Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

39. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Idatzita al dago zure izena «biziaren liburuan»?

Idatzita al dago zure izena «biziaren liburuan»?

«Jaunaren aurrean liburu bat idatzi zen, berari begirune diotenen […] oroigarritzat» (ML 3:16).

sn 17. KANTA Aurrera lekukook!

ZER AZTERTUKO DUGU? a

Historian zehar, Jehoba «biziaren liburuan» izenak gehitzen joan da (Ikusi 1 eta 2 paragrafoak)

1. ⁠Malakias 3:16⁠aren arabera, zer liburu aritu da Jehoba idazten eta zer idatzi du bertan?

 MILAKA urtetan zehar, Jehoba liburu berezi bat idazten aritu da. Liburu horretan zerrenda bat dago. Zerrenda hau Lekuko leialen izenez osatuta dago. Lehenengoa Abel da (Lk 11:50, 51). b Handik aurrera, Jehoba izenak gehitzen aritu da eta gaur egun, milioika izen daude idatzirik (Irakurri Malakias 3:16). Biblian liburu horri «biziaren liburua» deitzen zaio (Ap 3:5; 17:8).

2. Noren izenak daude idatzita biziaren liburuan eta zer egin behar dugu gurea ere hor idatzita egoteko?

2 Zeinen izenak daude idatzita liburu berezi honetan? Jehoba errespetu handiz adoratu eta bere izena maite dutenenak. Horrelakoek betirako bizitzeko aukera dute. Gure izena hor idatzita egotea nahi badugu, Jesu Kristoren sakrifizioan fedea jarri eta Jehobarekin harreman estu eta pertsonala eduki behar dugu (Jn 3:16, 36). Denok nahi dugu gure izena hor egotea, nahiz zeruko itxaropena izan, nahiz lurrekoa izan.

3, 4. a) Oraintxe bertan gure izena biziaren liburuan idatzita badago, betirako biziko garela ziurtatzen al digu honek? Azaldu. b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan eta hurrengoan?

3 Zer esan nahi du honek? Bere izena liburuan idatzita daukanak betirako bizitza ziurtatuta daukala? Erantzuna Jehobak Moisesi esandako hitz hauetan aurkitzen dugu: «Nire aurka bekatu egiten duena bakarrik kenduko dut nire liburutik» (Ir 32:33). Beraz, argi eta garbi ikusi dezakegu gure izena liburu honetatik kendua edo borratua izan daitekeela. Nolabait esateko, Jehobak gure izenak arkatzaz edo lapitzez idatzi ditu (Ap 3:5). Zein izan beharko litzateke gure helburua orduan? Gure izena liburu horretan idatzita mantentzea tintaz idatzirik egon arte.

4 Normala da honen inguruan galderak sortzea. Adibidez: Zer esaten du Bibliak biziaren liburuan beraien izena idatzita dutenei buruz? Eta, ez dutenei buruz? Noiz jasotzen dute betirako bizia beraien izena liburuan dutenek? Zer esan dezakegu Jehoba ezagutzeko aukera izan gabe hil zirenei buruz? Posible al da beraien izenak liburuan idatzirik egotea? Galdera guzti hauek artikulu honetan eta hurrengoan erantzungo dira.

NOREN IZENAK DAUDE LIBURUAN?

5, 6. a) Filipoarrei 4:3⁠an azpimarratzen den bezala, noren izenak daude idatzirik biziaren liburuan? b) Noiz idatziko dira izen horiek betirako biziaren liburuan?

5 Noren izenak daude liburu sinboliko honetan? Galdera hau erantzuteko bost talde desberdini buruz hitz egingo dugu. Batzuen izenak liburuan daude eta beste batzuenak ez.

6 Lehen taldea Jesu Kristorekin batera zeruan agintzeko aukeratu direnez osatuta dago. Idatzirik al daude beraien izenak biziaren liburuan? Bai. Paulo apostoluak Filipoko «lankideei» zuzendu zizkien hitzen arabera, gantzutuen izenak, hau da, Jesusekin batera agintzera gonbidatuak direnen izenak, orain biziaren liburuan idatzirik daude (Irakurri Filipoarrei 4:3). Beraien izenak liburuan idatzita jarraitzeko, leial izaten segi behar dute. Orduan, azken zigilua jasoko dute hil aurretik edo larrialdi handia hasi baino lehenago. Momentu horretan idatziko da beraien izena liburuan betirako (Ap 7:3).

7. Zer ondorioztatu dezakegu Apokalipsia 7:16, 17⁠tik beste ardien gizatalde handiari buruz?

7 Bigarren taldea beste ardien gizatalde handiak osatzen du. Idatzita al daude beraien izenak biziaren liburuan? Bai. Idatzita jarraituko al dute Harmagedonetik bizirik atera ondoren? Bai (Ap 7:14). Jesu Kristok hauek «betiko bizitzara» abiatuko zirela esan zuen (Mt 25:46). Baina betirako bizia ez dute berehala lortuko, beraien izena, nolabait esateko, lapitzez idatzirik egongo delako. Mila Urteko Erregetzan zehar, Jesusek larratu «eta ur biziko iturburuetara gidatuko» ditu. Gida hori jarraitu eta amaiera arte Jehobari leialak izan direla frogatzen dutenek, beraien izena liburuan idatzia izango dute betirako (Irakurri Apokalipsia 7:16, 17).

8. Noren izenak ez daude biziaren liburuan idatzita eta zer gertatuko zaie?

8 Hirugarren taldea Harmagedonen suntsituak izango diren akerrek osatzen dute. Beraien izenak ez daude bizirako liburuan. Jesusek esan zuen «hauek betirako suntsiketara abiatuko» zirela (Mt 25:46NWT). Inspirazioz, Paulok ere «betiereko hondamena izango» dutela esan zuen (2 Ts 1:9; 2 P 2:9NWT). Gauza bera gertatuko da historian zehar espiritu santuaren aurka nahita bekatu egin dutenekin. Ez dute betirako bizia izango, betirako suntsipena baizik. Argi dago ez direla berpiztuak izango (Mt 12:32; Mk 3:28, 29; Heb 6:4-6). Hitz egin dezagun falta diren beste bi taldeei buruz. Hauek lurrean berpiztuak izango dira.

BERPIZTUAK IZANGO DIRENAK

9. ⁠Eginak 24:15⁠aren arabera, zer bi talde berpiztuko dira lurrean, eta zein da beraien arteko desberdintasuna?

9 Bibliak berpiztuko diren bi talderi buruz hitz egiten du: zuzenak eta zuzenak izan ez zirenak. Hauek betirako lurrean bizitzeko aukera izango dute (Irakurri Eginak 24:15NWT c). Zuzenak bizirik zeuden bitartean Jehoba leialki zerbitzatu zutenak dira. Zuzenak izan ez zirenak berriz, Jehoba zerbitzatu ez zutenak dira, izan ere, gehienen kasuan, bizirik zeuden bitartean Jainkoaren ikuspuntutik ez ziren batere zuzenak izan. Bi talde hauek berpiztuak izango direnez, zer esan nahi du honek? Guztien izenak biziaren liburuan idatzita daudela? Erantzuteko aztertu dezagun gertutik talde bakoitza.

10. Zergatik berpiztuko dira zuzenak eta zer ohore jasoko dute hauetako batzuek? (Ikusi lurreko berpizkundeari buruzko ale honetako «Irakurleen galderak» artikulua ere).

10 Laugarren taldea zuzenak direnek osatzen dute. Hil aurretik, beraien izenak biziaren liburuan idatzita zeuden. Borratu al ziren hiltzerakoan? Ez. Jehobaren gogoan «bizirik» daude oraindik. Izan ere, Jehoba «ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat» (Lk 20:38). Beraz, berpizten direnean, beraien izena biziaren liburuan idatzita egongo da baina hasiera batean lapitzez (Lk 14:14). Hauetako batzuek «lur osoan printze» izateko ohorea jasoko dute (Sal 45:16NWT).

11. Zer ikasi beharko dute zuzenak izan ez zirenek beraien izenak biziaren liburuan idatzita egoteko?

11 Azkenik, bosgarren taldera iristen gara, zuzenak izan ez zirenak. Hil baino lehen ez zuten jokabide zuzena izan, agian ez zituztelako Jehobaren arauak ezagutzen. Beraz, beraien izenak ez zeuden biziaren liburuan idatzita. Baina berpiztean, Jehobak aukera hori emango die. Hala ere, laguntza handia beharko dute beraien lehengo bizitzan batzuek gauza ikaragarri txarrak egin baitzituzten. Jehobaren arau zuzenen arabera bizitzen irakatsi beharko zaie. Horretarako, Jainkoaren Erreinuak lurrean inoiz izan den hezkuntza programa handiena antolatuko du.

12. a) Nork irakatsiko die zuzenak izan ez zirenei? b) Zer gertatuko zaie ikasitakoa praktikan jarri nahi ez dutenei?

12 Nork irakatsiko die zuzenak izan ez zirenei? Gizatalde handiak eta berpiztuak diren zuzenek. Beraien izenak biziaren liburuan egoteko, Jainkoaren lagunak izatera iritsi behar dira eta euren burua berari eskaini. Jesu Kristo eta gantzutuentzat oso interesgarria izango da beraien aurrerakuntza ikustea (Ap 20:4). Ikasitakoa onartzen ez dutenak suntsituak izango dira, nahiz eta agian ehun urte izan (Is 65:20NWT). Jehobak eta Jesusek bihotzean dagoena ikusi dezaketenez, mundu berrian ez diote inori kalterik egiten utziko (Is 11:9; 60:18; 65:25; Jn 2:25).

BIZIRAKO ETA EPAITUAK IZATEKO BERPIZKUNDEAK

13, 14. a) Nola ulertzen genituen lehen Joan 5:29⁠ko Jesusen hitzak? b) Zer izan behar dugu kontuan hitz horiei buruz?

13 Jesusek lurrean berpiztuak izango zirenei buruz ere hitz egin zuen. Adibidez, honakoa esan zuen: «Badator ordua hilobietan dauden guztiek bere ahotsa entzun eta aterako direna, gauza onak egin zituztenak bizirako berpiztuko dira eta gauza txarrak egin zituztenak epaituak izateko» (Jn 5:28, 29NWT). Zer esan nahi zuen Jesusek?

14 Lehen, berpiztutakoek bizira itzuli ondoren egingo zituzten gauzei buruz ari zela uste genuen. Beraz, ideia hori jarraituz, batzuek berpiztu ondoren gauza onak egingo zituzten eta beste batzuek, aldiz, gauza txarrak. Baina, kontuan hartu behar dugu Jesusen hitzek ez dutela gauza onak edo txarrak egingo zituztela esaten, egin zituztela baizik. Beraz, ez du etorkizunari buruz hitz egiten; lehenaldia erabiltzen du. Orduan, ekintza guzti hauek hil baino lehen burutu behar izan ziren. Zentzua du, ezta? Mundu berrian ezin izango da gauza txarrik egin. Hortaz, zuzenak ez zirenek gauza txar horiek hil baino lehen egin beharko zituzten. Nola ulertu behar ditugu orduan, «bizirako berpiztua» eta «epaitua izateko berpiztua» esamoldeak?

15. Nortzuk jasoko dute «bizirako» berpizkundea, eta zergatik?

15 Zuzenak zirenak, «bizirako» berpizkundea izango dute. Zergatik? Gauza onak egin zituztenez, beraien izenak dagoeneko bizirako liburuan idatzita daudelako. Beraz, Joan 5:29⁠ko «gauza onak» egin zituztenen berpizkundea Eginak 24:15⁠eko «zuzenen» berpizkundea da. Biak berpizkunde bera dira. Ideia hau Erromatarrei 6:7⁠arekin bat dator: «Norbait hilez gero, bekatutik libre gelditzen da». Egia da norbait hiltzean Jehobak ez dituela bere bekatuak gehiago kontuan hartzen. Baina zuzenek bizi ziren bitartean erakutsitako leialtasuna bai; hori gogoan dauka. Beraz beraien izenek biziaren liburuan idatzita jarraitzen dute (Heb 6:10). Noski, zuzenak diren hauek, beraien izena biziaren liburuan idatzita geratzeko, leial izaten jarraitu behar dute.

16. Zertaz ari gara epaituak izateko berpizkundeaz hitz egiten dugunean?

16 Zer gertatuko da hil aurretik gauza txarrak egin zituztenekin? Egia da heriotzarekin beraien bekatuak baliogabetu direla. Baina ez zutenez Jehoba zerbitzatu, hauen izenak ez daude bizirako liburuan. Beraz, «gauza txarrak» egin zituztenen berpizkundea eta Eginak 24:15⁠eko «zuzenak izan ez zirenen» berpizkundea gauza bera dira, hau da, «epaituak izateko» berpizkundea. d Zer zentzutan izango dira epaituak? Jesusek ebaluatu edo aztertu egingo ditu (Lk 22:30). Denbora pasa beharko da beraien izenak bizirako liburuan egotea merezi duten ala ez jakiteko. Hori posible izateko, lehengo jokabide txarra baztertu eta euren burua Jehobari eskaini beharko diote.

17, 18. a) Zer egin behar dute lurrean berpiztuak izango diren guztiek? b) Zer dira Apokalipsia 20:12, 13⁠ko «egintzak»?

17 Mila urteetan zehar, liburu edo erroilu berriak irekiko dira. Denek, bai zuzenek, baita zuzenak izan ez zirenek ere, lege horiek obeditu beharko dituzte. Joan apostoluak honako ikuskaria izan zuen: «Hildakoak ikusi nituen, handi nahiz txiki, tronuaren aurrean zutik. Liburuak ireki zituzten; beste liburu bat ere ireki zuten, biziaren liburua; eta hildakoak liburuetan idatzirik zegoenaren arabera epaitu zituzten, bakoitza bere egintzen arabera» (Ap 20:12, 13).

18 Zeren arabera izango dira epaituak? Hil baino lehen egindakoaren arabera? Ez! Gogoratu dezagun, hiltzerakoan beraien bekatuak ordaindu zituztela. Beraz, egintza horiek ezin dira lehengo bizitzakoak izan. Zer egintza izango dira orduan? Mundu berrian jasoko duten hezkuntzaren ondoren burutuko dituztenak. Noe, Samuel, Dabid eta Daniel bezalako gizon leialek ere Jesu Kristori buruz ikasi eta bere sakrifizioan fedea erakustea beharrezkoa izango badute, zer esanik ez zuzenak izan ez zirenek.

19. Zer gertatuko zaie aukera zoragarri hori baztertzen dutenei?

19 Zer gertatuko zaie aukera zoragarri hori baztertzen dutenei? Apokalipsia 20:15⁠ak esaten digu: «Izena biziaren liburuan idatzirik ez zutenak […] suzko aintzirara jaurti zituzten». Beraz, guztiz suntsituak izango dira. Horregatik, zein inportantea den gure izena biziaren liburuan idatzia izatea eta hor jarraitzea!

Anaia batek Milurtekoan zehar gertatuko den hezkuntza programa handian parte hartzen du (Ikusi 20. paragrafoa)

20. Emozioz betetako zer lan burutuko da Mila Urteko Erregetzan zehar? (Ikusi azaleko irudia)

20 Mila Urteko Erregetza emozioz beteriko garaia izango da! Lurrean inoiz egon den hezkuntza programarik handiena izango da. Garai honetan zuzenak eta zuzenak izan ez zirenek Jehobaren arauak obeditu nahi dituztela erakutsi beharko dute (Is 26:9; Eg 17:31). Nola burutuko da aparteko hezkuntza programa hori? Hurrengo artikuluak hau ulertzen eta baloratzen lagunduko digu.

sn 12. KANTA Promestutako betiko bizia

a Artikulu honek, Jesusek Joan 5:28, 29⁠an (NWT) esandako hitzen ulermen berria azalduko du. Hor «bizirako» eta «epaituak izateko» berpiztuko direnei buruz hitz egin zuen. Zer esan dezakegu bi piztuera hauei buruz? Eta nortzuk berpiztuko dira?

b Liburu hau «munduaren sorreratik» idazten hasi zen. Mundu hori bekatutik libratu daitekeen jendeaz osatuta dago (Mt 25:34; Ap 17:8). Beraz, dirudienez, Abel da biziaren liburuan idatzita dagoen lehen izena.

c Eginak 24:15NWT: «Eta Jainkoarengan badut itxaropena, gizon hauek daukaten itxaropen bera, zuzenen eta zuzenak izan ez zirenen berpizkunde bat egongo dela».

d Lehen, «epaiketa» hitzak hemen zentzu negatiboa duela azaltzen genuen. Kondenazioarekin lotuta zegoela esaten genuen. Berez, «epaiketa» hitzaren esanahietako bat hori izan daiteke. Baina, testuinguru honetan, Jesusek «epaiketa» hitza zentzu orokorrago batean erabili zuela dirudi. Ebaluaketa edo proba epe bati buruz ari zela dirudi, edo Biblia hiztegi greko batek dioen bezala, «norbaiten jokaera aztertzea».