ditu. Gauza bera gertatzen zaie lagun, auzokide, baita familiakoekin ere. Ez da harritzekoa, Bibliak azken egunetan gizakiak gaizki-esale eta traidoreak izango zirela aurresan baitzuen. Satanas mundu honetako jainkoa denez, jendea bera bezalakoa da, hau da, ez da fidatzekoa (2 Tm 3:1-4; 2 Ko 4:4).
2. a) Norengan izan dezakegu konfiantza osoa? b) Zer galdera sortu daitezke?
2 Kristauok aldiz, badakigu Jehobarengan konfiantza osoa izan dezakegula (Jr 17:7, 8). Ziur gaude maite gaituela eta bere lagunak ez dituela inoiz «bazterrean uzten» (Sal 9:11 [9:10, NWT]). Jesusek ere, guregatik hil zenez, konfiantza osoa merezi du (1 P 3:18, NWT). Gainera, gure bizitzan ondo baino hobeto ikusi dugu Bibliak gida fidagarria ematen digula (2 Tm 3:16, 17). Beraz, ziur gaude Jehobarengan, Jesusengan eta Biblian konfiantza izan dezakegula. Zer esan dezakegu kongregazioko anai-arrebei buruz? Merezi al dute beti gure konfiantza? Hala bada, zergatik?
GURE ANAI-ARREBAK BEHAR DITUGU
3. Zer ohore paregabe dugu? (Markos 10:29, 30)
3 Jehobak mundu mailako bere familiaren parte izateko aukeratu gaitu. Guretzako ona izateaz gain, sekulako ohorea da! (Irakurri Markos 10:29, 30). Mundu osoan ditugun anai-arrebek Jehoba asko maite dute eta bere arauak betetzen saiatzen dira. Kultura, hizkuntza eta janzkera desberdinak ditugu, baina elkar maite dugu. Lehen aldiz elkar ezagutzean ere lotura berezia sentitzen dugu. Izugarri gustatzen zaigu gure Aita maitea elkarrekin adoratu eta goraipatzea (Sal 133:1).
4. Zergatik behar ditugu gure anai-arrebak?
4 Inoiz baino beharrezkoagoa dugu gure anai-arrebekin elkartuta egotea. Batzuetan, gure zamak eramaten laguntzen digute (Erm 15:1; Ga 6:2). Gainera, Jehobaren zerbitzuan lanpetuta egotera eta espiritualki sendo mantentzera animatzen gaituzte (1 Ts 5:11; Heb 10:23-25). Pentsa nola sentituko ginatekeen kongregazioak ematen digun babesa ez bagenu. Nola egingo genioke aurre Satanas eta bere munduari? Laster, Satanas eta bere jarraitzaileek Jehobaren herria erasotuko dute. Momentu horretan, bene-benetan eskertuko dugu gure anai-arrebak ondoan edukitzea, ezta?
5. Zergatik kostatzen zaie batzuei anai-arrebengan konfiantza izatea?
5 Hala ere, batzuei kosta egiten zaie anai-arrebengan konfiantza izatea. Zergatik? Batzuen kasuan, norbaitek konfidentziala zen zerbait zabaldu duelako edo bere hitza bete ez zuelako. Beste batzuk oso minduta daude kongregazioko norbaitek esan edo egindako zerbaitengatik. Horrelako zerbait gertatzen bada, zaila izan daiteke besteengan konfiantza izatea. Hori gertatzen bazaigu, zerk lagunduko digu?
MAITASUNAK KONFIANTZA IZATEN LAGUNTZEN GAITU
6. Nola laguntzen digu maitasunak konfiantza izaten? (1 Korintoarrei 13:4-8)
6 Maitasuna da konfiantzaren oinarria. 1 Korintoarrei 13an maitasunaren ezaugarriak azaltzen dira. Hauek besteengan konfiantza izaten edo berreskuratzen laguntzen digute (Irakurri 1 Korintoarrei 13:4-8). 4. bertsetaren arabera, «maitasuna eraman onekoa (“pazientziaduna”, NWT) eta bihozbera da». Nahiz eta bere aurka bekatu egin, Jehobak pazientzia du gurekin. Beraz, anaia edo arrebaren batek gure aurka zerbait egin edo hitzez mintzen bagaitu, guk ere pazientzia erakutsi behar dugu. 5. bertsetak, gainera, honakoa dio: «Ez da […] haserrekorra; kaltea ez du gogoan hartzen». Beraz, ez dugu egin diguten kalteen zerrendarik gogoan izan nahi. Kohelet 7:9ak dio: «Ez zaitez bizkorregi haserretu». Askoz ere hobeagoa da Efesoarrei 4:26ak esaten duena egitea: «Zuen haserreak ez beza eguzkia sartu arte iraun»!
7. Nola lagunduko digute Mateo 7:1-5erako printzipioek besteengan konfiantza izaten?
7 Anai-arrebak Jehobak ikusten dituen bezala ikustea; horixe da konfiantza izaten lagunduko digun beste gauza bat. Jehobak asko maite ditu eta ez ditu beraien akatsak kontuan hartzen. Guk ere ez genuke egin behar (Sal 130:3). Gaizki egiten dutenari begiratu beharrean, ezaugarri onei eta duten potentzialari begiratu beharko genieke (Irakurri Mateo 7:1-5). Maitasunak «dena sinesten» duenez, intentzio onak dituztela pentsatu nahi dugu (1 Ko 13:7). Horrek ez du esan nahi Jehobak besteengan dugun konfiantza itsu-itsua izatea espero duenik. Horren ordez, beraiengan konfiantza izatea espero du fidagarriak direla erakutsi dutelako. b
8. Nola ikasi dezakezu anai-arrebengan konfiantza izaten?
8 Anai-arrebengan konfiantza izateko, denbora behar dugu. Zer egin dezakegu? Gure anaia edo arreba ongi ezagutzera iritsi. Hitz egin beraiekin bileretan, atera elkarrekin predikatzera, beraiekin pazientzia izan eta fidagarriak direla erakusteko aukera eman. Hasieran, agian, ez duzu zure sentimendu guztiak kontatzeko konfiantzarik izango. Baina, harremana sendotu ahala, zeure buruaz hitz egiteko erosoago sentituko zara (Lk 16:10). Baina zer egin norbaitek zure konfiantza traizionatu badu? Ez pentsatu zure konfiantza merezi ez duenik. Horren ordez, denbora eman. Ez utzi gutxi batzuen ekintzei anai-arrebengan duzun konfiantza ahultzen. Jehobaren antzinako zerbitzari batzuk ere beste norbaitek egindakoagatik dezepzionatuta sentitu ziren. Hala ere, ez zuten besteengan zuten konfiantza galdu. Aztertu dezagun beraien eredua.
BESTEENGAN KONFIANTZA IZATEN JARRAITU ZUTENEN EREDUA
9. a) Nahiz eta Jehobaren ordezkariek akatsak egin, nola mantendu zuen Anak konfiantza Jehobarengan? b) Zer ikasi dezakegu Anaren eredutik? (Ikusi irudia)
9 Kongregazioan ardura daraman norbaitek dezepzionatu bazaitu, Anari gertatutakoak asko lagunduko dizu. Eli Apaiz Nagusia zen eta garai hartako Israelen ardura espiritual handiena zuen. Baina bere familia ez zen batere eredugarria. Bere semeek, apaizak izan arren, gauza lotsagarri eta moralgabeak egiten zituzten. Baina beraien aitak ez zuen hauek zuzentzeko askorik egiten. Egoera horrelakoa izan arren, Jehobak ez zion Eliri ardura berehala kendu. Hala ere, Anak ez zion tabernakulura joateari utzi, nahiz eta Elik Apaiz Nagusia izaten jarraitu. Joan zen batean, Anak Jehobari otoitzean bihotza ireki eta promesa bat egin zion: seme bat ematen bazion, tabernakuluan zerbitzatzera eramango zuela. Otoitz egiten zuen moduagatik Elik mozkortuta zegoela pentsatu zuen. Egoera zein zen jakiteko denborarik hartu gabe, aurpegira bota zion emakume gaixo honi (1 Sm 1:12-16). Nahiz eta tabernakuluan bere semearen ardura Elik izango zuela jakin, Anak bere hitza bete zuen (1 Sm 1:11). Zuzendu behar al zen Eliren semeen jokaera? Bai noski, eta Jehobak behar zen momentuan zigortu zituen (1 Sm 4:17). Bien bitartean, Jehobak Ana saritu zuen semetxo bat emanez, Samuel (1 Sm 1:17-20).
10. Esperientzia txar bat izan arren, nola jarraitu zuen Dabidek besteengan konfiantza izaten?
10 Lagun min batek traizionatu bazaitu, Dabid erregearen ereduak lagundu zaitzake. Bere lagun batek Ahitofel izena zuen. Absalon bere aita Dabidi tronua kentzen saiatu zenean, Ahitofel honen alde jarri zen. Zein mingarria izango zen bere semearen eta ustezko bere lagunaren traizioa jasatea! Hala ere, Dabidek ez zion besteengan konfiantza izateari utzi. Huxai bere lagun leialarengan konfiantza izaten jarraitu zuen eta honek ez zuen traizionatu. Dabid ez zebilen oker. Huxaik lagun ona zela erakutsi zuen bere erregeari laguntzeko bizia arriskuan jarri baitzuen (2 Sm 17:1-16).
11. Nola erakutsi zuen Nabalen zerbitzari batek konfiantza besteengan?
11 Nabalen zerbitzari batek ere eredu ona jarri zigun. Nabal gizon israeldar aberats bat zen. Dabid eta bere gizonek israeldar honen zerbitzariak babestu zituzten. Handik denbora batera Dabidek jana eskatu zionean, ez zuen asko eskatu, baina ezetz esan zion. Amorruz beterik, Dabidek Nabalen etxeko gizaseme guztiak hiltzea erabaki zuen. Nabalen zerbitzaria enteratu zenean, Abigaili, Nabalen emazteari, esatera joan zitzaion ziztu bizian. Bazekien bere bizia emakume honen eskuetan zegoela. Ihes egin beharrean, Abigailek egoera konpontzeko zerbait egingo zuela pentsatuz, berarengan konfiantza handia erakutsi zuen. Mundu guztiak zekien Abigail emakume zentzuduna zela, eta ondoren gertatutakoak argi utzi zuen zerbitzariak konfiantza hori izateko arrazoi onak zituela. Ausardiaz, Abigailek sarraski hori ez egiteko konbentzitu zuen Dabid (1 Sm 25:2-35). Dabidengan konfiantza handia erakutsiz, arrazoitsua izango zela espero zuen.
12. Bere jarraitzaileek hanka sartzeak egin arren, nola erakutsi zuen Jesusek beraiengan konfiantza zuela?
12 Hanka sartzeak egiten zituzten arren, Jesusek bere ikasleengan konfiantza izaten jarraitu zuen (Jn 15:15, 16). Adibidez, Santiago eta Joanek bere Erreinuan postu berezi bat eskatu ziotenean, ez zuen pentsatu Jehoba motibazio okerrarekin zerbitzatzen zutenik edo apostolu ardura kendu behar zienik (Mk 10:35-40). Handik denbora batera, atxilotu zuten gauean, ikasle guztiek bakarrik utzi zuten (Mt 26:56). Hala ere, Jesusek ez zuen beraiengan federik galdu. Beraien inperfekzioak ederki ezagutzen zituen arren, «azkeneraino izan zituen maite» (Jn 13:1, Du). Gainera, berpiztu ondoren, 11 apostolu leialei ardura handiak eman zizkien: predikazioan aurrea eramatea eta ardiak zaintzea (Mt 28:19, 20; Jn 21:15-17). Denborak erakutsi zuen beraiengan konfiantza izateko arrazoi onak zituela, hil arte leial izan baitziren. Argi dago Ana, Dabid, Nabalen zerbitzaria, Abigail eta Jesus eredugarriak izan zirela, gizaki inperfektuengan konfiantza erakutsi baitzuten.
KONFIANTZA BERRESKURATZEN IKASI
13. Zein izan daiteke besteengan konfiantza izateko oztopo bat?
13 Gertatu al zaizu noizbait beste norbaiti konfidentziala den zerbait esatea eta gero beste norbaiti kontatu diola jakitea? Konfiantza hori apurtzea lur jota geratzeko modukoa da. Horixe gertatu zitzaion arreba bati. Behin, adindun bati konfidentziala zen zerbait kontatu zion. Hurrengo egunean, adindunaren emazteak animatzeko deitu zion eta argi zegoen kontatutakoa bazekiela. Ulertzekoa da arrebak adindun harengan zuen konfiantza galtzea. Hala ere, egin beharrekoa egin zuen laguntza eskatuz. Beste adindun batengana jo zuen, eta honek adindunengan konfiantza berreskuratzen lagundu zion.
14. Zerk lagundu zion anaia bati konfiantza berreskuratzen?
14 Anaia bat bi adindunekin haserre egon zen denbora luzez. Beraiengan konfiantzarik ezin zuela izan sentitzen zuen. Baina egun batean, asko errespetatzen zuen anaia batek esandakoak astindu zuen. Oso esaldi sinplea, baina era berean indartsua izan zen: «Satanas da gure etsaia, ez anai-arrebak». Pentsatzen geratu zen eta Jehobari otoitzean laguntza eskatu zion eta, denborarekin, bi adindun haiekin bakeak egin zituen.
15. Zergatik behar da denbora konfiantza berreskuratzeko? Adibide bat eman.
15 Galdu al duzu inoiz kongregazioko arduraren bat? Mingarria izan daiteke, ezta? Grete eta bere ama, 1930eko hamarkadan, Alemania Nazian bizi ziren. Gure lana debekatuta zegoen, baina beraiek Lekuko leialak ziren. Gretek anai-arrebentzako Talaiaren kopiak egiteko ardura polita zeukan. Baina, bere aita egiaren aurka zegoela jakin zutenean, anaiek ardura hori kendu egin zioten. Bere aitak anai-arrebak salatuko zituen beldur ziren. Egoera triste hori ez zen hor bukatu. Bigarren Mundu Gerran zehar anaiek ez zieten aldizkaririk ematen eta, kaletik ikusten bazituzten, ez zituzten agurtu ere egiten. Zein egoera gogorra! Zauriak oso sakonak ziren. Gretek onartu zuen denbora luzea behar izan zuela anai-arrebei barkatu eta konfiantza berreskuratzeko. Hala ere, denborarekin Jehobak barkatu ziela eta berak ere gauza bera egin behar zuela konturatu zen. c
«Satanas da gure etsaia, ez anai-arrebak»
16. Zergatik da beharrezkoa anai-arrebengan konfiantza berreskuratzeko lan egitea?
16 Horrelako egoera bat bizi izan baduzu, gogor lan egin konfiantza berreskuratzeko. Denbora beharko duzu, baina ahaleginak merezi du. Hobeto ulertzeko, adibide honetan pentsatu: gertatu al zaizu noizbait egoera txarrean zegoen zerbait jateagatik intoxikatzea? Beharbada aurrerantzean jaten duzunarekin adiago egongo zara, baina ez diozu jateari utziko, ezta? Era berean, agian esperientzia txar bat izan duzu, baina horregatik ez diozu anai-arreba guztiengan konfiantza izateari utzi behar. Badakigu inperfektuak direla. Besteengan konfiantza berreskuratzen badugu, zoriontsuagoak izango gara eta kongregazioan konfiantzazko giroa sortzeko guk geuk zer egin dezakegun argi ikusiko dugu.
17. Zergatik da hain garrantzitsua konfiantza eta zer ikusiko dugu hurrengo artikuluan?
17 Satanasen munduan, besteengan konfiantza izatea ez da normala izaten. Baina mundu mailako gure anaiartean, ohikoa da maitasunean oinarritzen den konfiantza. Konfiantza honi esker, pozik eta elkartuta gaude orain, eta etorriko diren garai zailetan babestuta egongo gara. Baina, anai-arrebengan dugun konfiantza hautsi bada, zer egin behar dugun ikusi dugu: egoera Jehobaren ikuspuntutik ikusten saiatu, Bibliako printzipioak praktikan jarri, anai-arrebak gehiago maitatu eta Biblia ereduetatik ikasi. Mindutako sentimenduak gainditzea eta anai-arrebengan konfiantza berreskuratzea posible da. Hori egiten badugu, «anaia baino lagun minagoak diren» lagun pila izango ditugu (Es 18:24). Baina konfiantzak bi norabide ditu. Nola erakutsi dezakegu besteek gugan konfiantza izan dezaketela? Hori ikusiko dugu hurrengo artikuluan.
sjj 99. KANTA Milaka anai-arreba
a Anai-arrebengan konfiantza izan behar dugu. Baina batzuetan ez da batere erraza, bereziki norbaitek huts egin badigu. Artikulu honetan, Bibliako printzipioak eta iraganeko ereduak aztertuko ditugu. Hauei esker, anai-arrebengan dugun konfiantza handitu, edo huts egin badigute, berreskuratu ahal izango dugu.
b Bibliaren arabera, kongregazioko batzuk, agian, ez dira fidagarriak izango (Ju 4, NWT). Kasu bakar horietan, anaia faltsu horiek besteak engainatzen saiatuko ziren «irakaspen okerrak zabalduz» (Eg 20:30). Ez dugu horrelakoengan konfiantzarik jartzen eta ez diegu kasurik egiten.
c Greten bizipenari buruz gehiago jakiteko, ikusi 1974ko Anuario de los testigos de Jehová, 129 eta 130 orrialdeak (Annuaire 1974 des Témoins de Jéhovah, 129-131 or.).