Irakurleen galderak
Zer esan nahi zuen Paulok «behar baino lehen jaio» zela esan zuenean? (1 Korintoarrei 15:8, NWT)
1 Korintoarrei 15:8aren arabera, Paulok esan zuen: «Eta guztien artean azkena, niri ere agertu zitzaidan, behar baino lehen jaiotzen den norbaiti bezala» (NWT). Hemen Paulo Jesus agertu zitzaion ikuskariari buruz ari zen. Jesus zeruko aintzan ikusi zuen. Baina zer esan nahi zuen «behar baino lehen jaio» zela esan zuenean? Iraganean honela ulertzen genuen: nolabait esateko, aldez aurretik bizitza espiritualera jaiotzeko edo berpizteko ohorea izan zuela, nahiz eta berpizkunde mota hori gertatzeko oraindik mendeak pasa behar izan. Hala ere, aipu hau sakonago aztertzean, azalpena aldatu behar dela pentsatzen dugu.
Egia da Paulo bere konbertsioari buruz ari zela, baina zer esan nahi zuen «behar baino lehen jaio» zela esan zuenean? Hainbat aukera daude.
Bere konbertsioa ustekabekoa eta traumatikoa izan zen. Behar baino lehen jaiotzen den haurtxoa ustekabean iristen da. Saulo (gero Paulo izango zena) Damaskora bidean zihoan han kristauak pertsegitzera, eta ez zuen espero berpiztutako Jesu Kristo ikuskari batean agertzea. Hiri hartako kristauek ere ez zuten espero Paulo Jesu Kristoren jarraitzaile bihurtzea. Gainera, Paulorentzat esperientzia hura hain traumatikoa izan zen denbora batez itsu geratu zela (Eg 9:1-9, 17-19).
Bere konbertsioa «behar ez zen garaian» izan zen. «Behar baino lehen jaio» esamoldeak, jatorrizko hizkuntzan, hau da, grekeraz, «behar ez zen garaian jaio» esanahia ere izan dezake. Beste Biblia itzulpen batek horrela ere adierazten du: «Inork espero gabeko garaian jaio banintz bezala izan zen» (The Jerusalem Bible [Jerusalemgo Biblia]). Momentu horretarako, Jesus dagoeneko zeruan zegoen. Aurreko bertsetetan Paulok aipatutako gizon-emakumeek Jesus berpiztuta ikusi zuten lurrean (1 Ko 15:4-8). Baina Paulok ez. Beraz, Jesusen ikuskari honek berpiztuta ikusteko aukera eman zion, nahiz eta itxuran «behar ez zen garaian» izan.
Modestoa izaten saiatzen ari zen. Aditu batzuen arabera, esamolde honekin Paulo bere buruari garrantzia kentzen ari zitzaion. Hala bazen, eman zitzaion ohorea ez zuela merezi aitortzen ari zen. Izan ere, bere gutuna honakoa esanez jarraitu zuen: «Apostoluetan txikiena naiz ni, apostolu izenik ere merezi ez duena, Jainkoaren Eliza pertsegitu bainuen. Baina Jainkoak bere onginahiaz egin nau naizen hau» (1 Ko 15:9, 10).
Beraz, Paulok behar baino lehen jaio zela esan zuenean, dirudienez, Jesus agertutako ustekabeko moduaz, espero gabeko garaiaz edo horrelako esperientzia harrigarri bat bizitzea merezi ez izanaz ariko zen. Kontuak kontu, Paulok izugarri estimatu zuen bizitako hura. Jesusen berpizkundearen froga argia eman zion. Ez da harritzekoa Jesusen berpizkundeari buruz predikatzerakoan, bizipen hau behin eta berriz erabili izana (Eg 22:6-11; 26:13-18).