Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIZIPENA

Asko gozatu dut Jehobari buruz ikasten eta irakasten

Asko gozatu dut Jehobari buruz ikasten eta irakasten

EASTON-EN hazi nintzen, Pennsylvania-n, (AEB). Unibertsitatera joatea pentsatzen ari nintzen, norbait inportantea izan nahi nuelako. Asko gustatzen zitzaidan ikastea eta matematika eta zientzietan ona nintzen. 1956⁠an, eskubide zibilen aldeko erakunde batek 25 dolar eman zizkidan ikasle beltzen artean nota onenak ateratzeagatik. Beranduago, nire helburuak aldatu egin ziren. Zergatik?

NOLA EZAGUTU NUEN JEHOBA

1940. hamarkadaren hasieran, gurasoak Jehobaren lekukoekin Biblia ikasten hasi ziren. Ez zuten ikasten segi, baina amak Talaia eta ¡Despertad! aldizkaria jasotzen jarraitu zuen. 1950⁠ean nazioarteko biltzar bat egon zen New Yorken, eta nire familiak joateko gonbidapena onartu zuen.

Handik gutxira, Lawrence Jeffries anaia gu bisitatzen hasi zen. Asko ahalegindu zen ni laguntzen. Hasiera batean, Jehobaren lekukoek politikan parte hartu behar zutela eta zerbitzu militarra bete behar zutela pentsatzen nuen. Esaten nion: «Hemen, Ameriketan, denek gerrari uko egingo bagenio, etsaiak etorri eta herrialde osoa inbadituko lukete». Jeffries anaiak, pazientzia handiz, arrazoitzen lagundu zidan: «Imajinatu amerikar guztiek Jehoba zerbitzatzen dutela. Etsaiak erasotzera etorriko balira, zer egingo luke Jehobak?». Gai honen eta beste batzuen inguruan esan zidanak, oker nengoela ikusten lagundu zidan. Gainera, nire interesa piztu zuen.

Nire bataioa

Ordu mordoxka bat eman nuen amak sotoan zituen Talaia eta ¡Despertad! ale zaharrak irakurtzen. Denborarekin, egia aurkitu nuela konturatu nintzen. Beraz, Jeffries anaiaren Biblia ikasteko gonbidapenari baietz esan nion. Bileretara joaten ere hasi nintzen. Ikasten nuena izugarri gustatzen zitzaidan eta berri-emaile egin nintzen. Bizitzako helburuak aldatu nituen Jehobaren «egun handia» gainean dagoela ulertu nuenean (So 1:14). Unibertsitatera joan ordez, besteei egia ikasten lagundu nahi nien.

1956⁠ko ekainaren 13⁠an institutua bukatu nuen eta, handik hiru egunetara, eskualde biltzarrean bataiatu nintzen. Nork esango zidan Jehobari buruz ikasteak eta irakasteak hainbeste bedeinkapen ekarriko zizkidala!

AITZINDARI NINTZENEAN, IKASTEN ETA IRAKASTEN

Bataiatu eta sei hilabetera, aitzindaritza erregularra hasi nuen. 1956⁠ko abenduko Jainkoaren Erreinua Zerbitzatzen argitalpenean, behar handiagoa dagoen toki batean zerbitzatzeari buruzko artikulu bat zegoen. Gonbidapen hura niretzako ere bazen. Berriemaile gutxi zegoen toki batean lagundu nahi nuen (Mt 24:14).

Edgefield izeneko herri batera joan nintzen, Hego Carolinan. Kongregazioan lau berriemaile besterik ez zeuden, nirekin bost. Bilerak anaia baten etxeko egongelan izaten ziren. Hilabetero 100 ordu ematen nituen predikatzen. Oso lanpetuta ibili nintzen predikazioan aurrea eramaten eta kongregazioan hitzaldiak egiten. Egia esan, zenbat eta lanpetuago egon, orduan eta gehiago ikasten nuen Jehobari buruz.

Nire Biblia ikaslea zen emakume bat tanatorio baten jabe zen Johnston-en, nire herritik kilometro batzuetara. Behar-beharrezkoa nuen lan pixka bat eman zidan eta eraikin txiki bat bilera areto bezala erabiltzen utzi zigun.

Jolly Jeffries anaia, nire irakaslearen semea, Brooklyn-etik etorri zen eta nire aitzindari laguna izan zen. Anaia batek utzi zigun karabanatxo batean bizitzen hasi ginen.

Estatu Batuetako hegoaldean soldatak eskasak ziren. Egunean bi edo hiru dolar besterik ez genituen irabazten. Behin, nire azken sosak janari denda batean gastatu nituen. Ateratzean, gizon bat etorri eta galdetu zidan: «Lana nahi al dek? Orduko dolar bat pagatuko diat». Hiru eguneko lana eman zidan obra batean garbitzen. Argi zegoen Jehoba Edgefielden geratzeko laguntza ematen ari zitzaidala. Hala ere, 1958⁠ko New Yorkeko nazioarteko biltzarrera joateko aukera izan nuen.

Gure ezkontza eguna

Biltzarreko bigarren egunean, oso gauza berezia gertatu zen. Ruby Wadlington ezagutu nuen. Aitzindari erregularra zen Gallantin-en (Tennessee). Biok misiolari izan nahi genuenez, Galaadeko bilerara joan ginen elkarrekin. Beranduago, batak besteari eskutitzak idazten hasi ginen. Orduan, Gallantinen hitzaldi publikoa ematera gonbidatu ninduten. Aukera hori nirekin ezkondu nahi al zuen galdetzeko aprobetxatu nuen. Rubyren kongregaziora aldatu nintzen eta 1959⁠an ezkondu ginen.

KONGREGAZIOAN, IKASTEN ETA IRAKASTEN

23 urte nituenean, kongregazioko zerbitzari izendatu ninduten Gallatinen (gaur egungo adindun taldearen koordinatzailea). Charles Thompson eskualde arduradunak bisitatzen zuen lehen kongregazioa ginen. Esperientzia handia izan arren, anai-arrebek zer behar zuten eta beste eskualde arduradunek kongregazioa zaintzeko zer egiten zuten galdetu zidan. Galderak egitea eta erabakiak hartu baino lehen datu guztiak edukitzea ona dela ikasi nuen berarengandik.

1964⁠ko maiatzean, Erreinua Zerbitzatzeko Eskolara gonbidatu ninduten. Hilabete egon nintzen South Lansing-en, New Yorken. Eskola zuzendu zuten anaiei esker, Jehobari buruz gehiago ikasteko eta berarengana gehiago gerturatzeko gogoa indartu zitzaidan.

IBILTARI LANEAN, IKASTEN ETA IRAKASTEN

1965⁠eko urtarrilean, eskualde arduradun izateko gonbidapena jaso nuen. Gure eskualdea oso zabala zen, Knoxville-tik (Tennessee) Richmond-era (Virginia). Bidean, Ipar Carolina, Kentucky eta Mendebaldeko Virginiako kongregazioak bisitatzen genituen. Anai-arreba beltzez osatutako kongregazioetan bakarrik zerbitzatu nezakeen, garai hartan Estatu Batuetako hegoaldean segregazio legea indarrean baitzegoen. Beraz, beltzak ezin ziren txuriekin elkartu. Anai-arrebak pobreak ziren eta haiekin konpartitzen ikasi genuen. Denbora luzez eskualde arduradun izan zen anaia batek oso inportantea den zerbait irakatsi zidan: «Anaia izan. Ez ibili kongregazioetan beraien nagusi izango bazina bezala. Beraien anaia zarela sentitzen dutenean soilik lagundu ahal izango diezu».

Kongregazio txiki bat bisitatzen ari ginela, Ruby urtebeteko alaba zuen emakume gazte batekin Biblia ikasten hasi zen. Kongregazioko inork ezin zuenez ikastaroa ematen jarraitu, Rubyk eskutitzez egin zuen. Hurrengo bisitan, emakumea bilera guztietara etorri zen. Bi aitzindari berezi kongregaziora etorri zirenean, Biblia beraiekin ikasten jarraitu eta laster bataiatu zen. 30 bat urte beranduago, 1995⁠ean, Patterson-eko Betelen, arreba gazte bat Rubyrengana gerturatu zen. Urtebeteko alaba hura zen. Bera eta senarra Galaad eskolako 100. klaseko ikasleak ziren.

Gure bigarren eskualdea Florida erdialdea izan zen. Garai hartan, behar-beharrezkoa genuen kotxea. Bat erosi genuen oso prezio onean. Baina lehen astean, ur-bonba puskatu zitzaion, eta guk konpontzeko dirurik ez. Anaia bati laguntza eskatu nion. Bere langile bati konpontzeko esan zion eta gero ez zigun dirurik onartu. «Holaxe. Egina dago», esan zigun. Eta gainera, diru pixka bat oparitu zigun. Ai ene! Nola zaintzen dituen Jehobak bere zerbitzariak! Guk ere eskuzabalak izan behar dugula gogoratu zigun honek.

Kongregazio bat bisitatzen genuen bakoitzean, anai-arreben etxean geratzen ginen. Honi esker, oso lagun onak egin genituen. Behin, nire idazteko makinan kongregazioko txostena erdi beteta utzi nuen. Ilunabarrean, etxera iristean, etxe hartako hiru urteko semetxoak txostena bukatzen «lagundu» omen zidala ikusi nuen. Urtetan jo nion adarra mutiko hari.

1971⁠n, gutun batean, New Yorken distritu arduradun izateko gonbidapena jaso nuen. Harrituta geratu ginen! Hasi ginenean, 34 urte besterik ez nituen. Hango anai-arreben lehenengo distritu arduradun beltza nintzen eta ongi etorri beroa eman zidaten.

Distritu arduradun izan nintzenean, asko disfrutatu nuen astebururo eskualde biltzarretan Jehobari buruz irakasteaz. Eskualde arduradun gehienek nik baino esperientzia askoz ere handiagoa zuten. Hauetako batek nire bataioko hitzaldia eman zuen. Beste bat, Theodore Jaracz, denborarekin Zuzendari Batzordeko kidea izan zen. Brooklyngo Betelen zerbitzatzen zuten esperientzia handiko anaiak ere egoten ziren. Eskualde arduradunek eta Betelen zerbitzatzen zuten anaia horiek oso eroso sentiarazten ninduten. Asko eskertu nuen. Gertu-gertutik ikusi nuen Jainkoaren Hitzean konfiantza zuten eta erakundeari leialak ziren artzainak zirela. Distritu arduradun lana erraztu zidaten beraien apaltasunari esker.

ESKUALDE LANERA BUELTAN

1974⁠an Zuzendari Batzordeak beste eskualde arduradun talde bat pasa zuen distritu lanera. Beraz, eskualde lanera bueltatu nintzen, oraingo honetan, Hego Carolinan. Zorionez, anai-arreben pozerako, garai horretarako txuriak eta beltzak kongregazioetan eta eskualdeetan elkarrekin egon zitezkeen.

1976⁠ko amaieran, Georgiako eskualde batetara bidali ninduten, Atlanta eta Columbus artean. Ondo gogoratzen dut bost haur beltzen hileta hitzaldia egin izana. Piromano batzuek beraien etxeari su eman zioten. Ama zauriengatik ospitaleratu egin behar izan zuten. Anai-arreba beltzak eta txuriak etengabe etorri ziren ospitalera gurasoak kontsolatzera. Erakutsitako maitasuna paregabea izan zen. Horrelako ekintzek Jainkoaren zerbitzariei egoera zailenei ere aurre egiten laguntzen diete.

BETELEN, IKASTEN ETA IRAKASTEN

1977⁠an Brooklyngo Betelera hilabete gutxi batzuetarako gonbidatu gintuzten proiektu batekin laguntzeko. Proiektua bukatzear zegoela, Zuzendari Batzordeko bi kidek nirekin hitz egin zuten. Betelen geratzeko prest egongo ginatekeen galdetu zidaten. Baietz esan genuen.

24 urtetan zehar Zerbitzu Departamentuan egin dut lan. Bertan anaiek egoera korapilatsuak argitzen lagundu behar dute askotan. Urteetan zehar, Zuzendari Batzordeak Biblia printzipioetan oinarritutako gida eman du. Hau galdera desberdinak erantzuteko oinarria izan da, baita eskualde arduradunak, adindunak eta aitzindariak trebatzeko ere. Ondorioz, askorentzat espiritualki hazteko laguntza izan da eta, gainera, Jehobaren erakundea indartu du.

1995⁠etik 2018⁠ra, egoitza nagusiko ordezkari bezala, hainbat sukurtsal bisitatu nituen. Sukurtsal Batzordeekin, Beteleko anai-arrebekin eta misiolariekin elkartu nintzen animatzeko eta aurre egin behar zieten zailtasunetan laguntzeko. Gainera, gurekin konpartitzen zituzten esperientziek izugarri animatzen gintuzten. Adibidez, Ruby eta biok Rwanda bisitatu genuen 2000 urtean. 1994⁠ko genozidioan anai-arrebak eta Betel familiak zer-nolakoak pasa zituzten entzuteak bihotza ukitu zigun. Askok senide eta lagunak heriotzean galdu zituzten. Egoera latza izan arren, anai-arreba horiek fedea, itxaropena eta poza erakusten jarraitu zuten.

Gure 50. urteurrena

80 urte baino gehiago ditugu orain. Azken 20 urteotan, Estatu Batuetako Sukurtsal Batzordean zerbitzatu dut. Ez naiz inoiz unibertsitatera joan, baina hezkuntzarik onena jaso dut: Jehobarena eta bere erakundearena. Honi esker, betirako lagunduko dieten Bibliako egiak irakatsi dizkiet besteei (2 Ko 3:5; 2 Tm 2:2). Bibliako mezuak jendearen bizitza hobetu eta Jainkoarekin adiskidetasun estua sortu dezakeela ikusi dut (St 4:8). Ruby eta biontzat Jehobari buruz ikastea eta Bibliako egiak besteei irakastea izugarrizko ohorea izan da. Ahal dugun guztietan, besteak gauza berdina egitera animatzen ditugu. Izan ere, ohore handiagorik ez da!