Irakurleen galderak
Nortzuk izango dira lurrean berpiztuak eta zer-nolako berpizkundea izango dute?
Ikusi dezagun zein den Bibliaren erantzuna.
Eginak 24:15ak (NWT) «zuzenen eta zuzenak izan ez zirenen berpizkunde bat egongo dela» esaten digu. Zuzenak hil aurretik Jainkoa obeditu zutenak dira eta, horregatik, beraien izenak biziaren liburuan idatzita daude (Ml 3:16). Zuzenak izan ez zirenen artean, Jehoba ezagutzeko nahiko aukera izan ez zutenak daude. Hauen izenak ez daude biziaren liburuan idatzita.
Joan 5:28, 29an (NWT) aipatzen diren bi taldeak Eginak 24:15ean aipatzen diren talde berak dira. Jesusek esan zuen: «Gauza onak egin zituztenak bizirako berpiztuko dira eta gauza txarrak egin zituztenak epaituak izateko». Zuzenek, hil aurretik, gauza onak egin zituzten. Beraien izenek biziaren liburuan idatzita jarraitzen dutenez, bizirako berpiztuko dira. Zuzenak izan ez zirenek berriz, hil aurretik gauza txarrak egin zituzten. Hauek epaituak izateko berpiztuko dira. Beraien izenak oraindik ez daude biziaren liburuan idatzita, eta epaiketa edo ebaluaketa epe bat izango dute. Denbora horretan zehar, Jehobari buruz ikasteko eta beraien izenak biziaren liburuan idatzita izateko aukera izango dute.
Apokalipsia 20:12, 13aren arabera, berpiztutako guztiek «liburuetan idatzirik» dagoena obeditu beharko dute, hau da, mundu berrian Jainkoak jarriko dituen lege berriak obeditu beharko dituzte. Obeditzen ez duena suntsitua izango da (Is 65:20, NWT).
Daniel 12:2ak dio heriotzean lo daudenak iratzarri egingo direla, «batzuk betiko bizirako, besteak betiko lotsarako». Bertset honek berpiztu ondoren gertatuko zaienari buruz hitz egiten du: «betiko bizia» ala «betiko lotsa» jasoko dute. Beraz, 1.000 urteen amaieran, batzuek betiko bizia jasoko dute eta besteak betiko suntsituak izango dira (Ap 20:15; 21:3, 4).
Berpiztuak izango diren bi talde hauek herrialde berri batean bizi nahi duten atzerritarrekin konparatu daitezke. Zuzenak lan baimena edo bizileku bisatua jasotzen duten atzerritarrak bezalakoak dira: neurri bateko askatasuna eta eskubide batzuk jasotzen dituzte. Bestalde, zuzenak izan ez direnak aldi baterako bisatua edo bisitari baimena jaso duten atzerritarrak bezalakoak dira: hauek herrialde berrian bizitzen jarraitzeko baldintza batzuk bete behar dituzte. Era berean, paradisuan geratzeko, zuzenak izan ez direnek Jehobaren legea obeditu eta herritar zuzenak direla erakutsi behar dute. Berdin du herrialde berrian sartu zirenean zer bisatu mota jaso zuten. Azkenean, batzuk hiritar izatera iritsiko dira eta beste batzuk deportatuak izango dira. Zeren araberakoa izango da azken erabakia? Herrialde berrian duten jarrera eta jokaeraren araberakoa. Modu berean, berpiztutako pertsona bakoitzari buruzko azken erabakia mundu berrian erakutsitako leialtasun eta jokaeraren araberakoa izango da.
Jehoba ez da errukiaren Jainkoa soilik, justiziaren Jainkoa ere bada (Dt 32:4; Sal 33:5). Zuzenak eta zuzenak izan ez zirenak berpiztuz bere maitasuna erakutsiko du. Baina, aldi berean, ez ditu bere arau moralak aldatuko. Beraz, Jainkoa maite dutenek eta bere arau moralen arabera bizi direnek soilik jarraituko dute bizitzen mundu berrian.