Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

21. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Apokalipsia: Zer esan nahi du zure etorkizunarentzat?

Apokalipsia: Zer esan nahi du zure etorkizunarentzat?

«Amen! Zatoz, Jesus Jauna!» (AP 22:20).

sjj 142. KANTA Eutsi aurrean dugun esperantzari

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Hil ala biziko zer erabaki hartu behar dugu gizaki guztiok?

 GAUR egun gizaki guztiok hil ala biziko erabaki bat hartu behar dugu. Ez dago erdibiderik: Jehobaren alde jarri, unibertso osoko subiranoa dela onartuz, edo Satanas, bere etsai krudelaren menpe egon. Orain hartzen dugun erabakiak gure etorkizuna baldintzatuko du (Mt 25:31-33, 46). Larrialdi handian Jehobaren zerbitzari leialek bizirauteko marka jasoko dute (Ap 7:14; Ez 9:4, 6). Eta piztiaren marka dutenak suntsituak izango dira (Ap 14:9-11).

2. a) Zer egitera animatzen gaitu Hebrearrei 10:35-39 pasarteak? b) Nola laguntzen digu Apokalipsia liburuak?

2 Irakurri Hebrearrei 10:35-39. Jehobaren alde jartzea erabaki baduzu, zorionak! Erabakirik onena hartu duzu. Ziur orain besteei gauza bera egiten laguntzeko irrikitan zaudela. Nola lagunduko dizu Apokalipsia liburuak hori egiten? Jehobaren aurka jartzen direnei zer gertatuko zaien esateaz gain, bere alde daudenek jasoko dituzten bedeinkapenak azaltzen ditu. Profezia hauek aztertzeak zure erabakia indarberrituko du. Gainera, honi esker besteei erabaki hau hartzen eta honi eusten lagunduko diezu.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Artikulu honetan, bi galdera erantzungo ditugu. Zer gertatuko da Jainkoaren agintaritzaren alde daudenekin? Eta bestetik, zer gertatuko zaie Apokalipsia liburuko gorrimin koloreko piztiaren alde daudenei?

LEIALEN ETORKIZUNA

4. Zer talde ikusi zuen Joan apostoluak zeruan Jesusekin batera?

4 Joan apostoluak izan zuen beste ikuskari batean, Jehobaren agintaritzaren alde daudenak ikusi zituen. Hauek betiko bizitzeko bedeinkapena jasoko zuten eta bi taldetan zeuden banatuta. Lehenengoa 144.000 lagunek osatzen zuten (Ap 7:4). Lurretik hartuak dira Jesusekin batera gobernu batean errege izateko. Zerutik aginduko dute lurraren gain (Ap 5:9, 10, Du; 14:3, 4). Ikuskarian Sion mendiaren gainean zutik daude, Jesusen ondoan (Ap 14:1).

5. Zer gertatuko zaie oraindik lurrean dauden gantzutuei?

5 Apostoluen garaitik, 144.000 kideen parte izateko milaka aukeratu dira (Lk 12:32; Erm 8:17). Azken egunetan, hauetako gutxi batzuk bakarrik egongo ziren lurrean. Larrialdi handia baino lehen, gainerako hauek Jehobak onartzen dituela erakusten duen azken «zigilua» jasoko dute (Ap 7:2, 3; 12:17). Larrialdi handiko momenturen batean, zerura bilduak izango dira, eta bertan jadanik leial hil diren gantzutuekin elkartuko dira. Jainkoaren Erreinuan Jesu Kristorekin batera aginduko dute (Mt 24:31; Ap 5:9, 10).

6, 7. a) Zer beste talde ikusi zuen Joanek ondoren, eta zer esaten da beraiei buruz? b) Zergatik da interesgarria Apokalipsia 7. kapitulua lurrean geratzen diren gantzutuentzat eta gizatalde handiarentzat?

6 Ondoren, Joanek bigarren taldea ikusi zuen: «Gizatalde handi bat». 144.000 agintekideko taldea ez bezala, hau kontaezina zen (Ap 7:9, 10). Zer esaten da talde honen parte direnei buruz? «Larrialdi handitik datozenak dira horiek; beren soinekoak Bildotsaren odolean garbitu dituzte eta zuritu» (Ap 7:14). Larrialdi handitik bizirik irten ondoren, lurrean biziko dira eta bedeinkapen ikaragarriak jasoko dituzte (Sal 37:9-11, 27-29; Es 2:21, 22; Ap 7:16, 17).

7 Gure itxaropena zerura joatea nahiz lurrean bizitzea izan, guztiok ikusi behar genuke geure burua Apokalipsia 7⁠ko hitzetan. Garai hunkigarri hori iristean, pozez zoratzen egongo gara Jehobaren agintaritzaren alde jarri garelako! Zer gehiago kontatzen du Apokalipsia liburuak larrialdi handiari buruz? (Mt 24:21).

JAINKOAREN AURKARIEN ETORKIZUNA

8. Noiz hasiko da larrialdi handia, eta zer egingo du jende gehienak?

8 Aurreko artikuluan, elementu politikoek Babilonia Handiari, hau da, erlijio faltsuaren mundu mailako inperioari, eraso egingo diotela ikusi genuen (Ap 17:16, 17). Horrela hasiko da larrialdi handia. Hil ala biziko momentu horietan, Jehoba adoratzen hasiko al da jendea? Apokalipsia 6⁠ak guztiz kontrakoa gertatuko dela esaten du. Mendiekin konparatzen diren sistema komertzial eta politikora joko dute babes bila. Jehobarentzat aurkariak izango dira ez direlako bere Erreinuaren alde jarriko (Lk 11:23; Ap 6:15-17).

9. Larrialdi handian, nola erakutsiko du Jehobaren herriak ezberdina dela, eta zer ondorio jasango du horregatik?

9 Dudarik gabe, larrialdi epe latz horretan, Jehobaren herria ezberdina izango da. Orduan ere beraiek izango dira Jehoba adoratzen duten bakarrak. Gainera, beraiek bakarrik izango dira «piztiaren» alde egon nahi ez dutenak (Ap 13:14-17). Honek Jehobaren aurkarien amorrua piztuko du. Ondorioz, nazio koalizio batek Jehobaren herriari eraso egingo dio mundu osoan zehar. Eraso burugabe honi Magog herrialdeko Gogen erasoa deitzen dio Bibliak (Ez 38:14-16).

10.⁠ Apokalipsia 19:19-21⁠erako pasartearen arabera, nola erantzungo dio Jehobak bere herriaren aurkako erasoari?

10 Nola erantzungo dio Jehobak eraso gupidagabe honi? «Nire haserre-sumina piztuko da», dio berak (Ez 38:18, 21-23). Apokalipsia 19⁠aren arabera, Jehobak bere semea bidaliko du bere herria defendatu eta etsaiak garaitzera. «Zeruko gudarosteek», hau da, 144.000 agintekideek eta aingeruek, Jesusekin bat egingo dute kontraeraso honetan (Ap 17:14; 19:11-15). Nola bukatuko da guda hau? Jehobaren aurka dauden gizaki eta erakundeen arrastorik ere ez da geratuko! (Irakurri Apokalipsia 19:19-21).

GUDA ONDOREN, EZKONTZA

11. Zein da Apokalipsia liburuko momentu gorena?

11 Pentsa nola sentituko diren lurrean leial mantendu eta bizirik aterako direnak! Jehobaren etsaiak desagertu direla ikustean, pozez gainezka egongo dira! Izugarria izango da! Gainera, zeruan ere poz handia egongo da Babilonia Handiaren suntsiketagatik (Ap 19:1-3). Baina, bada oraindik poz handiagoa ekarriko duen beste zerbait, Apokalipsiaren momentu gorena, «Bildotsaren ezteiak» (Ap 19:6-9).

12.⁠ Apokalipsia 21:1, 2⁠aren arabera, noiz ospatuko da Bildotsaren ezkontza?

12 Noiz izango da ezkontza? Egia da Harmagedon baino lehentxeago 144.000 agintekide talde osoa zeruan egongo dela. Baina, oraindik ez da momentua izango (Irakurri Apokalipsia 21:1, 2). Harmagedonen Jainkoaren etsai guztiak suntsituak izan ondoren ospatuko da Bildotsaren ezkontza (Sal 45:4, 5, 14-18 [45:3, 4, 13-17, NWT]).

13. Zer esan nahiko du Bildotsaren ezkontzak ezkongaientzat?

13 Zer esan nahiko du Bildotsaren ezkontzak ezkongaientzat? Ezkontzak gizon eta emakume bat elkartzen dituen bezala, ezkontza sinboliko honek Jesukristo erregea eta 144.000 agintekideek osatutako emaztegaia elkartuko ditu. Momentu goren hau mila urtez aginduko duen gobernuaren hasiera izango da (Ap 20:6).

HIRI SANTUA ETA ZURE ETORKIZUNA

Apokalipsia liburuko 21. kapituluak Jerusalem Berria «zerutik, Jainkoarengandik, jaisten» irudikatzen du. Mila urteko erregetzan zehar, bedeinkapen ugari ekarriko dizkie gizakiei (Ikusi 14-16 paragrafoak)

14, 15. Zerekin konparatzen ditu 144.000 agintekideak Apokalipsia 21. kapituluak? (Ikusi azaleko irudia)

14 Ondoren, Apokalipsia 21. kapituluak 144.000 agintekideak «Jerusalem berria» izeneko hiri ezin ederrago batekin konparatzen ditu (Ap 21:2, 9). Hiriaren 12 oinarrietan «Bildotsaren hamabi apostoluen izenak» zeuden idatzirik. Zergatik izango zen hau Joanentzat interesgarria? Bere izena harrietako batean idatzirik zegoelako. A zer ohorea! (Ap 21:10-14; Ef 2:20).

15 Hiri sinboliko honek ez du parekorik. Kale nagusia urre hutsezkoa du, hiriko 12 ateak 12 perla dira, harresi eta oinarriak harribitxiz apainduak daude, eta gainera, hiri osoaren neurriak modu perfektuan daude orekatuta (Ap 21:15-21). Baina, Joanek zerbait falta zela ikusi zuen! Zer zen? Berak esan zuen: «Ez nuen inolako tenplurik ikusi, zeren Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa baitira hango tenplu. Hiriak ez du argituko duen eguzki nahiz ilargirik behar, Jainkoaren aintzak baitu argitzen eta Bildotsa du kriseilu» (Ap 21:22, 23). Jerusalem Berria osatzen dutenek zabal-zabalik dituzte Jehobarekin egoteko ateak. Beraz, ez dute tenplurik behar (Heb 7:27; Ap 22:3, 4). Jehoba eta Jesus dira hiri honetako tenplua.

Nork izango du «ibaiak» eta «zuhaitzek» irudikatzen dituzten bedeinkapenak jasotzeko aukera? (Ikusi 16 eta 17 paragrafoak)

16. Zer gertatuko zaie gizakiei Jainkoaren Erreinuaren mila urteko erregetzan zehar?

16 Benetan hunkigarria da gantzutuentzat hiri honetan pentsatzea. Baina, lurrean bizitzeko itxaropena dutenentzat ere interesgarria da, Jainkoaren Erreinuaren mila urteko erregetzan zehar Jerusalem Berriak bedeinkapenez josiko baitu lurra. Izan ere, Joanek bedeinkapenak «biziaren ura daraman ibaia» bezala isurtzen ikusi zituen. «Ibaiaren bi ertzetan bizia ematen zuten zuhaitzak zeuden» eta hauen «hostoak nazioak sendatzeko ziren» (Ap 22:1, 2NWT). Garai horretan bizirik dauden gizakientzat izango dira bedeinkapen horiek. Pixkanaka-pixkanaka perfektu izatera iritsiko dira. Ez da gehiago gaixotasunik, ez minik, ezta tristurak sortutako malkorik ere egongo (Ap 21:3-5).

17.⁠ Apokalipsia 20:11-13⁠ pasartearen arabera, nork izango du mila urteko erregetzaz gozatzeko aukera?

17 Nork izango du bedeinkapen hauetaz gozatzeko aukera? Lehenik, Harmagedonetik bizirik aterako den gizatalde handiak eta mundu berrian izan ditzaketen seme-alabek. Gainera, Apokalipsia liburuko 20. kapituluak hildakoen piztuerari buruz hitz egiten du (Irakurri Apokalipsia 20:11-13). «Zuzenak», hau da, Jehoba leialki zerbitzatu zutenak eta «zuzenak ez direnak», hau da, Jehoba ezagutzeko aukerarik izan ez zutenak, itzuliko dira bizira (Eg 24:15NWT; Jn 5:28, 29). Zer esan nahi du honek? Hildako guztiak berpiztuko direla? Ez. Jehoba adoratzeko aukera izanda, gaiztakeriaz ez egitea erabaki zutenak, ez dira berpiztuak izango. Beraien erabakiek paradisuan bizitzea merezi ez dutela frogatu zuten (Mt 25:46; 2 Ts 1:9; Ap 17:8; 20:15).

AZKEN PROBA

18. Zein izango da lurrean egongo den egoera 1.000 urteen amaierarako?

18 1.000 urteak amaitzen direnerako, lurrean bizi diren guztiak perfektu izango dira. Inortxok ere ez du bekatu arrastorik izango (Erm 5:12). Adamen bekatuak ekarritako madarikazioa guztiz ezabatua izango da. Beraz, garai horretan «bizira itzuli» direla esan ahal izango da, gizaki guztiak perfektu izango baitira (Ap 20:5).

19. Zergatik izango da beharrezkoa azken proba bat?

19 Jesus leial mantendu zen Satanasek probapean jarri zuenean. Baina, zer gertatuko da Satanasek gizaki perfektuak probatzeko aukera izaten duenean? Leial mantenduko ote dira? Satanas 1.000 urteen ondoren leizetik ateratzean, gizaki bakoitzak egin beharko dio aurre erabaki honi (Ap 20:7). Jehobari leial direnak betiko biziko dira eta, azkenean, benetako askatasuna izango dute (Erm 8:21). Matxinatzen direnak berriz, Satanas eta bere deabruekin batera, betiko suntsituak izango dira (Ap 20:8-10).

20. Nola sentiarazten zaituzte Apokalipsia liburuko profeziek?

20 Nola sentitzen zara Apokalipsia liburuaren laburpentxo hau aztertu ondoren? Ez al dizu zirrara sortzen profezia harrigarri hauetan parte hartzen ari zarela jakiteak? Dudarik gabe, jendea adorazio garbian parte hartzera gonbidatu nahiko duzu (Ap 22:17). Azterketa honen bidez, etorkizunean gertatuko dena aurreikusi dugu eta honek bihotza ukitu digu. Seguru Joanek esan zituen hitz berberak esan nahi ditugula: «Amen! Zatoz, Jesus Jauna!» (Ap 22:20).

sjj 27. KANTA Jainkoaren seme-alaben agerpena

[Oin-oharra]

^ § 5 Hau Apokalipsia liburuari buruzko hiru artikuluetako azkena da. Artikulu honetan ikusiko dugun bezala, Jehoba leialki zerbitzatzen dutenek etorkizun paregabea izango dute eta bere etsaiek, aldiz, porrot lotsagarria jasango dute.