Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

38. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Fidagarria izan

Fidagarria izan

«Berritsuak isilpekoak ere azaltzen ditu, pertsona fidagarriak dena gordetzen» (ES 11:13).

sn 53. KANTA Elkartuta zerbitzatzen

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Nolakoak dira pertsona fidagarriak?

 PERTSONA fidagarria esandakoa betetzen saiatzen da. Egia esaten du (Sal 15:4). Besteek badakite berarengan konfiantza izan dezaketela. Anai-arrebek gu ere fidagarriak garela pentsatzea nahi dugu. Orduan, zer egin dezakegu beraien konfiantza irabazteko?

2. Nola erakutsi dezakegu fidagarriak garela?

2 Ezin ditugu besteak gugan konfiantza izatera behartu. Konfiantza irabazi egin behar da. Baina, kontuz! Dirua bezala, irabaztea zaila da eta galtzea erraza. Jehobak gure konfiantza osoa merezi du, «haren egintza guztiak fidagarriak» baitira (Sal 33:4). Jehobak bera imitatzea espero du (Ef 5:1). Azter ditzagun Jehobaren zerbitzari batzuen ereduak. Beraiek Jehoba imitatu zuten eta fidagarriak izan ziren. Ondoren, fidagarriak izateko erakutsi behar ditugun bost ezaugarri ikusiko ditugu.

JEHOBAREN ZERBITZARI FIDAGARRIAK

3, 4. a) Nola frogatu zuen Danielek fidagarria zela? b) Zer pentsarazi behar liguke honek?

3 Daniel profeta fidagarria izan zen eta etsenplu bikaina jarri zigun. Babiloniara eraman zutenean, segituan irabazi zuen besteen konfiantza. Babiloniako Nabukodonosor erregearen ametsak interpretatu zituenean, argi eta garbi ikusi zen zein fidagarria zen. Behin, erregeari gustatuko ez zitzaion mezu bat eman behar izan zion: Jehoba ez zegoen berarekin batere pozik. Ausarta izan behar zuen horretarako, Nabukodonosor gizon biolentoa baitzen, sutan jartzen den horietakoa! (Dn 2:12; 4:17-1922 [4:20-2225, NWT]). Urte batzuk beranduago, Babiloniako jauregi bateko pareta batean agertu zen mezu misteriotsua interpretatu zuen, berriro ere, fidagarria zela frogatuz (Dn 5:5, 25-29). Aurrerago ere, Dario mediarra eta bere ministroak Jainkoak emandako «berebiziko gaitasunak zituela» konturatu ziren (Dn 6:4, 5 [6:3, 4, NWT]). Jainkoa zerbitzatzen ez zuten agintariek ere, Jehobaren zerbitzari hau fidagarria zela onartu behar izan zuten!

4 Danielen eredua kontuan hartuta, pentsa dezagun: «Zer iritzi dute nitaz kongregaziotik kanpo? Lanak ondo betetzeko fama daukat? Fidagarria naizela pentsatzen dute?». Galdera hauen erantzunak garrantzitsuak dira. Zergatik? Fidagarriak bagara, Jehobaren izena toki onean jarriko dugulako.

Nehemiasek lan garrantzitsuak burutzeko gizon fidagarriak aukeratu zituen (Ikusi 5. paragrafoa)

5. Zerk lagundu zion Hananiasi fidagarria izaten?

5 K.a. 455⁠ean, Nehemias gobernaria, Jerusalengo harresiak berreraiki ondoren, hiria ondo zaintzeko gizon fidagarrien bila ibili zen. Gotorlekuko buruzagia zen Hananias aukeratu zuen horretarako. Besteak beste, Bibliak Hananias «gizon zintzoa, eta besteak baino Jainkoaren beldur gehiagokoa» zela esaten du (Ne 7:2, Ur, euskara batura egokitua). Jehoba maite zuen eta bere aurka zerbait egiteko beldur zen. Horregatik, ematen zizkioten lan guztiak serio hartzen zituen. Horrelakoak izateak Jainkoaren zerbitzuan fidagarriak izaten lagunduko digu.

6. Nola erakutsi zuen Tikikok Pauloren lagun fidagarria zela?

6 Tikiko Paulo apostoluaren laguna zen. Paulo etxean preso zegoela, Tikikorengan konfiantza osoa jarri zuen, «Jaunaren zerbitzari leiala» zela pentsatzen baitzuen (Ef 6:21, 22). Efesoarrei eta kolosarrei eskutitzak eramateko berarekin fidatzeaz gain, beraiek animatzeko eta kontsolatzeko lana ere eman zion. Tikikoren ereduak gure behar espiritualez arduratzen diren gizon leial eta fidagarriak ekartzen dizkigu burura (Kol 4:7-9).

7. Zer ikasi dezakegu kongregazioko adindun eta laguntzaileengandik?

7 Gaur egun, zenbat eskertzen dugun kongregazioan adindun eta laguntzaile fidagarriak edukitzea! Daniel, Hananias eta Tikikok bezala, beraien ardurak serio hartzen dituzte. Adibidez, aste barruko bilerara joaten garenean, ziur gaude bilerako zati bakoitza norbaitek aurkeztuko duela. Adindunek ere, asko eskertzen dute bilerako zati bakoitza norbaitek prestatu eta aurkeztuko duela jakitea. Biblia ikasle bat asteburuko bilerara gonbidatzen dugunean ere, ziur gaude norbaitek hitzaldi publikoa emango duela. Era berean, badakigu predikatzeko argitalpenak eskura izango ditugula. Jehobari eskerrak ematen dizkiogu anaia fidagarri hauek gu zaintzeko erabiltzeagatik! Eta guk? Zer egin dezakegu fidagarriak garela erakusteko?

KONTU KONFIDENTZIALEKIN ERE FIDAGARRIA IZAN

8. Zer oreka izan behar dugu besteengan interesa erakustean? (Esaera Zaharrak 11:13)

8 Anai-arrebak maite ditugunez, nola dauden jakiteko interes bizia dugu. Baina, aldi berean, bere kontu pribatuak errespetatu behar ditugu. Bibliak lehen mendeko kongregazioko batzuei buruz esaten du: «Berritsu ere bihurtzen dira, non zer jakingo eta behar ez denaz hitz egiten ibiltzen direlarik» (1 Tm 5:13). Ez dugu inondik inora horrelakoak izan nahi. Eta norbaitek bere kontu pertsonal bat kontatu eta inori ez esateko eskatzen badigu? Pentsa arreba batek bere osasun arazoaz edo beste kezka bati buruz hitz egiten digula. Baina mesedez inori ez kontatzeko eskatzen digu. Eskatutakoa egin beharko genuke (Irakurri Esaera Zaharrak 11:13). b Ikus dezagun orain zein egoeratan den inportantea isilpekoa isilpean mantentzea.

9. Nola erakutsi dezakegu familian fidagarriak garela?

9 Etxekoekin. Familiako guztien ardura da etxeko kontuak etxean geratzea. Adibidez, senar bati emazteak egiten duen zerbait barregarria iruditzen bazaio, besteen aurrean kontatuko al du, emaztea lotsaraziz? Ez, noski! Asko maite duenez, ez dio minik eman nahi (Ef 5:33). Adoleszenteek ere beraiekin errespetuz jokatzea nahi dute. Gurasoek gogoan izan behar dute hau. Ez lituzkete inoiz beraien seme-alabak lotsagarri utzi behar, besteei beraien akatsak kontatuz (Kol 3:21). Seme-alabek ere familiako gauza pribatuei buruz etxetik kanpo ez hitz egiten ikasi behar dute (Dt 5:16). Etxeko kontuak etxean geratzeko bakoitzak bere ardura betetzen duenean, elkarren arteko harremana sendotu egiten da.

10. Zer da benetako laguna izatea? (Esaera Zaharrak 17:17)

10 Gure lagunekin. Noizean behin, denok dugu lagun bati sentitzen duguna kontatzeko beharra. Batzuontzat ez da erraza; agian ez daukagu barru-barruan duguna kontatzeko ohiturarik. Gainera, lagun horrek gure baimenik gabe beste norbaiti kontatuko balio, oso minduta sentituko ginateke. Zenbat eskertzen dugun kontatutakoa beraientzat gordetzen duten lagunak edukitzea! Benetako adiskideak dira (Irakurri Esaera Zaharrak 17:17).

Adindunek ez dute beraien familiarekin kontu konfidentzialei buruz hitz egiten (Ikusi 11. paragrafoa) c

11. a) Nola erakusten dute adindunek eta beraien emazteek fidagarriak direla? b) Zer ikasten dugu adindunengandik kongregazioko kontu konfidentzialak tratatu behar dituztenean? (Ikusi irudia)

11 Kongregazioan. Kontu konfidentzialak gordetzen dituzten adindunak «haizetean babes» eta «ekaitzean aterpe» dira (Is 32:2). Badakigu gizon hauekin lasai-lasai hitz egin dezakegula. Esaten dieguna isilpean mantenduko dute. Ez genituzke presionatu behar jakin behar ez dugun zerbait kontatzeko. Gainera, adindunen emazteak asko errespetatzen ditugu ez direlako beraien senarrei informazioa ateratzen saiatzen. Egia esanda, emakume hauentzako ona da anai-arreben informazio konfidentzialik ez jakitea. Adindun baten emazteak dio: «Nire senarrak batzuetan bisitak egiten ditu anai-arrebak animatzeko edo behar dutenei laguntza espirituala emateko. Asko eskertzen diot senarrari anai-arreben izenak ez ematea eta beraiekin hitz egin duena berarentzat gordetzea. Konpondu ezin ditudan gauzei buruz ez kezkatu behar izatea oso lasaigarria da. Gainera, horrela, eroso sentitzen naiz kongregazioko edozeinekin hitz egitean. Eta ziur egon naiteke baita ere, senarrak ez duela nire gauzei buruz besteekin hitz egingo». Noski, denok nahi dugu besteek begiratzen gaituztenean pertsona fidagarriak garela ikustea. Zer ezaugarrik lagunduko digute horrelakoak izaten? Bost ikusiko ditugu.

FIDAGARRIAK IZATEN LAGUNDUKO DIGUTEN EZAUGARRIAK

12. Azaldu zergatik den maitasuna konfiantzaren oinarria.

12 Konfiantzaren oinarria maitasuna da. Jesusek argi eta garbi esan zuen zeintzuk diren bi agindurik nagusienak: Jehoba maitatzea eta lagun hurkoa maitatzea (Mt 22:37-39). Jehoba maite dugunez, bere eredu perfektua jarraitzen dugu eta fidagarriak gara. Eta anai-arrebak maite ditugunez, ez dugu beraien gauza pertsonalei buruz besteekin hitz egiten. Izan ere, ez diegu minik eman nahi, ezta lotsarazi nahi ere (Jn 15:12).

13. Zergatik da fidagarria pertsona apala?

13 Apaltasunak fidagarriak izaten laguntzen digu. Apala dena ez da, besteen arreta lortzeko asmoz, beti primizia ematen saiatzen (Flp 2:3). Ez da harrotzen esan ezin dezakeen informazioa duela ulertzera emanez. Gainera, ez du Biblian edota gure argitalpenetan hitz egiten ez diren gaiei buruzko espekulaziorik zabaltzen.

14. Nola laguntzen digu bereizmenak fidagarriak izaten?

14 Bereizmenak edo bereizteko gaitasunak «isiltzeko garaia eta mintzatzeko garaia» zein den ulertzen laguntzen digu (Koh 3:7). «Hitz egitea zilarra bada, isiltzea urrea», esaten da kultura batzuetan. Hau da, momentu batzuetan hobe da isilik egotea hitz egitea baino. Horregatik Bibliak dio: «Gizon zentzuduna […] isilik egongo da» (Es 11:12, Ur, euskara batura egokituta). Adibidez, esperientzia handiko adindun batzuei beste kongregazioetan arazoak daudenean laguntzeko eskatzen zaie. Hauetako bati buruz hitz eginez, beste adindun batek dio: «Beti kontu handiz ibiltzen da beste kongregazioetako informazio konfidentziala ez konpartitzeko». Adindun hau hain zentzuduna denez, bere kongregazioko beste adindunen errespetua irabazi du. Ziur daude beraien informazio konfidentziala ez duela inorekin konpartituko.

15. Nola laguntzen du onestidadeak fidagarriak izaten? Eman adibide bat.

15 Fidagarriak izan nahi badugu onestidadea behar-beharrezkoa dugu. Pertsona zintzo edo onestoetaz fidatzen gara, beti egia esaten dutela baitakigu (Ef 4:25; Heb 13:18). Adibidez, pentsa zure irakasteko gaitasuna hobetu nahi duzula. Beraz, norbaiti zure hitzaldia entzuteko eta hobetzeko zer egin behar duzun esateko eskatzen diozu. Nori eskatuko zenioke? Entzun nahi duzuna esango dizunari ala goxotasunez egia esango dizunari? Argi dago, ezta? Bibliak dio: «Hobe da agerian zentzarazten zaituena, sekula ezer aurpegiratzen ez dizun adiskidea baino. Fidatzekoa da laguna, zauritzen bazaitu ere» (Es 27:5, 6). Nahiz eta hasieran zaila izan, epe luzera lagunaren aholkuak gure onerako izango dira.

16. Nola azpimarratzen du Esaera Zaharrak 10:19⁠ak autokontrolaren beharra?

16 Autokontrola da besteak gutaz fidatzeko ezinbesteko osagarria. Horrela, konfidentziala den zerbait esateko tentaldia dugunean, isilik geratuko gara (Irakurri Esaera Zaharrak 10:19). Hau erronka handia izan daiteke sare sozialak erabiltzen ditugunean. Kontuz ibiltzen ez bagara, nahi gabe informazio konfidentziala jende askori zabaltzeko arriskuan egon gaitezke. Eta behin informazio hau zabaltzen denean, ez dakigu nola erabiliko den, ezta zenbat kalte eragingo duen ere. Gauza bera gertatzen da oposizioa jasaten dugunean. Autokontrola funtsezkoa da gure anai-arrebei buruzko informazioa konfidentziala mantentzeko. Gure lana debekatuta dagoen herrialdeetan poliziak galdeketak egin ditzake eta esaten dugunarekin gure anai-arrebak arriskuan jarri ditzakegu. Kasu horietan eta beste batzuetan, «ezpainak josirik gordetzeko» printzipioa praktikan jarri dezakegu (Sal 39:2 [39:1, NWT]). Guztiekin, hau da familiakoekin, lagunekin, anai-arrebekin edo beste edozeinekin fidagarriak izan behar dugu. Eta fidagarriak izateko autokontrola behar dugu.

17. Zer egin dezakegu kongregazioan konfiantzazko giroa bultzatzeko?

17 Jehobak bere erakundera erakarri gaitu. Zein eskertuta gauden anaiarte maitagarri eta fidagarri honen parte izateaz! Guztiok dugu gure anai-arreben konfiantza irabazteko ardura. Horretarako, maitasuna, apaltasuna, bereizmena, onestidadea eta autokontrola erakutsi behar dugu. Hau eginez gero, kongregazioan konfiantzazko giroa egongo da. Baina, konfiantza ez da behin irabazten eta kito. Lanean jarraitu behar dugu. Beraz, segi dezagun Jehoba bezalakoak izaten eta fidagarriak garela frogatzen.

sjj 123. KANTA Leialki obeditu Jainkoaren antolaketa

a Besteek gugan konfiantza izatea nahi badugu, lehenik fidagarriak garela frogatu behar dugu. Zergatik da hain inportantea fidagarriak izatea? Eta zerk lagunduko digu horrelakoak izaten? Ikus dezagun.

b Kongregazioko norbaitek bekatu larri bat egin duela jakiten badugu, adindunen laguntza eskatu behar duela esan behar diogu. Egiten ez badu, Jehoba eta kongregazioari leialak garenez, guk geuk esan behar genieke adindunei.

c IRUDIAREN AZALPENA: Adindun batek informazio konfidentziala tratatu du eta bere familiarekin dagoenean ez du horri buruz ezer esaten.