Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

20. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Apokalipsia: Zer esan nahi du Jainkoaren etsaientzat?

Apokalipsia: Zer esan nahi du Jainkoaren etsaientzat?

«Hebreeraz Harmagedon deritzan tokian bildu zituzten munduko erregeak» (AP 16:16).

sjj 150. KANTA Jehoba da gure salbatzailea

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer dio Apokalipsia liburuak Jainkoari leial direnei buruz?

 APOKALIPSIA liburuak Jainkoaren Erreinua zeruan ezarria eta Satanas lurrera jaurtia izan zela esaten digu (Ap 12:1-9). Honek lasaitu ederra ekarri zuen zerura, baina guretzat zailtasun handiak. Zergatik? Satanas Jehobari leial direnen aurka amorru biziz borrokatzen ari delako (Ap 12:12, 15, 17).

2. Zerk lagunduko digu Satanasen erasoei eusten?

2 Nola eutsi ahal diegu Satanasen erasoei? (Ap 13:10). Etorkizunean zer gertatuko den jakiteak lagunduko digu. Adibidez, Apokalipsian, Joan apostoluak hemendik gutxira disfrutatuko ditugun bedeinkapen batzuk aipatu zituen. Hauetako bat Jainkoaren etsaien desagertzea da. Zer esaten du Apokalipsia liburuak etsai hauei buruz? Nola deskribatzen ditu? Zer gertatuko zaie? Ikus dezagun.

«SEINALE BIDEZ» DESKRIBATUTAKO JAINKOAREN ETSAIAK

3. Zeintzuk dira Apokalipsia liburuak erabiltzen dituen sinbolo batzuk?

3 Hasiera-hasieratik, Apokalipsia liburuak «seinale bidez» edo hizkera sinbolikoa erabiliz idatzia dagoela esaten digu (Ap 1:1NWT). Piztia batzuek Jainkoaren etsaiak irudikatzen dituzte. Adibidez, hauetako bat «itsasotik irteten» da, eta «hamar adar eta zazpi buru» ditu (Ap 13:1). Honen atzetik «beste piztia bat […] lurretik irteten» da. Herensugea bezala mintzo da eta «zerutik lurrera jendaurrean sua jaitsarazten» du (Ap 13:11-13). Gero «piztia gorrimin bat» ikusten dugu, eta honen gainean emagaldu bat dago eserita. Hiru piztia hauek Jehobaren eta bere Erreinuaren aspaldiko etsaiak irudikatzen dituztenez, oso garrantzitsua da nortzuk diren jakitea (Ap 17:1, 3).

LAU PIZTITZARRAK

«Itsasotik» ateratzen dira (Dn 7:1-8, 15-17).Danielen garaitik hasita, Jainkoaren herriarengan eragin nabarmena izan duten inperioak irudikatzen dituzte. (Ikusi 4 eta 7 paragrafoak)

4, 5. Nola laguntzen digu Daniel 7:15-17 pasarteak Apokalipsiko seinaleak ulertzen?

4 Jainkoaren etsai hauek zeintzuk diren jakiteko, piztia eta emagalduari buruzko hizkera sinbolikoa ulertu behar dugu. Noski, horretarako Bibliara jo behar dugu. Apokalipsiko sinbolo asko dagoeneko beste biblia-liburuetan azaltzen dira eta han azalpen argi bat aurkitzen dugu. Adibidez, Daniel profetak ametsetan «lau piztitzar» ikusi zituen itsasotik ateratzen (Dn 7:1-3). Daniel berak piztitzar hauek lau «erreinu», edo gobernu irudikatzen zituztela idatzi zuen (Irakurri Daniel 7:15-17). Beraz, azalpen argi honi esker, Apokalipsiko piztiek botere politikoak irudikatzen dituztela ondorioztatu dezakegu.

5 Azter ditzagun orain Apokalipsiko seinale batzuk, eta Bibliak hauek ulertzen nola laguntzen digun ikusiko dugu. Hasi gaitezen piztiekin. Lehenengo, identifikatu egingo ditugu, eta gero zer gertatuko zaien ikusiko dugu. Bukatzeko, gertaera hauek gurekin duten zerikusia aztertuko dugu.

NORTZUK DIRA JAINKOAREN ETSAIAK?

ZAZPI BURUKO PIZTIA

«Itsasotik irteten» da eta zazpi buru, hamar adar eta adarretan koroa bana du (Ap 13:1-4). Historian zehar gizadia menderatu duten botere politikoak irudikatzen ditu. Zazpi buruek Jainkoaren herriarengan eragin nabarmena izan duten zazpi potentzia irudikatzen dituzte. (Ikusi 6-8 paragrafoak)

6. Zer irudikatzen du Apokalipsia 13:1-4 pasartean agertzen den piztiak?

6 Zer da zazpi buruko piztia? (Irakurri Apokalipsia 13:1-4). Bere itxura lehoinabarraren antzekoa da, hartzaren hankak ditu eta lehoiaren ahoa dauka. Horrez gain, hamar adar ditu. Daniel 7. kapituluko lau piztitzarrek ezaugarri hauek eduki arren, Apokalipsiko piztiak ezaugarri hauek guztiak batean biltzen ditu. Beraz, ez da erreinu edo inperio bakarra. «Arraza, herri, hizkuntza eta nazio ororen gain» agintea eman zitzaiola esaten du. Hortaz, edozein gobernu baino handiagoa eta boteretsuagoa da (Ap 13:7). Zer irudikatzen du orduan piztia honek? Gizakiak historian zehar izan dituen botere politiko guztiak (Koh 8:9). *

7. Zer irudikatzen dute piztiaren zazpi buruek?

7 Zer irudikatzen du piztiaren buru bakoitzak? Apokalipsia 17. kapituluak pista bat ematen digu. 13. kapituluko piztiaren irudia deskribatzean, eta zazpi erregeri buruz hitz egitean, Apokalipsia 17:10⁠ak honakoa dio: «Bost erori dira, bat oraingoa da eta bestea oraindik ez da etorri; baina etorritakoan gutxi iraungo du». Satanasek erabili dituen botere politiko guztietatik, zazpi nabarmentzen dira «buru» bezala. Hauek historian zehar Jainkoaren herriarengan eragin handia izan dute. Joanen garairako dagoeneko bost agintean egonak ziren: Egipto, Asiria, Babilonia, Media eta Persia, eta Grezia. Momentu horretan Erroma zegoen agintean. Baina, zein izango zen zazpigarren eta azken burua?

8. Zein da piztiaren azken burua?

8 Ikusiko dugun bezala, Danielen liburuko profeziak zazpigarren eta azken burua identifikatzen lagunduko digu. Zein da «Jaunaren egunean» agintzen ari den botere politikoa? (Ap 1:10). Erresuma Batua eta Amerikar Estatu Batuen arteko aliantza, hau da, Angloamerikar potentzia. Beraz, Apokalipsia 13:1-4 pasarteko piztiaren zazpigarren burua dela ondorioztatu dezakegu.

BILDOTSAK BEZALAKO BI ADAR DITUEN PIZTIA

«Lurretik irteten» da eta «herensugea bezala mintzo» da. «Zerutik lurrera jendaurrean sua» jaitsarazten du eta «sasiprofeta» seinaleak egiten ditu (Ap 13:11-15; 16:13; 19:20). Sasiprofeta deituriko bi adarreko piztiak, hau da, Angloamerikar potentziak, lurreko biztanleak liluratu eta hauei zazpi buru eta hamar adar dituen «piztiaren irudia» egiteko esaten die. (Ikusi 9. paragrafoa)

9. Zer irudikatzen du «bildotsarenak bezalako bi adarrak» dituen piztiak?

9 Apokalipsia 13. kapituluak zazpigarren buruaz gehiago hitz egiten du. Angloamerikar potentziak bildotsak bezalako «bi adar» ditu, «baina herensugea bezala mintzo» da. Piztia honek «mirari handiak egiten ditu, zerutik lurrera jendaurrean sua jaitsarazteraino» (Ap 13:11-15). 16 eta 19. kapituluetan, piztia honi «sasiprofeta» deitzen zaio (Ap 16:13; 19:20). Danielek antzeko zerbait aipatzen du. Angloamerikar potentziak «izugarrizko hondamena egingo» zuela esan zuen (Dn 8:19, 23, 24). Horixe izan zen bigarren mundu gerran gertatu zena. Gerra hura amaitzera eraman zuten bi bonba atomikoak britaniar eta amerikar zientzialarien elkarlanaren ondorio izan ziren. Hala da, ekintza honekin Angloamerikar potentziak zerutik lurrera sua jaitsiarazi zuen.

GORRIMIN KOLOREKO PIZTIA

Emagaldu bat, Babilonia Handia, dago bere gainean eserita. Piztia hau zortzigarren erregea da (Ap 17:3-6, 8, 11). Hasieran emagalduak kontrolpean dauka piztia, baina gero honek suntsitu egiten du. Emagalduak erlijio faltsuaren mundu mailako inperioa irudikatzen du. Piztiak berriz, mundu osoko sistema politikoaren interesak bultzatzen dituen Nazio Batuen Erakundea. (Ikusi 10 eta 14-17 paragrafoak)

10. Zer da «piztiaren irudia»? (Apokalipsia 13:14, 15; 17:3, 8)

10 Gero, Joanek beste piztia bat ikusten du. Zazpi burukoaren oso antzekoa da, baina honako hau gorrimin kolorekoa da eta «piztiaren irudia» deitzen zaio. Apokalipsia 17:11⁠n «zortzigarren erregea» dela esaten da (Irakurri Apokalipsia 13:14, 15; 17:3, 8). * «Errege» hau modu sinbolikoan existitzen hasi zen, existitzeari utzi zion eta berriz agertu zen. Zein aproposa den deskribapen hau Nazio Batuen Erakundeari gertatu zaiona azaltzeko! Mundu osoko sistema politikoaren interesak bultzatzen dituen erakunde hau, hasieran Nazioen Liga bezala azaldu zen. Bigarren mundu gerran desagertu eta, ondoren, gaur egun ezagutzen dugun moduan agertu zen berriz.

11. Zer bultzatuko dute piztiek eta zergatik ez dugu beldurtzeko arrazoirik izan behar?

11 Propaganda erabiliz, piztia politikoek Jehobaren eta bere herriaren aurkako oposizioa bultzatuko dute. Sinbolikoki «Jainko Ahalguztidunaren egun handiko» gerrara, Harmagedonera, elkartuko dituzte lur osoko erregeak (Ap 16:13, 14, 16). Baina ez daukagu beldurtzeko arrazoirik. Gure Jainko paregabea, Jehoba, ziztu bizian etorriko baita bere agintearen alde daudenak babesteko (Ez 38:21-23).

12. Zer gertatuko zaie piztia guztiei?

12 Zer gertatuko zaie piztia hauei guztiei? Apokalipsia 19:20⁠ak dio: «Piztia harrapatua izan zen eta honekin batera sasiprofeta, piztiaren aurrean mirarizko seinaleak eginez, piztiaren marka hartu eta haren irudia gurtu zutenak liluratu zituena; biok, piztia eta sasiprofeta, sufrez sutan dagoen aintzirara jaurti zituzten bizirik». Beraz, agintzen ari diren bitartean, Jainkoaren etsai politiko hauek betirako suntsituak izango dira.

13. Zer zailtasun sortzen dizkigute munduko gobernuek?

13 Zer zerikusi du honek gurekin? Kristauak garenez, Jehobari eta bere Erreinuari leial izan behar dugu (Jn 18:36). Horretarako, ezinbestekoa da politika kontuetan guztiz neutralak izatea. Hau ez da batere erraza. Munduko gobernuek, era batera edo bestera, esaten eta egiten dugunarekin beraien alde jartzea nahi dutelako. Baina amore ematen badugu piztiaren marka jasoko dugu (Ap 13:16, 17). Ez genuke sekula horrelako markarik jaso nahi. Bestela, Jehobak ez gintuzke onartuko eta betiko bizitzeko aukera galduko genuke (Ap 14:9, 10; 20:4). Beraz, munduko gobernuek zenbateraino estutzen gaituzten axola gabe, segi dezagun guztiz neutralak izaten!

EMAGALDU HANDIAREN BUKAERA LOTSAGARRIA

14.⁠ Apokalipsia 17:3-5⁠ pasartearen arabera, zerk harritzen du Joan apostolua?

14 Ondoren ikusi zuenarekin «erabat harriturik gelditu» zen Joan apostolua: piztia hauetako baten gainean emakume bat doa (Ap 17:1, 2, 6). Nor da? «Emagaldu handia» da eta «Babilonia handia» deitzen zaio. Lurreko erregeekin prostituzioan jarduten du (Irakurri Apokalipsia 17:3-5).

15, 16. Nor da Babilonia Handia eta nola dakigu?

15 Nor da Babilonia Handia? Munduko politikariekin moralgabekerian ibiltzen denez, ezin du erakunde politiko bat izan (Ap 18:9). Izan ere, sinbolikoki beraren gainean eseriz, agintari hauek kontrolpean izaten saiatzen da. Bestalde, ezin du Satanasen munduan dagoen sistema komertzial diruzalea izan. Zergatik? Apokalipsia liburuko beste pasarteetan aparte aipatzen direlako eta «lurreko merkatariak» deitzen zaielako (Ap 18:11, 15, 16).

16 Zerekin lotzen du Bibliak «emagaldua» hitza? Jainkoa zerbitzatzen dutela esan arren, idolatrian erori edo modu batera edo bestera mundu honen lagunak direnekin (Ez 16:2, 35, 36; St 4:4). Bestalde, Jainkoari leial direnei «neskatxa garbi» edo «birjinak» deitzen zaie (2 Ko 11:2; Ap 14:4, Ha). Antzinako Babilonia adorazio faltsuaren erdigunea zen. Beraz, Babilonia Handiak mundu osoko adorazio faltsu guztiak biltzen ditu. Logikoa da pentsatzea orduan, Babilonia Handia erlijio faltsuaren mundu mailako inperioa dela (Ap 17:5, 18; ikusi jw.org webgunean «¿Qué es Babilonia la Grande?» [«Qu’est-ce que Babylone la Grande ?»] artikulua).

17. Zer gertatuko zaio Babilonia Handiari?

17 Zer gertatuko zaio Babilonia Handiari? Apokalipsia 17:16, 17⁠ak erantzuna ematen digu: «Piztiak eta ikusi dituzun hamar adarrek gorroto izango diote emagalduari, biluzik eta ezer gabe utziko dute; haren haragia irentsi egingo dute eta hondarrak sutan erreko; Jainkoak bere asmoa bete behar dutela sartu die buruan». Bai, hala da. Gorrimin koloreko piztiak, hau da, Nazio Batuen Erakundeak, erlijio faltsuaren mundu mailako inperioa erasotu eta guztiz suntsituko du. Jehoba bera izango da nazioei, horrelako pauso bat emateko, Nazio Batuen Erakundea erabiltzera eragingo diena (Ap 18:21-24).

18. Nola ziurtatu gaitezke ez dugula Babilonia Handiarekin zerikusirik?

18 Zer zerikusi du honek gurekin? «Jainko Aitaren aurrean benetan garbi eta akats gabeko» adorazioa mantendu behar dugu (St 1:27). Kontuz ibili behar dugu irakaspen faltsuekin, ospakizun paganoekin, arau moral malguekin eta Babilonia Handiaren praktika espiritistekin. Ez dezatela sekula guregan eraginik izan! Gainera, jendeari «irten Babiloniatik» esaten jarraituko dugu, horrela emagalduaren bekatuen parte izan ez daitezen (Ap 18:4).

JAINKOAREN ETSAI HANDIENAREN SUNTSIKETA

HERENSUGE GORRI HANDIA

Satanasek zazpi buruko piztiari ahalmena ematen dio (Ap 12:3, 9, 13; 13:4; 20:2, 10). Jehobaren etsairik handiena, Satanas, 1.000 urterako leizeratua izango da. Horren ondoren «su eta sufrezko aintzirara jaurtia» izango da. (Ikusi 19 eta 20 paragrafoak)

19. Nor da «herensuge gorri handia»?

19 Apokalipsia liburuak «herensuge gorri handi bat» ere deskribatzen du (Ap 12:3). Jesus eta bere aingeruen aurka borroka egiten du (Ap 12:7-9). Jainkoaren herria erasotu eta beste piztiei edo giza gobernuei boterea ematen die (Ap 12:17; 13:4). Nor da herensugea? «Antzinako sugea, deabru eta Satanas deritzana» (Ap 12:9; 20:2). Bera da Jainkoaren beste etsai guztiak kontrolatzen dituena.

20. Zer gertatuko zaio herensugeari?

20 Zer gertatuko zaio herensugeari? Apokalipsia 20:1-3 pasarteak aingeru batek Satanas lurrazpiko leizera botako duela azaltzen du. Berarentzat kartzelan egotea bezalakoa izango da. Hor dagoen bitartean, «mila urteak bete arte» ez ditu nazioak engainatuko. Azkenik, Satanas eta bere deabruak «su eta sufrezko aintzirara» jaurtiak, hau da betiko suntsituak, izango dira (Ap 20:10). Saiatu Satanas eta bere deabrurik gabeko mundu bat imajinatzen. Zoragarria izango da!

21. Zergatik dira zorionekoak Apokalipsia liburua irakurtzen dutenak?

21 Zein animagarria den Apokalipsia liburuko seinale hauek ulertzea! Izan ere, Jehobaren etsaiak identifikatzeaz gain, zer gertatuko zaien ere ikusi dugu. Bai, «zorionekoak mezu profetiko hau irakurri eta entzuten dutenak»! (Ap 1:3). Jainkoaren etsaiak desagertzean, zer bedeinkapen izango dituzte leial mantendu direnek? Hori da hirugarren eta azken artikuluan ikusiko duguna.

sn 30. KANTA Jehobaren erregetza hasi da

^ § 5 Apokalipsia liburuak Jainkoaren etsaiak identifikatzeko seinaleak erabiltzen ditu. Danielen liburuak seinale hauek ulertzen laguntzen digu. Artikulu honetan, Daniel eta Apokalipsia liburuetan aurkitzen ditugun antzeko profeziak konparatuko ditugu. Horrela, Jainkoaren etsaiak identifikatzeko gai izango gara eta beraiekin zer gertatuko den jakingo dugu.

^ § 6 «Hamar adar» izatea botere politiko guztiak irudikatzen dituela jakiteko beste arrazoi bat da. Izan ere, Bibliak askotan hamar zenbakia osotasunarekin lotzen du.

^ § 10 Piztiaren irudiak ez du «koroarik» bere adarretan hasierako piztiak zituen bezala (Ap 12:813:1 [13:1, NWT]). Hau horrela da «zazpi erregeetatik atera» eta beraiek ematen diotelako behar duen agintea (Ap 17:11NWT; ikusi «¿Qué es la bestia de color escarlata del capítulo 17 de Apocalipsis?» [«Qu’est-ce que la bête de couleur écarlate de l’Apocalypse chapitre 17 ?»] artikulua jw.org webgunean).